Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Elizaren magia Urretxun

Dokumentuaren akzioak

Elizaren magia Urretxun

Elizaren magia Urretxun

Igartzako ezpata-dantza Urretxuko Elizan

Joan den  irailean ospatu ziren Urretxuko Santa Anastasia Jaiak, eta Lurra dantza-taldeak bertan parte hartzera gonbidatu gintuen: larunbata hilak 20ean lehendabizi, Nazioarteko Folklore Jaialdian, eta igandea hilak 21ean gero, Jaietako Meza Nagusian.

Azken urte hauetan, Folklore Jaialdia ospatzen dutela aprobetxatuz, Jaietako meza nagusian dantza txertatzeko ohitura hartu dute urretxuarrek. Guri Igartzako ezpata-dantza eramatea proposatu ziguten, eta asmo honekin bertaratu ginenean, aho zabalik utzi gintuen Tourseko San Martin Parrokiak eta tenplu honek eskaini zigun eszenatoki apartak. Benetan eraikin zoragarria da barrukaldea eta besteak beste sabaia osatzen duen zuraje miragarri hori

Behin baino gehiagotan suertatu zaigu elizetan dantzatzea. Elizaren barruan esan nahi da. Jakina da historikoki Elizaren agintariek traba handiak jarri izan dituztela eliz-ospakizunetan dantzan egin ahal izateko. Goierri aldean, ezagunena Zumarragako Antioko Ermitaren kasua izan da urte askoan, debekatua baitzegoen (eta dago?) barruko elizkizunetan dantzatzea, Santa Isabel eguneko ezpata-dantzaren salbuespenarekin. Antioko Ermita honetatik oso gertu, bizilagun duten Urretxuko San Martin Eliza hau dago. Ez da oso ezaguna, baina bai ederra eta ezagutzea merezi duena. Bizipen hori izan dugunak, honelako eraikin handi eta esanguratsuek osatzen duten espazioetan dantzatzeko orduan zirrara berezia sentitzen dela baieztatu dezakegu. Are gehiago, dantza bera ere osagai solemne edota arranditsuduna baldin bada, ezpata-dantza kasu.

Antzeko esperientziak bizi izan genituen Zeraingo Elizan Goierriko dantzen ikuskizuna eman genuenean 2008an, Chivilcoy-en 2006ean eta Puebla de Guzmanen 2013an ezpata-dantza egin genuenean, edota gutako batzuei Arrateko Amaren aurrean dantzatzea suertatu zaigunean. Sakratu omen diren leku hauetan lortzen den girotzea eta magia oso izaten da berezia.

Eta halaxe sentitu ginen Urretxun ere, gogoan gordeko dugun bizipena inondik ere. Mila esker Lurra taldekoei eta urretxuarrei!

Argazkiak J.A. Aierberenak dira, mila esker berari ere. Gehiago ikus daitezke hemen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com