Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Ezpata-dantzak Andaluzian

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantzak Andaluzian

Javier, Manuel, Pepe, Evaristo, Juan... ez daude pozik. Hermandad-eak erabaki du hurrengo danzadoreei lekua utzi beharra dietela eta erretiratu egin behar izan dute. 30 urte ondoren. Beren ordezkoei begira daude, elizara sartzen diren momentuan. Azala oilo ipurdi. Ez dakite zer egin behar duten erromeria egunean, lehen aldiz suertatuko dira une horretan egitekorik gabe. Hutsunea handia omen da.

Javier kezkatuta dago, danzadore gaztetxoek ez dituzte urratsak behar bezala egiten, eskailerak igotzerakoan nahasian dabiltza, eta ez omen dute behar hainbateko hausporik. Bera haur zenean, Peñako Erromeria bitartean ez zuen errekreorik ezagutzen eskolan.  Atsedenerako 30 minutuak dantzatzen pasatzen zituen bere taldekideekin batera, eguna joan eta eguna etorri prestaketan, hutsik gabe.

Horrela bizi dute gure Pueblako lagunek ezpata-dantzari izatea zer den. Horrela erakutsi digute zer esanahi duen haien bizitzan danzadore izateak. Peña-ko ermitan gure dantzak ikustean, berdin-berdin jarri omen zitzaizkien kirioak dantzan. Ezpatak eskuan, elizaren atea zeharkatu eta xirularen doinupean pasabidean aurrera egiteko momentu horrek indar berezia dauka, bai haientzat, bai guretzat ere.

Bi egun bakarrik egin ditugu elkarrekin, baina nahikoa izan da agurtzerakoan malkoak gertu jarri arazteko.

Herriko erdigunean ezpata-dantzarien omenez altxatutako estatuan, zerbaitegatik dager: "Danza de las espadas, que enardece el ánimo y hechiza la voluntad de Puebla de Guzmán".

 

Apirilak 19an, ostiralean iritsi ginen Pueblara. “XVI Encuentro de Tamborileros de Puebla de Guzmán” Jaialdiaren barruan, ordubeteko dantza-saioa eskaini genuen gauean iritsi eta berehala. Igartzako kofradiakide garen 28 lagunek bidaiatu genuen, dantzari eta musikarien artean.

Hurrengo egunean, "Virgen de la Peña"ren Erromeriko Jaietarako Pregoia ezagutu genuen. Asteburu osoan, Erromeri horretarako prestaketak egiten dira. 10 egunez, urteko maiordomoek kontratatutako “tamborilero” ofizialak goiz-eresiak jotzen ditu herriko kale eta etxeetan zehar, hainbat orduz. Pregoia herriko elizan irakurtzen da, eta udaletxetik elizarainoko ibilbidea segizioan egiten dute, ezpata-dantzariak buruan dituztela, agintariak eta maiordomoen laguntzarekin.

Baina herri honetako jai hauetan bitxiena, zaldien presentzia demasa da. Herritar bezainbat zaldi omen dauzkate erroldatuta. Eta ohitura benetan bitxia zera da, jaiak eta erromeriak irauten duten egun guztietan zehar, jendea norbere zaldiz ibiltzen dela, bai kaleetan zehar paseoan, bai taberna atarietan poteatzen, bai segizio eta prozesioetan. Gaueko ordu txikietan ere hau horrelaxe dela baieztatzeko aukera izan genuen.

 

Igandean, gure ezpata-dantza erakutsi ahal izateko unea izan genuen. Ama Birjinaren Ermita dagoen Peña-ra joan ginen, eta Andévalo eskualdeko bista zoragarriez inguratuta, bertako ezpata-dantzari txikien gidaritzapean Ama Birjinari eskaini genion ezpata-dantza. Ekitaldi jendetsua eta oso polita iruditu zitzaigun. Bi taldeon ezpata-dantzek dituzten antzekotasunez haratago, La Peña izeneko tontor-lekuaren indarrak Euskal-Herriko beste antzeko eszenatoki bat baino gehiago ekarri zizkigun gogora, Aralarko San Migel, Ezkioko Kizkitza, Zumarragako Antio edo Eibarko Arrate, esate baterako.

  

Ondoren, munduko urdaiazpiko onena sortzen den lurraldean ezinbestekoa den bezala, bazkari ederrarekin oparitu gintuzten, ekitaldiak den-denok zenbat gogobete gintuen komentatzen genuen bitartean.

Huelvako Andévalo eskualde hau oso aberatsa da dantzei dagokionez. 1991ko autonomi lege baten bidez sortutako “Catálogo General del Patrimonio Histórico Andaluz”ean bertako hamaika dantza desberdin dituzte izendatuak. Fandango, kriskitin eta makil-txikien dantzetaz aparte, ezpata-dantzek presentzia nabarmena dute, 5 herrietan egiten baita: Alosno, Cabezas Rubias, El Cerro de Andévalo, San Bartolomé de la Torre eta Puebla de Guzmán.

 

Javier kezkatuta dago bere seme txikiak zaldiei muzin egiten dielako eta motoak gustokoago dituelako, baina berdin zaio, badu poz handiago bat: semeak danzadore izan nahi du eta badirudi etorkizunean aitaren lekukoa hartzeko prest dagoela.

 

Mila esker gure andaluziar ezpata-kideei eta laster arte !

Argazki gehiago hemen

La Peñako saioaren bideo bat hemen

Andévaloko ezpata-dantzei buruzko artikulu argitaratu berria: Jentilbaratz aldizkarian.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com