Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Inbidiarik ez

Dokumentuaren akzioak

Inbidiarik ez

2008/11/12 23:50

Idurre Eskisabel BERRIAko kazetariak artikulua idatzi du GOIERRITARRA aldizkariaren azken alean. Bertan gure taldearen aipamena egiten du, geure herrian azken urteotan sustatu ditugun pare bat ekinbide nabarmenduz, eta aditzera ematen duenez, ekarpen interesgarritzat joz.

Beasaingo herriari beti egotzi izan zaio/diogu herritar ekimen txirokoa izatea, alde horretatik “hotza”, “sustraigabea”, “kohesioa” falta duena… badirudi kulturgintza aldetik behintzat, ari garela nolabaiteko helburuak betetzen alor honetan.

GOIERRITARRA aldizkariak edizio dijitalik ez duenez, hona hemen Idurreren artikulua bere osotasunean.

 

INBIDIATAN

"Gustura itzuli gara etxera. Saran (Lapurdi) izan gara, Piarres Lartzabalek duela 40 urte idatzitako Ibañeta antzeslanaren azken taularatzea ikusten. Emaitza ederra: 778ko Orreagako guduan oinarritu eta duela urte saldo bat idatzia izan arren batere gaurkotasunik galdu ez duen testua; eszenografia berritzailea eta aktoreen lan txukuna.

Ikusitakoari buruz berriketan etorri ga­ra lau lagun, hausnarketa konpartituan, eta luzerako eman digu: "Ez nekien antzeslanak Meliton Manzanasi hain erreferentzia zuzena egiten zionik", dio batek. "Bai ziria ondo ibili zuen Lartzabalek Karlomagnoren tropetako torturatzaile nagusiari Apfel izena jartzean, sagarra, manzana, baita apfel alemanez", besteak. "Eta izebaren pertsonaia? Oso ona gazteei 'ez sartu politikan, ez sartu arazotan' ohartarazten dienean. Gauza batzuk ez dira aldatzen", hirugarrenak. "Horixe ez direla aldatzen! Pentsa, borroka armatuaren auzia planteatzen du Lartzabalek antzeslanean, eta begira 40 urte eta gero nola jarraitzen dugun...", erantzun du lehenak. "Bai, ikasiko dugu noizbait!", atera zait niri.

Argudioen eta kontrargudioen jolas horretan ohartu gabe iritsi gara etxera. Esan bezala, gustura. Baina, era berean, baita inbidiatan ere. Inbidiatan Ibañeta antzeslanaren moldaketa berri hori Nafarroa Behereko Haizeberri elkarteak osatu duelako, Ander Lipus antzerkilari bizkaitarrak zuzendu eta gidatu baditu ere, aktore talde erabat amateurrarekin. Ez du erraza ematen 1.700 biztanle inguruko Oztibarre eskualdean halako aktore amateur taldea biltzea, eta are eta gutxiago, halako antzeslan bat taularatzeko behar diren beste lanetarako jendea eskuratzea. Baina, bistan denez, egin dute, eta arestian aipatu bezala, emaitza bikainarekin.

Horretaz guztiaz ere aritu gara etxerako bidaia berriketatsu horretan. Ipar Euskal Herrian, batik bat, barnealdean, kultur ekoizpen propiorako eta elkarlanerako joera handia dutela oraindik iritzi dio batek. Antzerki amateurraren tradizioa gurearen aldean handia dela besteak. Hegoaldean kultura hiritarrarekin batera astialdi kontsumista eta indibidualismoa jaun eta jabe egin zaizkigula hirugarrenak. Oraingoan isilik geratu naiz ni.

Eta etxean jarraitzen dut horri bueltaka, eta egia, lehen une batean zail egin zait nire inguruko Beasain halako antzeslan herritar baten proiektuan murgilduta irudikatzea. Baina bestelako printzak argitu zaizkit segituan: Mariren Jaitsierak, adibidez, badu halako herri antzerkien jitea, eta zer esanik ez, Aurtzakak bideratu duen Beasaingo dantzari kofradiak eta Igartzako dantzarien egunak. Azken horrek kanpoko —hurbileko zein urruneko- kultur esperientziaren inbidiarik ez du batere. Eta inbidia baretzearekin batera, itxaropen bat piztu zait: akaso, hitzetik hortzera darabilgun krisi hori nagusitzeak izan dezakeela onerako eragina; hain justu, gure astialdia merkataritza guneetatik atera eta antzerki, dantza eta bestelako sormen ekoizpen amateurretara eramatea.”

Idurre Eskisabel Larrañaga. Goierritarra, 349. alea, 4.or.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com