Dokumentuaren akzioak
Arrateko eredua: Komunitatearentzako dantzak
Dantzan
Oier Araolaza eta Ane Sarasketa, Dantza berrien atontzeari buruzko jardunaldia, Iruñea, 2025-11-14. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
Eibarko Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzen esperientzia ekarri dute Oier Araolazak eta Ane Sarasketak Iruñean egindako dantza-erritu berrien atontzeari buruzko jardunaldietan. Azken hamarkadetan egin edo berritu diren dantzen atzean dauden prozesuak aztertu dituzte saioan. Komunitateaz, transmisioaz eta norberaren ibilbideez aritu dira Araolaza eta Sarasketa, bakoitzak bere lekutik, baina soka berari tiraka.
Komunitatea erdigunean
Hasieran, dantzen sorreran kokatu gaitu Araolazak, taldearen baitako gogoeta batetik abiatu zirela dio. Ikusten zuten ez zirela talde autoktono bat, ezta hirietako talde potente bat ere. Errealitate horrek bultzatu zituen norabide propioa aukeratzera; eta honako galdera planteatu zuten: “Norentzat ari gara?” Eta erantzuna barrura begira aurkitu zuten; “batez ere fokua jarri genuen bilatzen nor izan behar zuen gure hartzaileak, eta gure hartzailea gure komunitatea zen, gure herrian inguratzen gaituena”. Horri begira egin behar zituztela ahaleginak ikusi zuten, “komunitateari eskaini behar genizkiola dantza batzuk, haiek beren sentituko lituzketenak; eta horrek emango liguke kanpora begira ere nor garen aurkezteko txartela”.
Kode partekatuetatik abiatutako bidea
Ez zuten ezer arraro eta arrotzik egin nahi: “Ez genituen egin nahi Marteko dantzak, herritarrek bere sentituko dituzten dantzak egin nahi genituen”. Eta hortik aurrera, Argia dantzari taldearekin ikasitakoa, tradizioa ulertu eta lantzeko modu sakona bihurtu zen haien lanaren ardatz; tradizioa, ez zerbait finkoa eta zurruna, baizik eta belaunaldiak lotzen dituen kode sistema bizi gisa ulertuta: “Ze tradizioak, azken batean, bermatzen duena da belaunaldi batetik bestera konpartituak diren kode horiek transmititzea. Nahiz eta belaunaldi desberdinak izan, komunitate osoak konpartitzea. Kode horiek elkar errekonozitzeko eta elkarri aitortza egiteko aukera ematen dute, komunitate bereko kide garela baieztatzen dute”. Eta, aldi berean, mugimenduan dagoen zerbait dela tradizioa dio Araolazak: “Tradizioaren berezko ezaugarria da etengabe behar dugula kolokan jarri, zalantzan jarri, eztabaidatu, kuestionatu eta horrek egokitzapenak, eraldaketak... eskatzen baditu, horretan jardun behar da”. Hortik dator lan egiteko aukeratu zuten modua: “Ereduak hautatu, osagai komunak identifikatu, konbinatu eta horietan gure tradizio propioa garatu”.
Parte-hartze kolektiboa eta genero-ikuspegia
Hasierako hausnarketa horretatik bizipenetara egin du salto Sarasketak, tonu intimoagoan, barru-barrutik aritu da. Arrateko dantzak berarentzat ikaragarriak direla dio; gauza askorengatik, eta horien inguruko hausnarketa pertsonala konpartitu du: “Hasteko, niri bizipoza eta plazera ematen didate”. Eta segidan, bere kontaketa nondik abiatuko duen zehaztu du: “51 urte ditut, euskalduna naiz eta emakumea naiz”.
Bere dantzari ibilbidean hiru etapa bereizi ditu. Lehenengoa gaztetatik 33 urtera arte; dantzak bete-betean harrapatu zuela dio, egunero entsegua Eibarren Kezkan, Elgoibarko Haritz dantzari taldean edo Donostian Argia taldearekin, eta asteburu askotan emanaldiak. “Arrateko dantzak ere garai horren bukaeran harrapatu nituen. Gauza berri bat ekarri zidaten: parte-hartze kolektiboa. Ni ohituta nengoen dantzak ikasi eta dantzatzera. Eta Arrateko dantzak osatzerakoan parte hartu genuen, eta uste dut zerbaitetan parte hartzen dugunean, askoz ere gureago sentitzen ditugula”. Aitortzen du orduan agian ez zela horren kontziente, baina genero ikuspegitik ere aldaketa handia egon zela: “Eibarren zorte handia izan dugu, gizonek eta emakumeek elkarrekin entseatzen genuen ordurako”.
Dantzarekiko haustura eta itzulera
Bigarren etapa haurdunaldian kokatzen du; “haustura egon zen, oso gogorra izan zen. Dolua pasatu nuen, ez nuen dantza ikusi ere egin nahi”. Denborak, hala ere, perspektiba ekarri zion. Dantzara bueltatu zela dio, baina ikusle moduan: “Dagoeneko ikasita nituen gauza batzuk kanpotik irakurtzen ikasi nuen. Konturatu nintzen Arrateko dantzak jendeari gustatu egiten zitzaizkiola, bazuten oniritzia, funtzionatu egiten zuten. Eta parte ginenok ere, nahiz eta kanpotik, harrotasun puntu bat ere sentitzen genuen”. Eta hori oso garrantzitsua dela uste du, ikusten baitu horrek sustraiak ere bota dituela: “Arraten bakarrik gertatzen zena orain herrian ere sumatzen da. Jendea gai da Arrateko dantzen ezaugarriak identifikatzeko eta sentitzen dute dantzari horiek ere herriarenak direla”. Arrateko dantzei ikusten die saretzeko gaitasuna, taldea eta herria saretzekoa edo urrutirago joanda, kofradiari esker, baita Euskal Herriko dantzariak saretzekoa ere.
Eta hirugarren etapan dantzara bueltatu da Sarasketa. Iruditzen zaio emakumeentzat sarri zailagoa dela itzulera hori, baina uste du Arrateko dantzek itzultzeko aukera ematen dutela: “Badituzte bere baitan parte hartzeko aukera ezberdinak, edo ezpatak eraman ditzakezu, buruzagi papera edo trokeo-dantzak... Eta orduan zuk zure lekua bilatu dezakezu eta bueltatu zaitezke”. Kontatu du bi alabekin dantzatzen duela orain, “egun eta leku berean dantza ari gara eta eroso gaude, bai beraiek eta bai ni”. Konturatu da Arrateko dantzetan transmisioak ze garrantzi izan duen, belaunaldi artekotasunak eta dantzari askori bueltatzeko aukera ematen diote, “horri irisgarritasuna deitzen diot. Iristeko aukera, bueltatzeko aukera, leku batera sartzeko aukera, atea zabalik edukitzea. Desatomizazioa ere deitzen diot, alegia, belaunaldi guztiak batera zerbait josteko aukera”.
Dantza-erritu berrien atontzea: San Lorenzo, Arrate eta Beasaingo esperientziak
- San Lorenzoko dantzak: tradiziotik sortutako ziklo berria Mikel Larramendi
- Arrateko eredua: Komunitatearentzako dantzak Oier Araolaza, Ane Sarasketa
-
Beasaingo adibidea: Tradiziotik edaten eta moldatzen Izaskun Salazar eta Mikel Sarriegi
Dokumentuaren akzioak


