Dokumentuaren akzioak
1939ko San Juan bezperako ospakizuna Donostian
Han eta hemen udako solstizioari lotutako San Juan bezperako jaiak ospatzen ari garen honetan, aurreko batean idatzitako artikulu baten harira sortutako eztabaidan azaleratu ziren argazki batzuei eta hauen testuinguruari buruz idatzi da artikulu labur hau. Aipatutako artikuluan euskal dantzen, nazien eta svastiken inguruan aritu ginen, eta oso interesgarria suertatu zen honen ondorioz sortutako solasaldia. Bandera nazien aurrean dantzan aritu ziren ezpata-dantzari haien atzean bazegoen momentu hartan lotura egiten zuen eta egoera hain harrigarria ez izatea ulertzera zekarren zerbait: karlismoa. Artikuluan aipatzen den moduan, eta gauza jakina denez, karlistak frankistekin bat egin zuten gerran, eta hortaz irabazleen aldean izan ziren behin berau amaituta. Tradizioz euskaldunak eta euskal tradizio zaleak ziren karlista haiek eta gerra osteko lehen urteetan berebiziko presentzia eta protagonismoa izan zuten agintean (denborarekin eta zirkunstantzia desberdinengatik boterea galtzen joango ziren, eta hortaz bai eta presentzia ere).
Arestian aipatutako artikuluaren inguruko solasaldian Oier Araolazak dagoeneko dantzan.eus-eko argazki bilduman gordeta zeuden argazki hauek ekarri zituen mahai-gainera. 1939ko argazki hauetan, Jose Lorenzo Pujana dantza maisua ageri da dantzari taldea gidatzen, Donostian, Konstituzio plazan egindako dantza-ekitaldi baten. Hiru argazki dira, Pascual Marinen funtsekoak hauek ere (nazien svastikaz jantzitako La Perlako dantzaldikoak bezalaxe).
Pujanak gidatzen duen gorulari taldeak Espainiako bandera hori-gorriaren atzetik egiten du sarrera plazan. Pujana beraren ondoan doa bandera espainola daraman gazte uniformatua, txistularien atzetik segizioan. Hortaz argazki hauek eta La Perlako dantzaldikoak testuinguru bertsukoak dira: biak ala biak Donostiako dantzaldietakoak, gerraosteko lehen urteetako sasoikoak eta faxismoari lotutako beste ikur batzuez gain, Espainiako banderaren aurrean dantzan ari dira dantzariak.
Joxe Loentxo Pujanaren figura
Argazkietan dantzari taldea gidatzen agertzen den Jose Lorenzo Pujana (Ordizia, 1868-1947), Gipuzkoako dantzen tradizioaren transmisioan aritutako azken dantza-maisuetakoa izan zen. Jose Antonio Olanoren ikasle, honen irakasle izan zen Iztuetaren irakaspenak hainbat herritan eta belaunaldiz belaunaldi irakatsi zituen. 1927an Donostiako Udalaren eskaera jaso eta Pujana hiriburura joan zen Gipuzkoako Dantza Eskolaren ardura hartzeko (59 urte zituenean). 20 urtez Donostian irakasle izan ondoren, 1947an hil zen, 79 urterekin, eta haren lekukoa Candido bere semeak hartu zuen 1948an (gerora 1951n Goizaldi izenez ezagutuko dugun taldearen sortzaile izan zena).
Oierrek berak aipatzen du Jose Lorenzo Pujanaren joera karlista ezaguna zela. Eta horrela da. Berez, joera baino haratago zihoan sentipena. Candido bere semeak, bere aitaren jaiotzaren 100. urteurrena zela eta Pujanari Ordizian egin zioten omenaldiaren harira prentsan eman zuen elkarrizketa batean, bere aita “goiti-beherako karlista” moduan definitzen du, eta hark “sektarismo separatisten politikeriak ez zituela onartzen” azpimarratzen du, besteak beste. Sutsuki karlista zen aita bat deskribatzen du.
Bere semeak aipatzen du baita ere, garai latzak jasan zituela Pujana aitak bere karguan zuen ideologiarengatik (suposatzen dut Errepublika garaiaz arituko zela, kargua Primo de Riveraren diktadurapean eman zioten eta). Jakina, ezin daiteke inolaz ere zalantzan jarri Pujana bere balioarengatik eta jakituriarengatik zegoela zegoen lekuan (dantzari eta dantza maisu bikaina izan zen eta Gipuzkoako dantza sistemaren transmisioan katebegi ezinbestekoa), baina nahiko gauza agerikoa da bere ideologia karlistak lagundu ere egin zuela gerra ostean bere postua mantentzen (kontuan izanda 1936tik 1939ra Donostiako Udalak 800dik gora langile kaleratu zituela, depurazio ideologikoak zirela eta). Gerra osteko lehen urteetako hasierako agintarien artean gainera, falangistak gailendu ziren beste eremu batzuetan ez bezala, bai Gipuzkoan eta bai Donostian tradizionalistak izan ziren nagusi FET y de las JONS alderdi bateratu eta bakarraren egituretan.
1939ko San Juan bezperako dantzaldia, Uztailaren 18ko plazan
Behin testuinguru historiko-politikoa zehaztuta, eta dantzari haiek bandera espainolaren aurrean zergatik dantzatzen ziren testuinguruan jarrita, argazkien gainerako testuingurua geratzen da argitzeko: zein dantzari ziren eta zein ekitaldi zen hura. Ospakizunaren nondik norakoak, alegia.
Kutxa Fototekako Marin funtsan argazkiei buruz ematen den deskribapena hauxe da: “Gazte taldea jantzi folklorikoekin, aurretik falangista gazte bat dutela, euskal dantzen erakustaldi batean Konstituzio plazan”. Ez du argazkia atera zen egunari edo ospakizunari buruz beste ezer aipatzen. Baina Oierrek honetan ere pista bat aurkitzen du argazkietako batean: bazter batean eta osorik agertzen ez bada ere, zuhaitz enbor bat antzematen da. Hortaz hiru datu ziur ditugu: urtea (1939), kokapena (Konstituzio plaza) eta arbola enbor baten presentzia. Denboran atzera eginda historian galtzen den tradizioa da udako solstizioa zuhaitzaren (eta suaren) inguruan ospatzearena (ez da artikulu honen xedea tradizio honetan sakontzea), leku askotan (Donostian, esaterako) gaur arte mantendu dena. Hortaz, arbolak San Juan bezperan koka zezakeen dantzaldia.
Hiru arrasto horiekin garaiko prentsan bilaketa gauza erraza izan zen. Ospakizunaren berri ematen dute 1939ko ekainaren 24an bai La Voz de España egunkari tradizionalistak, bai Unidad egunkari falangistak eta jakina, bai Diario Vascok ere. Azken honek ematen ditu ekitaldiaren gaineko zehaztapen gehien, argazki eta guzti. Honela dio “San Joaneko Zuhaitzaren jaia” izenburupean jasotzen duen kronikak: “Pujanak gidatzen dituen gorulariek herrialdeko dantza erakustaldi ederra eskaini zuten, San Joaneko Zuhaitzaren jaian”. Pujanaren gorulariak Donostiako Dantza Eskolako dantzariak ziren, hortaz. Orduan Konstituzio enparantza Uztailaren 18ko plaza zen, altxamendu frankistaren dataren oroimenez (hainbat herritan bezala), eta bertan, segizio erlijiosoaren ondoren, “Pujana maisuaren dantzariek, erakustaldi ederrean, agertokian ukitu tipikoa jarri zuten, erritmo eta graziaz betea. Irudi benetan jatorra izan zen”.
Kronikaren arabera, ekitaldia Donostiako Gazte Erakundeetako pelaioen eta fletxen desfile paramilitarrarekin amaitu zen. Pelaioak karlista tradizionalisten gazteria ziren, eta fletxak (hasieran balillak), Falangearenak. Kuriositate moduan, Marin funtseko argazkien deskribapenean, bandera espainola falangista batek daramala aipatzen da. FET y de las JONSen uniforme bateratua daramala ematen duen arren, ez zen falangista, karlista baino. Bi gazte erakundeek bat egin aurreko pelaioen (ume karlisten) argazki batean, gazte hau bera agertzen da errekete jantzita. Karlisten barruan maila esanguratsua zuen seinale.
Iturriak:
(1) Kutxa Fototeka (Marin funtsa).
(2) La fiesta del Arbol de San Juan. (1939-06-24). El Diario Vasco, 4. or.
(3) Luengo Texeidor, Félix (1990). La formación del poder local franquista en Guipúzcoa (1937-1945). Gerónimo de Uztariz, 4 (83-95 or.).
(4) San Sebastian, en deuda con el maestro Pujana, in http://iztueta.com/index.php?option=com_content&view=article&id=535:b-99714437&catid=92&Itemid=678
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Anartz Ormaza Ugalde
Bakio (1981)
Arkitektoa, hezitzailea, dantzaria eta dantza irakaslea. Bakioko Itxas-Alde dantza taldean 4 urterekin hasi nintzen eta gaur arte bertan dantzari eta hainbat urtez dantza irakasle moduan ere banabil. 2018tik zuzendaritza-batzordeko kide eta zuzendari artistikoa, egun baita ere taldeko lehendakaria. 2010tik hona euskal dantzetako tailerraren arduraduna eta irakaslea ere banaiz Deustuko Unibertsitatean. "Euskal Dantza, tradiziotik sorkuntzara" ikasketak egin nituen 2016/17 ikasturtean EHUn. 2018an hasi nintzen Aiko Taldean partaide eta dantza maisu moduan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako kide ere banaiz, 2023tik.
Jasotako azken erantzunak
- Anartz Ormaza Ugalde on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Xabier Etxabe on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Anartz Ormaza Ugalde on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Oier Araolaza on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Anartz Ormaza Ugalde on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Anartz Ormaza Ugalde on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Xabier Etxabe on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Mikel Sarriegi on Naziak, svastikak eta euskal dantzak
- Anartz Ormaza Ugalde on Agur Dantza Zaharra
- Oier Araolaza on Agur Dantza Zaharra