Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak San Lorenzoko dantzak: tradiziotik sortutako ziklo berria

Dokumentuaren akzioak

San Lorenzoko dantzak: tradiziotik sortutako ziklo berria

2026/03/25 10:55
San Lorenzoko dantzak: tradiziotik sortutako ziklo berria

Mikel Larramendi, Dantza berrien atontzeari buruzko jardunaldia, Iruñea, 2025-11-14. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Dantza berriak sortzerako orduan kontutan hartu beharreko hiru irizpide agertu ditu Mikel Larramendik: erabilgarritasuna, egokitzapena eta onarpena. Iruñeko San Lorenzoko dantzen sorrera eta testuingurua azaldu ditu Iruñean Duguna dantza taldeak antolatu duen dantza-erritu berrien atontzeari buruzko jardunaldien barruan; bertan, azken urteetan sortu edo berritu diren dantza tradizioen esperientziak partekatu dituzte.

Dantza berriak, kode zaharren gainean

San Lorenzoko dantzarien taldea 1997an sortu zen, baina aurreko testuinguruaren kokapena egin nahi izan du Mikel Larramendik, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetara begira jarri da lehendabizi. Talde autoktonoak eta hiri-taldeak bereizi ditu. Talde autoktonoak oinarrizkoak ziren eta hiri-taldeek hainbat esparrutan ez zutela horrenbeste prestigio dio, baina herri honen kultura-panoraman funtsezkoak izan zirela uste du, “milaka neska-mutikori erakutsi diete dantzan, emanaldiak eskaini dituzte, ikerketak egin, ia galdutako dantzak berreskuratu...”.

San Lorenzoko danzanteak
San Lorenzoko danzanteak, Iruñea, 2025-07-12. Argazkia: Malko Vich

Garai hartan dantza berrien sorkuntzaren gaia gutxiengo baten ahotan zegoela dio, “ia dena asmatuta baitago. Folklorearen eta dantza tradizionalaren munduak arkitektura nahiko zehaztua du, denok ezagutzen ditugun egiturak ditu, hautsi daitezkeen josturak ditu, eta ondo dago horien jakitun izatea aurrera egin ahal izateko”. Dantza berriak sortzeko erronkan sartuz gero onena ingurura begiratzea dela uste du, “ia denak badu bere forma, mudantzak mugatuak dira, pausoak direnak dira, jantziak... Horrek, alde batetik, lasaitasun handia ematen du, dagoeneko baduzulako mugitzeko esparru bat”. 

San Lorenzoko danzanteak
San Lorenzoko danzanteak, Iruñea, 2004-08-10. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Dantza osatzeko gakoak

Dantza berriak sortzerako orduan kontutan hartu beharreko hiru irizpide nabarmendu ditu: erabilgarritasuna, egokitzapena eta onarpena. Erabilgarritasunarekin esan nahi du dantza hori jai-zikloren batean txertatu behar dela; eta gainera komunitate bati zerbitzatu behar diola, “ komunitateak festa horietan parte hartu behar du, eta komunitate horretako jendeak berea den zerbait bezala sentitu behar du dantza”. Egokitzapenarekin azaldu du “parametro ezagunetan mugitu behar dute, garrantzitsua da jende guztiak gutxi gorabehera jakitea zer den folklorea eta zer ez, bai jantzietan, bai dantzetan... Ezagutzarekin mugitu behar da, ezagutzen dugunari eta izan behar duenari egokitu behar zaio”. Eta, azkenik, onarpena; “etorkizunerako nolabaiteko bokazioa izan behar dute. Dantza tradizional bat sortzen denean, arrakasta, oro har, denboran irauteak eta zuzentzen zaion komunitate horren onarpenak markatzen dute”. 

San Lorenzoko danzanteak
San Lorenzoko danzanteak, Iruñea, 2004-08-10. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Dantza berrien sorkuntza beti egon dela azaldu du eta horretarako Nafarroako hainbat adibideren errepasoa egin du, besteak beste, Erriberako dance eta paloteadoetarako dantzak, Luzaideko zenbait jauzi, Larrain dantza, Zangotzako dantzak, Torralba del Riokoa... Eta adibideen ondoren, San Lorenzoko dantzarien dantzetan zentratu da. Jesus Pomares Esparza aipatu du, “San Lorenzoko dantzen ideologo eta bultzatzaile nagusia da”. Dantzaria baino ikertzailea zela, udaletxe plazan jaioa, eta garai bateko korpus jai handi hariek interesatzen zitzaizkiola. Argi omen zuen desfile handi haietako dantzetan oinarritutako zerbait egin nahi zuela. Horrela, Iruña dantza taldearen 25. urteurrena aprobetxatu zuen. Asmoa zen taldeko hainbat belaunaldik dantza bat plazaratzea, eta beteranoei dantza berriak sortzea proposatzen zien Pomaresek, tartean zen Larramendi.

“Pomaresek ez zuen dantza bakar bat egin nahi, ziklo oso bat egin nahi zuen; hasieratik kalejira bat egin zen, bi makila-dantza, ezpata eta brokel-dantza, eta arku-dantza. Gogoratu nahi dut oso prozesu neketsua izan zela, oso gogor lan egin genuen eta hilabete batean muntatu genituen”.

San Lorenzoko danzanteak
San Lorentzoko danzanteen lehen agerraldia. Iruñea, 1997-11-29.

Kalearen onarpena

1997ko azaroaren 29an estreinatu zituzten, “hotz ikaragarria egiten zuen eta zapatekin dantzatu genuen, gero beti zapatila bordatuekin dantzatu dugu. Nahiko prekario irten ginen, utzitako arropekin eta. Ez dakit nola lortu genuen, baina atera ginen”. Asmoa goiz eta arratsaldez ateratzea omen zen, baina badirudi taldearen egitarauarekin ez zela guztiz egokitu, eta nahiko airean gelditu zen. Orduan beraiek, beteranoek, beren kasa jarraitzea erabaki zuten eta orduan sortu zen San Lorenzo taldea: elkarte bezala erregistratu, kofradia sortu, alkandorak erosi... Eta San Lorenzo egunean txertatu zituzten dantzak. "Gerora, dantza zikloa handitzen joan zen”. Dantza horien sorreran garrantzitsuak izan ziren hiru pertsona aipatu ditu: Iñaki Dominguez, Carlos Aleman eta Joxemiel Bidador.

Dantzak oso erraz onartu zirela dio, “jendeari hasieratik gustatu zitzaizkiola. Guk beti esaten genuen dantzarien oroimen kolektibo moduko bat zegoela, musika horiek, erritmo horiek, egiteko modu horiek, modu batera edo bestera, jendearekin sintonizatzen zuten”. Eta funtzionatu zuen kalekoak izatea, “eszenatokia oso ondo dago, baina ez da dantza tradizionalerako egokiena. Dantza tradizionalak beste ekosistema bat du, kalea”.

Dantza-erritu berrien atontzea: San Lorenzo, Arrate eta Beasaingo esperientziak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.