Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza Argentinako Panpako ondare kultural immaterial izendatu dute
Dantzan
Panpan (Argentina) euskal dantza ondare kultural immaterial gisa aitortu dute, probintziako gobernuak aurkeztutako mapa interaktibo berri baten bidez. Euskal diasporak Argentinan utzitako kultur arrastoari, eta bereziki komunitatean bizirik dirauten dantza tradizioei babesa eman die izendapenak. Ekitaldia apirilaren 14an, Panpako gobernuaren egoitzan izan da. Bertan izan dira hainbat agintari publiko eta kultur arloko arduradun, kultur eragileak eta ondarearen transmisioan ari diren komunitateko kideak.
Ondare kulturalaren mapa
Aurkeztu duten tresna digitalerako Panpako 10 adierazpen immaterial adierazgarrienak aukeratu dira, 200 kultur adierazpen baino gehiago aztertu ondoren; eta horien artean da Macachingo euskal dantza. Azaldu dutenez, lanak probintzia osoko kultura-adierazpenak dokumentatzea eta ikusgai jartzea du helburu. Zortzi hilabeteko lanaren ondoren, 50 udalerri baino gehiago bisitatu eta ehunka lekukotza jaso dituzte.
Ondarearen erregistroa Cultura Pampeana plataforman kontsulta daiteke, eta bertan ikusgai daude bai euskal dantzei buruzko fitxak, bai beste hainbat adierazpen kulturalenak. Gainera, hautatutako adierazpen batzuk dokumentaletan jaso dituzte, ondarearen transmisioa protagonisten ahotsetik kontatzeko.
Euskal dantza, kultura aniztasunaren adierazle
Ekitaldian nabarmendu dute Panpako kultura “ez dela bakarra, askotarikoa baizik”, eta lurralde osoan banatuta dagoela. Testuinguru horretan kokatu dituzte euskal jatorriko dantzak eta tradizioak.
Macachingo euskal dantzei buruz adierazi dute praktika horiek “bizirik mantentzen direla eta tokiko izaerarekin berrinterpretatzen direla”, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren komunitate-jarduera gisa.
Agintariek azpimarratu dutenez, helburua ez da soilik erregistro bat egitea, baizik eta “kultura bizirik mantentzen duten pertsonen lana aitortzea”. Aurkezpenean mezu politiko argia ere zabaldu zuten: “kultura ezin da merkatuaren esku utzi”. Horrela, gobernuak defendatu du kultur aniztasuna babestea eta identitatea ez mugatzea irizpide ekonomikoetara.
Dokumentuaren akzioak


