Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Herri inauteriak Naiz irratian 4: Añorgako dibertimendua

Dokumentuaren akzioak

Herri inauteriak Naiz irratian 4: Añorgako dibertimendua

Herri inauteriak Naiz irratian 4: Añorgako dibertimendua

Argazkia: Amaiur Aristi. Dibertimentua, Añorga, 2022-02-26.

Aitzpea Leizaolak azaldu digu Euskal Herriko inauterien artean bi aldaera ezberdintzen ahal ditugula. Batetik, aspalditik guganaino heldu baina aldioro berritzen direnak, eta bestetik, herri gogoak xaxatuta, berriki sortutakoak. Azken hauetarik da Añorgako dibertimendua. Eta Naiz irratiko inauteriei buruzko podcastetan tokia egin diete añorgarrei. Gari Otamendi izan dute gonbidatu eta berak azaldu du dibertimenduaren sortze prozesua 2021ean abiatu zutela, pandemiatik landa, herri izaera duen Donostiako auzo batean, Añorga Kultur eta kirol elkarteko mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan.

Hor saiatu ginen ekitaldi hutsetik harago, epe luzera egin nahi genituen ekimenak martxan jartzen. Alegia, ez zedila izan ospakizun huts bat, baizik eta hausnarketa momentu bat. Eta auzoaren komunitatea bizirik mantentzeko garrantzitsuak edo eraginkorrak ziren ekimenak martxan jartzeko aitzakia bat izatea nahi genuen mendeurrena. 

Inauteria, auzoa saretzeko

Izan ere, besteak beste, Antton Lukuri ikasi diogu libertimenduen gisako artedramen izaera politikoa, eta komunitatea ehuntzen laguntzeko duten bertute eta ahalmena. 

Badaude tradizioan komunitatea ehuntzeko eta erritualen bidez saretzeko adierazpide asko. Eta horietako bat, dudarik gabe, inauteria da. (...)

Egiten hasi garenetik, auzoaren hiri antolamendua dago mahai gainean jarrita. 250 etxebizitzako proiektu bat dago Añorga Txikin. Etxebizitzak bai, hormigoia bai. Hori beti mukuru. Baina gainerako azpiegitura eta horren inguruko hausnarketa sozialik ez da egiten, ez bada zeozer Euskararen Sailetik eginda. Baina erabat kezkatzen gaitu. Ze eredu industrialean sortutako auzo bat da, horrek ekarri zuen izugarrizko garapen soziala. Auzoak bizirik mantentzen ditu egitura eta talde pila bat, baina hori, era berean, oso zaurgarri ikusten dugu. (...)
Ez da azti oso jakintsua izan behar horrek zer esan nahi duen susmatzeko. Orduan, alde batetik, auzoko biztanleria bikoiztuko duen proiektu bat, gero auzoaren izaera sozioekonomikoa irudikatzen duen fabrika epe labur-ertainean desagertu eta gero, zer, ez? Horretarako, hausnartzeko, ere balio behar du dibertimenduak.

Argazkiak: Amaiur Aristi. Dibertimentua, Añorga, 2022-02-26.
Argazkia: Amaiur Aristi. Dibertimentua, Añorga, 2022-02-26.

Libertimendua, gipuzkeraz

Jai orohartzaile batean isurtzen den prozesu aberatsaren kohesio-indarraz ohartuta, dantza, antzerkia, musika eta bertsoa uztartzen dituen inauteri giroko errituala adoptatu dute Añorgan, hartara, baina gipuzkerara ekarria, Otamendik dioenez. 

Ni Argiako dantzaria izanik, gaztea nintzenetik Juan Antonio Urbeltzek inauteriei buruz formulatu dituen teoriak, izurritearen inguruan, horiek nahiko maskatuta geneuzkan. Baina horrek irekitzen digu sormenerako mundu sinboliko izugarri aberatsa. Orduan esan dugu, bagenuen eredu bat non badiren dantzariak zuriak, esango dugu nolabait ordena irudikatzen dutenak. Gero beltzak, zomorroak, zirtzilak, beti esan dudan satira hori betetzen dutenak. Bertsolariak, kronistak edo kontalariak. Baina hori guztia nolabait egin dugu kokatu Añorgan eta Donostia aldean. Alde horretatik, esan dezagun, kapaka osatzen joan garela. Musikak, esaterako, hautatu genituen Donostian neguko festen eta inauterien inguruan dauden melodiak, gehienak edo denak oso-oso ezagunak bertakoentzat. Hori ere Urbeltzi ikasi genion. Oso inportantea da epe luzerako bokazioak dauden tradizio bat martxan jartzen duzunean, lehen ikustalditik herritarrek berez sentitzea edo berez sentitzen hastea. Orduan elementu asko izan behar dira lehenengo ikustaldian errekonozibleak. Eta hor paper fundamentala jokatzen du musikak. Orduan, musikak hautatuta, bai kalderero, bai danborradako eta artzain eta inudeetako doinu batzuk hautatuta, horien gainean muntatu genituen dantzarientzat dantza batzuk, trokeo-dantzak esaten dena, erremintekin jokoan egiten diren dantzak.

Pertsonaia arketipikoak erreproduzitzen dira halako festetan. Sarritan poterea pertsonifikatu duten rolak agertzen dira. Urteko gaitz guztiak egozten zaizkion pertsonaiak ere oso ohikoak izaten dira. Añorgan forma berezia eman diete bi kotzeptu horiei, Giri eta alkatearen bitartez. 

Pentsatu genuen izan behar zirela inauterietan oso arketipikoak diren bi irudi. Bat, nolabait esateko, gaiztoetan gaiztoena. Guk Giri izena jarri genion.(...)

Donostiatik bi pausotara bizi gara, eta giri hitzak pisu oso espezifiko eta sakona dauka gure artean, eta oso ondo irudikatzen du, esan dezagun, izurria edo mehatxua. Kanpotar horrek dakarren mehatxu hori ondo irudikatzen duela. Eta orduan bera izango da urtero, ba gaiztakeria handienak egiten dituena herrian. (...)

Beste pertsonaia bat, jarri genuena, erreferentziala, alkatearena zen. Beti dago alkate bat. Gehienek ziurrenik pentsatuko dute Donostiako alkatea dela, baina nahi genuke gehiago boterea irudikatzen duen edozein tokitako alkatea izatea. Eta horrekin ere aprobetxatzen ditugu antzerkiaren beste parte batean horren inguruko parodiak egiteko.

Argazkiak: Amaiur Aristi. Dibertimentua, Añorga, 2022-02-26.2
Argazkia: Amaiur Aristi. Dibertimentua, Añorga, 2022-02-26

Auzoa eta dibertimendua eraikitzen segi

Añorgako dibertimenduak, hiru urtetan, lortu du bertako komunitatean eta egutegian lekua egitea. Bizirik irauteko gogoa oinarri, baina nostalgiarik gabe, añorgarrek auzoa eta dibertimendua eraikitzen segi nahi dute.

Nostalgia. Uste dut orain pixka bat guretzat arriskutsua dela eta dibertsiotik eta benetako nahi batetik eta nolakoa izatea nahi genukeen gizarte eta komunitate hori, pentsatzetik eta hausnartzetik eraiki beharko genukeela, bai dibertimendua eta bai auzoa, ez dakit zein ordenetan, baina bai bata bestearekin.

Herri inauteriak Naiz irratian:
’Giri’ sutara, Libertimendutik Dibertimendura Añorgan

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.