Dokumentuaren akzioak
Herriaren maixua
(Paxatxo Sarriegi Olano, 1958-2021)
Doluz eta umezurtz geratu gara beasaindar dantzariok. Bizitza osoa dantzari edota dantza-maisutzari eskaini dion Paxatxok utzi gaitu, ezustean, eta sinetsi ezinda geratu gara. Lauzpabost urterekin hasi zen dantzan plazan, aita Joxe dantza-maisuaren eskutik, eta honen lekukoa hartu zuen 14 urte zituenean, handik gutxira herriko Aurreskua eta Ezpata-dantza urtero aurrera ateratzearen ardura bereganatuz. 40 urte pasa aritu da herriko dantza-maisu lanetan, eta bere eskutik plazaratu dira ehundaka, bai, ehundaka, dantzari Loinatzetan ohikoak ditugun dantza horietan. Puntu-puntuan, neke gabe, milaka entsegu tartean, aspaldi-aspaldiko dantza-maisuek egiten zuten moldean banaka-banaka dantzari txikiak trebatzen, pazientzia ikaragarriz, bera aurrez-aurre jarrita, haurrak dorpe hasieran, poliki poliki finduz gero, eta ekinaren poderioz, urteroko dantzari talde bikaina osatu izan du, herriaren aurrean euren iaiotasuna eta grazia erakusteko.
Maisu fina izan da, eta baita dantzari fina ere. Bere familiako beste hainbat senide eta ahaide bezala, herriko dantza-taldeetan aritutakoa, Goierri eta Aurtzaka taldeetan ibilbide luzea eta gogotsua egin zuen bere belaunaldiko lagunekin eta gazteagoekin ere. Azken urte hauetan, Igartzako dantzarien kofradiako kide gogotsua, banderazale lanetan jardun izan du gurekin, eta 2016ean Kofradiako Ohorezko kide izendatu genuen herriko dantza-maisu izateari utzi zionean.
Euskal dantza-tradizioan hain garrantzitsuak izan diren, eta galzorian dauden dantza-maisu herrikoien azken aleetako bat izan da gure Paxatxo. Aita Joxeri aurreko maisuengandik etorri zitzaion ondarea jaso zuen berak ere, eta fideltasun handiz, hamarkada luzez gorde eta eskura jarri digu ondare baliogarri hori. Unea iritsi zitzaiola iruditu zitzaionean, lanak egoki eginda utzi zituen gainera, ondorengooi lekukoa eman eta jarraipena ziurtatzeko berme guztiarekin. Berak gordetako eredu horri ohore egiten asmatuko al dugu!
Mila esker Paxatxo, ezagutu zaitugun eta zurekin ikasteko, gozatzeko eta ondo pasatzeko zoria izan dugun guztion partetik, bihotzez, beti gure sokan izango zaitugu, betirako lagun!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08