Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Igartzako Dantzarien Eguna 2024: Mikel Sarriegi Etxezarreta, ohorezko kofradiakide

Dokumentuaren akzioak

Igartzako Dantzarien Eguna 2024: Mikel Sarriegi Etxezarreta, ohorezko kofradiakide

Igartzako Dantzarien Eguna 2024: Mikel Sarriegi Etxezarreta, ohorezko kofradiakide

Igartzako ezpata-dantza, Beasain, 2022-09-10. Argazkia: Iñaki Erauskin.

Ohi bezala, datorren larunbatean, irailak 7, Igartzako Dantzarien Kofradiak bere urteroko ekitaldia burutuko du, 18. aldiz. Aurtzaka Dantza Taldeak egun osorako egitaraua prestatu du:

  • 12:00. Bandera jasotzea Udaletxean.
  • 12:05. Ezpata-dantzaren segizioa plazatik Igartzaraino.
  • 12:30. Ezpata-dantzaren saioa Igartzan.
  • Arratsaldean: Erromeria eta triki-poteoa trikitilari eta panderojoleekin.

Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia, Udaletxeko kanpai-hotsekin batera eta kanpaiek beraiek jotako “Maritxu nora zoaz” doinuaren erritmora. Udal-agintarien eskutik herriko bandera jaso eta dantzari-segizioa Igartzara abiatuko da, ezpata luzez loturik eta musikarien eta “Mattin” erraldoiaren laguntzarekin. 12:30etarako 100 dantzari eta musikaritik gorako taldea Igartzan egotea espero da. Bertan, Oria ibaiaren bi ertzetan, zubi gainean eta burdinolako aldaparoan Igartzako Ezpata-dantza dantzatuko da. Jarraian, Igartzako zumitz-dantza eta brokel dantzen saileko hainbat pieza dantzatuko dira.

Kofradiakideen bazkaria antolatu da jarraian eta, arratsaldean, trikitilari eta panderojoleekin erromeria eta triki-poteo ibiltaria izango da auzoan zehar.

Ohorezko kofradiakide berria

Urteetako ibilbidean, Kofradiak hainbat ohorezko kofradiakide izendatu ditu. Juantxo Agirre, Juan Antonio Urbeltz, Raimon Gamayo, Jesus Mari Garate, Patxi Laborda, Juanito Cacho, Joseba Juarez, Xabier Sarriegi “Paxatxo” eta Maria Jesus Alvarez dira orain arte urrezko zintadun domina jaso dutenak.

Aurtengoan kide berri bat batuko da ohorezkoen zerrendara, Mikel Sarriegi Etxezarreta beasaindarra. Bere bizitzako urte asko, hainbat hamarkada, eman ditu euskal dantzaren ikerketa eta transmisio lanetan. 1972an hasi zuen bere dantzari ibilbidea eta 7 aldiz irabazi du Euskal Herriko Aurresku Txapelketa. Raimon Gamayo, Martin Iraola eta Jesus Mari Garate izan zituen gidari. 1979tik dihardu Aurtzaka Dantza Taldean eta gaur egun bertako dantza-maisu eta zuzendari artistikoa da.

Ibilbide horretan eta egin dituen ikerketen ondorioz, euskal dantzari egin dizkion ekarpenak zenbaezinak dira. Igartzako Dantzari Kofradiaren sustatzaile eta sortzaile nagusia izan da. Bere ikerketa sakonetan oinarrituz eta tradizioa errespetatuz koreografiatu ditu Igartzako ezpata-dantza eta San Joan Bezperako sokadantza ederra. Berari zor dizkiogu beste koreografia eta ikuskizun asko eta asko, hala nola “Goierriko Dantzen Ikuskizuna” eta “Dantza berriak doinu berriei jarriak” ikuskizunak. Beasaingo Loinatz Jaietako sokadantzak balioan jarri ditu, Goierriko agintarien sokadantzei bereziki erreparatuz. 2022an “Paxatxo” zenaren omenez estreinatutako “Azken dantza maisua” dokumentalaren sustatzaile ere izan da.

Goierriko dantzakera izan du beti oinarri, herriz-herri dituen aldaerak ahaztu gabe, elkarrengandik gertu egonik ere, dantzatzeko era desberdina bezain aberatsa baitute gure eskualdeko herriek. Goierriko dantza sistemaren oinarria da Beasaindarroi eta Goierritarroi utzi digun ondare baliotsuena. Gipuzkoako dantza-maisuen puntu eta aldairak gaur egungo sistema kanonizatuarekin aurrez-aurre jarri, eta gure oinordeko dantza-maisuen oinarrira eraman gaitu.

Bere oin dantzariek Cuba, Argentina, Polonia, Erresuma Batua eta Bulgaria zapaldu dituzte, besteak beste, horietako bakoitzean Beasainen eta Aurtzakaren izena zabalduz.

Bere ikerketen eta jakinduriaren transmisio-lan bikaina egiten jakin du, bai dantzarien artean eta baita herritarren artean ere. Hainbat argitalpen, hitzaldi eta ikastaro eskaini ditu. Hori gutxi balitz, 2024an, “Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua” liburua argitaratu du, 20 urte luzetako ikerketa-lanaren emaitza.

Arrateko Amaren eta Andoaingo Santrakruz Kofradietako Ohorezko kide izendatu ondoren, oraingoan bere ekimenez sortutako kofradia izango da ohorezko kofrade izendatuko duena, aipatutako eta aipatu gabeko beste horrenbeste arrazoiengatik.

Dantzan 2007tik

2007ko irailean eratu zen Igartzako Dantzarien Kofradia. Harrezkero, urtero-urtero ospatu du ezpata-dantzaren ekitaldia. Covid-19aren pandemiaren garaian ere ez zuen hutsik egin. Urte hauetan zehar, Beasaindik kanpoko hainbat talde gonbidatu dira ekitaldian parte hartzera. Horrela, Kataluinia, Huelva, Eibar, Elgoibar eta Iruñako dantzariak izan ditugu Igartzan dantzan. 2010ean Euskal Herriko ezpata-dantzarien topaleku izan zen monumentu-multzoa eta, 2014an, erraldoi dantzarien bilgune.

Igartzan ez ezik, mundu osora bidaiatu du dagoeneko Igartzako ezpata-dantzak, Aurtzaka Dantza Taldearen bitartez. Euskal Herriko hamaika txoko ez ezik, Kataluinia, Huelva, Bulgaria eta Polonia zapaldu ditu ezpaten dantzak, besteak beste.

Irailaren 14an Iruñara

Aipatzekoa da datorren irailaren 14an, larunbata, Igartzako Dantzarien Kofradiak Iruñako kaleetan eskainiko dituela bere dantzak, bertako Duguna taldearen 75. urteurrenaren ospakizunen baitan. Dantzariez gain, Beasaingo Ekaitz Erraldoi Konpartsa ere lagun izango dute.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com