Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jose Ignazio Ansorena Ramon Laborda eta Poxpoliñak

Dokumentuaren akzioak

Ramon Laborda eta Poxpoliñak

2023/10/03 07:10
Ramon Laborda eta Poxpoliñak

Txiki marrazkigile famatuak Ramon Labordari egin zion karikatura. El día egunkarian, 1934.eko uztailaren 3an argitaratu zen eta 4. eranskinan datorren gaztelaniazko artikulu laburraren ondoan agertu zen.

HAURRENTZAKO EUSKAL KANTAK ETA DANTZAK GERRA AURREKO DONOSTIAN

Cuando hablaba sobre su infancia con mis padres, tíos y otros muchos mayores donostiarras, aparecía un elemento común: Poxpoliña. Se trataba de una organización radicada en el Teatro Kursaal, que existió en los años anteriores a la guerra de 1936, a la cual acudían niños y niñas a aprender danzas y cantos vascos desde los tres años hasta el comienzo de su adolescencia. Fue una iniciativa del sacerdote bergarés Ramón Laborda Etxebarria1, que había colaborado anteriormente en el movimiento cultural Saski-Naski2, y que generó una ilusión desbordante entre miles de niños de la ciudad. He rebuscado aquí y allá, y recogido testimonios de personas que conocieron a Don Ramón3 y Poxpoliña, para dejar constancia un poco ordenada de esta eclosión de alegría que vivieron aquellos niños, la mayoría ya fallecidos, en torno a la cultura popular vasca y del singular sacerdote que dirigió el movimiento.

Haurtzaro eta gaztaroa

Ramon Laborda Etxebarria Bergaran jaio zen. 1892ko irailaren batean bataiatu zuten. Aita ere bergararra, Jose Maria Laborda Burgada. Bi aldiz ezkondu zen: aurrenik María Josefa Vicenta Azpiazu Astigarraga mutrikuarrarekin. Bost seme-alaba izan zituzten: Josefa Natalia, Casildo, Ignacio Tiburcio, Maria Genara eta Enrique. Azken horren erditzearen ondorioz hil zen emaztea, 1887ko urte amaieran eta 1888an berriro ezkondu zen, Paula Ascension Echeberria Ugarte beizamarrarekin. Bikote honek, berriz, beste bi seme-alaba izan zituen: Eustaquia Juana, 1889ko azaroaren 3an bataiatua eta Ramón4, ia hiru urte gazteagoa. Bergarako bataio agirietan Eustakia Juanari eta Ramoni amaren deitura aldatu egin zieten eta bizkaitar erara jarri.

Ramon Labordaren gurasoak.
Aita, Jose María Laborda Burgada. Ama, Paula Ascensión Echeverría Ugarte.

Ramon Laborda, gaztetan antzokira ateratzeko prest.
Gaztetan, antzeztokira agertu aurretik egindako argazkia.
Gaztetatik deigarri izan ziren, berezko izaera xalo eta alaiarekin batera, musikarako eta kanturako zuen erraztasuna eta zaletasuna. Elizaren inguruan hazi zen, kantari eta meza-mutil. San Pedro bere parrokian, Pedro Fernández de Retana5, gasteiztar apaiz musikaria zen organo jotzaile eta haur kantarien arduradun. Horrek berehala igarri zizkion musikarako zituen dohainak, nolako ahots fin eta garbiaren jabe zen eta horretan jarraitzeko gogoa suspertu zion. Abade horrek sortua zuen Aritz maitea abesbatza, Bergarako Orfeoiaren aurrekari. Horretan aritu zen gaztetan Ramontxo, eta denon harridura sortu zuen bere boz dotore eta erakargarriarekin.

Retana maisua Ramon zazpi urtekoa zenean Sevillako Katedralera6 joan zen arren, urrutitik, eskutitzen eta Bergarara egindako oso tartekako bisiten bidez, jarraitu zituen gaztearen aurrerapenak. Batez ere Juan Bautista Elustiza bergararraren bitartez, Retanaren ikasle eta Ramon bera baino zazpi urte zaharrago besterik ez zena. Elustiza apaiztegira gazterik joan zen, baina ederki ezagutu zuen mirarizko ahots hura. Ramon koskortu zenean, 1910etik aurrera bost urtez jarraian, Aste Santuan Sevillako Katedralean kantatzera deitu zuten. Hasieran Retanak eskatuta eta 1912tik aurrera Elustizari esker, hau izan baitzen haren ordezkoa postu horretan. Horietako batean han zen Alfonso XIII. erregea. Txundituta geratu omen zen tenorearen ahots ederraz eta eskaera egin zion Madrilgo bere jauregira joan zedin, gaixorik zuen seme baten aurrean kantatzera. Horrela lotu ziren eta, Sevillatik itzultzeko bidaia baliatuz, Madrilen geratu eta jauregian abestu zuen, errege familia osoaren aurrean. Alfonso XIII.ak galdetu omen zion saritzat zer nahiago zuen: erregearen argazki bat eskaintza eta sinadurarekin edo mila pezetakoa, garai hartan benetako dirutza. Ramonek argazkia aukeratu zuen, bizitza osoan lagun izango zuen beste ezaugarri bat erakutsiz: inoiz ez zuen dirua balioetsi.

Rambon Laborda gaztetan kantari
Oso gazterik, kantari itxuran. Baina argazkiaren eskaintza 1922.eko azaroaren 6ean dago sinatua, apaiz ordenatua zegoela. Ez da ondo irakurtzen: “A mis fraternales Graciela, Pacorro y Don (...?) intenso y santo cariño. R. P. Laborda. Gasteiz, 6-XI-922 (sic)”

Kontatu ohi da aberats batek entzun zuela margolari lanetan aldamioaren gainean kantari ari zenean, eta, ahots haren edertasunez liluraturik, musika ikasketak ordaintzeko eskaintza egin ziola. Polita, baina ez da egia, benetan lanbidez margolari jarduten bazen ere. Gertatutakoa bestela izan zen7. Ramon Laborda eta Bergarako San Pedro parrokiako beste kantari batzuk, jai solemne batean, Ondarroara joan ziren hango Meza Nagusian kantatzera. Bertako eliztarrak txundituta utzi omen zituen bere bakarkako saioekin. Mezaren ondoren, herrian ibilalditxoa egin eta ostatu batera joan ziren lagunak, kobratutakoa bazkari ederrean xahutzera. Eta bazkalondoan, adiskide giroan, kantari hasi ere bai. Ramonek erakustaldia eman zuen berriro.

Jatetxe hartan beste bazkaltiarren artean, Ondarroako Echevarría8 enpresako familiako bat suertatu zen, eta, mezan harrituta geratu bazen ere boz haren kalitate eta indarraz, gertutik entzunda, txundidura handiagotu egin zitzaion nonbait. Ramonengana hurreratu eta eskatu zion etxera laguntzea bere gurasoek ezagutu zezaten. Horrela eginda, familia horrek eskaini zion beren etxean bizitzen geratzea, eurek lagunduko ziotela kantuan bete-betean aritzeko, pintore lanak alde batera utzita. Oso aberats eta aristokratak ziren, markes eta bestelako titulu ugariak baitziren familian.

Hainbat urtez horien etxean bizitzen eta musika lantzen geratu zen. Familia horrek bazituen Oiartzunen Pikabea Etxebarria abizeneko ahaideak9, aberatsak oso hauek ere. Uda batean hara joan ziren denak, ondarroarrak eta Ramon. Familia oiartzuar honek jauregia zuen eta igandeko meza bertako kaperatxoan entzuten zuten. Igande batean, meza horren ondoren, Ramon Errenteria aldera abiatzekotan zen, baina nagusiak ikusi eta galdetu zion nora zihoan. Ramonek erantzun: Errenteriara, meza entzutera. Nonbait ez ongi iruditu jauntxoari, etxeko meza gutxiestea zela eta hitz-erdi bat esan omen zion. Ramonek familia hori uztea erabaki zuen, libre sentitu nahi zuen eta. Hala ere, jarraitu zuten harreman onak izaten.

Pikabea Jauregia Oiartzun
Oiartzungo Pikabea jauregia. Pikabeatarrak saldu, urte batzuetan alferrik galduta egon zen eta gerra garaian erre egin zen edo zuten.

Horrelako gertakarien ondoren, kantari profesionala izateko ilusioa zuen, baina erlijio bizitzarako joera ere bai. Kinka horretan, Etxebarria familiaren bitartez, Milango La Scalara emanaldia egitera joateko aukera sortu zitzaion10. Ez zuen, ordea, garbi ikusten zein bide hautatu eta 1920. urtearen inguruan Loiolan gogo-jardunak egitea deliberatu zuen. Egun haietan hango funtzio erlijiosoetan kantari aritzen zenez, berehala zabaldu zen inguruetan nolako abeslari ederra ari zen elizan. Nemesio Etxaniz, oraindik apaizgai, Loiolan zen11. Horko harremanaren ondorioz, biok elkarren adiskide bihurtu ziren bizitza osorako. Nemesiok piztu omen zion abertzaletasunaren grina.

Apaiz bihurtzea eta gorabehera pertsonalak

Loiolako egun horietan mamitu zen kantu profesionalaren bidea baztertzea eta apaiz izateko asmoari jarraitzea. Berehala joan zen Gasteizko apaizgaitegira, eta bi urtean, ikasketa guztiak amaitu gabe, abade ordenatu. Ikasketak bere kabuz jorratu zituen apaiztu ondoren. Meza berriaren homilia Mateo Mujikak egin zion, geroago Gasteizko apezpiku izango zenak. Lehen lantokia Gasteizko Katedralean izan zuen, kantari. 1921ean, katedraleko benefiziadu agertzen da elizako paperetan. Han, Eustakia Juana arreba berarekin jarri zen bizitzen. Baina hark moja joan nahi, eta Ramonek, arrebari bide librea uzteko eta buruan halako kezka mistikoa zuelako, erabaki zuen fraide beneditar joatea Silosko Santo Domingo monasteriora. Bi urte eskas osatu zituen han. Bere bidea ez zela garbi ikusi eta Gasteizera itzuli zen. Berriro agertzen da elizako paperetan katedraleko benefiziadu, 1925ean.

Ramon Laborda Santo Domingo de Silos
Santo Domingo de Silosera joan zenean, Portugaldik gregorianoa ikastera etorritako hainbat apaiz gazterekin. Eserita erdian monasterioko priora. Horren ezkerrean, Ramon ere jarrita.

Gasteizen zela, Donostiara ezkonduta zegoen anaia, Ignazio, hil egin zen, eta Ramon hara joan zen Angelari, anaiak utzitako alargunari, eta Sabino semeari laguntzera.

Saski-Naski eta Aita Donostia12

Aita Donostia oso famatua bada ere bestelako lan ugariengatik (eskolak eman, sorkuntza musikala, ikerketa etnografikoa, kantu bilketa…), XX. mendearen hasieran, eskutitzen, hitzaldien eta zuzeneko bileren bitartez abertzaletasun musikalaren zabaltzaile handiena izan zen13. Irakurketen eta zituen harremanen bitartez, Europako bazterretan, haurren hezkuntzan nolako bide berriak ari ziren lantzen ongi ezagutzen zituen 1917rako. Abertzaletasunaren hasieratik kantu eta dantza tradizionalaren inguruan egiten ari zen berrikuntza lanarekin hura lotzea nahi zuen. Lekarozen apaizkide zituen hainbat bide horretara bultzatzen hasi zen: Agustin eta Alejandro Olazaran eta Polikarpo Iraizoz kaputxinoak lehenengoak. Beste batzuk hasiak ziren ordurako dantza eta kantaren alorrean, baina berehala jarri zen haiekin ere harremanetan: nagusienak Polikarpo Larrañaga soraluzetar abadea eta Salletar anaia hainbat14 izan ziren.

Ramon Laborda 007_1932_ Sevillako-Ateneoan-Eluztizaren-omenaldian
Argazkia Eresbil artxibokoa da eta honela du atzean idatzirik: 1932: Un concierto en el Ateneo. Don José Jesús García Díaz, presidente del Ateneo de Sevilla, nos envía esta fotografía, tomada en el salón de actos de dicha entidad cultural el domingo 21 de febrero 1932. “Dicho día —nos dice— se celebró en el Ateneo un concierto organizado por la Sección de Música en memoria del que fuera organista de la S. I. Catedral y presidente de dicha Sección, Don Juan Bautista Elústiza. En la foto, de izquierda a derecha, un retrato de D. Juan Bautista Elústiza; don Eduardo Torres, maestro de capilla de la S. I. Catedral; el tenor D. Ramón Laborda; al piano, D. Manuel Navarro, que fue profesor del Conservatorio y muy popular como pianista de Radio Sevilla, y por último, en el armonio, D. Norberto Almandoz, que sucedió en el cargo catedralicio al malogrado organista y que fue varios años director del Conservatorio”.

1920ko hasieran, dohain handiko musikari eta artista zenez, kaputxinoen agintariek Parisera bidali zuten, hango giro musikalean aberats zezan berezko nortasun artistikoa. Urte horietan, jardun musikal berritzaileak zurrupatu zituen eta Europako pedagogia musikalean aitzindari Émile Jaques-Dalcrozeren15 eskola ezagutu zuen. Dalcrozek haurrei musika irakasteko metodo erabat modernoa garatua zuen. Euskal Herrira itzuli eta, hura zabaldu behar zen iritzia sendoturik, berriro ezagutzera eman zien inguruan zituen eta egoki ikusten zituenei. Horretaz hitzaldi eragilea ere eman zuen16.

Ramon Laborda 1929 urte inguruan agertu zen Donostiara. Hiriburu horretan berehala abiatu zituen harremanak talde euskaltzaleekin eta hasieratik aritu zen Saski-Naskiren antolamenduan lanean. Horrela ezagutu zuen Aita Donostia eta liluratuta sentitu zen honen asmo berritzaileekin. Biak musikarenganako sentsibilitate finekoak izanda, berehala sortu zen elkarren arteko adiskidetasun sendoa.

Poxpoliña

Horrela sortu zen Poxpoliña 1933an:

Ez harritu, beraz, urteko lehen hilabeteetan igandero euskal antzerki bat ikusteko aukera genuela esaten badizuet. Horien izenak, Labaienen eta Urkizuren idazkietan daude jakin nahi dituenarentzat. Igandero, non?, galde dezakezue. Orduan zutik zegoen eta gero, zorigaiztoz, lurreratu zen Kursaal-en. Honek antzeztoki biziro eder bat zuen, eta lehenago joko- eta jangelak, ordurako zarpaildu eta utziak. Euskal arazoetan beti kide ziren hango batzordeko jaunei, etxe azpiko solairu handia eskatu zien euskal haurren alde hainbeste lan egindako Ramon Laborda apaizak; baita lortu ere. Han sortu zuen Poxpoliña Donostiarra17 izenekoa, haurrak bildu eta jostaraziz, abesti eta dantzak erakusteko. Hartarako aukerako ikusirik eta onura gehiago ateratzeko, antzoki egoki bihurtu zen. Igandero beteko zena. Jai garrantzi handiagokoetarako han zegoen, gure esku, goiko antzoki ederra18.

Poxpoliña ostegun arratsaldeetako ekimena zen, batez ere, eskolan haurrek festa izaten baitzuten19. Eta publiko aurreko agerpenak igandeetan izaten ziren, betiere guraso eta aitona-amonez osatutako jendetza batzen zelarik. Helburu garbia zuen, haurrak euskal dantzan, antzerkian eta kantuan heztea, bide batez abertzaletasunaren propaganda eginez:

Orduan hasi zen gure Laborda apaiza bere lanik maitagarriena egiten. Kursaaleko azpietan egunero lau mila haur baino gehiago biltzen zituen kantu eta dantzak erakusteko. Komunisten umeak ere haraxe joan ohi ziren, beste haurrekin batera gure Don Ramonen alaitasuna ikastera.
Gerra aurreko jendeak oroipenik gozoenetako bat du, egun haietako lan zoragarria gogoratuta20.

Horixe oroipen gozoa utzi zuela garai hartako haurrengan. Gure gurasoak eta hauen adiskide ugari pasatu ziren handik, eta mila aldiz errepikatu ziguten. Testigantza bakarra jartzeagatik, Itziar Arzelus Arrietarena aukeratu dut21:

Joaten ginen Poxpoliñetara. Poxpoliña zen Don Ramon Laborda apaiz batek eramaten zuena. Eta horra joaten ginen jai genuenean. Ez dakit, ostegunetan edo. Eta han egiten genituen… Hori gogoratzen naiz, begira!, dantzak. Haiñ urrin etxe poxpola eta dantzak, polit-politak! (…)
Eta neska-mutilak elkartzen zineten han?
Neska-mutilak. Jai genuenean. Eta erakusten zizkiguten hori, abestiak, dantzak… Eta don Ramon Labordak esaten zuen, txiki-txikiak ginen eta nahastu egiten ginen, eta esaten zuen hori zela denetan politena. Nahastutzea.
A, bai?
Txikiak nahastutzea. Esaten zuen berak, don Ramon Labordak. Esaten omen zuen. Ni ez naiz gogoratzen, baina…
Ez zara gogoratzen. Eta orduko abesti batekin edo gogoratzen zara?
Haiñ urrin etxe poxpola abestuko genuen. Eta beste bat… ez naiz gogoratzen. (…).
Eta poxpoliñ jantziarekin.
Bai, bai.
Gona gorria eta…
Gona gorria. Gogoratzen naiz abesti bat pixka bat. Itxoin pixka bat. Nola da? Gogoratuko naiz.
Begira zeinen polita nagon alos hauekin… Ez dakit ze esan nahi duen horrek. Haizea jotzen duenean ikurrina bai dirudi trinka-trinketa trinka-trinki. Gorontz orlegia eta gona gorri.
Ze polita (…).22

 

Poxpoliñaren kantak eta dantzak

Elkarrizketa horretako kontu deigarriena Ramon Labordaren iritzia da: “don Ramon Labordak esaten zuen, txiki-txikiak ginen eta nahastu egiten ginen, eta esaten zuen hori zela denetan politena”. Ez zen inondik ere, garai hartan horren zabalduta zegoen makilazoaren pedagogia.

Jardun horretan garaiko abertzaletasunaren irizpideen jarraitzaile zuzena izan zen, eredu moral kristau ortodoxoa arautzat hartuta. Horrekin batera bi irizpide garbi zituzten, Aita Donostiaren aholkuetan oinarri hartuta: euskal harrobiko kantu eta dantza tradizionalak baliatzea, eguneratzea eta zabaltzea, gal ez zitezen; eta pedagogia aldetik, esan bezala, Europako ikuspegi aurreratuenei begiratu behar zitzaiela. Horretan benetan aurrerakoiak ziren.

Ramon Laborda Poxpoliñekin frontoian
Urumea frontoi zaharrean egindako argazkia. Ramon Laborda pozez haurrak nola kantatzen duen entzutean.

Laguntza eskatu zien apaiz lagun askori haurrentzako moduko errepertorio egokia sortzeko. Ongi erantzun zioten Manuel Lekuonak, Nemesio Etxanizek, Joseba Markiegik eta beste hainbatek. Batzuetan, euskal abesti zaharrei letrak orraztu zizkieten, baina ezer gutxi ukituta: Lehenengotxo hori edo Akerrarena, adibidez. Besteetan, doinua edo hitzak baliatuta, baina aldaketa sakona eginda: Poxpolinen ereserkia, esaterako, Erregeak datoz Eguberrietako abesti baten egokitzapena da, testua Nemesio Arizmendik23 idatzia. Eta, Aldapeko famatuaren doinua erabilita, Manuel Lekuonak Euskal Herriko eskualdeetako mendi ospetsuenak aipatu zituen, haurtxoek ikas zitzaten24.

Aita Donostiaren aholkuz, Émile Jaques-Dalcrozeren bideari erreparatu zion. Joan Llongueres25 ere, Dalcrozeren ikaslerik maiteenetako bat, metodo bera hedatzen aritu zen Espainian, eta argitalpen asko egin zituen maisu suitzarraren doinuekin. Hortik hartu zituzten geroago oso famatu egin ziren beste doinu batzuk. Itziar Arzelusek aipatu duen Hain urrun etxe pospola abestirako, ustez26, Joseba Markiegi27 apaiz debarrak sortu zituen euskarazko hitzak. Eta Kirikiriken28 Nemesio Etxanizek egokitu zuen euskarara. Haurtxo danok alkarturik, berriz, ez dut aurkitu begiratu ditudan Dalcrozeren paperetan, baina hango jatorria duela egingo nuke. Eta hitzak Nemesio Etxanizek edo Manuel Lekuonak egokitutakoak direla ematen du. Bi apaiz eta lagun hauek beste herrialdeetako abestiak ere euskaratu zituzten. Lekuonak Xagu txiki –gaztelaniazko umeen jolas kanta: Chitón, ratón– eta Etxanizek Paristik natorren –frantziar herri abestia: Je suis un artiste et je reviens de Paris–. Biek ala biek horren ongi euskaratu non gaur egun kosta egiten baitzaigu sinestea ez zirela euskaraz sortu.

Ramon Laborda Poxpoliñen festa Txofren
Txofre zezen plazan poxpolinen jaian. Hiru ikurrindunen erdikoa Josefa Gallastegi Ariznabarreta (Eibar, 1914-2002) da, Miguel Gallastegi pilotari famatuaren arreba. Gallastegitarren familian inork ez daki zergatik zegoen Donostiako Poxpolinetan, eibartarra zelako eta bertan bizi izan zelako beti. Agian Polikarpo Larrañagarekin Labordak izan zituen harremanen ondorioz.

Beste modu bat ere jorratu zen eta garai hartako ikastoletarako oso baliagarri izan zen: errezitatuak. Poema luze pare bat badira, Ttip eta Ttup29 eta Moro katua30, haurrei buruz irakatsi eta errezitarazi egiten zitzaizkienak. Ez esatari hutsen moduan, antzezpen txikiak ere egiten baitzituzten. Oso modu egokia zen memoria lantzearekin batera, hizkuntzaren eufonia eta erritmoa ongi beregana zitzaten.

Sortzaileen artean bakarrik gizonezkoak agertzen zaizkigu, baina ezin aipatu gabe utzi emakumezkoek eskaini zutela sormen lan horietarako arrasto eta iradokizunak zein gai edo ikuspegi komeni zen eta abar–, eta beraiek izan zirela printzipalak zabalkundean, bai eta haurrei erakusteko orduan ere. Garaiko moduak ziren. Emakume haiek garrantzi handikoak izan ziren, behar-beharrezkoak: Juana Mendizabal, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Pilar Sansinenea, Maritxu Barriola eta beste asko.

Ramon Laborda eta Aita Donostia poxpolin talde batekin
Ramon Laborda eta Aita Donostia poxpoliña talde batekin emanaldi baten ondoren, 1934. urtean. Kursaal zaharrean, sotoko antzoki txikian. Kutxa Fototeka, Ricardo Martín.

Diskoa Euzkotarrak gera
Disko baten argazkia. Eresbil.
Pertsona asko batu zituen Labordak: sortzaileak, andereñoak, txistulariak, dantza irakasleak, kudeatzaileak… Nola lortu zuen? Ezagutu zutenek diotenez, bazuen besteen borondateak limurtzeko gaitasun berezia. Eskatu egiten zuen, baina zerion gogo bizi eta asmo oneko horrek besteak samurtu egiten zituen eta aldeko bihurtzen. Denak gratis et amore, baina ilusioz beteak erantzutea erdiesten zuen. Aipagarria da horiek guztiak ekimen sozial baten partaide sentitzen zirela eta ez ziotela inongo garrantzirik eman abestien egiletasun indibiduala nabarmentzeari.
Diskoa Euzkotarrak gera B
Diskoaren beste aldearen argazkia. Eresbil.
Batzuk, denak ezin, nork eginak ziren jakin ahal izateko benetako lanak hartu behar izan ditut. Kanta nagusiak liburuxka batean eman zituzten argitara:
Saski-Naski. Poxpoliña. Jolas-abestiak. Lenengo ingurraztia zuen izenburu eta azalean Txiki31ospetsuaren marrazki bat. Han ez zen egileen arrastorik agertzen eta bigarren zenbakirik ez zen inoiz argitara eman.

Dantza ere ongi lantzen zen. On Ramonek berak dantzan ezer egiten ez bazuen ere, lortu zuen dantza zaletasuna zabaltzea gazte donostiarren artean. Gerra ondorengo euskal dantzarako sukarrak bazuen honekin zerikusirik32.

Publiko aurreko agerpenak, aipatu bezala, Kursaalean bertan eskaintzen ziren. Iganderokoak sotoetan egiten ziren, beren entsegu leku eta oholtza ederrean. Ponposoagoak nahi zirenean, gaineko antzoki handian. Eta kanporako ateraldi batzuk ere eratu ziren. Basarrik El Día egunkari abertzalean horrela idatzi zuen 1933an Zarautzen egindako saioari buruz:

Heldu da arratsaldea (…) Poxpoliñak txistu soinu alaiz inguratu zirenerako plaza bete, alajaina! Pra… pra… pra… Ereserkiarekin hasi eta azkenengo Lauburu dantza hartarainoko denak irrintziz eta txalo burrunba ikusgarriz hartu ziren. Bai gogozkoa igandeko kutuntxoen saioa. Hango edertasuna! Guzia gozo, guzia bikain eta harrigarri. Baina askoren iritziak eskatu, eta Ikurrin dantza, Lauburu dantza, Gurrutxagaren triki-trixa eta Itsas olatuak izan ohi dira gogozkoen. Hango txaloak!
(…) Txalo ta txalo berriro Poxpoliñari. Gora ta gora kutuntxoari. Igandean lortu zuten bezalako gurenda bikainak opa dizkiegu aberriaren itxaropena diren txikiei.
Txalo entzungarri bat baita ere hainbat lan egiten duten emakume irakasle lirainei, txalorik burrunbatsuena On Ramon agurgarriari. Txalo bat, euskaldun guzien esker bihozkorrenak irabazita dagoenari. (…) Txalo, txalo, on Ramon!33

 

1934an, guraso hainbaten ekimenez, Euzko Pizkundeko ordezkariek, aita Labordari omenaldi handia egiteko asmoa agertu zuten. Donostiarrak oso eskertuta sentitzen baitziren abiatu zuen Poxpoliñaren lan onarekin. Hari azaldu ziotenean, ez zuen inondik ere onartu nahi izan, gizon apala zen eta bere burua famatzea ez zuen maite. Burutapena izan zuen, ordea: antolatzaileei proposatu zien diru bilketa egitea, eta horrela haurrentzako soineko eta jantziak erostea, eta Txofreko zezen plazan jaialdi handia ospatzea. Horrela antolatu zen, Donostiatik kanpoko beste talde batzuk ere etorri zirelarik, uztailaren lehenengoan. Arrakasta handia gertatu zen, eta gerra ondorengo urteetan, aitortu gabe noski, horren oroitzapenez eta imitazioz jarraitu zen horrelako jaialdiak antolatzen.

Uztailaren 3an, egun horretako kronika xehea idatzi zuen Betikoa ezizenez sinatzen zuen kazetari batek lehengo egunkari berean:

Eguraldia halakoa! Igeldotik igandean eguraldi ona izango zela ziotela jakin nuenean: Ederra egin diagu– izan zen nire erantzuna. Oraintxe bidali genezake eguzkia pikutara. Eta, jaunak, behingoagatik, Igeldok asmatu egin zigun.
Igandean, goizetik eguraldi ona, eta arratsaldean ezin hobea izan genuen gure jaia iragarri bezala egin ahal izateko (…).
Laborda jaunari omenaldia.
Hustu da eraztuna. Txistulariak bakarrik gelditu dira.
Eta hontan, don Ramonek gutxien-gutxiena uste zuen zezena sartu zaio. Gurditxo txiki-txiki batean, gurdia baino txikiagoko poxpolin bik bultzaka dakartela, lore sortarik ederrena azaltzen da mutur batetik. Ustekabeko hartan Laborda jaunak ihes egin nahi luke: beratzat ezer nahi ez zuela garbi adierazi ez zuen ba. Horrexegatik izan zen balio handiagoko eskaintza xamur hura.
Txalo eta txalo jo zitzaion Laborda jaunari. Eta hauek isildutakoan Amaletxok egin zion eskainia:
Aita esan zion. Zuri omenaldia egin nahi zizutela eta, Poxpoliñaren Eguna sortu diguzun aita. Zuk, zure maitasun osoa guregan isuri baduzu, gu ezin esker gaiztokoak izan. Eta hona ni, donostiar poxpoliñen izenean, zuri eskaintxo bat egitera. Gure gogoz beribil haundi-haundi-haundi bat eskainiko genizun, baina gu txiki-txikiak izaki, eta nahi dugunik ezin eskaini… Hartzazu ba, don Ramon, hartu lore sortatxo hau. Ez da gauza handia. Baina zuk hainbeste maite gaituzunen bihotzak hortxe dihoazkizu lurrin bihurturik. Poxpolin anaiak, ahizpatxo txikiak: Gora don Ramon!
Gora sasoitsu batek biribildu zuen eskainia. Loreekin batera estilografika eta lapitza ere jaso zituen Don Ramonek bere koadernotxoak zirriborroz betetzeko (…).34

 

Politika jarduna

Politika era beroan bizi izan zuen Labordak. 1932an Irlandara joan zen abertzaleen batzorde bateko kide eta 1937an, gerra betean, berriro itzuli zen hara:

Hubo que esperar al año 1932 para que tuviesen lugar de nuevo algunos contactos directos con Irlanda. En junio de aquel año O’Daily volvía a visitar el País Vasco, inauguró una nueva sede de EAB y pronunció tres conferencias seguidas por decenas de nacionalistas en Algorta, Zornotza y Bilbao. En ellas homenajeó la memoria de MacSwiney, alabó las cualidades de Éamon de Valera e insistió en la necesidad del sacrificio por la patria. Casi al mismo tiempo, una delegación nacionalista encabezada por Teodoro de Ernandorena y el clérigo Ramón Laborda visitaron Irlanda ese mismo mes, para acudir a los juegos organizados por la Federación Irlandesa de Balonmano y al Congreso Eucarístico Internacional. Los delegados vascos fueron recibidos en la sede de Cumann na mBan, en el Dáil y en audiencia por el recién elegido presidente del Consejo Ejecutivo del Estado Libre, De Valera, así como por el jefe de la oposición, Cosgrave; también protagonizaron varias celebraciones religiosas conjuntas con católicos irlandeses, y tuvieron oportunidad de mantener entrevistas con políticos de todo el arco parlamentario, desde la izquierda hasta el fascista O’Duffy.
(…) Con todo, el Gobierno Vasco constituido en octubre de 1936 fue capaz de reactivar algunos viejos contactos con los irlandeses, empezando por O’Daily y varios de los anfitriones de la delegación jelkide que había visitado la isla en 1932. En enero del año siguiente los simpatizantes irlandeses de la causa republicana, empezando por el IRA, llevaron de nuevo a Dublín al sacerdote Ramón Laborda, quien hablaba inglés35, para demostrar ante la opinión pública irlandesa, católica y favorable en su mayoría a los rebeldes, que los insurgentes no estaban librando una cruzada en defensa de la religión, ya que los nacionalistas vascos también eran fervientes creyentes. Con ello, se buscaba poner en apuros al Gobierno de De Valera, quien según algunos informes del PNV —ciertamente optimistas— sólo necesitaría un pretexto para poder justificar un cierto apoyo a los vascos. A pesar del impacto emocional del bombardeo de Gernika, que mostraba claramente la complejidad del conflicto español, la caída del frente Norte en la primavera de 1937 debilitó aún más las posibilidades de ganar simpatías entre la población irlandesa por parte del Gobierno Vasco, que todavía intentó realizar algunas gestiones en ese sentido36.
Aunque no conseguirá crear una delegación en tierras irlandesas, el Gobierno Vasco realizaría, sin embargo, ímprobos esfuerzos ante la sociedad irlandesa con el fin de presentar una imagen aceptable, tratando así de explicar, cuando no justificar, los motivos que habían llevado a buena parte de los sectores católicos del País Vasco —aquellos adscritos al mundo nacionalista— a adoptar su postura ante el estallido de la Guerra Civil. Para ello, debían recabar apoyos consistentes en el mundo político y cultural irlandés, pero sobre todo, también en el religioso, dada la relevancia que la Iglesia católica y su clero mantenía gravitando sobre la vida política de Irlanda. Nada mejor, por lo tanto, que contar con el concurso de eclesiásticos afines a la postura tomada por el nacionalismo vasco confesional. Así, el Gobierno Vasco enviaría en enero de 1937 a Irlanda al sacerdote Ramón Laborda. La razón de esta elección es clara: el padre Laborda ya había estado anteriormente en Dublín, al haber formado parte en julio de 1932 parte de una delegación nacionalista enviada a la isla cuando las relaciones eran más cordiales. Ramón Laborda se dedicó a impartir diferentes conferencias sobre la guerra y el papel de Euskadi en ella. La primera fue impartida en la reunión anual de la prensa irlandesa, en la que se encontraba como oyente el ministro de defensa irlandés F. Aiken. El 17 de enero, en el Gaiety Theatre de Dublín, uno de los más amplios auditorios de la ciudad, Ramón Laborda expresó su sorpresa e indignación ante la idea de que los fascistas pudieran ser considerados los defensores de la Cristiandad: «When I read recently that the Catholics of Ireland were offering men and money to fascist Franco, the personification of the most brutal imperialism, I exclaimed indignantly: ‘It is impossible.’ Ireland could not do that unless she has been miserably deceived»37. Las charlas de Ramón Laborda fueron sucediéndose, y poco a poco fueron calando en la sociedad irlandesa, llegando a suscitar un verdadero debate. Muestra de ello fue la controversia («pugilato dialéctico» lo denomina Rodríguez de Coro) que mantuvieron en la prensa irlandesa Ramón Laborda y el jesuita irlandés padre J. Gannon, firme partidario del carácter profundamente religioso de la guerra civil y, por lo tanto, contrario a los planteamientos expuestos en sus alocuciones por el enviado vasco. El principal argumento utilizado por el padre Laborda lo resumió en una entrevista concedida al World Telegram de Nueva York del día 27 de abril poco después de abandonar Irlanda. Cualquier Irlandés se halla dispuesto de defender una causa justa… Esta lucha de los vascos es una cuestión de familia. Los Vascos constituyen un pueblo de por sí; tiene su propio idioma, y deberían tener su propio gobierno. No es una cuestión de religión, es una cuestión del débil contra el fuerte… Lo mismo que era contra los irlandeses (sic).38

Ramon Laborda Irlanda 1937
Irlandara egin zuen bigarren jira. 1937 urtea.

Nonbait Labordaren hizketaldi beroak, umore finak eta hizketarako dohainak entzuleak liluratu egiten zituen. Eta, garai hartan ez zen oso ohikoa, ingelesez aise moldatzen zen. Garai horren gainean egindako hainbat ikerketa lanetan agertzen da hango ibileraren berri39, baina, lan honen helburu zuzena ez denez, uste dut agertutakoarekin nahikoa dela. Gehiago jakin nahi duenak jo beza lan horietara.

Tal y como hemos adelantado, la delegación del PNV fue recibida en la universidad de Dublín. Así describió el suceso el Irish Independent en una nota titulada “Irlanda y los países vascos”:
El sábado se celebró en el colegio de la Universidad una reunión del grupo vasco, bajo la presidencia del Secretario de los Vascos y del Sr. Obispo de Vijayapuram, India del Sud (sic). El Doctor Hernandorena, Presidente de la Juventud de San Sebastián, leyó un trabajo en vasco sobre “Las relaciones Misionales entre Irlanda y los Países Vascos”. Todos los peregrinos vascos estuvieron presentes, además de muchos irlandeses, a los que Don Carmelo Leizaola obsequió con un resumen del trabajo en francés. El Padre Laborda cantó algunos magníficos cantos vascos y todos los vascos presentes cantaron a coro su Himno Nacional y la Marcha de San Ignacio.40

 

Politika eta folklorea borroka modua: Eresoinka

1936ko uztailean gerra piztuta, eta irailean Donostia nazionalen esku geratzeko azken egunetan ihesi atera zen Gipuzkoako hiriburutik Ramon Laborda, eta Getariatik abiatu zen itsasontzi batean Iparraldera. Donibane Lohizunera iritsi zen irailaren 8an. Gerrarekin batera Poxpoliña desagertu eta orduko haurren oroitzapenean geratu zen betiko.

Berehala jarri zen Jaurlaritzaren aginduetara, eta, aurrenik, Belokeko (Ahurti, Lapurdi) monasteriora jo zuen, non elkartu baitzen euskal kulturaren eta politikaren hainbat eragile handirekin: Joxe Migel Barandiaran, Jose Ariztimuño, Aitzol, edo Antonio Mª Labayen, beste batzuen artean. Geroxeago, Eresoinka antolamenduan integratu zen. Jose Antonio Agirreren agindu zuzenaren pean elkartu ziren Sara herrian dantzari, kantari eta musikari euskaltzale ugari, militarrean ezin, baina borroka kulturala behintzat irabazteko asmoz. Jesus Elosegi, Jon Oñatibia, Pepita Enbil, Luis Mariano, Teodoro Hernandorena… eta Ramon Laborda ere bai.

Hango ibilerei buruz beste leku batzuetan41 bada berri nahikorik. 1939an, Francozaleen garaipenarekin batera, Eresoinka desegin zenean, partaideak sakabanatu eta bakoitzak bere aldetik bilatu behar izan zuen bizimodua.

Donostiako iloba, Sabino, gerra aurretik ELA sindikatuko kargu garrantzitsu baten jabe izandakoa zen. 1936ko irailaren 16an ezkontzeko eguna jarria zuen Margarita Berroetarekin. Hiru egun lehenago, ordea, nazionalak hirian sartu eta ihesi alde egin behar izan zuen. Aurrenik Bordelera eta geroago Parisera. Lau urteren ondoren, Margaritak Parisera joateko modua aurkitu zuen eta hantxe ezkondu zituen osabak, zeremonia hunkigarri batean: Luis Mariano eta Pepita Enbil, geroago hain famatu izango ziren Eresoinka desegin berriaren partaide ohiak kantari aritu baitziren bertan.

Ramon Laborda Sabino eta Margarita ilobekin Parisen
Sabino eta Margarita ilobekin Parisen haien ezkontzaren egunean.

Labordak, apaiza izanik eta horrelako ahotsaren jabe, lortu egiten zituen aurrera ateratzen laguntzen zioten adiskideak, baina premia handian ibili zen, beste asko bezala. Jon Oñatibia musikari, txistulari, idazle eta atzerriko eta Eresoinkako ibileretan berarekin batera ibilitakoak kontatzen duen pasadizo honek argitzen du nolako egoeran zebiltzan eta don Ramon zein zen eskuzabala:

On hutsa eta euskaltzale sutsua izatez gainera, bihozbera eta eskuzabala zinen. Halabeharrez, atzerrian ere elkarrekin ibili izan ginen biok. Behin, zure adiskide min bat eta bere emaztea laguntza beharrean aurkitzen ziren. Berehalaxe asmatu zenuen zer egin haien alde. Zure ilobaren42 galtza parea eta zilborra estaltzen ez zizun txamarra jantzirik, Parisko antzoki batean egin ohi zen Radio Crochet izeneko abeslari-sariketan aurkeztu zinen. L’Africana, opera zatia, hain egoki abestu eta lehenengo saria irabazi zenuen. Eta diru sari hura, oso-osorik, zure lagun maiteen eskuetan utzi zenuen. Azken aldi honetan ere ikusi zaitut beti goxoak erosten bidean aurkitzen zenituen umetxo guztiei emateko, nahiz eta txanpon haiek, astero-astero pilatuaz, egunen batean sotana berri bat erosteko zuretzat beharrezkoak izan arren (sic).43

Ramon Laborda Parisko lehiaketan
Jon Oñatibiak aipatzen zuen Radio Crochet lehiaketan parte hartzeko prest, txiki geratzen zitzaion iloba Sabinoren trajea jantzita, Parisen.

Gorlizen bazen erietxe berezia, 1919an Bizkaiko Diputazioak zabaldua. Haur tuberkulosoentzako erietxea zen, garai hartan izan zitekeenik eta modernoena. Hango haurrak, Frantziara eraman zituzten gerraren hotsak herri hartara hurbiltzean, 1937an. Sota familiak utzitako Goizeko izarra txalupan erbesteratu zituzten haur gaixoak eta zaintzaileak. Hasieran Eresoinka erabat utzi gabe, hauen zaintzaileekin batera aritu zen don Ramon Laborda, eta, geroago, bete-betean kantu eta dantzak irakasten, baita erlijio kontuetan irakasle ere.

Parisen gerraren egoerak okerrera egin zuenean eta batez ere, Espainiako zerbitzu sekretuak hasi zirenean euskal erbesteratu eta gorrien aurkako kanpaina egiten eta hauen ehizan nazien laguntza eskatzen, apaiz lagun baten bitartez Bordelera ihes egin zuen. Han, apaiz horren etxean bizi izan zen hainbat urtez. Baina han zela eta pixkana, sentiturik hain sutsuki maitatu zituen asmoak bertan behera erortzen ari zirela, gogo makalaldiak hasi zitzaizkion, batzuetan eldarnioak izaten zituelarik. Egoera horretan, apaiz lagun horrek Pasai San Pedron erretore zegoen Don Ramonen ilobarengana bideratu zuen, Jose Maria Mujika Labordarengana. Honen etxean finkatu, eta urte batzuk ere egin zituen bertan.

Ramon Laborda Ilobarekin eta Enrike anaiarekin Bulebarrean
Iloba José María Muxika Laborda eta anaia Enrikerekin Donostiako Bulebarrean. Anaia honek Eibarren arma lantegia zuen.

Gerra ondoren, itzulera

Ilobaren etxean zerbait suspertu zen eta Pasai San Pedroko eta inguruko herrietako elizetara sarri deitzen zuten kanta zezan. Etxebarria familia aberats hartako izeba baten Bilboko etxera ere joaten zen aldizka, boladatxoak igarotzera. Han zegoenean, San Anton elizan eta Santiago katedralean kantatzen zuen Meza Nagusian, eliztarren pozgarri. Izeba horrek bizitza osoan zaindu zuen eta, beharrean zegoenean, maiz gertatzen zen bezala, diruz ere laguntzen zion. Horregatik Ramonek, txantxetan, “La tía de la manteca” esaten zion.

Ramon Laborda Pasai San Pedroko eliza mezan kantatzen
Argazkia aldizkari batean argitaratu zen. Pusketa hau besterik ezin izan dut eskuratu eta beraz ezin ezagutu aldizkariaren izena. Argazkiaren azpian honela idatzita dago: José Zubia, sampedrotarra, acompañando al sacerdote Ramón Laborda, gran tenor. Se cuenta de él que daba el “do de pecho” hasta sentado. Era tío del párroco de nuestra parroquia, José María Mugica Laborda (sic).

Atzerritik etortzean, beraz, bere etxea Pasaian finkatu zuen, ilobarenean. Iloba, Pasaiara aurretik, Errenterian izan zen koadjutore. Han garatu zuen adiskidetasun harreman handia Monika Galarragarekin. Emakume hori oso erlijiosoa zen, eta Juan Zabaleta44 bertsolariarekin ezkondua, senarra bezala, karlista bera ere. Eguzki alde izeneko etxean bizi izan ziren eta zortzi seme-alaba izan zituzten, batzuk oso gazterik hil zirelarik. Geroago, alargunduta, apur bat gorago, Errenteriako Agustinak auzora joan ziren. Antolín San Juan suhiak, Mari Karmen alabaren senarrak, Monikaren laguntzaz, San Juan enea etxea eraiki zuen eta bertara joan ziren bizitzera denak. Andre Monika eta lau seme-alaba, etxearen alde batera. Beste aldean suhia eta Mari Karmen alaba kokatu ziren, seme-alabekin.

Ramon Laborda lagunak agurtzen
Ramon Laborda, meza baten ondoren, lagunak agurtzen. Erdian agertzen den emakumea la tía de la manteca da.

Jose Maria Mujika jada Pasaian ari bazen ere, haren urteen egunean Monikak bere etxera gonbidatu zuen bazkaltzera. Eta ilobak osaba eraman zuen berarekin bazkari horretara.

Ramon Laborda ez zen ongi ilobaren etxean. Bion arteko harremana ona izan arren, ilobak ordu gutxi ematen zituen etxean erretoretzako eginkizunek oso harrapatuta zutelako, eta Ramon bakarrik sentitzen zen. Aldiz, Monika Galarragaren etxean, lehenengo unetik atseginez nabaritu zuen bere burua: oso giro euskaldun eta erlijiosoa zegoen, pertsona ugari itzuli-mitzuli, harreman gozoak hango guztien artean… Etxe hartan geratu nahi zuela otu zitzaion bat-batean, eta horrela esan zion Andre Monikari. Hark ongi ikusi zuen eta, apopilo gisako traturik eginda edo, horretan lotu ziren.

Ramon Laborda pilota partida batean, Angelusa kantatzen.
Pilota partida batean, Angelusa kantatzen.

On Ramon etxe hartara aldatu zen 1955ean, eta berehala etxekotzat hartu zuten denek. Bizitzako azken hamar urteak han eman zituen. Giro horretan berpiztu egin zen, eta makalaldiak tarte luzerako uxatu zituen. Berriro ekin zien inoiz erabat utzi gabeko bere harreman politikoei. Iparraldera pasatu zen hainbatetan, arrantzaleen barkuetan eta inori kontatzen ez zizkion erresistentzia politikoaren kontuetan aritzen zen. Horietako batean, polizia kaian zain zegoela eta, uretara jauzi egin behar izan zuen harrapa ez zezaten. Igeri eginez lehorrera iritsi zen; bera, ordea, lehorretik ezer ez. Etxera iritsi zenean, blai eginda, Andre Monikak era gozoan kargu hartu zion: “Zer dabil berori horrelako kontuetan?”. Baina iritzi politiko erabat desberdinak izan arren, beti mantendu ziren elkarren errespetuan. Monikaren alaba Consuelok uste du lotzen zituen sentimendu euskaltzale eta erlijiosoa askozaz sakonagoa zela ikuspegi politikoa baino.

Ramon Laborda Consuelo-Zabaletak botoak egin zituen egunekoa
Consuelo Zabaletak erlijio botoak egin zituen egunean, 1960. urtean, Hondarribian. Erdian Consuelo eta ezkerrean Monika Galarraga, ama. Beste guztiak ere etxekoak dira, ahizpak, anaiak, suhiak, hurbileko lagun batzuk... Haren eskuinean, apur bat atzerago Ramon Laborda ikusten da. Etxekotzat baitzuten. Aurrealdean, lurrean eserita dagoen neskatxa Nieves San Juan da.

Ramon Laborda Edurnetxoren erregalia
Ramonek Nievesi erregalatu zion meza liburua. Honela jartzen du eskaintzan: Gure Edurnetxo maitagarriari biotz biotzez. Erramun apaizak. 30-X-955.

Consuelok ere gogoan du beste pasarte bat. Don Ramonek, nonbait, jakin zuen Consueloren beraren ezagun bat45 Manzanas komisarioaren gertukoa zela, eta interes handiz eskatu omen zion Iparraldera igarotzeko pase de día delako baimena lor ziezaion. Dokumentu horrek egun bakar baterako pasaporte gisa balio zuen, eta garai haietan maiz erabiltzen zen. Consuelo eta adiskidea Manzanas komisarioarengana joan ziren eta eskatu zioten etxeko hainbatentzako pasea, eta tartean don Ramonentzat ere bai, noski. Baina, Labordaren izena ikusitakoan, honela esan omen zuen Manzanasek: “Beste guztiei bai, baina honi ezin diot eman”. Hala ere, mesedez eta arren eskatuta eta laguna oso gertukoa zenez, azkenean eman egin zion.

Aukeratutako egunean, goizean goizik Biarritzera joan ziren koinatuaren autoan eta iritsi bezain azkar, don Ramonek honela esan zien: “Zein ordutan itzuli behar dugu? Seietan? Ba orduan hemen izango naiz. Agur”. Eta alde eginda, egun osoan zertan aritu zen ez zuten jakin. Bere tratu politiko ezkutuetan ibiliko zen, jakina.

Oteiza eskultorearekin harremana eta heriotza

Urte horietan ere, euskal erresistentziaren lan kulturalaren bitartez, harreman estua lortu zuen Jorge Oteiza eskultore eta Itziar Carreño emaztearekin. Horiek urte haietan Irunen bizi ziren46 eta maiz elkartzen ziren hitz-aspertuetarako. Horren testigantza batzuk, Oteizaren emazteak bidalitako txarteltxo pare bat eta artistak egindako marrazki beltz xelebrea, artikulu honen osagarri argitaratzen dira.

Ramon Laborda Oteizaren postala 1
Sarri jasotzen zituen Itziar Carreño edo Jorge Oteizaren postalak. Honetan ikusten da izan zutela uretara bota behar izan zueneko istripuaren berri eta horixe gogorazten diote: Irún. Sábado. Querido don Ramón: esperamos que solo habrá sido un buen susto y el baño muy frío y que esté perfectamente bien y animoso como siempre. Deseamos verle pronto. Le abrazamos cordialmente (...?). Itziarrek eta Oteizak sinatzen dute.

Ramon Laborda Oteizaren postala 2
Oteizaren emazte Itziarrek elkarrekin bazkaltzeko zita eskatzen: Querido D. Ramón. No encontramos su teléfono y tenemos muchas ganas de verle pues pronto nos volvemos a Madrid. Quiere llamarnos para combinar un día para comer juntos. Saludos. Itziar (sic).

Ramon Laborda Oteizak bidalitako postal makabroa
Oteizak bidalitako postal makabroa.

Adiskidetasun horren emaitza era harrigarrian geratu da oroitzapenerako. Oteizaren obren katalogoan izen berezia duen obra bat agertzen da: Retrato doble de Juan XXIII y Ramón Laborda. Bitxitasun horren gainean aipamen ugari egin izan dira. Egokiena, ordea, Oteizak berak irudi horren argazkirako jarri zuen aipamena da, Miguel Pelay Orozcok argitaratutako liburuan47:

Juan 23, pero es también, a la derecha, don Ramón Laborda, sacerdote y abertzale de ejemplo, cantor en toda situación, un ángel que cantaba, que hasta escandalizaba, cantaba siempre generosidad su comportamiento, gritaba y acudía contra la injusticia. En su funeral en Rentería, llevado a hombros en su ataúd abierto, quedé muy impresionado. Sostenía algo fuertemente entre sus manos sobre el pecho, su hermosa cabeza era la de Juan 23, yo le seguía con todos en el camino de la iglesia al camposanto, como dormido miraba el cielo, ya estaría, él había dicho todo gozoso al sentirse morir, gaur zeruan, gaur zeruan (ya estaré hoy en el cielo). El sentimiento inseparable de este santo y querido amigo, con Juan 23, me ha quedado, lo encuentro, en este retrato.

 

Bi artikulu laburren aipamenek zehazten digute nola izan ziren apaiz eta kantari honen azken egun eta orduak:

Laborda Jauna, bizitza obara joan jaku
Epailaren zazpian, Bilbaoko San Anton eleizan, amaika t’erdietako euskerazko meza, Ramon Laborda abade ona ta abeslari bikainaren aldez izan genduan.
Eleiza guztia kristauz beterik egoan, Laborda jaunak ainbeste bidar abestu eban eleiz zaar eta ederra dan San Antongo eleiza. Koruko abestiak ondo baino obeto abestuak eta erriaren otoitzak indartsu, bero ta biotzez esanak. Bere lagunak olan agurtu izan gura eben Laborda andiaren Goira bidea.
Euskeldunen artean, bai Gasteizen, bai Bilbaon eta batez ere Donosti aldean, lan andi ta ikaragarrizkoa egin eban abade on onek, abesti on eta berezien alde. Eta ez bakarrik euskaldunen artean: bai ta be Sevillan, Madriden Errege jauregian eta abar (…).
Biotz on, samur eta andikoa izan zala Laborda jauna esan dogu ta, benetan, olakoxea izan zan: bere ezpainetan beti irriparrea; bere begietan, bizitza; bere berbetan, zintzotasuna, eta bere egitada guztietan, alaitasuna. Guztiakaz, zorion erailea izan zan, baina batez be mutiko-neskato ikasleekaz eta guda aldean, bere menpean izan ebazan Gorliz Osategiko umetxo gaixoak eta eurengan ixuri eban bere maitasun iturria.
Ondiño egun asko ez dirala, urte mordotxu bere gain ebazala, erdi gortu, ikusi neban Laborda jauna. Baina bere zintzotasuna, irriparre ta alaitasuna, bere gazte arokoak ziran (…),48

Ramon Laborda hileta oroigarria
Hileta oroigarria.
 

Nemesio Etxaniz adiskideak idatzi eta lehenago ere hona ekarriaren ataltxoak jartzen digu amaierako puntua:

Otsaillaren 11garrenean agur egin digu gure artean hain ezagutua ta maitatua genduen Labordatar Erramon apaiz kantariak. Aspaldian bere txakalaldiak izaten zituen eta azkenean jaunak Berarengana eraman digu bergarar kantari iaioa. (G.B.) (…)
Makalaldi aundiak eta kezka larriak sortzen zitzaizkion maiz, urte hauetan. Azkenean, otsaillaren amaikagarrenean, goizeko iru t’erdietan larri jaiki zan oetik eta Monika etxekoandreari otsegin zion estu, esanez: “Ama! Ama! Zu lotan eta ni hiltzen”.49

 

 

ERANSKINAK

Eranskin hauek Ramon Labordaren lanik handienaren ezaugarriez jabetzeko aukera ematen dutelakoan jarri ditut hemen. Artikuluaren erdian kokatzeko luzeegiak iruditu zaizkit eta horregatik han laburpentxoak eta hemen osoak jartzea erabaki dut.

1. ERANSKINA. Ahotsak egitasmoa. Elkarrizketa Itziar Arzelusi.

-Juten giñan poxpoliñeta. Poxpoliña zan Don Ramon Laborda apaiz batek eramaten zuna. Eta horra juten giñan jai genunian. Eztakit, ostegunetan edo. Eta han iten genitun... Hori goatzen naiz beida. Dantzak.
-Dantzak.
-”Haiñ urrin etxe poxpola” eta dantzak, polit-politak!
-Eta hori nun izaten zan?
-Hori, Kursaalen.
-Kursaalen? Orduan, Gran Kursaal.
- Kursaalen.
- Azpiko aldian ala?
-Bai, azpiko aldian. Kursaalen.
-Eta neska-mutillak elkartzen ziñeten han?
-Neska-mutillak. Jai genunian. Eta erakusten zizkiguten hori abestiyak, dantzak... Eta don Ramon Labordak esaten zun, txiki-txikiyak giñan ta nahastu iten giñan, ta esaten zun hori zala denetan politena. Nahastutzia.
-A, bai?
-Txikiyak nahastutzia. Esaten zun beak, don Ramon Labordak. Esaten omen zun. Ni ez naiz gogoratzen, baño…
-Ez zea gogoratzen. Eta orduko abestiñ batekin edo gogoratzen zea?
-”Haiñ urrin etxe poxpola” abestuko genun. Ta beste bat... ez naiz goatzen.
-Eta gero, dantza nun iten zenuten? Hor ikasitako dantzak eta gero…
-Ba, ez... hantxe bertan.
-Hantxe bertan.
-Bai. Toki haundi bat zan. Oso toki ederra. Ta hantxe iten zitun jaialdiyak eta.
-Eta jaialdiak izaten ziran gero?
-Bai, bai, bai, bai.
-Eta zuk in zenun dantzan jendian aurrian eta?
-Bai, bai. Ai, ze politak giñan txiki-txikiyak!
-Eta poxpolin jantziyakin.
-Bai, bai.
-Gona gorriya eta…
-Gona gorriya. Goatzen naiz abesti bat pixka bat. Itxoin pixkat. Nola da? Goatuko naiz. "Begira zeñen polita nagon alos obekin..." eztakit ze esan nahi dun horrek. "Haizea jotzen duanean ikurriña bai diruri trinka-trinketa trinka-trinki. Gorontz orlegia eta gona gorri".
-Ze polit.
-Ondikan goatu iten naiz.
-Bai, bai. Ba oso polita da.
-Ta horrekin dantza iten genuen. Goatzen naiz nola bueltak ematen eta bu... Oso polita.
-Eta ume asko ibili ziñeten han?
-Bai, bai. Asko, asko, asko.
-Ta zuk don Ramon Laborda aituta izango dezun?
-Bai, bai. Bai, bai.
-Ta gero, andereñuak izaten zitun laguntzalle, baño ez naiz... Eztakit. Izenak eta... ez naiz gogoratzen.

 

2. ERANSKINA. EL DÍA EGUNKARITIK: POXPOLIN EGUNAREN KRONIKA LUZEA. BETIKOAK SINATUA.

EUSKAL JAIAK. POXPOLIÑAREN EGUNA
EGURALDIA ALAKOA!
Larunbatean, Igeldotik eguraldi ona izango zala ziotela jakin nuanean: Ederra egin diagu! izan zan nere erantzuna–. Oraintxe bialdu genezake guzia pikutara. Ta, jaunak, beingoagatik Igeldok asmatu egin zigun. Igandean, goizetik eguraldia ona, ta arratsaldean ezin obea izan genun gure jaia iragarri bezela egin ahal izateko.
Jaunartzea
Masoiai50 dagokigun bezela, gure jaiaren asiera elizan izan genun. Zortzi t`erdietan, Aita Kaputxinoena gainezka zala, meza ixila51 eman zan. Aita Alegik Eukaristiaren indarra azalduaz itzaldi atsegina egin zigun meza bitartean. Ta meza aurretik ta meza ondoren ainbeste poxpoliñ ta poxpoliñzale urbildu ziran Aingeruen Mai Donera, Jaunari egun on baten aukera eskatzera.
Amarrak
Gosaldu dute gure txikiak. Eta batzuek lengo jantziekin, besteak, Eusko Pizkunderen deiari erantzunaz, ainbeste ta ainbeste lagunak bialdutako berriekin, asi dira alde guzietatik poxpoliñak azaltzen.
Ez da ba txikia Donostia, baina kale kantoi bakoitzetik galtza txuriren bat edo gona gorriren bat agertzen zaigu. Guziak beren kabira datoz. Poxpoliñ goiztarrak. Gabean zitalen batzuek urratu nai izan dien kabitxora. Poxpoliñetara etortzekoak baitira arabar ta napartar anaiarrebatxoak!
Amaika begik ikusi dute Poxpoliñ Antzokian zioazen batzuek egindako kalteak: burni okerrak, zapai puskak, ool altxatuak. Leen nun dirua gastaturik ez dagoela ta zulo bat geiago! Likitsak!
Ta ona napartarrak
Agindu bezela amar-amarretarako eldu zaizkigu napar txikiak eta beren laguntzaileak, Poz-pozik eman diegu bostekoa ainbat adiskide maiteri.
Arabarrak ezin etorri. Zorioneko dirua!
Bizkaitarrak berriz… Iñoiz izatekotan ba!
Gipuzkoak ederki erantzun du: Lezo, Errenderi, Arrua, ta abar emen ditugu.
Meza Nagusia
Ta sailka, taldeka, zubi berria betean, abiatu dira gure txikiak Santa Mariruntz. Ura edertasuna! Jende guziak arriturik begiratzen diote. Zer da ordea umetedi au?
Bulebarrean mutur batetik besterainoko txapel gorri ta zapi txuri errenkada nabaitzen da: asi Azokan eta Kale Nagusirainokoa.
Kale Nagusian zer esanik ez: aurrenekoak Santa Marira irixten ta atzenekoak Bulebarrean azaltzen ez oraindik.
Ta orain ere Mezetara dijoaz, Masoiak ez bestenak! Ur bedeinkatu utsakin biziko itukek auek itxuraz!
Meza Laborda jaunak eman du. Ta goi ta bee Angelisena52 abestu da. Goien Eusko Abezbatza gizon saila. Beean poxpoliñak. Gainera Ofertorioan Ave Maria abestu digu abesbatzak. Meza erdi ondoren, berriz, O salutaris. Ederki, ederki bezela ere!
Ta azkenean, guziok, Agur Jesusen Ama. Gaizki diot, guziok ez, nik ez nuan abestu ta. Horra Battistini!53, esango dezute bear bada. Baina, egia esan, poliki-poliki ain abesti polita zana, inork ez ezagutzeko eran abestuko degu. Igandean abestutako ura etzan ez zortziko ta ez “lauko”, Don Benito de los Caballeros-en54 geien-geienaz orrelaxe abestuko lukete. Ia, Don Ramon, ia, Gabriel55, Agur, Jesusen Ama! erakutsi dezaiegun gure abeslariei, txiki ta aundi!
Jolas zelaia
Bein onuntz, bein aruntzglobo jolasean esaten duten bezela. Len erri zarrera, orain berrira, baguaz berriro Poxpoliñetara. An, Kursaaleko aldamenean zeuden zuloak beteaz, zelai ederra tajutu baitigute poxpoliñak, Jaungoikoaren laguntzarekin beren jolasetarako. Zelai orixe bedeinkatu bear ba.
Ona San Iñazioko erretore Jauna etorri ortarakoxe. Galdera batzuek egin dizkie euskeraz gure poxpolin batzuei, ta zer erantzun ausnartu eziñik gelditu zaizkio. Onek arritu jauna, ori egin baitute gaurdaino gurasoak eta jakintsuak: euskera baztertu, euskera ezertarako ez dala erakutsi, ta jakiña, txiki abek zer entzun ura ikasi. Jaungoikorik badanik ere ez dakite batzuek eta!
Tokia bai zabala. Ainbeste jende sartu da ta alare inor gutxi dala ematen du. Jeiki, jeiki abestu erazi die don Ramonek txikiai.
Ondoren onespena. Masoi arrano abek gogorrak dituk gero!
Onespen ondoren napar neskatilak Zozo dantza. Ta guziok bazkaitara.
Bazkaria
Poxpoliñetan bildu dira Donostin kanpoko txikiak, berak ekarritako pardeltxoak ustutzera.
Ta gu geren etxetan giñan bitartean, ederki saiatuak izan bear dute, arratsaldean ez degu beintzat “kondarrik” ere arkitu. Koipez jositako papera bai ugari.
Arratsaldea
Eguartean ezin zenbatu adiña poxpoliñ zala? Bazkalondoan arritzeko adiña. Perratxikoak baño ugariago sortu zitzaigun.
Gorri, txuri ta orlegigo besterik etzan umetan ikusten. Ta guziak beste iñora jo ezin balitz bezela Poxpoliñetarako bidea artzen zuten.
Ango ardaila! Baina… euskera erdera baino obeto egiten duten gurasoen orruetan ere, erdera nagusi. Ta nik amaika aldiz esana! Mirentxu erdaldun bat baino Silvestreri, Txilibistro deituko baitiote, ta kito… Baña Mirentxuri nork egiñarazi euskeraz?
Alare, tira, guzia batean ezin ditekela, ta noizpait egingo ote danarekin aurrera.
Zezen plazara
Biñaka-biñaka jarrita, txistulariak aurretik zirala, ez zan batzuek nai bezain aguro pasa poxpolin-ilara Avenida del 14 de Abril ta Sekundino Esnaolaren kalean barrena, Zezen Plaza maldaruntz. Baina bukatu bear ta ume salla edo bukatu zan, besteak “Y luego dicen que se acaba el mundo”, zion bitartean.
Barrenen
Jende gutxi zala ziotenak, neurriz kanpo dabiltzala esango nuke. Ez noa ni Laborda Jaunaren lanak geiago merezi ez zuanik esatera. Baina plaza bete eta honelakoak geiegikeriak iruditzen zaizkit. Jo zazute alde batetik gure aurtxoen agerketak ugari xamarrak izaten dirala. Eztitugu bein bakarrik ikusiak poxpoliñ dantzak eta jolasak. Berriro laugarren-bostgarren aldiz ikusteko eskatzen ezta gutxi. Bestetik tokia. Zezen Plazan askok gutxi ematen du. An bildu zan jendetza Atotxako zelaian edo Urumean56 sekulakoa izan zenuten.
Itz batean bost mila lagun baietz egingo genuke. Gutxi al da?
Azalketa
Ta sartu ziran gure txikiak. Sartu ta sartu, ta sartu ta sartu, geiago ta geiago, ez dezute alako txingurritegirik ikusi. Jendeak zoraturik txaloka ekin zion. Ta guziak eraztuna57 beterik jarri ziranean ekin zioten.
Ereserkia
Ereserkiarekin Euzkadi maite gure aberria zioten maitetxi haiek. Ta euskera hutsez mintzatu entzunda. “Ori, ori” genion gerekiko, ortantxe baitziak gure benetako askatasuna.
Jeiki, jeiki.
Don Ramon, ortxo bat: txistua goitik eta neska-mutilak beetik ari dirala nabaritzean, zergatik txistulariak isilduarazi ez? Jeiki, jeiki aur utsak obeto aterako zuten.
Laborda jaunari omenaldia.
Uztu da eraztuna. Txistulariak bakarrik gelditu dira.
Ta ontan, don Ramonek gutxien-gutxiena uste zuan zezena sartu zaio. Gurditxo txiki txiki batean, gurdia baino txikiagoko poxpoliñ bik bultzaka dakartela, lore sortarik ederrena azaltzen da mutur batetik. Ustegabeko artan Laborda jaunak ies egin nai luke: beretzat ezer nai etzuala garbi adierazi etzuan ba. Orrexegatik izan zan balio aundiagoko eskeintz xamur ura.
Txalo ta txalo jo zitzaion Laborda jaunari. Ta abek isildutakoan Amaletxok egin zion eskeinia:
Aita esan zion. Zuri omenaldia egin nai zizutela ta Poxpoliñaren Eguna sortu diguzun aita. Zuk, zure maitasun osoa guregan isuri badezu, gu ezin esker gaiztokoak izan. Ta ona ni, donostiar poxpoliñen izenean, zuri eskeintxo bat egitera. Gure gogoz beribil aundi-aundi-aundi bat eskeiniko genizun, baina gu txiki-txikiak izaki, ta nai degunik ezin eskeini… Artzazu ba, don Ramon, artu lore sortatxo hau. Ez da gauza aundia. Baña zuk ainbeste maite gaituzunen biotzak ortxe dijoazkizu lurrin biurturik.
Poxpoliñ anaiak, aizpatxo txikiak: Gora don Ramon!
Gora sasoitsu batek biribildu zuan eskaiñia. Loreakin batera estilografika ta lapitza ere jaso zituan don Ramonek bere koadernotxoak zirriborroz betetzeko.
Eusko soinketa
Ikusgarria da. Baña ez det uste askok ikusi zutenik. Metro erdik ez zan txiki batek egiñarazi zituan algarak. Ta guziak ari begira ez det uste besterik ikusi zutenik.
Bigarren zatia bai. Ta oso polita da.
Kurpil jolasa
Len ikusia da, ta len esandakoari eltzen diot berriz ere. Oso txalotuak izan ziran napartxoak.
Porrusalda
Egoki sortua dago. Baña ez ditzagun gauzak geiegi luzatu.
Ene maramatxo
Ain toki irikirako egokia ez da. Txistuak ez du itzik entzuten uzten. Ta itzik ez entzutera, ez du asko balio.
Sagutxoen pesta
Polita. Baña txistu ta abeslari batera ez aritzekotan, txisturik ez jotzea hobe.
Zapi txuri
Ainbeste neskakin oso ikusgarria. Baña batetik bestera aldatzea luzeegi egiten zan. Neska gutxigo jarri, ala beste tankeraren bat sortu bear. Eresia oso atsegina.
Ingurutxo
Napar neska-mutikoak oso poliki dantzatu zuten. Txit atsegin izan zitzaigun dantzaketa. Baña gure aurreskua, ta bizkaitarren ezpata-dantza bezelaxe, ez da osorik iñori erakustekoa. Luze egiten da. Ta danik gauzarik ederrenak ere, luze jo ezkero, galdu egiten du.
Sagar dantza
Ez ziran ingurutxoan bezin egoki aritu napar neskak. Obeto egin dezakete.
Zozo dantza
Au bai, au egoki dantzatu zuten. Oso txalotuak izan ziran napartxoak.
Lauburu dantza
Arabarrak ezinean, donostiarrak dantzatu zuten. Au da zezen plazan ikusteko dantza polita. Txaloak ala adierazi zuten.
Pandangoa
Nola ez dantzarazi Maritxuri? Bai, egin zuan ta oi bezela. Besterik zer esango degu?
Popatxoak nana
Abesti atsegiña ta ondo irteten da. Egin leike.
Esku dantza ta Euzko dantza ez genituan ikusi eta ez noa ezertxo esatera. Erromeriko berri ere ez dakit. Baña oi bezin alaia izango zan noski.
Amaia
Ta orra Aurreneko Poxpoliñaren eguna zer izan zan, ematen diguten gaian adierazi (sic).
Zorionak, zorionak ta zorionak. Ta Bigarren Poxpoliñaren eguna euskera utsez jaituko al degu? Ez abestitan bakarrik, baita dei, iragarki, sarbide, txartel ta batez (ere) poxpoliñen mingaintxoetan.

 

3. ERANSKINA. BASARRI BERTSOLARI-KAZETARIAREN KRONIKA.

Goiz partetik bai eder! Goiak urdin, itsasoa bare. Ene, kezka bat. Estropak Donostin. Bultzia ta berebilak betean dijoaz, ta, jakina, auxe Poxpolin jaien antolatzaileen kezka. Galdetu bestela Txaranbeli58. Zer ikusiko ote? Jendetzarik izango ote?
Eldu da arratsaldea. Len eder ta urdin ziran goiak trumoitzen ta asarretzen asi dira. Au izan zan jai orren ardura gendenok berriro kezkatzeko zioa. Bateko bat eta besteko bestea oldozten gendela, jendea txartelzale zan, eta Poxpoliñak txistu soinu alaiz inguratu ziranerako plaza bete, alajaina! Pra… pra… pra… Ereserkiakin asi ta azkenengo Lauburu dantza artarainoko danak irrintziz ta txalo burrunba ikusgarriz artu ziran. Bai gogozkoa igandeko kutuntxoen saioa. Ango edertasuna! Guzia gozo, guzia bikain ta arrigarri. Baina askoren iritziak eskatu, eta Ikurrin dantza, Lauburu dantza, Gurrutxagan triki-trixa ta Itsas olatuak izan oi dira gogozkoen. Ango txaloak!
Ango ixtiluak! Artarañokoxeak ziran lau zati auek! Biamoneko iritziak ere jaso genitun. Enparantzan izan ez ziranenak, alegia. Baina, zer arraio zenduten atzoko ortan? Egundo olakorik! Ez dik plaza orrek olako sarrerik ezagutu. Ez, noski, berriz ere. Abertzaleak zerbait antolatzen dutenean ez pentsa gauza txikirik ikustea. Zuek bezelako gaintxuri askok laguntza ukatu arren, ez gaituk lotsagarri irtengo. Aspaldi aztu zitzaigun gauz txikiak egitea. Irakurle, ona nola erantzun diogun tenta naiez inguratu zaizkigun bi edo iru areriori.
Bai aberkoia, bai biotz ikuitzallea Poxpoliñen saioa; nola abesti ala dantza. Asko ez badare, beste alderditako batzuk ikusi genitun txalo txaloka.
Abertzaleokin ezer nai ez duten oietakoak txaloka alajaina! Euzko abertzaleok ematen diegun baino garrantzi geiago eman bear diegu gauza aueri. Bost edo sei mitinek aña lezake onelako batek. Naiz gogai bat izan, naiz bestea, euzkotarra izan ezkero beintzat, barren barrena ikuituko baidio. Artu bedi ardura bizi au. Entzun bezate Gipuzko Buru Batzar ta Idazkaritzak. Itzaldi aberkoi bat antolatu ta inola inguratuko ez lirakenak, eunka dijoaz olako jaialdi batera. Len asko itz egin dan errietan jarri bitez onelako ikuskizunak; jarri bitez Astigarrako abertzaleak jarri zuten bezelako erromeri koxkorrak, ta ziur izan, aberriari gorantza izugarri bat emango diogu, biotz asko geureganatuko ditugu.
Txalo ta txalo berriro Poxpoliñari. Gora ta gora kutuntxoari. Igandean lortu zuten bezelako gurenda bikainak opa dizkiegu aberriaren itxaropena diran txikieri.
Txalo entzungarri bat baita ere ainbat lan egiten duten emakume irakasle lirainari, txalorik burrundatsuena On Ramon agurgarriari. Txalo bat, euskaldun guzien esker biozkorrenak irabazita dagonari.
Txalo bai, gure itz eta idazkortzak bear bezela goraldu ezin lezakenari.
Txalo erri bakoitzean irudi bat bear duanari. Txalo azi bikain onen ereileari. Txalo, txalo, on Ramon59.

 

4. ERANSKINA. EL DÍA, MARTES, 3 DE JULIO DE 1934. SINADURARIK EZ.

Hau testuan ez dut aipatu. Interes handiena du ondoan Txikik egindako Ramon Labordaren karikatura argitara eman zela60.

Con inusitada concurrencia de público, se celebró el domingo por la tarde en la Plaza de Toros de Donostia, el anunciado festival del Día del Poxpoliña.
En la actuación de los “poxpoliñas”, llamó la atención extraordinariamente la actuación de los umetxus navarros, que rivalizaron en despertar una grata sorpresa admirativa ante lel público de Donostia. Los de casa, con la aportación de los componentes de las agrupaciones de los pueblos, efectuaron una exhibición magistral.
Va en otro lugar, en euskera, como desean los organizadores de estas fiestas, la reseña detallada de los actos todos.
Ilustra estas líneas un apunte de “Txiki” de don Ramón Laborda, creador, impulsador y mantenedor de estas simpatiquísimas agrupaciones de “umetxus”.
¡Zorionak, don Ramón! (sic).

 

5. ERANSKINA. RAMON LABORDAREN BI GRABAKETA

Aurreko artikuluan aipatu dut Ramon Labordak diskoren bat ba ote zuen grabaturik, baina ez dela inon agertu. Zorionez, esandako bi laguntzaileren iloba eta ahizpa den Monika San Juanek temoso aritu da bilaketa lanetan eta txoko ezkutu batean aurkitu du Pathé etxean gure protagonistak grabatu zuen arbelezko diskoa. Egun horrelakoak entzutea ia ezinezkoa zaigu guztioi, baina Eresbil, Musikaren euskal artxiboak egindako digitalizazio lanari esker, eskuratu ahal izan da artista haren ahotsa.

Pathé disketxeari buruz, Eresbilek berak sarean duen lotura honek informazio ederra ematen du.

Honekin batera jartzen ditugu diskoaren etiketak eta grabazioak: Orra, Mari Domingi eta Goizeko izarra

Ramon Laborda: Orra, Mari Domingi
Ramon Laborda: Orra, Mari Domingi diskoa.

 

Mari Domingi

 

Ramon Laborda: Goizeko izarra
Ramon Laborda, Pathé diskoa, Goizeko izarra.

 

Goizeko Izarra

6. ERANSKINA. POXPOLIÑA DONOSTIARRA. DOKUMENTU ZAHAR BATZUK

Ramon Laborda eta Poxpoliñak izenburuko artikuluan 23. oharrean aipatu nuen Nemesio Arizmendi Urkola Atarrene (Donostia, 1887-Bidarte, 1939) idazleak abesti bat edo beste euskaratu zuela mugimendu honetarako. Orain txiripak, Manuel Arizmendi Urkola (Donostia, 1880-1946), haren anaiaren dokumentu zahar batzuk ekarri dizkit eskura, alderdi bat edo beste areago argituko digutena. Txiripa horrek Jose Manuel Bujanda du izen, Manuel zenaren biloba.

Manuel Arizmendi, Donostiako Alde zaharrean jaioa, Plaza Berrian, gurasoen etxera neskame etorritako Oiartzungo Ramona Etxenagusiarekin ezkondu zen. Bion artean sortutako familia Añorga auzoan kokatu zen Manuelek Cementos Rezola enpresako atezain postua lortu zuelako. Hantxe zuen lana eta enpresak jartzen zion etxea ere. Añorgan txistuzaletasun handia zegoen, txistulari talde ona ere bai eta bertan jotzen zuen Manuelek. Hark hil ondoren utzitakoen artean, maleta txukun bat zegoen eta bertan partiturak eta paper asko. Haiek arakatuta ikusten da Manuel txistulari txukuna zela, errepertorio ugaria eta maila onekoa erabiltzen zuela, Isidro Ansorenarekin harreman handia izan zuela (badira euren artean trukatutako dokumentuak eta partiturak) eta, Nemesio anaia bezala, Poxpoliña donostiarra mugimenduaren laguntzailea zela.

Dokumentu horietako batzuk ekarri nahi izan ditut hona, pertsona haien lan egiteko moduak ikusarazten dituztelako. Artikuluan lehenago esan bezala, Émile Jaques-Dalcrozeren abesti askotxo hartu zituzten Joan Llongueras ikaslearen argitalpenetatik. Saguek erdi jandako orrialdeetan ikus dezakegu, abestien hitzak euskaratu ondoren (orrietan euskarazko erreferentziak aipatzen baitira) haien liburuetan proposatutako koreografiak ere nola kopiatu zituzten. Eta prentsara bidalitako abesti horietako batzuk ere Manuelek zein ongi gorde zituen.

Konparaketa aise egin ahal egiteko, Joan Llonguerasek 1912.ean egindako Dalcrozeren edizioaren kanta eta koreografia ohar batzuk jarriko ditugu hemen.

  • Manuel Arizmendiren esku idatzietatik:

Manuel Arizmendiren partituren funts bat ere badago Eresbil, Musikaren euskal artxiboan.

 

Oharrak

1 Hainbat lekutan aipatzen da Miguel Oa eta Peli Markiegi apaizak ere sortzaileak izan zirela. Nire berriemaile denek garbi izan dute Poxpoliña Labordak abiatutako ekimena izan zela eta beste bi hauek, baita hainbat gehiago ere, laguntzaile aritu zirela.

2 Saski-Naski euskal herri musika eta dantzen ikusgarria zen. Errusiako iraultzaren ondorioz, 1920 inguruan, handik ihes eginak ziren enpresari eta artista batzuk antolatutako hainbat ikuskizunek Europako antzeztokiak korritu eta jendeak liluratu egin zituzten. Donostian ere aukera izan zen haiek ikusteko. Euskal kulturaren mundua burbuilaka zegoen, Euskal Pizkundea deitutakoaren sasoia baitzen, eta berehala ekin zitzaion antzeko bidetik etxeko zerbait sortzera. Donostian eraginik handiena Korobok izenekoak lortu omen zuen, eta Saski-Naski izena bera ere, horren itzulpena izan zen, errusiar hitzak horixe adierazten baitu. Kolaboratzailerik onenak elkartu ziren. Hau dena ongi zehaztuta dator hemen: Olaizola, Imanol. “Concierto en tres tiempos”. Musiker aldizkaria, 15. Eusko Ikaskuntza, 2007. 201. orrialdetik aurrera. Baita hemen ere: Arana Martija, José Antonio. Eresoinka. Embajada cultural vasca: 1937-1939. Eusko Jaurlaritza, Bilbo, 1986. Bigarren kapituluan.

3 Askok hitz egin didate Ramon Labordari buruz., baina informazio osatuena eta fidagarriena, baita argazki gehienak ere, Consuelo Zabaletak (Errenteria, 1937) eta Nieves San Juan Zabaletak (1954–) eskaini dizkidate. Ramonen ahaideak ez ziren arren, bizitzako azken hamar urteak, Errenteriako hauen etxean pasatu zituen Labordak. Nievesentzat (Ramonek Edurnetxo esaten zion) ezagutu ez zuen aitona izan zen.

4 Hasierako aipamen hauetan bataio agirien ortografia errespetatu dut, akats eta guztiz. Aurrerantzean euskarazkoa erabiliko dut.

5 Gasteiz, 1852-1927.

6 Sevillako Katedralean Retana 1912 urte arte geratu zen, eta hortik aurrera, Juan Bautista Elustiza (Bergara, 1885-Sevilla 1919) izan zen organo jotzaile, hil zen arte. Beste euskaldun batek jarraitu zien: Norberto Almandoz.

7 Istorio hau Ramonek berak kontatua da hamaika aldiz Zabaletatarren etxean.

8 Familia honetako nagusia Federico Echevarria Rotaeche zen (1840-1932). Echevarria S.A. Bilboko enpresa famatuaren sortzailea, besteak beste. Ondarroan bazuten etxea.

9 Hain zuzen ere, Rafael Picavea oiartzuarra Federicoren alaba batekin ezkondu zen. Rafaelen Picavea jauregia oso famatua izan zen, Oiartzunen ur korrontea izan zuen lehen etxea. Gerra garaian erre egin zen edo zuten. Rafael kazetari, politikari eta enpresa gizon oso ospetsua, Euzko Alderdi Jeltzailearen laguntzaile handienetako bat izan zen. El Pueblo Vasco egunkaria sortu zuen Donostian eta bertan idazten zuen, Alcíbar, sorleku auzoko izenez sinatzen zuelarik.

10 Bakarreko kantari moduan disko batzuk grabatu zituen susmoa ere badago. Consuelo Zabaletak ziurtatu dit bere etxean horrelakoak bazirela eta berak ongi ikusiak zituela. Ez dira, ordea, agertu. Geroago, Poxpolinen abesbatzarekin grabatu zituen batzuk, bera zuzendari, baina Ramonen ahotsa ez da horietan entzuten.

11 Nemesio Etxaniz (Azkoitia, 1899-Donostia, 1982), idazle eta euskaltzale ezaguna. Garai horretan Comillas, Kantabriako jesulagunen apaizgaitegian ikasten ari zen Nemesio, baina egun haietan, hain zuzen ere, Loiolan zen, familiaren gorabeheraren bat tarteko, etxetik hurbil izatearren.

12 José Gonzalo Zulaika Arregi (1886-1956). Apaiz kaputxinoa, Donostian jaioa. Erlijio izena José Antonio de San Sebastián hartu zuen, eta euskaraz Aita Donostia esaten zitzaion.

13 Ikus: Ansorena Miranda, José Luis. Aita Donostia. Izurun bilduma, Kutxa Fundazioa. Donostia, 1999.

14 Aita Polikarpo oso ezaguna izan zen Urola aldean, bereziki Eibar eta inguruko herrietan. La moral vasca: moralidad y costumbres izeneko liburu bitxia ere eman zuen argitara. Lasalletarren berri familiaren bitartez izan eta Kutxatekaren argazki batzuetan ere berretsi ahal izan dut. Hauen guztien artean harremanak izan ziren eta jaialdi batzuetan elkarren laguntzaile aritu ziren.

15 Émile Jaques-Dalcroze (Viena, 1865-Geneva, 1950).

16 Bilbon eman zuen hitzaldi hau, 1932ko maiatzaren 15ean, San Isidro egunean: “La Música en las Escuelas vascas”. P. Donostia, Obra literaria, Conferencias II. Sociedad de Estudios Vascos, San Sebastián, 1985. 87. o. Hitzaldian agertzen da urteetan mamitutako lana. Baina Paristik ere laguntzaileekiko etengabeko harremanei eutsi zien eta bisitan etortzen zen aldiro bilera asko izaten zituen akuilulari moduan.

17 Poxpolin hitza, eginkizun honetarako ongi aukeratua, haur hizkeratik dator. Liraintasun, edertasun eta dotoretasunarekin lotzen den hitz laztantsua da. Egun, ordea, neskentzat erabiltzen da batez ere. Ez zen horrela, ordea, antolamendu honetan. Horren froga, diskoetako aipamen hau: Por el coro de los poxpoliñas donostiarras”; eta Amale Arzelusek, ume txikia zela, Don Ramoni egindako omenaldian esaten zuena: “Poxpolin anaiak, ahizpatxo txikiak”. Apur bat aurrerago gure artikulu honetan bertan agertzen da. Amale gerra aurreko urteetan euskarazko irratian famatu zen, haurtxoa izanik, garbi eta txukun aritzen zelako. Geroago andereño izan zen eta Elbira Zipitriaren laguntzaile estua. Berehala aipatuko den Itziar Arzelusen ahizpa zen.

18 Barriola, I., “Gerraurreko antzerkigintza”. Jakin aldizkaria, 37. Urria-abendua. Donostia, 1985. 40-41 o. Honetan eta aurrerantzean agertuko diren aipamen zaharretan ortografia, ez besterik, eguneratu dut, irakurketa errazteko asmotan.

19 Ni haurra nintzela ere oraindik horrela zen eskoletan.

20 Etxaniz, Nemesio. “Laborda, haurren apaiza”. Zeruko Argia, 1965-02-21. Aipameneko egunero hori akatsa edo gehiegikeria da inondik ere, ostegunero behar luke.

21 Itziar Arzellus andereño izan zen Donostiako Parte Zaharreko Orixe ikastolan. Oruesagasti, Ainitze. Badihardugu Euskara Elkartea. https://ahotsak.eus/donostia/pasarteak/don-060-004/ Hemen pusketa besterik ez. Amaieran osorik.

22 Aipamen hauen testu barruko laburpenak ortografia batura ekarri ditut. Amaierako eraskinetan, aldiz, jatorrizko idazkera errespetatzen da.

23 Nemesio Arizmendi Urkola (Donostia, 1887-Bidarte, 1939). “Atarrene” sinatzen zituen bere idazlan eta bertsoak.

24 Aita Donostiaren eraginez eta ikastolen inguruan hasita zeuden batzuk abesti egokitze eta sorkuntza horretan. Poxpoliña abiatu aurretik ere, prestaketa lanetan ari zirela, Argia aldizkariak hainbat eman zituen argitara, partitura eta guzti. Euskadiko mendiak izeneko azken hau, esaterako, 1932ko azaroaren 27an eman zen argitara.

25 Batzuetan Llongueras agertzen da (Bartzelona, 1880-1953). Imanol Urbieta, gure artean horren lan handia egin zuen musikari zarauztarra, Bartzelonan aritu zen ikasle Escola de Música Joan Llongueres delakoan.

26 Juan Mari Lekuona, Manuelen iloba eta poeta adiskideak (1927-2005) horrela ziurtatu zidan behinik behin osabarengandik hartutako informazioa erabilita. Josebaren anaia Peli Markiegi ere Poxpoliñaren laguntzailea zen. Agian honen bitartez lortuko zuten hitz horiek idaztea.

27 1936ko urriaren gau batean, matxino militarrek Arrasateko hiru apaiz (Jose Joakin Arin, erretorea, Joseba Markiegi eta Leonardo Guridi laguntzaileak) bahitu eta fusilatu egin zituzten Oiartzungo hilerriaren ondoan, euskaltzale eta abertzaleak zirelako. Abesti horrek, hitzen eufoniaren jolas ederraz gainera, badu alegoria tankera ere. Garai hartako abertzale sutsu haiek nolako etorkizuna nahi zuten Euskal Herriarentzat umetxoei erakusteko era soil bezain eraginkorra: etxe pospola.

28 Hauetako hainbat grabatu genituen, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo taldearekin Poxpoliña. Haurtxo denok elkarturik izeneko diskoan. Puxtarri, 2011.

29 Ezin ziurtatu dezaket, baina hauek ere Joseba Markiegiren hitzak direla uste dut.

30 Hau Txomin Jakakortaxarenak sortua da (Berastegi, 1906-1993).

31 John Zabalo Ballarin (Manchester, 1892-Londres, 1948). Gerra aurreko eta ondorengo euskal marrazkigilea. Ikus: http://www.txikizabalo.com/cronista.php

32 Dantzaren konturako ikus: Ansorena, Jose Ignazio. “Joxe Mari Arregi Altuna (1916-1987). Dantzari, txistulari eta artista”. Dantzan, 2023-01-24. https://dantzan.eus/kidea/ansorena/joxe-mari-arregi ; Ansorena, Jose Ignazio: “Jesus Luisa Esnaola, dantza maisua”. Dantzariak aldizkaria, 67. zenbakia, 58-62. orr. Bilbo, 2022; eta Ansorena, Jose Ignazio.Izarti dantzari taldea eta gerra ondoko beste talde donostiar hainbat”. Txistulari aldizkaria, 259 zenbakia. Errenteria, 2019.

33 “Poxpoliñak Zarautzen” izenburuaz El Día egunkarian agertutakoa, 1933-09-13an. Ikus: Iriondo, Joxemari. Basarri, gerraurrean kazetari. 1931-1935. Auspoa Liburutegia, 328. Gipuzkoako Aldundia, Donostia, 2014. 130. o. Amaieran osorik dator eranskin gisa.

34 Hau ere, oraindik luzeagoa denez, amaieran jarri dut eranskin gisa. Zein dantza eta kanta egin zituzten, dena xehe-xehe dator. Betikoa izengoitiak hemen, Inazio Mujika Iraola adiskide adituaren ustez, Ander Arzelus, Luzear (1898-1949) idazlea ezkutatzen du. El Díako Euskal Orriaren zuzendaria izan zen, eta artikulu honetan bertan aipatu ditudan Amale eta Itziar Arzelusen aita.

35 Ingelesez non, noiz eta nola ikasi zuen ez dut datu ziurrik aurkitu. Hala ere, familian errezeloa zegoen gaztetan ikasi zuela, Etxebarriatarren laguntzaz, munduan barrena kantari aritzeko asmoa zuenean.

36 Xosé M. Núñez-Seixas, “Ecos de Pascua, Mitos rebeldes: El nacionalismo vasco e Irlanda (1890-1939)”. Historia Contemporánea, 55, 2017. 470-471 o.

37 «Cuando oí recientemente que los católicos de Irlanda estaban ofreciendo hombres y dinero al fascista Franco, la personificación del más brutal imperialismo, exclamé indignado: “Es imposible”. Irlanda no haría tal cosa a no ser que hubiera sido engañada».

38 Sanz Goikoetxea, Eneko eta Álvarez Gila Óscar, ENTRE DOS GUERRAS, La proto-delegación de Irlanda (1937) o la llamada del sentimiento. Delegaciones de Euskadi (1936-1975). Antecedentes históricos de los siglos XVI al XIX, origen y desarrollo. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Urazandi bilduma, 24. Bilbao, 2010. 141-142 o.

39 Antonio Vaquerizo Mariscal, La iglesia en el Madrid en guerra. Información y propaganda (1936-1939). Universidad Complutense de Madrid. Facultad de Ciencias de la Información. Madrid, 2017. Hemen datu interesgarri asko agertzen dira, han izandako polemiken gainean, e.a.

40 Pere Soler Parício, Irlanda y la guerra civil española. Nuevas perspectivas de estudio. Departament de Història Contemporània. Facultat de Geografia i Història. Universitat de Barcelona, 2013. 65 o.

41 Ikus: Arana Martija, José Antonio, Eresoinka. Embajada cultural vasca 1937-1939. Eusko Jaurlaritza. Bilbao, 1986.

42 Sabino zen iloba hau.

43 Oñatibia, Jon. “Don Ramon, agur”. Zeruko Argia, 1965.eko otsailaren 28.

44 Honen berri: Zavala, Antonio; Juan eta Pello Zabaleta: bertsolariak. Auspoa saila. Donostia, 1967. 63-64 o.

45 Ezagun hau erizaina zen lanbidez, baina bere amak arrosarioak eskuz egiten zituen eta saltzen. Monika Galarragaren etxera ekartzen zituen honek auzoan banatzen zituelako eta horrela ezagutu zuen Consuelok.

46 1957 eta 1974 urteen inguruan, adituek diotenez, sormen intelektual eta artistikoaren emankorrenetan, han bizi izan ziren.

47 Pelay Orozco, Miguel; Oteiza. Su vida, su obra, su pensamiento, su palabra, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao, 1978. Liburu honetan irudi horren bi argazki agertzen dira eta haiekin batera Oteizak idatzitako aipamen hori.

48 Abade bat sinatuta dator, Txistulari 1965, Bilbao. 41 zenbakia. Urtarrila, otsaila, martxoa. 32. o. Honetan jatorrizko idazkera utzi dut.

49 Etxaniz, Nemesio. “Laborda, haurren apaiza”. Zeruko Argia, 1965-02-21.

50 Ironiaz, noski, abertzaleak masoiak direla esaten dutenengatik ari da.

51 Meza isila, alegia kanturik gabekoa.

52 Misa de Angelis. Gregorianoaren tankeran, meza herrikoienetakoa, eliztar guztiek bateratsu kantatzeko oso erraz eta ezaguna.

53 Mattia Battistini (1855-1928), Italiako baritono oso famatua.

54 Don Benito Extremadurako herri bat da. Jerez de los Caballeros, berriz, Cadizkoa. Bien nahasketa egin nahi izan du noski.

55 Ramon Laborda eta Gabriel Olaizola, Poxpolina eta Euzko Abesbatzako zuzendariengatik ari da.

56 Frontón Urumeaz ari da. Donostiako Ramón Mª de Lili kalean zegoen eta aspaldi eraitsi zuten.

57 Eraztuna: antzezten zuten koreografia borobil berezi bat.

58 Inazio Mujika Iraola adiskidearen oharra: Alejandro Mendizabalen izengoitia zen. El Día-n eta Euzkadi-n idazten zuen noizbehinka, eta Txaranbel sinaduraren azpian Zarautz-tik jartzen zuen. Beraz, ematen du Zarauzkoa edo Zarautzen bizi zela. Basarri ere Zarautzen bizi zen, eta, nire ustez, erreferentzia hori, “galdetu Txaranbeli”, hark hilabete lehenago idatzi zuen artikulu batengatik da: “Belarrimotza-olatuak” (abuztuaren 5ean, El Día-n). Gerra etorri zenean, Eguna euskara hutseko egunkarian (1937, urtarrila-ekaina) erredakzioan ibili zen, beste kide hauekin batera: Basarri, Arizmendiarrieta, Zubikarai, Abeletxe e.a.

59 “Poxpoliñak Zarautzen” izenburuaz El Día egunkarian agertutakoa, 1933-09-13an. Ikus: Iriondo, Joxemari. Basarri, gerraurrean kazetari. 1931-1935. Auspoa Liburutegia, 328. Gipuzkoako Aldundia, Donostia, 2014. 130. o.

60 Honekin batera argitaratzen da. Ikus 30. oharra.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Jose Ignazio Ansorena

Jose Ignazio Ansorena