Dokumentuaren akzioak
ARGENTINAKO BUELTEA
Urrun xamar geratu zaigu dagoeneko joan den abuztuan argentinar lurraldean egin genuen jira, baina zorrak zor, hurrengo lerrootan saiatuko gara zertzelada batzuk behinipein eskaintzen.
Uztailaren azkenaldean abiatu ginen 30 lagunez osatutako taldea eta han elkartu zitzaigun 31garrena: ataundar jatorria duen Bahía Blancako Manu Irastorza adiskide maitagarri eta dantzari bikaina. Bere aita Horacio eta anaia Nacho ere, gurekin izan ziren bidaiaren zenbait unetan, beti laguntzeko prest, eta gure egonaldia ahal bezainbat goxatzeko eginahal nekaezinean.
Bi aste egin genituen herrialde zabal bezain eder hartan, 3.000 km inguru errepidez eta gehiago airez, lau dantza-saio nagusi, beste hainbat dantza-ikastaro eta tailer, baita bestelako ekitaldiak ere (harrera, desfile, erromeria, meza) eta hiru eguneko “oporralditxoa” tarteko, Iguazuko ur-salto ikusgarriak ere gozatu ahal izan genituen. Dena estu denboran, trinko ekintzetan, zoragarri bizipenetan.
Chivilcoy, txiki bezain bixi
Gure lehen jopuntua, Buenos Aires erraldoitik “hurbil” (180 km) dagoen hiri “txiki” (70.000 biztanle) hau izan zen. Oraindik ere bere hastapenetan dagoen Euskal Etxe inauguratu gabeko hau, dagoeneko urte asko dauzkan euskal “elkarte gastronomiko” baten babesean jaioa da. Egoera honetan, eta beraien esanetan, sekulako bultzada suposatu omen zuten gure bisitak eta gure ekitaldiek.
Ezin deskribatu, bertako kultura arduradun den Nelba-ren dinamismo, ezagutza eta antolaketa-gaitasun mugagabea. Emakume honen eskutik burutu genituen prentsaurrekoa, inguru hurbil eta urruneko 14 Euskal Etxeetako 80 dantza-maisu eta dantzarientzako dantza-tailerra, eta gure Goierriko Dantzen Ikuskizuna. Dena egun bakar batean eta hegaldiko lorratzak kentzen hasteko betarik hartu gabe.
Hurrengo goizean, gainera, lo-ordu gutxi tarteko, harrera ofiziala egin ziguten Udalean, eta Euskal Herriko garai bateko dantza-tradizio jatorrenaren pare, Udaletxetik Elizarainoko ezpata-dantzari konpainia serio eta dotorea osatu genuen, Kolektibitateen Meza Nagusiari Jaunaren aurreko ezpata-dantza batez hasera emanez. Zeremonia “borobildu” genuen, bertako hainbat adinekoei gogoaren zirrikituetatik malkoak atera arazi zizkien “Aita gurea” kantatu genuenean! Ezin jakin zer gertatu zen harrigarriagoa: kantuaren kalitate-emaitza ona, ala gutako batzu-batzuk eginkizun horretan ikustea, alajaina!
Meza ondoren, dantza ekitaldi labur bat eskaini genuen eliza aurrean, eguzki goxo eta eskerroneko ikusle saldo baten txalopean.
Rosario, historia eta handitasuna
Hiri eta Euskal Etxe txiki-xume batetik, Hiri eta Euskal Etxe handi-historiaz betera egin genuen salto. Rosariok milioi inguru biztanle izango omen ditu dagoeneko, eta bertako Euskal Etxeak, ia 100 urteko Historiaz gainera, ekintza ajenda oso trinko eta aberatsa du. Bertakoek egindako harrera adeitsuak erakutsi zigun badutela ohitura eta eskarmentua euskal jatorriko jendea usu hartzen. Patxada eta oso modu onak adierazi zizkiguten. Hirian ongi kokatutako eta antolatutako Euskal Etxean ezinobe artatu gintuzten.
Euskal Kulturaren Aste barruan, Teatro Boadway Antzokian eskaini genuen emanaldia, eta baita hainbat laudorio jaso ere, orain arte ezagutzen zuten euskal dantzen ikuskizunetatik desberdina edo “ezezaguna” behintzat, egin zitzaielako. Esan beharra dago, gure aldetik, aurreko hilabeteetan burututako prestaketa-lanak ez zirela alferrikakoak gertatu, eta oraingo honetan ikuskizuna nolabaiteko heldutasunera iritsitzat jo genezakeela. Oso pozgarria geure baitarako.
Resistencia, El Chaco-ko bitxia
Hurrengo etapa, ifarralderantz, autobus erosoan km asko egin ondoren El Chaco eskualdeko hiribururainokoa izan zen. Resistencia-n topatu genuen jada giro tropikalagoa, hozbero epelagoa, aire hegoamerikarragoa beharbada. Gure oso gustokoa gertatu zen behintzat. Eta horrexegatik otu zitzaigun bitxiagoa bertako euskaldunen giroa eta martxa. Hemen ez dute Euskal Etxerik, fisikoki, ezta beharrik ere, euskal izaera, kontzientzia eta ekimena puri-purian eta gogotsu mantendu eta bultzatzeko. Bai Joseba Cristian bertako Lehendakaria, bai Maria Rosa dantza-arduraduna, zein baino zein ipurtarinagoak otu zitzaizkigun beren alorretan, eta burubelarri lan egiten dute norabide horretan.
Erabatekoa izan zen eskaini ziguten arreta eta horren emaitza izan zen bertako Guido Miranda Antzoki moderno bezain ederrean dantza egiteko izan genuen aukera paregabea. Hiri honetan, harreman eta elkarlan handia dute herrialde desberdinetako kolektibitateek, eta bide horretatik iritsi zitzaizkigun hainbat zoriontze, dela ukrainiar, dela italiar eta abarrenak.
Resistencia hirian dantza egin duen lehen euskal dantza taldea izan omen gara. Aipagarria eta esanguratsua ere bada, gure bisitaldi eta emanaldia interes kulturalekoak izendatuak izan zirela, Probintziako bai Diputatu-Kamararen bai Gobernuaren aldetik.
Iguazu, atseden jauzia
Hemengoak isil antzean gordeko ditugu. Bakarrik esan, urjauziak lehorte garaian egoteak ez zigula pena handiegirik sortu. Gure arteko harreman alaiak, caipirinhek eta samba ikastaroek zipriztindutako atsedenaldia ongi merezia gertatu zitzaigun.
Bahía Blanca, neguan beroa
Bahía Blanca izan genuen bidaiaren antolaketaren abiapuntu eta bertan eman genion merezi zuen azkena. Iguazuko eguzkitatik hegoaldeko negu hotzera jaitsi baginen ere, bertakoen harrera beroak erabat ahantzarazi zigun uda epelaren falta.
Hemengo dantza emanaldiaren planteamendua ere desberdina izan zen. Bertako “Beti Aurrera” taldeak eta guk buruz-buru dantzatu genuen, bakoitzak bereak alde batetik, baina baita bien artean osatutako sokadantza, erromeria eta Bizkaiko dantzen erakusgarri bat ere. Oso ekitaldi atsegin eta entretenigarria atera zen historia handiko “Teatro Municipal” dotorean.
Ez ziren faltatu hemen ere, afari, kantu-saio, erromeri eta parrandak. Gero komeriak, agur esateko orduan, zenbat malko, zenbat mezu, zenbat oroimin...
Goierriko dantzak Ameriketan
Bidaialdia prestatzeko orduan, eraman behar genuen dantzen errepertorioa osatzeko ez genuen zalantza handirik izan. Geure txikitasunetik abiatuta, azken bizpahiru urte hauetan landu dugun Goierriko dantzen multzoa iruditu zitzaigun, aukera honetarako ere, baliabiderik egokiena. Batetik, Argentinar euskaldunak, orokorrean, euskal dantzen inguruan duten ibilbide eta ezagutza ez delako hutsaren hurrengoa, eta ohiko euskal dantzen erakustaldi baten bidez, gauza handirik ez geniela aportatuko pentsatu genuelako. Eta bestetik, gure aldetik alor landuena eta erakusteko duinena hori zelakoan.
Bete-betean asmatu genuen hautu honekin. Partikulartasuna txiroegia izan ote zitekeenaren beldurra, berehala uxatu ahal izan genuen, eta horretxek balio izan zuen hainbat goraipamen eta zoriontze jasotzeko, ez bakarrik euskal-giroko ikusleen aldetik, baizik eta baita beste jatorri batzuetako kolektibitate eta mundu artistiko konbentzionaleko hainbat aditurengatik ere.
Irailak 2, GOIERRIKO Ordizian berriz ere
Ameriketatik etorri berriak, Ordiziako Euskal Jaietan genuen zita, orain bi urte GOIERRIKO-ren aurre-estreinaldia egin genuen plaza berean. Oraingo honetan, Goierriko dantzen emanaldia bere osotasunean eskaini ahal izan genien ordiziarrei. Uda guztiko errodajea eta bertan geratu zirenen freskotasuna batu genituen gure ustez emaitza polita eskaini zuen saioan.
Bide batez, urte osoan gure adiskide zintzo eta bikaina gertatu den Patxi Kerns eusko-amerikar-"goierritarrari" agur esateko balio izan zigun. Trebeziaz dantzatu zitzaigun oraingo honetan ere, eta eskerrik beroenak eman beharrean gaude: ondo ibili, nonahi zabiltzala ere, eta nahi duzun arte, Patxi!!!
Bidaiaren eta emanaldien argazki gehiago ikusteko:Hemen sakatu
Jarraipen zehatza egin ziguten ere:
http://www.euskalkultura.com/index.php?artiid=4931
http://www.euskosare.org/euskal_mundua/grupo_aurtzaka_dantza_taldea_impartio_clase_chivilcoy
http://www.dantzan.com/hemeroteka
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08
Desdeluego, batzuk ez zarete Euskal Herrian ixtant batez ere gelditzen, beti han eta hemen! Hungarian egon ginenetik ez zarete geldirik egon! Izugarri argazki polittak Argentinakoak. Berriz ere elkarrekin bidaiatu beharko genuen, edo bederen afaltzeko elkartu! Ez dezagun harremana gal (nahiz eta nik bat edo beste Gasteizen ostegun gauetan topatzen dudan...)
Izan izugarri ongi eta ikusarte!
EKAITZ
Zorionak eta eutsi goiari Aurtzaka!
oier.
Momentu honetan ez daukagu ezer zehaztuta, baina Goierrialdeko pare bat Udalek gutxienez agertu dute interesa eta hitzartze bidean gaude.
Saiatuko gara jakinarazten eta ia elkar ikusteko aukera sortzen zaigun.
Eskerrik asko, Oier.
Egia esan, erabat justifikatua duk kotxinokeria kasu honetan. Oso bizipen polita izan duk eta primeran pasa genian.
Chaco aldean hiretzako eskumuinik ere bazegoan. Ondo izan eta segi holaxe zuek ere, pixkor pixkor.
Mikel
Aupa Ekaitz!
Zure ia-ia gukin etortzekotan egon ziñen ta azkenen ez dakit non sartu ziñen. Afarin idea apuntatuta geatzen da ta eozein lekuta juten geanen, badakizu gukin etortzeko aukera badezula. Ondo segi.