Dokumentuaren akzioak
Ezpalak 2015, Eibarko soka-dantzen jaialdiaren kronika
2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean. Nafarroako jaialdiaren kronika orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz esku dantzatuz bidea egiteko borondatea berriz ere plazara ekarriz.
Ospakizunetan
Maiatzeko azken asteburuan, urtero bezelaxe, Euskal Jaia ospatu zen Eibarren. Eibarko Klub Deportiboak antolatzen du, eta pasa den edizioa, 2015ekoa, berezia izan da: aurten Euskal Jaiak bere 50. urteurrena ospatu du, eta 50garrenari dagokion moduan ospatu da, gorenetik eta borobil. Beste ekimen batzuen artean, Klub Deportiboko Kultura edo Euskal Jai batzordeak argazki-liburu bat kaleratu zuen efemeridea azpimarratzearren. Topa dagigun aurten aurtengora bitartekoengatik, eta gero gerokoak!
Euskal Jaiaren egitarauaren barruan euskal dantzak beti hartu izan du pisu handia, eta horren adibide bat Ezpalak, dantza tradizionalaren gure jaialdiak ere hamar urte bete dituela izan daiteke. Oraindik Ezpalak izenik izan ez arren, 2006. urtean ekin genion ondoren hamar urte betetzeraino iritsi den jaialdiari.
Ezpalak jaialdiak, ezagun denez, dantzagai bat ardatz gisa ezartzen du urteanurtean, eta gai hori darabilten Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpoko hainbat dantza eta hainbat talde ezagutarazi ditu Eibarren. Parte hartutako dantzari, musikari eta laguntzaileei; antolatzen lagundu diguzuen norbanako nahiz erakunde guzti-guztiei; eta modu baten edo beste baten jaialdiarekiko interesa erakutsi duzuen ikusle, komunikabide eta bultzatzaile orori, eskerrik asko!
Esku eman elkarri, urrats bera lokarri
Norbere sokakoa izatea ala besterena. Norbere sokakoa? Zer adierazi nahi du horrek? Definizio gisa, soka edo kate bat hainbat lagunek eskutik helduta osatzen duten formazioa izango bide da. Edo soka bati berari helduta azaltzen garenekoa. Geu lotzen gara edo geuk osatzen dugu, beste batzuekin batera, soka. Geure sokakoak dira horiek.
Soka luzea izan daiteke; soka korapilatu egin daiteke; sokaren bi muturrak, bidea erakusten duen soka; etendako beste hura; soka asko dira hortik zehar, eta soka sare bihur daiteke beste soka batzuekin gurutzatuta; baita katramila ere. Sokak lotu egin gaitzake. Katea eta katebegien arteko tentsioak ere interesgarriak dira. Karga sinboliko haundia dauka sokak eta hortik abiatuta, metafora askotarako eman lezake gero.
Aurtengo Ezpalaken hamargarren edizioa, esan gabe doa, hainbat lagunek eskuak elkarri eman eta soka itxurako formazio horretan burutzen diren eboluzioak erakustera bideratu zen. “Soka-dantza” izendatuko ditugu hemendik aurrera, nahiz eta Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpora ere beste izen batzuk hartzen dituzten askotan.
50. Euskal Jaiaren egitarau beteak maiatzaren 30era, larunbatera, bideratu zuen aurten Ezpalak jaialadia. Arratsaldeko 19:00tan eta eguraldia eskatuta baino hobea lagun genuela, Untzaga enparantzan ekin zitzaion dantzari. Honako partaideak eta honako dantzak ikusi ahal izan genituen. Aurrena Eibarko Kezka dantza taldeak zabaldu zuen arratsaldea.
Sarrera bizi baten ondoren, Eibarko taldeak 32 dantzariz osatutako soka-dantza berritua aurkeztu zuen; hain zuzen, San Juan egunean egin ohi duen soka-dantzan segida izango duena. Tradizioa ere ur berria da urtero, eta geroak esan beza. Soka-dantza eraberrituaren estreinaldi honetan Luken Aranburuk eta Eider Agirrebeñak bete zituzten aurreskulari eta atzeskulari lanak. Desafio parteak eta aurreskulariaren eta atzeskulariaren dantza elkarrizketak distiratsuak suertatu ziren.
Hizketa horietan txertatuta, txistulariek San Juan zortzikoaren zati bat jotzen zuten uneetan, soka erabat desegin eta dantzari guztiek binaka, hirunaka edo launaka hartzen zuten euren dantzaunea. Ondoren, soka atzera berregin eta aurrera jarraitzen zuen bere osotasunean. Agurra eta Aita San Migel piezetako kunplimendua jaialdian parte hartzen zuten beste taldeetako ordezkari banari egin zitzaion. Abarketak, dantza soltea eta erretiratzeko azken kalejira ez ziren falta izan, noski.
Txistulari lanetan Andoni Altzibar, Amaia Baglietto, Iñaki Barua eta Jose Migel Laskurain izan ziren.
Bigarren taldea Bizkaiko Garai herriko taldea izan zen. Garain gaur egunera arte soka-dantza egiteari eutsi diote emakumeek. Beste leku askotan ere dantzatu ziren andren soka-dantzak, baina behin galduta, Garain lehenegoak izan ziren berreskuratzen eta gaur egun arte iraun arazten. Horrexegatik bakarrik merezi zuten bizkaitarrek dantza tradizionalari buruzko gaur egungo jaialdi baten izatea eta gure errekonozimendua. Ikusleek ere horrelaxe ulertu zuten, eta aurkezpenean entzun zen txalo zaparrada oso gutxitan entzun dugu Ezpalaken.
Beraz, Santa Ana egunean Garain egiten duten moduan, erregelak atera zituzten, hots Durangaldeko soka-dantza. Eurenean bezalaxe, kale jantzita azaldu ziren dantzariak, aurreskularia eta atzeskularia txapel gorri bana jantzita, eta jakin zuten Eibarrera ezkondutako mutil bizkaitarrik aurkitzen dantzan berari egin eta ondoren sokan sartu eragiten.
Atzeskulariarentzako izan zen beste mutil bat ere eta biribilketa eta ipurdian jotako zaplastekoen artean agurtu ziren Garaiko gure neskak. Nahi duzuenera arte!
Garaikoenetik Lapurdiko Lekorne herriko Urtsuko Xoriak taldearen emanaldia ikustera igaro ginen.
Urtsuko Xoriak taldea Lapurdin 1995, 1996 eta 2014an antolatutako kabalkada-toberetan parte hartutakoa da. Ekitaldi hauen helburua herri guziaren elgarretaratzea euskal kultura eta nortasunaren inguruan da eta, besteak beste, bertsoa, dantza eta antzerkia dira euren osagaietako batzuk. Horretarako, Lekorneko taldeak dantza berriak sortu zituen, eta artean soka-dantza bat ere bai, jakina. Ikusten denez, taldeko neskek erabili zuten soka-dantza, eskutik eskura zapi haundi batzuk emanez eta, ohi den bezala, formazio eta figura anitz ikusi ahal izan genizkien.
Musikari gisa, Lapurditik hurbildutako Juana Etchegoin eta beste txirulari gazte bati, Duguna taldeko musikariak gehitu zitzaizkien.
Laugarren taldea Turkiatik heldu zitzaigun. Anatolia inguruko Ankarako Cinar, arte, kultura eta gazteria elkartea zen.
Geure artean izan genuen taldea sei neska gaztek eta bi musikarik osatzen zuten. Talde hau Ankarako Baskent unibertsitateko dantza taldea da, eta Turkiako bospasei eskualdetako dantzak eskain ditzake.
Soka-dantzak oso hedatuta daude Mediterraneo inguru osoan, eta horren adibideetako batzuk Halay dantzak dira, hain zuzen Cinar taldeko neskek eskaini zituztenak.
Soka-dantzez aparte, beste dantza mota batzuk ere eman zituzten, eta azken argazki horretan ikus daitekeenez, dantzen, jantzien eta emanaldi osoaren exotismoa dela bide, badirudi Eibarko umeen artean kuriositatea eta imitatzeko hazia erein zituztela.
Dantzariek davul eta zurnaz (danbor eta gaitaz) jotako doinupean aritu ziren.
Ondoren Araban den Larreako herritarrak aritu ziren dantzan; besterik gabe, baina zehaztasunaren izenean, Larreako gizonezkoak aritu zirela esan beharko dugu argiago. Larrea herria Arabako Barrundia eskualde ederrean dago. Urtero, uztailaren 4an, Tourseko San Martinen translazioa ospatzen den egunean, ondoko Hermua herrira abiatzen dira Larreako biztanleak oinez, bazkalostean. Izan ere, XVI. mendean jada dokumentaturik dago barte baten trukean, Hermuako San Martin baselizan meza entzun ostean, bertan soka-dantza edo aurreskua danzatzeko eskubidea dutela. Bartea bigarren mailako irinez egindako ogi handi bat da.
Bartearen erromeriako aurreskua harribitxi bat da. Interneten ez da zaila beroni buruzko informazioa aurtkitzea, eta dantzan.eusen ere badago 2012ko aurreskuaren grabazio oso ederra eta interpretazio-ekarpen ineresgarri batzuk.
Harribitxia, esaten genuen. Bartearen erromerian aurreskua atera eta dantzatzen duten Larreako herritarrak ez dira urtean zehar dantza taldeetan eta dantzaldietan aritzen. Herritar arruntak dira, euren usadioari eusteko asmoz urtean behin aritzen direnak. Tradizioa den iturri emankorra, dudarik gabe, honen moduko adierazpide, borondate eta nortasunari esker mantentzen eta mantenduko dira, gero ere, osasuntsu.
Talde osoaren zuzendari Eugeniok egin zuen, antzinako urteetan dantzan jardundako beste dantzari batzuen laguntzaz. Txistularia eta atabalaria taldearen erdian jarrita, hantxe joan ziren aurreskulari eta atzeskulariaren arteko desafio edo aurkez aurke uneak, aurreskulariak sokari dantzatu beharreko zortzikoak, abarketak edo esku aldatzeko soinuak, edo neskak atera eta dantzatu beharreko atalak. Dantzari guztientzako neska bana hartu eta azken kalejira alaia dantzatuta agurtu zitzaizkigun Larreako dantzariak.
Txistulari eta atabalari lanetan Kepa Pinedo eta Jose Ignacio Moraza aritu ziren. Larreako dantzariek jaso izan dute lehenago herritik ateratzeko gonbidapenik, baina Ezpalak jaialdian animatu dira estraineko, eta beste ezer baino lehen, horrexegatik bakarrik gure eskerrik sentituenak eman beharrean aurkituko ginateke. Kontua da euren protokolo osoa serio hartuta, tajuz eta ganoraz eskaini zutela Eibarren, eta ikusleek ere biziki estimatu zietela euren dantza jardun ederra.
Parte hartu zuen azken dantzariak Ezpalak jaialdia Kezkakookin batera antolatzen duen beste taldekoak izan ziren, Iruñeko Dugunakoak.
Adiskidetasunak aparte, gogo handia geneukan Duguna Eibarrera dantzara ekartzeko; talde bikaina baita, musika-joleengandik hasita, jakina.
Soka-dantzen jaialdian Dugunakoek San Blas eta San Juan bezpera egunean egiten duten soka-dantza eskaini zuten. Egun bietako baten taldeko mutilek ateratzen dute soka, eta bestean, neskek. Eibarrera mutilena ekarri zuten. Nafarroan, bai Gipuzkoan ezagutzen diren moduko sokadantzak egiten dira, baita “ingurutxo” erakoak ere. Dugunakoek egiten dutenak bietako osagaiak dauzka.
Soka Mikel Tristanek atera zuen eta Aritz Ibañezek itxi.
Dantza hauetan ohikoak direnez, bien arteko dantzak ikusi ahal ziren, soka korapilatzen edo lotzen, aurreskulariarentzako nahiz atzeskulariarentzako neskak; ondoren dantzari guztientzako bikotekide bana, beraien arteko bilantzikoa edota kortejatzea. Azken kalejira dantzatuz agurtu zitzaizkigun lagun nafar Dugunakoak.
Dantzaren aitzakian, aurrera eta atzera, orain egon eta orain korri, honako beste irudi polit hauek ere laga zizkigun Ezpalak dantza tradizionalaren hamargarren jaialdiak. Goza itzazue eta hurrengo urtera arte!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10