Igartzako Dantzarien Egunean Raimon gogoan
Huelvako Puebla de Guzman-eko ezpata-dantzariak ere gurekin dantzatuko dira
Orain bi urte Ohorezko Kofradiakide izendatu genuen Raimon Gamaio. Aurten bete dira 40 urte Salleko Adiskideak taldea sortu zuenetik. Urteurren berezi hori ospatzeko asmoa genuen, baina zoritxarrez, ospakizun hori Raimonen heriotzarekin mikaztu zitzaigun. Beasaingo dantza-taldeetan lan eskerga egin zuen lagun maite honi zor diogun miresmena eta eskerrona erakusteko baliatu nahi dugu gure eguna.
![]() |
Ez dira alferrik pasa aurreko urteak, eta Igartzako dantzari taldea sendotuta agertuko da datorren larunbat honetan, irailaren 8an. Igartzako gunea bera eraberritu den bezalaxe, urratsez urrats, gure dantzarien kofradia ere garatu eta finkatu egin da. Ezpata-dantzaren eguna Loinazko Amaren eguna ospatzen den asteak markatzen digu, eta aurten, lehen aldiz, Loinazko Amaren egunarekin berarekin bat egiten du, irailaren 8arekin, alegia. Honen ondorioz, Euskal Herriko beste hainbat ospakizunekin ere bat egingo du, hala nola, Otsagiko Muskildako Ama Birjinaren dantzekin, eta Eibarko Arrateko Amaren dantzekin.
![]() |
Txandaka ohitura bihurtu den moduan, ezpata-dantzarien kanpotar beste talde bat ere gonbidatu dugu, eta oraingoan Andaluziatik datoz. Zenbaitentzat harrigarria izan badaiteke ere, lurralde hartan badaude ezpata-dantzen arrastoak, eta Puebla de Guzmán-eko Hermandad de Ntra. Sra. de la Peña-koa da adibidea. Herri hau Huelvako Andévalo eskualde ederrean dago, eta urtero bere Ama Birjinaren ohoretan ospatzen duten erromerian laguntzen diote beren dantzekin. Bertako adituen ustetan, orain mende batzuk euskaldunek eramandakoa izan daiteke bertan egiten duten ezpata-dantza hau.
![]() |
Baliteke, beraz, beraien janzkera eta gurearen arteko antzekotasuna kasualitatea ez izatea. Ezpatekin marrazten dituzten irudiak, gureen oso antzekoak dira, eta besteak beste, ohorezko arkua egiten dute. Musikaria ere, danbolinteroa izaten da, txistuaren eta danbolinaren pare-pare.
![]() |
![]() |
Aurretik esan dugun bezala, Salleko Adiskideak taldearen 40. urteurrena dela medio, talde horren partaide izandako guztiak gonbidatu ditugu Jauregian egingo dugun Kofradiaren bazkarira eta ondorengo festara. Gonbidapen hau, dantzazalea den eta dantza-giroa gustokoa duen orori ere zabaltzen diogu.
Arratsaldean, Arrabots taldearekin erromeria izango dugu.
Hau da egunaren egitaraua:
EGITARAUA:
12:00 Segizioa Beasaingo udaletxetik Igartzaraino.
12:30 Ezpata-dantzen saioa Igartzan.
Hermandad Ntra. Sra. de la Peña-ren ezpata-dantza
13:30 Salleko Adiskideak-en dantza
13:30 Sagardoa kupeletik
14:30 Bazkaria Igartza Jauregian.
17:30 Erromeria Arrabots taldearekin.




