Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Musukoak ezpaten artean

Dokumentuaren akzioak

Musukoak ezpaten artean

Musukoak ezpaten artean

Igartza 2020 (arg. Iñaki Erauskin)

Joan den asteburu honetan galdera bat geratu zaigu airean denoi: musuko gorriak ezpata-dantzarion janzkeran geratzeko etorri ote dira?

Era batera ala bestera izan, usadio osasuntsu baten erakustaldia egin ahal izan genuen joan den larunbatean. Dena kili-kolo dabilen garai nahasi eta xelebre hauetan, gure Kofradia Ezpata-dantza kalera ateratzeko gai izan zen, berezkoa duen gunera, gainera. Eta horrek poz berezia sortu zigun, egoeraren goibeltasun orokorreko giroarekin kontraste bizian.

Ezin egin ahal izan genituen dantzarion plazatikako segizioa, ezta ezpata luzeen zubi-kiribilik, ez bazkaririk, ez kofradeen izendapen ekitaldi eta ondorengo jairik. Baina udaletxean herriko bandera jaso, eta ondoren ezpata-dantzaren ikuskizuna eskaini ahal izan genuen Igartzan.

Hemen ikus daitezke argazkiak: Iñaki Erauskin eta Mikel de las Heras-enak.

Hemen jarriko dugu Manuel Lunaren bideoa laster batean.

Eta hemen komunikabideen berriak:

Goierriko Hitzaren bideo eta argazkiak

Goierri Telebista: egunekoa eta aurrekoa.

 IEU_20200912_0027 IEU_20200912_0081

IEU_20200912_0064 IEU_20200912_0038

Jendaurrean egin ohi dugun eguneko akta irakurketaren gabezian, hona ekarriko dugu aldi berean kronika ere baden aktaren idazkia:

Beasaingo Igartzan, 2020ko irailaren 12an,

Hamalaugarrenez ospatu dugu gaur Igartzako ezpata-dantzarien kofradiaren eguna. Zenbaitek aurtengoari hamairugarrena izatea zegokiola pentsa dezake, zenbaki horren hedatutako sinbologiari erreparatuz gero, baina hamairugarrena iaz igaro zen eta oztopoak oztopo, jarraikortasuna eten gabe mantentzea lortu dugu. Mundu mailan eragin duen birus baten pandemiaren harira, aurten zer eta nola egin genezakeen aztertzeko lan nekeza ederki kudeatu du Kofradiaren antolakuntzako lan-taldeak. Bejondeiola.Horren emaitza izan da gaurko emanaldia, orain artekoen aldean ezberdina baina bere horretan ederra, eta gogoangarria ezbairik gabe.

Aurten 12h00etarako Beasaingo plazako hitzordura Zaldikoa, Agurtzane Agirre Mujika, eta Banderazalea, Mikel Sarriegi Etxezarreta, bakarrik bertaratu dira. Zaldikoa Maritxu nora zoaz-aren doinuaz dantzatu da eta jarraian alkatearen eskutik herriko bandera jasotzeko ohiturari bere horretan eutsi diogu, ikuslerik gabe izan bada ere. Kanpai-hotsen doinurik ordea ez da iritsi gainerako kideen belarrietara eta segiziorik ere ez da egin. Egoerak baldintzatuta, ohikoak baino dantzari eta musikari gutxiago elkartu garen arren, hirurogeita bat laguneko taldea osatu dugu, 52 dantzari eta 9 musikarikoa. Igartza jauregian bertan elkartu gara, egoerak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak zorrotz betez. Horretarako, beste 15 kofradia-kideko talde laguntzaile bat aritu da bai parte-hartzaileekiko bai ikuslego mugatuarekiko protokoloa behar bezala bete zedin ziurtatzeko zereginetan.

Musikariak elkarren arteko gutxieneko distantziak gordez kokatu dira eta ezpata-dantzariok berriz, musukoarekin eta ezpataren luzerak mugatzen duen distantzia errespetatuz, lau abiapuntu ezberdinetan lerrokatu gara. Eguerdiko 12h30ean eman diogu hasiera ekitaldiari, dantzari lerro bakoitzak bere gidariari jarraitzen ziola.

Nerea Alustiza Escañok egin ditu buruzagi nagusiaren lanak aurten eta berak eman dio lehen ezpata-dantzarien lerroari abiera. Guztiak errekaren bi aldeetara eta zubian kokatu garenean, ohiko ibaibazterreko-dantza egin dugu, baita gure Erraldoiak eta Zaldikoak ere.

Jarraian parrila osatu eta buruzagia igo denean, banderazaleak eman dio dantzatu beharreko bandera eta lau buruzagiek (Ane Iñurrieta Galparsorok, Uxue Sarriegi Aldasorok, Oihane Sarriegi Aldasorok eta Nerea Antxia Urbietak) euren zatiari ekin diote. Ezpata-jokoa amaitzearekin Igartzako martxa hasi da eta soinu horren lagun jauregiko atarian ezpata-arku luzea osatuz zegokigun ordenean denok barruan bukatu dugu.

Aurten ez dugu San Martingo ezpata-dantzari txikirik eta bestelako gonbidaturik izan. Ezta ekitaldiaren ondorengo bazkaririk, ohorezko kofradiakideren izendapenik, edo bost-urteko epeak ematen duen zinta berrien banaketarik ere. Ondorengo erromeria saioa ere bertan behera utzi behar izan dugu. Baina izan gara, eta aurrerantzean ere eginahal guztia egingo dugu izan gaitezen. Urrats bat gehiago eman dugu usadioa sendotzera bidean. Beraz, beste behin, bihotzez eskertu nahi ditugu musikariak, dantzariak, soinu teknikariak, aurrez gaurko egunaren antolakuntzan aritu den lan-talde osoa eta baita gaur laguntzaile eta prentsa-lanetan ibili direnak ere. Beasaingo Udalari ere gure esker ona adierazi nahi diogu, ekitaldia aurrera eramateko emandako aukera eta laguntzagatik.

Aurtengoa ezberdina izan da, ez dakigu historiara ezberdina izan zen urte haren gisara igaroko den ala historian inflexio puntua sortu eta ezberdina izaten hasi zen lehenengo aldi hura bezala oroituko dugun. Etorkizunak zer dakarren datorren urtean ikusiko dugu.

Bitartean, ongi segi eta bizi dantzan!”

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com