Orain arteko ekarpenak
Dantzaren Eguna: Dantza, gorputz hizkuntza
2026/04/29
Apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna dugu, dantzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko eguna. Gizaki guztiok dugu dantzatzeko gaitasuna, hitz egiteko dugun bezala. Baina horrek ez du esan nahi mundu osoko pertsonok elkar ulertzen dugunik dantzan. Izan ere, ahozko hizkuntzekin gertatzen den bezala, dantzak ere bere kodeak, formak eta sistemak ditu. Kode horiek partekatzen ez baditugu, nekez ulertuko dugu elkar. Beraz, dantzaren unibertsaltasuna ez da komunikazio automatikoa, baizik eta komunikatzeko gaitasun unibertsala. Dantza, gainera, gizaki guztioi dagokigun adierazpen forma da, eta bai norbanakoan bai komunitatean eragin handia du: gorputza, memoria eta koordinazioa lantzen ditu, eta aldi berean, pertsonak elkartu eta komunitateak sendotzen laguntzen du. Gurean, gorputz-hizkuntza horri euskal dantza deitzen diogu. Aurkezlea: Eneko Etxaniz. Irudiak: Haitz Gurrutxaga. Dantzaren Eguna: Dantza, gorputz hizkuntza, 2026-04-29.
Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala
2026/04/28
Irudi hauek Zuberoako Barkoxe herrian filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1962an. Agorrilaren 5 eta 12an eman zuten bertan herriko seme izandako Pierre Topet Etxahun Barkoxeren omenezko pastorala eta filmeak egun horietako baten irudiak erakusten dizkigu. 00:23 Hasteko, herria aurkezten digute irudiek eta berehala Pastoraleko desfilea ikus dezakegu. Esan genezake egungo pastoraletan baino arrandia handiagoa duela karrika-inguruak. Kabalkada ere dei geniezaioke, izan ere, arizaleak zaldi gainean edo karrosetan doaz, artzainak salbu. Musikariak gurdi gainean datoz hasteko eta banderariak zaldi gainean, Zuberoko eta Frantziako banderak astintzen (euskal ikurriña ere ikusiko dugu gero).Sujeta (Pierre Xerberok jokatu zuen Pierre Topet Etxahunen errola) eta bere emaztea (Gracie Pellento, Raymond Epherrek jokatua) ere zaldi gainean ikus ditzakegu. Ondotik, soldaduak, herriko Meraren papera jokatzen duena (Pierre Etxebarne) eta jaka gorriz beztituak diren bestelako arizaleak. Artzainak datoz gero, ardi saldoarekin, oinez. Satanak idiek tiratutako gurdi apaindu batean. Apaiza, artzapezpikua eta aingeruak zaldiz tiratutako beste batean… Karrika nagusitik herriko plazara heltzen ari da desfilea herritarren begiradapean. 01:53 Eszenatokira heltzen ari da taldea. Musikariak batetik eta errejenta (Germain Lexardoi) bestetik. Arizaleak datoz atzerik, banderariak, suitzarra, eta gainontzeko jokalariak. Urdinak alde batera doaz eta gorriak bestera. 02:05 Jelkaldi batean Etxahun eta bere emazteagaia ageri dira. Emakumezko errola jokatzen duenak ez du makilik eskuan. 02:19 Satanak dantzan. Pastoral honetan Luis Ibar Estekahandi, Jean Pierre Uthürri, Dominika Lagune eta Alexis Artzanuthurri aritu ziren satan. Honako honetan, Jean Pierre Uthürri (Barkoxe, 1928) eta Alexis Artzanuthürri (Barkoxe, 1923) ageri dira dantzan. Haien dantza-maisuek, Alexis Pikotxet (1891) eta Pierre Uthürri-k (1892) izendatu zituzten pastoral honetan satanen rolak egiteko, nahiz eta 34 eta 39 urte zituzten garai hartan, gazteagoak ziren dantzari batzuk baino trebeagoak omen zirela eta.Nahiz eta filmazioak ez dituen dantzen parte guztiak agertarazten satan-dantza bikoitza dantzatzen agertzen dira hemen, erran nahi baitu AA/BB formako estruktura musikala segituz antolatuak diren bi puntu segida dantzatzen dutela. Aurrera eta atzera doan puntuaren lehen partea ez da osorik ikusten baina bere errepikapena bai. Pas Francais - Zeina Zankogibel - Frijat bakuna Aldeetaruntz berriz honakoa egiten dute: Antrexat - tombé (x4) Bigarrengo puntua ez da osorik ikusten. Nabarmentzekoa iruditzen zaigu Barkoxen ohitura handia izan duen kokot urratsa egiten dutela, eszena aitzin-aitzinean.02:50 Pastoraleko beste zenbait jelkaldietako sarrerak eta jokoak ikusten ahal ditugu. Bigarren eta hirugarren jelkaldietako irudiak ageri dira. Etxahun Barkoxeren arimaren heriotzarena, besteak beste, bere neska-lagun Mariaren maitasunari uko egin behar dionean. 3:46 Laugarren jelkaldia Santa Grazin gertatzen da eta artzainak agertzen dira eszena gainean irudi harrigarria utziz. Artzainetako bat eskalanpoinak oinetan dantzan hasten da. …biga, beste biga, ebats. sinple (4etan) — Fouetté brisé eginez dantzatzen du Irudian moztura bat dago une batez. Plano berrian dantzan jarraitzen du artzainak: …sinple — Fouetté brisé eginez pika, sinple, pika, hiru antrixat 4:15 Pastoraleko jelkaldi gehiago ikus ditzakegu ondotik, zazpigarren eta zortzigarrenaren irudiak hain zuzen ere. Historio bitxia da bi jelkadli hauetakoa. Emazteak Etxahun tronpatu du beste gizon batekin. Etxahunek, apaizarena eginez, bere emaztea konfesatzen du. 4:36 Sataneriaren beste agertze bat. Kasu honetan Jean Luis estekahandi “Lulu Ibar” iruditu zaigu dantzaria. Oraingoan ere AA/BB formako estruktura musikala segituz, Pas Francais, zeina, antrixat eta eskuinera zein ezkerrera egindako brisé urratsez osatutako puntua egiten du. 4:57an Laugarren satana agertzen da, zeinatzez eta antrixatez osatutako puntuak josten. Frijat doble bat ere egiten du amaitzeko, kamarak planoa galdu aitzin. 05:08 Pastoraleko 11 eta 12. jelkaldietako irudiak ikus ditzakegu ondotik. 12. jelkaldi horren baitan berriz ere sataneria agertzen da eszena gainera (5:33) Berriz ere Jean Pierre Uthurri eta Alexis Artzanuthurri ditugu dantzari. Satan puntuko aitzinerunzko urratsak erakusten dizkigu filmak: Kokoten aurrerako urratsa, Pas Francais, Zeina, Antrixat, Fouetté brisé… 10 segunduko eskaseko filme zatia da. 05:44 Publiko zabalaren planoak eta pastoral-jokoen irudi gehiago ikus ditzakegu segidan. 06:19 Azken sataneria baten puntuak. Satan doblea egiten dute oraingoan ere. Lehenengoa moztua agertzen zaigu: …Zeina, Kokot, Frijat doblea Aldeetaruntz: Antrixat brisé (x4) Bigarren satana honela hasten da: Aurreruntz: Pas Francaise, antrixat. Antrixatekin itzuliz, Frijat bakuna (x2) Aldeetaruntz: Tombé, brissé, antrixat bakuna Baina berehala planoa mozten da eta azken puntu bat ematen ageri da dantzaria. Zankogibel eta bi Frijat doble tokian, amaitzeko. 6:58 Pastoraleko 20. jelkaldiko irudiekin —artzainak artaldearekin oholtza gainera igotzen direnekoarekin— amaitzen da filmaketa. Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur Fundazioa Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira. Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976 Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak Guilcher 15 Gotaine 1963 Santxo Azkarra pastorala Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
Crystal Pite dantzari kanadarrak idatzi du 2026ko Dantzaren Nazioarteko Eguneko Mezua
2026/04/25
Gorputzak hitzik gabe ere mundua ulertu, sentitu eta adierazteko duen gaitasuna aldarrikatu du Crystal Pite- ek ( Terrace, Kanada 1970) 2026ko Dantzaren Nazioarteko Eguneko mezuan . Dantza gizakiaren izaeraren parte sakona dela dio. Sufrimenduak, indarkeriak eta ziurgabetasunak markatutako g...
Beasaingo adibidea: Tradiziotik edaten eta moldatzen
2026/04/20
Beasaingo Igartzako ezpata-dantza eta trokeo-dantzen sorrera eta bilakaera izan dituzte hizpide Izaskun Salazarrek eta Mikel Sarriegik Iruñean egindako dantza-erritu berrien atontzeari buruzko jardunaldietan . Azken hamarkadetan herrian egindako lanketatik abiatuta, dantzen inguruko ikerketa, mo...
Euskal dantza Argentinako Panpako ondare kultural immaterial izendatu dute
2026/04/16
Panpan (Argentina) euskal dantza ondare kultural immaterial gisa aitortu dute, probintziako gobernuak aurkeztutako mapa interaktibo berri baten bidez. Euskal diasporak Argentinan utzitako kultur arrastoari, eta bereziki komunitatean bizirik dirauten dantza tradizioei babesa eman die izendapenak. E...
Argiaren itzala: Dantzaren memoria bizia San Telmon
2026/04/15
Argia dantzari taldearen ibilbidea eta ekarpena ardatz dituen "Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia" erakusketa izango da Donostiako San Telmo museoan apirilaren 24tik ekainaren 21era. Erakusketa honek euskal dantzaren azken 60 urteetako bilakaera ulertzeko giltzarri diren tes...
Guilcher 12 Eskiula 1962-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika
2026/04/14
Irudi horiek Jean-Michel eta Hélène Guilcher-ek grabatu zituzten haien ikerketa lanak Ipar Euskal Herrian egin zituzten garaian, 1962 eta 1976 artean. Nahiz eta grabazioa kalitate txarrekoa den eta parte askotan pantaila txuria uzten duen, zenbait informazio atera daitezke ikusten dugunarekin. Hemen Zuberoan gaude, Eskiulan zehazki. Plazan eta herriko beste toki batzuetan bertako dantzariak dantzan ikusten dira. Bi talde berezi agertuko dira irudietan. Lehena dantzari helduek osatzen dute eta bestea dantzari gazteek. Hasieran, bost dantzari aitzindariz jantzita ikusi ditzakegu dantzan. Bi Txerrero, Kantiniersa bat, Zamaltzain bat eta Entseinaria daude hor. Azpimarratu behar da azken horrek Ikurriña daramala eskuan. Ez da Gathuzainik agertzen dantzari taldean. Inguruan, jarlekuak daude, baina bertan ez da Maskaraden parte diren beste pertsonaiarik ikusten. Ez dirudi inauteri ospakizunetan gaudenik hor, baizik eta herriko besta edo horrelako beste ospakizun baterako antolatutako dantza ikusgarria dugula pentsatu daiteke. 00:23 Agertzen den lehen dantza Gabota da. Dantzariak bi lerrotan hasiera batean eta lerro berean ondoren, koreografia ezagungarria dugu hor. Melodia ezagun horren hiru parteak argiki ikusten ditugu ere, nahiz eta irudiak itsuneak dituen. 01:25 Ondotik gazteen taldea Godalet dantza emaiten ikusi daiteke tarte motz batean. Irudian Txerrero bat, Gatuzain bat eta bi Kantiniersa agertzen dira. Nahiz eta berehala ez diren agertzen, ondorengo irudiak artoski begiratuz, ikusi dezakegu Zamaltzaina eta Entseinaria daudela gazteen taldearen osatzeko. Gazteek, Godalet dantza emaiten dute. Bi Kantiniersetarik bat dabil dantzan edalontzira hurbiltzeko puntua hemaiten, baso gaineko puntua egin aurretik. Besteak ohituraz egiten den moduan, zirkulu erdian daude eta horien erdian, basoa dago lurrean pausaturik. Kantiniersaren dantzaz aparte ez da besterik ikusten hor. Aitzindari helduak atzean dira, eserita, gazteei begira. 01:40 Helduen txanda orain eta haiek ere Godalet dantza emanen dute. Tradizioz egiten den moduko koregrafia dugu hor eta ez digu sorpresa handirik uzten. Entseinaria doa lehena, bi Txerreroak bata bestearen atzetik, Kantiniersa eta azkenik Zamaltzaina. 03:11 Dantza bururatzeko Zamaltzainaren puntua emaiten dute, Zaldikoak eta Kantiniersak. Protagonistak zeina egiten duen bitartean Kantiniersak entrexantak egiten ditu eta horrela bukatzen da dantza, asmatu dezakegun elkarrekiko azken puntu baten ondotik. 03:30 Bi belaunaldietako taldeak elkarturik, dantza-jauzi bat emaiten dute bertako zonbait dantzariek lagundurik, horiek eguneroko moduan jantzita. Jauzia Aitzina Pika edo Marianak da. Lehen partea jauzien urratsekin dantzatzen dute partaide guziek eta bigarren parte puntuekin, gutxienez aitzindari helduen kasuan. 04:24 Bukatzeko bi dantzari taldeak doaz, gazteak aurretik eta helduak haien atzetik Barrikada puntua dantzatuz ikusgarriari amaiera emaiteko. Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia. Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira. Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976 Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak Guilcher 15 Gotaine 1963 Santxo Azkarra pastorala Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
Aberri Eguneko aurreskuaren soka
2026/04/02
Aurtengo Aberri Eguneko ekitaldi bateratua martxoaren 28an Lizarran egin da, eta EH Baterak ospatu duen ekitaldian gizarte eta politika eragileak aurreskuan dantzatu dira. Euskaldunok gure dantzekiko dugun iruditeria kolektiboaren ikur nagusietako bat da aurreskua. Besterik da ordea, ahotan hain sarri darabilkigun ohorezko erritual hau gorpuzterako garaian, zertan bihurtu den aurresku delako hori. Izan ere, nekez uler daiteke eskuartean darabilkigun kultur ondarearen zati hau eskuen arteko kontakturik gabe. Hain zuzen ere eskuz esku osatutako esku-dantza da dantza bat aurreskua izan dadin ezinbesteko baldintza. Aurreskua, aurreko eskua, alegia. Dantzaren bidez batzen den komunitatea ordezkatzen duen soka gidatzeaz arduratzen dena da aurreskua. Hortaz, non dago bakarkako erakustaldi horren ohorea? Uste oker bat baino ez da. Aurreskuaren ohorea sokaren parte izatea dela ahaztera eraman gaituena. Bakarkako forma hori, indibidualismoaren ikur den sokarik gabeko aurresku hori, protokolo, omenaldi eta sari-emate guztietako ezinbesteko osagai bihurtu da. Aurreskua dantzatzeko plazaratu den sokaren parte izatea, ezaugarri eta helburu partekatuak izan ditzakeen komunitate baten parte izatea ere bada. Aberri eguna bera ere izan da zenbait kasutan horren lekuko. 1932. urtean Bilbon ospatu zen lehen aberri egunean bertan, sokan dantzatu ziren buruzagi politiko abertzaleak. Zazpi urte beranduago, 1939ko apirilaren 9an, Donibane Lohizunen ospatu zen aberri egunean ere hala egin zuten. Kasu horretan baina, Francisco Franco jeneralak gerra zibila amaitutzat eman eta diktaduraren hasiera aldarrikatu berritan. Duintasunaren aurresku bezala ezagutzen dugu egun, gerra galdu berritan erbesteratutako Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik egun hartan ateratako soka. Irudiotan, Telesforo Monzon ageri zaigu aurreskulari, eta Jesus Maria Leizaola edota Jabier Gortazar dantzatu ziren besteak beste sokan. 2024az geroztik, Euskal Herria Batera plataformak deituriko Aberri Egunaren ospakizunetan, aurreskua sokan dantzatzeko ohitura berreskuratu da. Apirilaren 5ean, Pazko igande egunez, Lizarran ospatuko da aurtengoa. Eta eskuz esku, euskararen herria helburu, dantzaz emango da berriz ere ordezkari politikoen plaza hartzea. Aurkezlea: Eneko Etxaniz. Irudiak: Haitz Gurrutxaga. Aberri Eguneko aurreskuaren soka, 2026-04-02.
Arrateko eredua: Komunitatearentzako dantzak
2026/04/01
Eibarko Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzen esperientzia ekarri dute Oier Araolazak eta Ane Sarasketak Iruñean egindako dantza-erritu berrien atontzeari buruzko jardunaldietan . Azken hamarkadetan egin edo berritu diren dantzen atzean dauden prozesuak aztertu dituzte saioan. Komunitateaz, tr...
Zumatzeko maskaradak 2026: Agosti Etxart eta Xabi Prat
2026/03/30
Kauteren papera jokatzen ari dira Agosti Etxart eta Xabi Prat aurtengo maskaradetan; bata Pitxu da eta bestea Tirabuxu. Ez dakigu noiz ari diren egiatan eta noiz gezurretan; bihurri eta txantxazaleak dira, serio hartu baitute beren rola. Dantzan ez direla oso finak aitortu dute, baina ahaleginean dabiltza. Beren dantza, behintzat, kautera-dantza ederki plazaratzen dute. Pitxu godaletaren inguruan ere saiatzen da dantzan, abileziak erakusten edo barrabaskeriak egiten. Kauterak galdaragileak dira, maskaradetako beltzeriako kideak eta beren eginkizuna jaunaren lapikoa konpontzea da. Horrez gain, beren mingain zorrotzak dantzan jartzen dituzte, eta horrekin baita herritarrak ere; izan ere, herri bakoitzean urtean zehar gertaturiko kontuak plazaratzen dituzte umoretik eta kritikatik. Astean zehar herriko kontuen berri jaso eta kauteren testuak prestatzeko lana hartzen dute. Bi urtez aritu dira prestaketetan eta antzerki kontuetan Maika Etxekoparren laguntza izan dute. Etxartek Pagolako maskaradetan parte hartu zuen, familia hangoa baitu eta Pratek lehen aldia du aurtengoa; bizitzan behin bederen bizi beharreko esperientzia dela diote. Irudiak: Idoia Lahidalga, Amaiur Aristi. Zumatzeko maskaradak, Agosti Etxart eta Xabi Prat, Iruri, 2026-01-18.
Orain arteko erantzunak
Dantzan - Kontra-dantzan 1967
2017/10/23
Bai, horixe adierazi nahi genuen ezohiko horrekin, dantzan-en ez ditugula maiz jartzen horrelakoak, kontra-dantzak jartzen ditugunean gehienetan testuinguru folklorizatuetakoak izaten baitira. Baina ez dugu esateko [...]
Dantzan - Galtza luzeak jazteagatik 10 pezetako isuna
2017/10/16
Mila Garaik honako testigantza utzi digu facebooken: "Garai haiek...!!! Ni baino nagusixagoa den ahizpa izan zen gure etxien prakak jantzi zittuen lehena. Ekinien zebiltzenak ( [...]
Dantzan - Prozesioetako dantzen eta "dantza luzeen" inguruko ikastaroa Cuencan
2017/10/05
Eskerrik asko, Mikel, jakinarazteagatik. Pena, bai.
Dantzan - Hernio: fandangoa 2009
2017/09/21
Eskerrik asko Patxi, ekarpenagatik.Bideoa orain 6 urte, 2011n, argitaratu genuen Dantzan.eus-en, Youtubetik jasota. Orain, Hernioko erromerien garaia dela aitzakia hartuta, duela urte batzuk argitaratutako sarrerak [...]
Dantzan - Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko
2017/09/14
Eneko eta zuri esker izan genuen Xabier, argazki horien berri duela urtebete. Mila esker!
Dantzan - Euskal dantza tradizionala baztertu du berriz (2017) Etxeparek
2017/07/28
2017ko uztailaren 27an, Euskal Herriko Buletin Ofizialean publikatu da Etxepare Institutuak "artea, musika eta dantza euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko" diru-laguntzarako partidan, 10.000 euro gehiago [...]
Dantzan - Plazako dantza aberasten: ingurutxoak eta kontra-dantzak
2017/01/16
Kaixo Goizane, Guk froga egin dugu, eta prezio diferentzia euskarazko eta espainolezko orrien artean dago. Ziurrenik akatsen bat izango da. Guk dugun informazioaren arabera, 45€-koa [...]
Dantzan - Horra, horra, gure Olentzero!
2016/12/29
Bai, halaxe da Elur, twitterren aritu ziren horretaz hizketan Gari Garaialde eta Leire Narbaiza: https://twitter.com/GariGaraialde/status/811528317388124160