Maite Irizar: "Aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea"

2021/06/22
Maite Irizar: "Aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea"

11.000 biztanleko herrian ia 400 dantzari mugitzen ditu Oñatz dantza taldeak; taldearen filosofia, transmisioa eredua, komunitatea eta egituraren inguruko kontuak azaldu ditu Maite Irizarrek Dantzan Ikasi topaketetan. Oñatik badu bereizgarri egiten duen dantza ziklo propioa. Korpus-dantzak herriaren identitate marketako bat dira eta oso errotuta daude. Tokian tokiko dantza horiek eta lanerako eredu zorrotz eta komunitarioa izan daitezke Oñatz fenomenoaren gakoa. 

Etxetik, familiatik jasotakoa

Korpus-dantzak gaurdaino heldu ahal izateko ezinbestekoa izan da transmisioa: "festaren eta dantzen transmisio orokorra etxean eta gertuko komunitatean eman izan da. Horretan Irizar abizenak badu pisu esanguratsu bat". Irizarrek azaldu du bere familian tradizioz jaso izan dela dantzari taldean kapitaina izatearena. Alejandro Irizar aitona dantza-maisu izan zen, eta orain Jesus aita dabil, eta haren figura azpimarratu du, "batetik antolakuntza buruetako bat delako, dantzariontzat erreferentea delako eta guretzat transmisioan katebegi garrantzitsu bilakatu delako".

Jesus Irizar, Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Josu Garate - Dantzan: CC-BY-SA

Zortedun sentitzen dela dio Maite Irizarrek, "ondare hau etxean eta lehen eskutik jaso dut. Txiki txikitatik ikusi izan ditut ama eta aita beti dantza munduari lotuak. Haien eguneroko praktiketatik jaso izan dut nik zer, zergatik eta zertarako egiten zituzten niretzat egunerokoak bilakatu ziren praktika haiek". Horren eraginez, berak ere bide horri jarraitu dio, aurrekoekiko zor morala izan eta lanean segitzeko beharra sentitzen duela dio.

Oñatz komunitatea

Oñatz dantza taldea 1970 sortu zen, Euskal Herriko eta, nagusiki, Oñatiko Korpus dantzak mantendu eta ezagutzera emateko helburuarekin. "Garai hartan euskal nortasunaren aldeko militantzia egiten zen, ez zen egiteko beste modurik ikusten, eta dena zegoen oinarrituta borondatezko lanean", eta Oñatzek eredu horri eusten dio oraindik ere. Jarduteko modu horrek, ordea, ez du zentzurik komunitaterik gabe, "belaunaldi guztiok daukagu taldeko partaide izatearen batasun sentimendua eta denboraren joanean ere mantentzen den errealitate da".

Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Josu Garate - Dantzan: CC-BY-SA

67 nagusik eta 320 haurrek osatzen dute taldea, "haur horiei guztiei dantza eskolak ematen 37 irakaslek jarduten dute, denak borondatez. Eskolaz kanpoko ekintzen artean doakoa den bakarrenetakoa da gurea". Irabazi ekonomikoari begiratu beharrean, dantza zaletasuna sortu eta komunitatea eta harrobia eraikitzeari ematen diote balioa, "aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea. Ohorea eta saria da haur zirela jasotako dantzari gaztetxoak talde nagusira nola sartzen diren ikustea, eta are ederragoa dantza ikasle izan dituzunekin batera dantzatzea".

Aipatutako dimentsioko taldea kudeatzeko, ordea, ezinbestekoa da antolaketa zehatza, "ia enpresa txiki bateko egitura daukagu, eta gure funtzionatzeko moduak oso markatuak daude". Duela urte batzuk arte Oñatz dantza taldearen antolaketa eta gidaritza Jesus Irizarrek zeraman, baina barne antolaketa berria proposatu zuen: "egiten erakutsi zigun eta bere heldulekutik ardurak hartu eta konpromiso eta mimoz talde-kudeaketa berria diseinatu genuen".

Orain artekoari eutsi eta etorkizunari begira

Taldearen erronka nagusiena aurreko belaunaldiengandik jasotakoari eustea dela uste du, "egitura sendoa dugun arren, belaunaldien arteko transmisioak arrakalak izaten ditu, zaintza berezia eskaini beharko diogu horri, eta balioan jartzeko bideak bilatu". Izan ere, ohartzen dira konpromisoaren kulturaren galera eta gizartearen norabidea horrelako militantzia ereduetatik aldentzen doala. Irakasleen formazioan ere badela zer hobetua ikusten du: "Gure jarduteko moduetan bakoitzak ahal duen moduan eta duen jakintzaren arabera aritzen da. Plangintzaren eta errepertorioren mailaketa eginda dagoen arren, egunerokoan irakasleak eman beharreko horretan gabezia eta desoreka handiak ditugula uste dugu".

Maite Irizar, Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Josu Garate - Dantzan: CC-BY-SA

Hala ere, ez da dudarik, Oñatz taldea eredugarria dela, eta sendo dagoela momentu hauetan. "Taldeko filosofia, dimentsioa eta antolatzeko moduak giltza garrantzitsuak dira herriko dantzak eta taldea osasuntsu mantentzeko", borondatezko lana eta militantzia dira euren balore bizienak, eta argi dute lan horri esker komunitateak irabazi egiten duela.

Dantzan Ikasi Topaketak 2021

Hona hemen orain arte argitaratutako kronikak: