Dokumentuaren akzioak
2021eko San Juan eguneko aurreskua Coliseo antzokian berriz
Bigarren urtez, 2020an bezala 2021ean ere, San Juan festak bertan behera geratu direnez pandemiaren eraginez, Coliseo antzokian egin da San Juan eguneko soka-dantza edo aurreskua. Mugatutako ikusle kopuru batek antzokian bertan ikusteko aukera izan du eta gainontzekoek etxetik jarraitu ahal izan dute youtubez zuzenean eskaini baita.
2021eko ekainaren 24an, arratsaldeko 19:00etan hasi da ekitaldia Usartza txistulari taldearen lehen doinuekin.
Kezkako dantzariak korrika sartu dira oholtzara eta itzulia egin ondoren ikusleei begira egokitu dira puntu erdiko arkuan.
Aurreskua eta atzeskuaren arteko desafioa egin da bizi-bizi eta segidan esku-aldatzeko doinura abarketak edo banan-banangoak dantzatu dituzte, nahiz eta ez denek banan-banan, binaka eta hirunaka baizik.
San Juan zortzikoa jo dute txistulariek eta dantzatu dantzariek, aurresku eta atzeskuaren puntuak eta talde osoarenak tartekatuz, sokan eta soka hautsiz, zein berriz osatuz behin eta berriz.
Orbea kontrapasaren doinura atera dira zerbitzariak gonbidatuen bila: Maria Asun Noges damaskinatzailea, Eibartarrak FT eta Eibarko Txirrindulari Elkartea izan dira aurtengo omenduak. Haien aurrean agurra dantzatu dute aurresku eta atzeskuek, eta segidan Aita San Migel dantzatu dute bi bakarlariek eta bi zerbitzariek.
Gonbidatuak sokan sartuta, zubia egin eta desafioa gurutzatuta dantzatu dute aurreskuak eta atzeskuak.
Soka askatu eta dantza soltean aritu dira denak, azken kalejirarekin soka berriz hiru zubien bidez korapilatuta uzteko.
Usartza taldea: 1. txistua: Enrike Montero: 2. Txistua: Ainhoa Urkizu: Silbotea: Asier Castelos; Atabala: German Ereña. Kezka dantza taldea: Aurreskua: Luken Aranburu; Atzeskua: Jone Lahidalga; Zerbitzariak: Ane Muguruza, Jone Saez; Dantzariak: Jone Amuategi, Ane Montiel, Idoia Lahidalga, Ainhoa Larrañaga, Izar Araolaza, Oier Araolaza.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19