Dokumentuaren akzioak
Beasaingo adibidea: Tradiziotik edaten eta moldatzen
Dantzan
Mikel Sarriegi eta Izasku Salazar, Dantza berrien atontzeari buruzko jardunaldia, Iruñea, 2025-11-14. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
Beasaingo Igartzako ezpata-dantza eta trokeo-dantzen sorrera eta bilakaera izan dituzte hizpide Izaskun Salazarrek eta Mikel Sarriegik Iruñean egindako dantza-erritu berrien atontzeari buruzko jardunaldietan. Azken hamarkadetan herrian egindako lanketatik abiatuta, dantzen inguruko ikerketa, moldaketa eta berritze prozesuak azaldu dituzte: nola aztertu duten jasotakoa, nola egokitu duten plazara edota nola ulertzen duten gaur egun dantzak bizirik mantentzeko beharrezkoa den malgutasuna.
Errepertorio aberatseko herria
Beasaingo dantzen testuingurua azaldu du lehendabizi Izaskun Salazarrek. Herriko dantzen ekosisteman kokatu gaitu; “helburua da ulertzea ze dantza ditugun eta nola moldatu ditugun, edo nola joango garen moldatzen momentu bakoitzean egoera berrietara”.
Aurtzaka dantza taldeak 2025ean 46 urte bete dituela dio, baina aurretik herrian egon ziren beste talde batzuen lekukoa jaso zuela gogorarazi du. Dantza-ondarearen kontzientzia, ordea, 1990eko hamarkadan indartu zela dio eta 2004. urtea mugarria izan zela, “tradizioko dantzen azterketa egin genuen, eta Beasaingoa aztertu ondoren hainbat galdera eta zalantza sortu zitzaizkigun; horregatik ikerketa zabaltzera behartuta ikusi genuen geure burua”.
Ibilbide horren ondorioz, gaur egun Beasainen hainbat dantza-adierazpen egiten direla azaldu du, dantza motaren arabera sailkatuta: soka-dantzak, ezpata-dantzak, trokeo-dantzak... eta dantza-erritu bakoitzaren azalpenak eman ditu; horrela herriko dantza errepertorioaren argazki bat egin digu.
Tradizioa beti izan da bizia
Testuingurua marraztuta, Beasaingo dantzen moldaketa prozesuez sakontzeko hartu du hitza Mikel Sarriegik. Hiri-talde gisa kokatu du beren taldea, baina tradizioarekin lotura estua duena. Taldearen lana, neurri batean, jasotako tradizio hori moldatzen joatea dela azaldu du. Hasieratik protokolo jakin batekin eraiki zituztela dio Igartzako ezpata-dantza eta trokeo-dantzak, baina azpimarratu du malgutasuna ezinbestekoa dela; “egindako ikerketek erakutsi digute askotan uste dena ez dela guztiz egia, tradizioan askotan ez da beti modu berean dantzatu. Egiturak eta koreografiak ere aldatu egin dira denborarekin”. Haren hitzetan, tradizioa beti izan da bizia, “dantza-maisu zaharrek ez zituzten gauza finkoak egiten. Denboran zehar aldatu egiten ziren edo dantza maisuak berak ere aldatu egiten zituen”.
Urrats berrietarako askatasuna
Hausnarketa horrek ondorio argi bat ekarri die: jasotako dantza-eredu horiek ukiezinak direla pentsatzearen beldurra galdu behar dela, “ustezko tradizio faltsu horretan zirrikituak bilatzea eta behar diren moldaketak egitea” zilegi dela dio, baina ez edonola.
Asmatzeari beldurra kendu behar zaiola uste du, baina azpimarratu du helburua ez dela gauza arraroak egitea; “baditugu erreferentziak, plazak eta arau-sistema bat; eta sistema horren barruan lan egiten den bitartean, ezagutzak ematen duen babesarekin, bide berriak urratzeko ez daukagu problemarik”. Tradizioa zaintzea eta egokitzea elkarrekin doazen prozesuak direla azpimarratu du.
Dantza-erritu berrien atontzea: San Lorenzo, Arrate eta Beasaingo esperientziak
- San Lorenzoko dantzak: tradiziotik sortutako ziklo berria Mikel Larramendi
- Arrateko eredua: Komunitatearentzako dantzak Oier Araolaza, Ane Sarasketa
-
Beasaingo adibidea: Tradiziotik edaten eta moldatzen Izaskun Salazar eta Mikel Sarriegi
Dokumentuaren akzioak


