Dokumentuaren akzioak
Kolonbiako jirabirak
20 lagunez osatutako taldea aritu gara joan den irailaren 21etik 30era bitartean Kolonbian dantzari.
Bogotako Euskal Etxeak gonbidatuta gauzatu dugu bidaia. Beraiek izan ditugu bidaia guztian lagun eta gidari, eta beraiek antolatu dituzte eskeinitako dantza emanaldi guztiak.
Bogota hirian egon gara egun gehienetan eta bertatik eguneko irteerak eginez gauzatu ditugu emanaldiak.
Hau da gure egonaldiaren kronika txiki bat.
Irailaren 21ean iritsi ginen Bogotara. Aireportuan zain genituen Euskal Etxeko zenbait kide, gurekin hara eta hona ibiliko zirenak bertan geunden egun guztietan.
Irailaren 22an hiriko zenbait gune garrantzitsu ezagutu genituen: Montserrate, Candelaria Auzoa, Hirigunea, Urrearen museoa, Boteroren museoa...
Irailaren 23an lehen dantza emanaldia Zipaquira Herriko (120.000 biztanle) Udal antzokian. Emanaldiaren aurretik bertako gatzezko Katedrala ezagutzeko parada izan genuen (gatz meategien barruan eginikoa), baita herriko plaza ederra ere, non harriduraz ikusi genuen ikurriñak bazuela bere lekua; 2005 urtean Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Lehendakaria buru zuela, bertan egon zen eta somatu genuenez egun hori pertsona askok dute gogoan. Gure emanaldia ere gogoan edukiko dutela esperoan gaude, oso ondo joan bait zen eta txalo zaparrada haundiz bukatu genuen gure ordubeteko dantza saioa.
Irailaren 24an Euskal Etxea ezagutzeko aukera izan genuen eta hiru egunetara bertan eskeintzekoak ginen emanaldia pentsatu eta egokitzeko aukera izan genuen. Bogotan bertan zer ikusirik bazegoenez oraindik, zenbait ordu ere lan honetan eman genituen.
Irailaren 25ean eguerdi partean Cundinamarcako Gobernación-en eskeini genuen emanalditxo bat. Gure Foru Aldundiaren pareko Erakundea da eta bertan probintzia osatzen duten 116 herriek bere ordezkaritzak dituzte; guztien artean gure dantza taldea aritu zen dantza saio txukun bat eskeintzen. Zenbait opari jasota eta lagun ugari eginda atera ginen bertatik.
Jarraian Mosquera herriruntz abiatu ginen (70.000 biztanle). Bertan ospatzen zuten XIII. Aste kulturalaren barruan dantzatu behar genuen herriko dantza talde batekin batera. Iritsi bezain pronto zain genuen bertako Udaleko langile batekin, Udaletxea bera eta Kultur etxea ezagutu genituen. Bertako dantza irakaslearekin egoteko parada izan genuen eta berak Kolonbian dantzatzen diren erritmo ezberdinen erakustaldi txiki bat eskeini zigun, folklore eta dantza tradizionalaren aldetik Kolonbiak duen aniztasuna erakutsiz. Berak aitortu bezala, gogo haundiz espero zuten gure dantza emanaldia, eta honela aritu ginen herriko plaza nagusian lehendabizi gure dantzen erakustaldia eskeiniz, eta jarraian, bertako taldea zenbait pieza alai eta koloretsuekin. Emanaldi polita eta jendearen gustokoa izan zela esango genuke. Herriko alkatea egon zen bertan eta opari trukaketa eginda bueltatu ginen Bogotara merezitako atsedena hartzera.
Irailaren 26an Bogotá hiriko kaleetan gora eta behera ibiltzeko aukera eduki genuen eta horrelako hiri erraldoi baten eguneroko martxa nolakoa den ikustekoa ere.
Irailaren 27a. Gogo haundiz eta ilusioz espero genuen eguna, Bogotako Euskal Etxearen inguruan egin behar genuen emanaldia. Inguruan diogu zeren Euskal Etxea Gernika izena berreskuratu berri duen parkera irekitzen da eta ingurua ikusita gure emanaldia parke honetara zabaltzea pentsatu genuen, Euskal Etxea eta bere inguru guztia gure doinu eta dantzekin hartuz eta zergatik ez, gure kulturarekin bateginez. Horrela, arratsaldeko 18:00 puntuan hasi genuen gure ibilbidea parkean zehar zenbait dantza eskainiz. Hasiera batean Euskal etxeko ordezkari eta lagunak bazeuden ere, ekitaldia aurrera zihoan heinean pertsona ugari hurbildu ziren bertara eta han geunden guztion pozerako izugarrizko jakin mina sortu zen Euskalerriaren, Gernika parkearen, Euskal Etxearen, eta gure dantzen inguruan. Kanpoko ekitaldia amaitzeko Euskal Etxearen sarreran arkua egin genien bertan lanean aritu eta proiektua gauzatzea lortu dutenei. Euskal etxearen barruan berriz, zuzendaritza taldeari eta bertan zeuden guztiei dantzari batek Agurra dantzatu zien. Ekitaldi formala bukatzeko opari trukaketa bat egin genuen eta alde bateko eta besteko esker oneko hitzak entzun ondoren, mokadutxo bat jateari ekin genion, eta nola ez, kantatzeari eta zenbait dantza dantzatzeari. Benetan une polita eta ahaztezina han bildu ziren euskal jatorria zuten guztientzat, beraien lagunentzako eta guretzako ere bai.
Irailaren 28an dantza eta beste zenbait ekintza uztartzeko eguna. Goizean Fusagasuga herrira joan ginen “Hacienda Coloma” kafetala ikustera. Kafea landatzen denetik komertzializatzen denera arte jasaten duen prozedura nolakoa den ikusi ahal izan genuen. Oso polita eta bitxia iruditu zitzaigun ezezagunagatik eta ingurua ikusteak soilik merezi zuelako harutzainoko bidaia.
Arratsaldeko 17:00etan Cundinamarcako Unibertsitateak Chia herrian duen eskolan dantza emanaldia eskeini genuen. Oso antzoki dotorean eta ikasle eta irakasleen aurrean aritu ginen. Oso ondo hartu gintuzten eta haien txaloak entzunda gure saioa gustokoa izan zutenaren ustean gaude. Gurekin batera Unibertsitateko dantza taldea aritu zen Kolonbiako dantza tradizionalak eskeiniz. Hemen ere opari trukaketa egin genuen eta guztiari amaiera emateko kolonbiarrak eta euskaldunak, guztiak nahastuta aritu ginen Kolonbiako zenbait erritmo dantzatzen edo gutako batzuen kasuan, dantzatu nahian.
Hemendik Bogotako Challenger enpresaren lantegira abiatu ginen. Han gure zain zeuden bertako langile eta hauen familiartekoak. Ospatzen ari ziren festa batetan dantzatzera gonbidatu gintuzten. Lekua txikia izaki eta bertan bildutakoak dexente, dantzatzen genuenari buruz hitzegiten genuen, eta jendearen hurbiltasun horrek ere oso gustora sentiarazi gintuen bertan. Oso ondo hartu gintuzten eta momento hartaz guztiok gordetzen dugu oroitzapen bitxia.
Irailaren 29an Bogota utzi eta Guavio eskualdera abiatu ginen. Nahiz eta oso urruti ez egon (100 km gutxi gora behera) bidaia luzea suertatu zen; mendiko bidea, asfaltatu gabekoa… bost orduko bidaiaren ostean iritsi ginen Gama herrira. Bertako alkateak Udaletxean hartu gintuen; herria eta eskualdeari buruzko zenbait argibide eman ondoren, herrian zehar lagun izan genuen gidari gisa. Bazkaldu ostean Dantza emanaldia eskeini genuen herriko antzokian. Gurekin batera herriko dantza taldea eta Los Llanos Orientales eskualdeko dantzari batzu ere aritu ziren, berriz ere folkloreari dagokionez, Kolonbiak duen aberastasuna eta aniztasuna erakutsiz. Adiskidetasun giro polita sortu zen emanaldian. Opari trukaketa batekin amaitu zen ekitaldia. Harrigarria egin zitzaigun jendeak dantza emanaldia ikusteko zuen gogoa eta nolako poza adierazten ziguten emanaldia eskeini behar genuelako.
Berriz ere autobusez ordubete inguruko bidaia egin ondoren Gachala herrira heldu ginen gure azken Dantza emanaldia eskeintzera. Hemen ere bertako dantza taldea aritu zen gurekin batera herriko plaza nagusian, eta berriz ere jendeak oso ondo hartu gintuen eta txalo ugariz saritu zuen emanaldia.
Ezin aipatu gabe utzi hain urruti eta era berean hain gertu zeuden herri hauetan jaso genuen harrera ez zaigula erraz ahaztuko eta guretzako oso esperientzi polita eta aberatsa izan dela horrelako eskualde apartatura gure kulturaren zati bat eramatea, han ere ezagutu dezaten.
Gachalan bertan hartu genuen ostatu egun luze, neketsu, eta betearen ondoren.
Irailaren 30ean. Goizean goiz abiatu Bogotarantz eta 6 orduko bidaiaren ondoren, dantzako erropa eta materialak bildu, eta traste guztiekin aireportura abiatu ginen gure Kolonbiako lagunek lagunduta, bertako egonaldian bakarrik utzi ez gaituzten berberak: Jaime Almanza eta bere sendia, Rafael Yepes eta Gabi, Alejandro Cadena, Patxi Espinosa, Vilma Parra, Jose Vicente Katarain, German Kaizedo,… eta beste hainbat, horren ondo hartu gaituztenak. Doakiela hemendik gure eskerrik onena.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08
De interes