Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jose Ignazio Ansorena Joxe Mari Arregi Altuna (1916-1987) Dantzari, txistulari eta artista

Dokumentuaren akzioak

Joxe Mari Arregi Altuna (1916-1987) Dantzari, txistulari eta artista

2023/01/24 07:35
Joxe Mari Arregi Altuna (1916-1987) Dantzari, txistulari eta artista

Joxe Mari Arregi eta Danielle Martikorena.

Gerra ondoko urteetan nolakoak gertatu ziren herri musika eta dantzaren giroan Donostian eta donostiarren artean hiru artikulutan agertu nahi izan nuen eta horrela azaldu Izarti1 ustezko azkenekoan. Baina, hura irakurtzearen ondorioz, Xabier Arregi Zubiarrain, aspaldiko lagun eta auzokideak hainbat datu iritsi arazi dizkit bere osaba Joxe Mariren ibileren inguruan, osaba beraren eskutitz eta paper zaharretatik bilduak. Horiek ere idatziz jasotzea osagarri ona izan daitekeelakoan, hona beste aletxo bat. Eta hari beretik tiraka Jesus Luisa Esnaola eta Ramon Labordari eskainitako beste bi etorriko dira jarraian. Hiruretan gerraondoko kontuekin batera aurrekoak ere agertuko dira.

Donostiako Konstituzio Plazako 13. zenbakian jaioa naiz, hirugarren solairuan eskuinean. Joxe Arregi eta Felixitas Altuna2 senarremazteak laugarren ezkerrean bizi ziren. Joxek Parisen sukaldaritza ikasi zuen eta Donostiara itzuli zenean, beste sozio batekin elkartuta, Hotel Guria sortu zuen, San Juan kaleko 12.ean eta bertan aritu zen sukaldari. Primo de Riveraren diktaduraren garaietan, krisiaren ondorioz, itxi beharra izan zuten. Handik, berriro sukaldari, Sarriegi Plazan zegoen Zarauztarra jatetxera pasa zen. Eta, hura utzitakoan, Zorroagako Miserikordiak zuen ehortzetxeko bulegoan langile izan zen. Hor jarraitu zuen erretiroa hartu arte. Felixitas etxekoandre sendoa zen, etxean eta inguru osoan errespetu handikoa. Besteak beste, emaginarena ere egiten zuen auzoan. Ni amaren sabeletik berak atera ninduen, antzinako legean etxean jaioa bainaiz.

Bederatzi semealaba izan zituzten: Felixitas, Conchita, Alejandro, Modesta, Joxe Mari, Mariatxo, Rosarito, Karmentxo eta Teresatxo. Oso giro euskaldun eta euskaltzalean hazi ziren denak etxe hartan.

001_1933_KilikitaldeaDonostiakoKonstituzioPlazan_r.jpg
1933. Kiliki taldea Konstituzio Plazan. Joxe Mari ezker aldean eta atzean.

Eskolak eta Poxpolina mugimendua

Alderdi zaharreko familietan ohikoa zenez, alaba guztiak Karidadeko ahizpek gobernatutako Elizarango eskoletara joan ziren. Eta mutilak salletar fraileek auzoan zuten Los Ángeles ikastetxera. Joxe Marik jada azken honetan erakutsi zuen marrazkigintza eta musikarako dohain eta zaletasunak zituela. Hamalau urtez, ikastetxea utzi eta linterneria –iturgintzari horrela esaten zitzaion Donostian– tailer batean hasi zen lanean. Horrekin batera, garai hartako donostiar haur eta gaztetxo asko bezala, Ramon Laborda3 apaiz bergaratarrak sortutako Poxpoliña mugimenduaren taldeetan aritu ziren anaiarreba guztiak eta han euskal dantza eta kantak jorratu zituzten. Gaztetatik Satxa, Alejandro anaia, eta Joxe Mari EAJ alderdiaren inguruan ibili ziren, Mendigoixale eta Jagi jagi taldeetan. Hiru kontu hauek –euskara, poxpoliñen mugimendua eta giro abertzalea– batera joan ohi ziren garaiko gazte donostiar askorengan eta maiz zailak ziren bereizten, pertsona berberak ibiltzen baitziren batean eta besteetan. Esaterako, txistu irakasle aritu ziren Juanito Jauregi errenteriarra eta Patxi Mugerza aginatarra Poxpoliña antolamenduan, Kursaalean, eta Groseko batzokian ere bai. Eta Jesus Luisa Esnaola koreografo eta euskal dantza maisuak ere bietan jardun zuen. Donostiako mugimendu eta pertsona horiek merezi dute azterketa hobea, lan neurrigabea egin baitzen haien inguruan. Haiekin ikasi zuten dantzan Arregitarrek eta Joxe Marik txistua jotzen ere bai.

Alejandro dantzari aritzen zen taldeari Ankabaldarrak deitzen zioten. Poxpoliña inguruko koskorrenak ziren. Joxe Mari, aldiz, gazteagoak dantzatzen ziren Kiliki izenekoan. Jesus Luisa Esnaolaren agindupean dantzari trebe bihurtu ziren. Gerra aurreko garai horietan saio ugariak eskaini zituzten, giro abertzalean antolatzen ziren jaialdietan. Hortik etorri zitzaion Joxe Mariri bizitza osoan eutsiko zion Jesus Luisarekiko adiskidetasun mina.

002_1933_KilikiDantzaTaldea_r.jpg
1933 Kiliki taldea. Eusko Gaztediren banderarekin. Txistularia, Antxon Bastida. Bizitzak erbestean elkartzera ere eramango zituen biak.

Jesus Guridi musikariak Amaya opera4 Bartzelonako Liceuan aurkeztu zuenean, 1934.eko apirilean, Ankabaldarrak han izan ziren, esku programan euren izena agertzen ez bada ere: Dansaires ESPATADANTZARIS TXISTOLARIS besterik ez zen azaldu. Honekin batera doan argazkia lekuko, non Satxa Arregi agertzen den.

003_1934_AnkabaldarrakBartzelonakoLizeoan_EskubianzutikSatxaArregi_r.jpg
1934. Ankabaldarrak Bartzelonako Liceuan Amaia operaren estrainaldian. Eskuineko lehenengoa Alejandro, Satxa, anaia da.

 

004_AmayaBarzelonakoestrainaldikoprograma_003orr_detallea.jpg
1934. Bartzelonako Liceuan Amaia operaren estrainaldirako luxuzko eta orrialde askotako programa argitaratu zen. Hemen orri bat, non Espatadantzaris Txistolaris aipatzen diren.

1935.eko uztailaren 21ean inauguratu zen Ulialde, Groseko batzokia. Hori zela eta, hainbat ospakizun antolatu ziren. El día egunkari abertzaleak, garaiko estilo arranditsuan, honela jaso zituen egun hari zegozkionak5:

EL PRINCIPIO DE LOS FESTEJOS
La proverbial costumbre de los vascos no estuvo ausente en estas fiestas inaugurales del Batzoki Ulialde y como primer acto del día de su inauguración la Banda de txistularis que tan acertadamente dirige nuestro amigo el gran txistulari Patxi Mugerza, amenizó las calles del Barrio, a primera hora de la mañana, anunciando, de esta forma secular basada en los cimientos de la tradición, los festejos que pocos momentos después tenían lugar (...).
ESPATADANTZARIS Y GORULARIS
Varios taldes del Batzoki del Antiguo, de ese Batzoki que en el corto período de su actuación tantas muestras de su actividad va demostrando, compuestos de espatadantzaris e hilanderas bailaron el “Lauburu dantza” y otras. Las “gorularis” por su parte, bailaron la “Sagar dantza” y “Zintza dantza” y los mutiles varios números del la viril espatadantza de Bizkaia.
La exhibición, espectacular y vistosa como siempre, provocó largas ovaciones del público que se hallaba presente. Ocioso nos parece decir que las huestes infantiles hicieron una magnífica labor (sic).

 

005_1934_KilikiUlialdebatzokiarenzabalpenareneguneanTxofrezezenplazarenazpian.jpg
1934. Ulialde, Groseko Batzokiaren inaugurazio egunean auzoko kaleetan jira egiten. Txistularia, Patxi Mugerza. Joxe Mari eskuin aldeko lehen dantzaria, atabalariaren ondoan.

Gerra eta ondorengo garaiak

1936.eko gerra piztu zenean, bi anaiek abertzaleen alde borrokatzera joateko asmoa agertu zuten etxean. Baina gurasoek ezetz erantzun zieten: anaiarrebetan bakarrik bi mutil zirenez, bat etxean geratu behar zela. Horrela, bi anaien artean zotz eginda, Joxe Mariri egokitu zitzaion joatea. Alejandro etxean geratu zen.

Ez dakigu zehatz-mehatz zein ibilbide izan zituen. Joxe Mari Jesus Luisaren gertukoa zen eta Donostia nazionalen eskuetan erortzekotan zegoenean, bertan geratu ziren elizak eta monumentoak zaintzen, muturreko ekintzaileek su eman ez ziezaieten, Irunen gertatu bezala. Luisa Segurtasun arduradunetako bat baitzen. Santoñako hitzarmena lotu zenean, han ziren biak batera. Eta Eresoinka enbaxada kulturalean ere, Jesus Luisak deituta, Joxe Mari dantzari, gutxi batzuetan txistulari6, eta Antonio Guezala pintore eta dekoratugilearen kolaboratzaile ibili zen.

006_1938_Eresoinkataldea_JoxeMaridantzarienarteaneskubikoa_OndoanAntxonBastidatxistularia..jpg
1938. Eresoinkaren oso argazki ezaguna Chateau Belloy delakoan. Euskal musikaren eta kulturaren izen sonatuen artean, bi txistulari makurtuta: ezkerrekoa, Jon Oñatibia eta eskuinekoa, Antxon Bastida. Azken honen ondoan, Joxe Mari Arregi.

009_TXISTULANDIA_r.jpg
Txistulandia izena jarri zioten Eresoinka barruan beti umorerako prest zegoen kuadrillari. Hemen festa egun baterako antolatu zuten programaren orrialde bat.

010_TXISTULANDIA2_edit.jpg
Txistulandian irratia entzuteko kluba osatzen zutenen kontuak eramateko koadernotxoaren orriak.

Eresoinka taldekoei, gerra amaitzean, Eusko Jaurlaritzak elkarrekin jarraitzeko agindua eman zien, uste izan baitzuten Ameriketara joateko modua aurkituko zuketela Euzkadiren aldeko propaganda artistikoarekin segida emateko. Baina Gerra Mundialaren leherketak eragotzi zuen aukera hori.

Okzitanian, Tarbes aldean lantegi militarizatu batean hasi zen lanean, aliatuen ahaleginarekin kolaboratzen. Han adiskidetu zen Michel Arcangues, Iparraldeko familia aristokrata baten semearekin. Bera bezala marrazkigile, eskultore eta txistularia, bien artean lotura sendoa sortu zen7. 1940.eko ekainean, Vichyko frantziar Gobernua eta alemaniarrak negoziatzen ari ziren egunetan, Joxe Mari saiatu zen Baionan Ingalaterrara zihoan untzi batean itsaroratzen, porrot egin zuen ordea. Aurrera egiteko baliabiderik gabe, Irundik muga igarotzen ahalegindu zen, baina han bertan izan zen atxilotua. Batallón de Trabajadores del Campo de Gibraltar zelakora bidali zuten. Han izan zen 1940.eko abuztuko 8tik 1943.eko abenduaren 31 arte. Aurrenik errepideak egiteko lan gogorrean, geroago automobilen tailerrean eta azkenik escribiente eta haurrentzako eskolak ematen. Behin betiko lizentzia 1944.eko uztailaren 6an eman zioten. Algecirasetik Donostiara Correo trenean egin zuen, ia egun osoko bidaian8.

007_SoldaduskanAlgecirasen_r.jpg
1941. Etxera itzulita eta presondegitik ondoren, Algecirasen soldaduska egin behar izan zuen.

Etxera bueltan, berehala hasi zen lehengo lepotik: gerra ondorengo sakabanaketaren lehen urteak –batzuk erbestean, beste batzuk espetxean, soldaduskan edo Trabajadores presoen lan taldeetan– igaro ondoren, piskana lagun kuadrilla ederra elkartu zen berriro Donostian. Saseta bataloiko ofizial ohiekin harremanetan jarri zen eta subertsioan laguntzeko eskaini zuen bere burua. Bosteko izena zuen sarean sartu zuten: alemaniarrentzat wolframioa non eta nola ontziratu behar zen argitzea eskatu zitzaien. Berehala lortu zuten. Horrekin batera, 1944-1945 urteetan, Joxe Mari, Satxa eta lagunek birsortu zuten Kiliki dantzari taldea. Taldeak Koruko Ama Birjinaren elizaren babesa hartu zuen, hemengo Santa Marta deitutako geletan egiten zuten entsegu eta sarri kolaboratu zuten eliza beraren magalean sortu berria zen Scholla Cantorum de Nª Señora del Coro abesbatzarekin. Hasieratik beste dantzari fin eta lagunak elkartu ziren: Bixente Amunarriz9; Gaspar Urrestarazu10 ; José Miguel Saseta11; Pedro Santamaria Usandebaratz, Kirol12; Alejandro Arregi, Satxa, anaia; Juliantxo Larrañaga, Urko kantariaren aita eta beste hainbat.

008_1946_JoxeMariadarrajotzenetaKirolSantamariamakurtutaKursalekoterrazan.jpg
Kilikiko lau lagun Kursaaleko terrazan. Joxe Mari adarra jotzen. Zentzu guztietan gogoko baitzuen horixe. Makurtuta txikitandiko adiskidea, Kirol, Pedro Santamaria.

Taldeak estaldura ona ematen zien berehala hasiko zuten jarduera klandestino antifrankistari ekiteko. Ez zuten, baina, horregatik lan artistikoaren maila jaitsi. 1944.eko urriaren 6an, Antzoki Zaharrean, estrainaldi arrakastatsua gertatu zuten: La melodía Borda-Berri zartzuela. Libretoaren egilea A. Múgica13 zen eta musikarena, José Luis Iturralde. Azken honek zuzendu zituen Orkestra, Donostiako Orfeoia eta Compañía Lírica de Luis Calvo zelakoaren kantariak. Dantzen koreografia gure Joxe Marik atondu zuen. Hurrengo eguneko La Voz de España egunkarian, sinadurarik gabe, honela dio14:

El grupo Kiliki bailó maravillosamente el ballet del segundo Acto y justo es mencionar el nombre del compositor del baile José María Arregui, que junto con los demás danzantes, obtuvieron una gran ovación, mereciendo los honores del bis (sic).

Eta urriaren 7an, Diario Vasco egunkarian, Juan Gorostidik hau idatzi zuen kantarien inguruan aritu ondoren:

Y ahora amigos profesionales... perdón. Quiero decir unas palabras sobre otros artistas. Pero estos son nuestros: los dantzaris.
Han montado un auténtico ballet vasco, aprovechando, raro mérito, una música tan popular como la arku-dantza. No sabe uno, que admirar más; si la concepción, la puesta en escena o la interpretación. Anoche me acordaba mucho de nuestros bailes populares y de estos poetas del arte popular. Hacía muchos años que la danza no me había reservado emoción igual. La coreografía de este ballet, revela un talento poco común en quien lo ha montado. Nuestras danzas, la viril vizcaína. La señorial guipuzcoana y la recia navarra, han inspirado a estos artistas, pasos tan depurados, plástica tan armoniosamente, nos presentan finísimos nuestros bailes. Como los hemos visto ayer. Ningún escenario de moderna técnica, puede sentir rubor, de sentirse pisado por estos artistas. Han usado de aquellos pasos más elegantes y sus dificultades nos las ofrecen con espontaneidad; así resulta de ponderado el desarrollo de este ballet, que iniciando con la “Gavota” souletina, resuelve en el clásico arku-dantza, primeramente expuesto en tiempo lento, de exhibición escolástica, hasta llegar a la vertiginosa resolución final, mezcla de ritmos, arcos, saltos, alegría y júbilo de estos poetas de nuestro pueblo que han bailado nuestras bellas danzas estilizándolas con gran acierto (sic).

 

1945.eko ekainaren 14ean, berriro antolatu zen Antzoki Zaharrean, folklore jaialdi berezia, IV Reunión Anual de la Real Sociedad Española de Física y Química biltzarrera etorritakoen omenez. Kiliki taldearekin batera, Maitea eta Easo abesbatzak eta ordurako sortua zen Schola Cantorum elkarteko dantzariak. Zuzendari Luis Urteaga maisua eta antolatzaile Manuel Olaizola, garai horretan Donostian Kursaaleko kudeatzaile eta primerako eragile kultural gertatu zena. Kilikitarrek La melodía Borda-Berri zartzuelarako Joxe Marik sortutako koreografia berriak taularatu zituzten berriro eta horiekin batera beste hainbat: Zahagi dantza, Jean Petit qui danse eta Danza popular vizcaína. Ekainaren 15ean La Voz de España egunkarian horrela idatzi zuten: :

Y pasamos a la parte de danzas, repartiremos nuestra gratitud entre esas señoritas de la Sección Femenina, a quien debemos dos interpretaciones deliciosas de un “Minuet” y “Sagar Dantza” y los grupos de hombres de Kiliki y Schola Cantorum. El baile Bordaberri y la danza popular navarra a cargo de los primeros, no los mejora el mejor profesional.
La coreografía de Bordaberri que nos aseguran es de uno de sus bailarines, es una joya y su interpretación nos hizo sentirnos en presencia de ocho artistas de la danza (sic).

Dantzari eta lagun kuadrilla honek, beste hainbat euskaltzalerekin batera, Esterlines kalean zegoen15 Ur kirolak elkartean zuen aisialdirako biltoki. Horrela, 1945.eko urriaren 4ean, Gran Kursaal antzokian kilikitarrek funtzio bereziak antolatu zituzten Pro Yola de Ur Kirolak, alegia yola arraunlari taldearentzako laguntza ekonomikoa lortzeko. Arrakastatsu omen ziren ikuskizun horiek bi emanaldi egin zituztelako: 19:15ean eta 22:30ean. Jaialdian parte hartu zuten Easo abesbatzak, Donostiako Udalaren txistulariek, Scholako neska dantzariek eta Basarri bertsolariak. Euren dantzez gainera, emanaldiaren antolakuntza Kilikik gidatu zuen eta partehartzaile guztiek baturik egin zuten azken atalaren sorkuntza Joxe Mariren lana izan zen.

1945.eko abenduaren 27 eta 28an, Donostian eragin luzea izango zuen ikusgarria eskaini zen: Estampas de Navidad. Honen antolakuntza eta burutapena Schola Cantorum taldean gertatu zen eta kilikitarrak kolaboratzaile aritu ziren. Genaro Xavier Vallejos Jabala zangozar apaiz idazle baten Pastoral de Navidad hartu zen oinarri gidoia osatzeko. Garai hartan egilea zein obra famatuxeak ziren eta horko testu batzuen inguruan antzezpenak, dantzak eta musika erlijiosoa (Bach, Haendel...) aurkeztu ziren. Juan Urteaga, garai hartan Santa Mariako organo jotzaile ofiziala eta Luis Urteaga maisuaren semea, zuzendari aritu zen. Schola abesbatza eta Kiliki taldeko dantzariez gainera, Grupo de Arte de Cultura Femenina, Bizente Amunarriz16 eta haur kantari taldea (On Gelasio Aranbururen17 zuzendaritzapean eratutako Coro de angelitos, zagalas y pastores) partaide izan ziren.

Era berritzailea zuen funtzio honek eta donostiarrak txundituta utzi zituen. Eguberrietako egun berezi horietan, prentsari berandutu egin zitzaion aipamena, baina hoztu ez. 1946.eko urtarrilaren 10ean, Diario Vasco egunkarian, honela idatzi zuten:

También los Kilikis, como tantos otros llevados de esa afición tan profunda que lleva consigo la danza han leído y aún leen pasajes inverosímiles de la vida de Nijinsky18, el Dios de la Danza en todos sus aspectos.
Todo esto, sin embargo, pertenece a la historia y al sueño, pero la actualidad de estos Kilikis nos demuestra que de sus sueños y del contacto con figuras de raigambre internacional, han producido una realidad que puede ser anuncio de otras obras aun de mayor valor y categoría. No obstante, esta reacción favorable del público anima al grupo Kiliki, en la acometida de nuevas empresas de mayor envergadura. Algunos, preguntarán con razón a quién se debe la coreografía de los bailes y aquí el elogio ha de ir principalísimo a la persona Joxe Mari Arregui, un joven donostiarra interprete también de los números en cuestión y que naturalmente quisiera ser en lo sucesivo más organizador y preparador que otra cosa. No obstante, se trata del dantzari más logrado y su presencia es aún muy necesaria en los escenarios (sic).

 

Handik gutxira, urtarrilaren 13 eta 14ean, Bilbon errepikatu ziren Estampa horiek, Teatro Ayala delakoan. Eta La Gaceta del Norte agerkariak honela jaso zuen berria:

El grupo Kiliki se dio a ver lo suficiente para presentir lo que vale y lo finamente que baila; agradándonos mucho, el que sepa hacerlo dentro de una temática de baile, fundamentalmente vasco, aunque se advierte una cierta influencia del estilo suletino (vasco al fin y al cabo) en la actitud del cuerpo y ejecución rápida del “punto” (sic).

Eta Hierro egunkariak:

El grupo Kiliki, baila unas danzas con una exactitud y ritmo maravillosos, acompañados del coro.

Martxoaren 10ean, Nafarroan aritu ziren, Berako Eztegara frontoian antolatutako jaialdi erraldoian: pilota partidak, esku soinuaren garaiko izarren agerpenak (Angiozarko itsua, Altuna, Ereña, Larrañaga eta Soinu), Basarri eta Uztapide bertsolariak... eta Kiliki dantzari taldea. Honela jartzen zuen programetan: Los caballeros y las señoras pagan 2 pesetas y los soldados 1 peseta.

Bost egunetara, martxoko 15ean, Donostiako Gran Kursaalen beste jaialdi sonatua prestatu zen: Los Xey talde famatuak Ameriketako bira abiatu behar zuen19 eta donostiarrek agur festa berezia eskaini nahi izan zieten. Easo eta Maitea abesbatzak, Don Tancredo y sus muñecos (Radio San Sebastián irratian famatuak ziren aktore taldea), Pepe Andoain eta Pepito Yanci soinu jotzaileak, baita Kiliki taldeko dantzariak ere Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako dantzak eskaini zituztelarik. Ekitaldi horretan Los Xey taldeak ere abesti batzuk eskaini zizkien donostiarrei agur moduan.

1946. Kiliki Kursaal zaharreko kamerinoen ondoan. Txistulari, Antxon Bastida eta atabalari, Jose Mari Gutiérrez, Tximua. Dantzariak ezkerretik eskuinera: Satxa Arregi...

Politika klandestinoaren arloan egin zituzten balentriak nabarmentzen hasi zirelako edo, dakigularik, azken saioa 1946.eko apirilaren 12an izan zen, berriro ere Kursaalean. Eguberrietan izandako arrakastaren ondorioz eta ildo beretik, baina Aste Santuaren giroan, Estampas de la Pasión antolatu zuen berriro ere Schola Cantorum taldeak. Berrehun eta hogeita hamar partehartzaile baino gehiago ziren oholtzaren gainean eta kilikitarren taldeak ere aitorpena lortu zuen egindako lanarengatik:

Los Kilikis soberbios en cada una de sus intervenciones, destacando, por su novedad, el baile de la procesión, interpretación depurada del tradicional Ezpata Dantza de Zumarraga.

Hortik aurrera polizia frankistarengandik ihes egin beharrak Joxe Mari beste bideetatik eraman zuen eta kilikitarrak, gidaritzarik gabe, itzali egin ziren.

Jarduera politikoa

Donostiako estropadetan Kontxako bandera ofizialki Francok ematen zion irabazleari Azor bere untzian. Baina jarraian arraunlari txapeldunak Donostiako Udaletxera, orduan Konstituzio Plazan20, joaten ziren eta balkoira aterata, herriaren aurrean erakusten zuten harro irabazitako ikurra. Plaza gainezka egoten zen festa giroan. Momentu horretan, 1945. urtean, txapligu mordoa bota ziren nonbaitetik, zeintzuk lehertzean jausgailu edo paraxutak askatzen zituzten. Horietan euskal ikurrinak eta Eusko deiak21 zintzilik jaitsi ziren plazara. Bosteko ekintzaile taldearen lehen ekimen ikusgarria izan zen, polizia eta nazionalen artean amorru handia eragin zuena. Prestakuntza eta jende bilketa lan arduratsuen ondoren, hor hasi ziren nabarmentzen. Joxe Mari Arregi zen taldeko buru.

Ezkutuko lanetan ordu asko eman zituen Joxe Marik. 1946.eko otsailaren 1etik 2rako gauean, bere bihotzeko lagun zen Michel d´Arcangues, Donostiatik Sokoara gauez itsas bidaia sekretuan hil egin zen, ongi argitu gabeko moduan. Astindu handia izan zen Joxe Marirentzat eta ongi ulertu arazi zion ez zirela txantxetan ari, arrisku handiko borrokan baizik.

012_MicheldArcangues.jpg
Michel d´Arcangues, adiskide handia era misteriuotsuan hildakoa.

Urte bereko apirilaren 20.ean, Aberri Eguna bezperan, Urgull mendiaren magalean, Santa Teresaren harresian, pintaketa abertzale handia agertu zen. Hurrengo gauean Alejandro eta Joxe Mari, bi anaiak, atxilotu zituen poliziak. Euren partehartzea frogatzeko inongo arrastorik izan ez eta dantzari taldean egiten zuten lana zela medio, Ignacio Mª Lojendio eta beste euskaltzale eskuindar batzuk egindako bitartekaritzari esker, hirugarren egunean askatu egin ziztuzten. Hala ere, polizia frankistaren laxoa estutzen ari zen haien inguruan.

013_1947_IafamiliaosoaSatxaetaLolirenezkontzan_KontxietaDioni_Maritxo_Aitona_AmonaRoxi_ModesAndresTereKorutxoKarmen.jpg
Ia familia osoa Satxa anaiaren ezkontzan:..... Joxe Mari falta da herbestean delako.

1947.ean ekintzaile askoren atxiloketa gertatu zen. Irundik hasita Errenteriaino lagun ugari harrapatu zituzten. Joxe Marirentzat arrisku handia zekarren, bera baitzen horien eta Donostiaren klandestinitate abertzalearen artekaria. Polizia, ziegetan egindako galdeketetan lortutako informazioaren ondorioz, lantokira (ziur ez badakigu ere, Zaldi motoreak egiten ziren tailerra zela uste dugu), bila joan zitzaionean, jakinaren gainean egonik, alde egina zen. Ezkutaturik, bi hilabete ezkutaturik pasa zituen adiskide garbi22 batzuen etxean, Bilbora alde egin eta han Cándido Etxeberriarekin harremana izan zuen. Hark Euzko Jaurlaritzako zerbitzuetan lan egitea proposatu, Joxe Marik onartu eta Madrila bidali zuten horren ondorioz. Han klandestinitateko lanak egin eta, bide batez, dantza eskoletara joaten hasi zen, hain zuen gogoko artearen arlo hau.

1948.eko urtarrilaren amaiera aldera, aurreko arazoa erdi ahaztuta zegoen ustez, Donostiara itzultzea erabaki zuen. Baina orduantxe zerbitzu klandestinoen hainbat ekintzaileren erorketa gertatu zen berriro, nabarmenena Jesus Intxausti, Uzturre famatuarena. Atzera ezkutatu behar izan zuen. Gorderik zegoela, Jaurlaritzako ordezkariek jakinarazi zioten atxilotutako hainbaten aitorpenetan bera agertzen zela sarearen erantzule nagusi eta Espainiatik alde egiteko agindu. Apirilean Pasaitik arraunetako txalupa batean abiatu zen. Hendaia eta Sokoaren arteko tarte batera ailegatu zen itsasoz. Handik Baionara eta han Primitivo Abad beste ekintzailearekin batera aritu zen ezkutuko lanak prestatzen. Harekin hainbat txango egin zituen Hegoaldera propaganda klandestinoa ekartzera.

1948.eko maiatzan, Baionan zegoela, Paristik deitu zioten eta hango Euzko Jaurlaritzaren langile aritzeko eskaintza egin zioten: inprimatzeko makina bateko arduradun nahi zuten. Baietza eman eta Parisa abiatu zen.

1948.eko ekainean, Parisko frontoi batean eratutako euskal jai batean Gernika dantzari taldeko neska bat ezagutu zuen, Antonina Danielle Martikorena Urquiluz. Aita etxalartarra zuen eta ama urepeldarra, baina Orreagan jaioa zen 1920.eko otsailaren 29an. Urte bete geroago ezkondu ziren eta hil arte elkarrekin jarraitu zuten.

020_1949_JoxeMarietaDanielledantzarijantzita.jpg
Joxe Mari eta Danielle dantzari jantzita

1949. Danielle eta Joxe Mariren ezteiak Parisen. Dantzariak ondoan ezinbestez.

1949. Danielle eta Joxe Mari ezkonberritan.

Baina egoera ekonomiko larrian ibili zen, Jaurlaritzak gutxi ordaintzen ziolako eta ez beti fundamentuz. Horregatik hainbat aldiz arazoak izan zituen, Parisen bizitzea garestia izan eta zorrak hazten baitzitzaizkion. Agirre lehendakariari ere idatzi behar izan zion, kexua agertzen egoera hura zela eta. Azkenean, 1966.eko urrian, Jaurlaritzako lana utzi eta bestelakoetan jardun zuen bizitzeko lain emango zion soldata lortzeko.

Egoera jasaezinean Jose Antonio Agirreri bidalitako eskutitza.

Jaurlaritzaren Ordezkaritzan egiten zuen lanaz gainera, Gernika dantzari talde horretako txistu eta dantza atalak zuzendu zituen, gratis et amore. Abesbatza Paul Legarraldek gidatzen zuen23. Dantzarien artean Gene Yurre donostiarra, geroago 1972. urtean, Donostian Kresala taldea sortuko zuena. Horretan jarraitu zuen 1969. urte arte.

Joxe Mari txistulari Parisko Gernika taldeko batzuekin

021_1950Pariskoeuskaldunenfestabatean_JoxeMaribertsotan.jpg
1950. Parisko euskaldunen festa batean, Jose Mari bertsotan.

022_1950Pariskoetxean.jpg
Parisko etxean bazkalondo batean. Danborrarekin, Joxe Mari Gutiérrez, Tximua, atabalari eta irrintzilari ezaguna.

Honela dio Jesus Maria Leizaola lehendakariak 1969. urtean sinatutako zertifikatuak:

D. Jesús María de Leizaola, presidente del Gobierno de Euzkadi en exilio. CERTIFICA que D. José María de Arregui y Altuna, formó parte de este Gobierno, dependiendo directamente de los servicios de Presidencia, desde el mes de Junio de 1948 hasta Octubre de 1966, distinguiéndose por su lealtad y eficacia. Y para que así conste expido el presente Testimonio en París a Ocho de Octubre de 1969.

018_1949Gernikataldekotxistularilagunak.jpg
Gernika taldeko txistulari lagunak.

Gernika taldeko saio batean. Gene Yurre ezker aldeko lehen dantzaria. Joxe Mari txistularia zen

Erbestearen itzulera. Elgar oinka

1969. urte horretan Donostiara itzuli zen emaztearekin batera. Aspaldiko ametsa zuen eta aita patalduta zegoenez, honen azken urteak ondoan nahi zituen eman. Familiak bazuen etxebizitza bat San Jeronimo kalean, 7 zenbakiaren lehengo estaian. Ordu arte han bizi zen Satxa anaia Loli Zubiarrain emaztearekin eta hiru semeekin. Baina haiek orduan erosi zuten gure etxe ondokoa Konstituzio Plazan, Jose Marik eta Daniellek nora joana izan zezaten.

copy_of_023_1960alderaParisen_JoxeMarimargolaria.jpg
1960. urtearen inguruan, Parisko etxean, Joxe Mari margotzen.

Jose Mari saltzaile gisa jarri zen (egun komertzial eta garai hartan errepresentante esaten zitzaiona) eta fotografia estudioa atondu zuen etxean. Danielle emaztea laguntzaile hasi zen bulego batean eta Felitxu Eraso24 andereinoren laguntzaile ere bai, frantses eskolak ematen. Jose Marik oso maite zuen pintore lanari ere ekin zion eta enkarguzko koadroak egiten hasi zen. Bere kabuz, garai hartako bertsolari famatuenen erretratu saila prestatu (Basarri, Xalbador...) eta erakusketa antolatu zuen Donostian arrakasta onez. Koadro gehienak saldu egin ziren. Soilik Manuel Lasarterena geratu zen etxean eta, Danielle hil zenean, familiak Eusebio Lasarte, Manuelen semeari, erregalatu zion. Egun, hark emanda, Idiazabalen dago, Maria Eujenia Gabilondo Lasarte lehengusuaren etxean.

024_JoxeMaritxistulari_Auroretratoa.jpg
Autorretratoa.

025_ManuelLasartebertsolariarenerretratoa1.jpg
Manuel Lasarte bertsolariaren erretratoa. Bertsolariak sailetik.

Handik gutxira, 1971.ean, Jesus Luisa Esnaola aspaldiko lagun eta maisuak Mexikoko erbestealdi luzeari amaiera jarri eta Euskal Herrira itzuli zen. Hazparnen egokitu zen eta han sortu zuen Elgar Oinka dantzari taldea, zortzi neskez osatua. Burutapen berritzaileak zekartzan eta berehala deitu zion Joxe Mariri, ondoan laguntzaile nahi zuelako. Hasieran txistulari gisan, baina herrian berehala lortu zuen txistuaren aldeko giroa eta hamar bat lagunen taldea bildu zuen. Talde horren baitan lauko banda ere prestatu zuen, Biligarroak izenez Donostiako Isidro Ansorena lehiaketan parte hartu eta bosgarren saria eskuratu zuena. Baina 1972.eko martxoan Jesus Luisa hil egin zen eta Joxe Marik hartu zuen talde osoaren gidaritza.

Biligarroak taldea, meza batean jotzen. 1975 aldera.

Bazuen oraindik kemen aski aurrera begiratzeko. Urte horretantxe Zeruko Argia astekariari eskainitako elkarrizketan, honela zioen:

Beste dantza talde folklorikoen gisakoak ez gara gu. Gu ez gara talde folkloriko bat. Guk ez dugu lehengo euskal dantzarik dantzatzen (…). Guk ez ditugu ez Gipuzkoako, ez Lapurdiko eta ez Euskal Herriko beste inongo dantzarik dantzatzen. Talde folklorikoa ez ginela horregatik nion. Guk dantza berriak sortu ditugu.

Lehengo dantza zaharrak gorde eta indartu egin behar dira. Dantza zahar asko dago gainera erdi galdurik Euskal Herriko bazterretan. Dantza horiek jaso eta dantzatu egin behar dira. Talde folklorikoak zenbat eta ugariago eta hobe (…). Dantza zaharrak dira gure dantzen oinarri. Dantza horiek dituzten pausoez baliatuz egiten dugu guk gure dantza berria. Lehengo dantzen muina bilatuz eta jasoz dantza berria moldatzen dugu, espresio berria ematen diogu. Euskal sustraiari jarraituz ari gara beraz lanean.

(...) Gu egiten ari garena hasiera bat besterik ez da. Gu bideak urratzen hasi gara. Irteera bezala berriz nik oso handia ikusten dut. Orain badira abesti berri asko. Abesti horiez baliatuz dantza asko eta asko egin daiteke. Dantza batzuk onak izango dira, besteak txarrak. Baina piskana piskana gauzak taxutzen joango dira. Hori herriak esango du25.

Saiatu eta lortu zuen, 1975.erako, taldea mutilez ornitzea eta mixto bihurtzea. Horrela ekin zioten Luisak erdi antolatua utzi zuen bigarren emankizunari, aurrerantzean zabalduz joan zen talde handi eta errotua bihurtu zelarik. Geroago zabaldu diren beste hainbat euskal dantzari talderen (Kukai, Aukeran, Haatik...) aurrekari izan zirela esan liteke.

Ahal zuen igandeetan –maiz Hazparnera joan behar izaten baitzuen– Donostiako txistularien kontzertura etortzen zen. Gu agertu aurretik zain egoten zen eta berehala txalotzen gintuen. Kontzertua amaitzean han geratzen zen eta ohikoa zen galdetzeko zerbait izatea, obra baten edo bestearen inguruan. Jakinminez beti. Behin baino gehiagotan Antxon Bastida, ibilera askotan (Poxpoliña, Eresoinka...) lagun izandakoa ere kontzertura agertzen zen eta elkarrizketa mamitsuak sortzen zitzaizkigun. 1981. urtean Donostialdeko txistulariok omenaldi koskor bat egin genion eta xafla bat eman oroigarri gisan.

Azken urteak

Hainbeste urtez aitortu gabeko lanetan eman ondoren, zahartzaroan ez zuten egoera ekonomiko lasaia izan Joxe Marik eta Daniellek, baina familiaren laguntza ez zitzaien inoiz falta eta moldatu egin ziren duintasunez bizitzen zuten apurrarekin. 1987.eko azaroaren 8an, Behobia-Donostia lasterketaren iritsiera ikustera joan zen goizez eta bazkaldu ondoren lo-kuluska egitera etzan ohean. Ez zen jaiki, bertan hil zelako. Danielle emaztea 2002.eko maiatzaren 25ean hil zen, minbiziaren eraginez. Ez zuten semealabarik izan.

Joxe Mariren bizitzan zein inguruan agertzen diren beste batzuenean (Jesus Luisa, Ramon Laborda, Antxon Bastida, Jon Oñatibia...) deigarri gertatzen da nola bateratu zituzten etorkizun asmo trinkoak herri musika eta dantzarekin. Eta, egungo garai kexatietatik begiratuta, zein ahalmen sendoa erakutsi zuten, egoera zailenetan ere, horiei eta umore onari eusteko. Badugu haiengandik zer ikasia.

Joxe Marik bere hileta oroigarrirako aukeratu zuen testuak jarriko du lantxo honen errematea. Xalbadorren Odolaren mintzoa liburuko Jainkoa eta ni bertso sailetik ale ezin ederragoa.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,
zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik;
deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,
ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik;
gaurkotz ez dautzut deusik eskatzen, amodioaz besterik.

 

Oharrak

1 Ansorena, Jose Ignazio. Izarti dantzari taldea eta gerra ondoko beste talde donostiar hainbat. Txistulari aldizkaria, 259 zenbakia. Errenteria, 2019. 12. orrialdea.

2 Gipuzkoako Elizbarrutiaren agirietan horrela agertzen dira: José Cruz Arregui Múgica, Pasai San Pedroko parrokian 1885-09-23an bataiatua eta 21ean jaioa; eta Margarita Agustina Felisa Altuna Belamendia, Donostiako San Bizenten, 1888-01-18an bataiatua eta bezperan jaioa.

3 Ramón Laborda eta Jesus Luisa Esnaolaren inguruko berri gutxi daude eta oso sakabanatuta. Horregatik beste bi artikulutan bilduko ditut ezagutu ahal izan ditudanak.

4 Estrainekoz 1920.an eman zen, Bilboko Coliseo Albia antzokian eta jarraian Madrilen. Baina Bartzelonan 1934.ean aurkeztu zen, Liceu antzokian.

5 Antigua auzoko dantzariak aipatzen baditu ere, Joxe Mari tartean zen. Argazki bat bada horren lekuko.

6 Berezko txistulari taldea hau zen: Jon Oñatibia, lehen txistu eta zuzendaria; Antxon Bastida, bigarren txistua; Segundo Atxurra, txistu handia eta Kepa Uranga, atabalaria.

7 Michel d´Arcangues (1919-1946) Erresistentzian aritu zen eta eginkizun garrantzitsua eskatu zitzaion: tankeetan espezializatutako langileak mugaz gaindi pasatzeko sarea sortzea. 1943.ean Ingalaterrara pasa zen Portugaldik. Han 12ème Régiment de Cuirassiers zelakoan kokatu zuten, Normandiako Lehorreratzean parte hartu zuen, Parisko eta Strasburgoko Liberazioetan ere bai, eta azken honetan Kommandantur zelakoa garaitzeko, bizia arriskuan jartzen, balentria handiak egin zituen. Honegatik Croix de Guerre avec citation domina eta goraipamena eman zioten. 1943. urtean Le Message Basque liburua idazteari ekin zion. Honetan bere sinesmen eta ideia euskaltzale eta abertzaleak xehetzen zituen. Ez zuen, baina, amaitzeko astirik izan eta, hil ondoren, aitak eman zuen argitara (Imprimerie “Le Courrier”. 9, Rue Jacques-Laffite. Bayona, 1953). 1946.eko otsailaren 1etik 2rako gauean, arrantza untzi batean zihoan Donostiatik Sokoara ezkutuko eginkizun batean eta desagertu egin zen inoiz argitu gabeko baldintzetan. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/arcangues-michel-d/ar-9/

8 Datu hauek guztiak familiak dituen dokumentuetan ikus daitezke.

9 Ikus: Ansorena, Jose Ignazio. Bixente Amunarriz Azkarraga. Txistulari aldizkaria, 253. Uztaila-Iraila 2013, Errenteria.

10 Hau Venezuelara erbesteratuko zen geroago. Alaba bati eskainitako artikulu honetan kontatzen da zerbait aitaren inguruan: 

11 Cándido Saseta, Saseta bataloiko komandante famatuaren anaiarrebetan gazteena. Hura ere Algecirasen izan zen Joxe Marirekin. Irune arreba, Jesus Luisarekin ezkondu zen.

12 Gerra aurreko euskal prentsan kirol kronikak sinatzen zituen izengoiti horrekin.

13 Horrela agertzen da esku programan eta ez dut beste daturik lortu ahal izan.

14 Egunkarietako aipamen hauek pusketa soltetan agertzen dira Joxe Mariren paperetan, ez orrialde osoak. Horregatik, berak eskuz data jarri ez zuenean, ezin zehatz daiteke noizkoa den.

15 Eta oraindik bertan dago, nahiz eta, erabat berritzean, 2017. urtean, atea ondoko plazara mugitu duten. Elkarte hau dagoen eraikin osoa José Antonio Santesteban (1835-1906) musikariarena zen eta oraindik bertan bizi dira honen ondorengoak.

16 Ordurako Bizente Amunarriz bakarka aritzen zen emanaldi berezietan eta izar tankeran aurkezten zuten programetan, hain zen erakargarria bere dantzakera.

17 Gelasio Arámburu Alcain, bataio agirian agertzen denez, 1896.eko urriaren 28an jaiotako andoaindar apaiza izan zen. Pasaian izan zuen lehen apaiz kokaleku. Han famatu egin zen haurren abesbatzak prestatzeko zuen esku onarengatik. Gerra piztean ihes egin zuen Frantziara Alejandra arrebarekin, nabarmendua baitzen abertzaletasunaren alde. Frantzian ikasketa musikalak osatu zituen eta Biarritzen Aita Donostiarekin batera abesbatza sortu. 1945.an itzuli zen Pasaira, baina 1947.ean Donostiara bidali zuten, San Bizentera eta parrokia honen inguruan benetako kantari eskola abiatu zuen. Haren ikasleek sortu zuten Sine nomine abesbatza eta aurrerago Donosti ereski izenekoa.

18 Joxe Mari Arregiren liburutegian Nijinskyren Método de danza zegoen.

19 Hamar urtez luzatu zen nazioarteko bira hau. Hortik izar unibertsal bihurtuta etorri ziren.

20 Udaletxea izateari 1947 urtean utzi ondoren ere (eraikina txiki geratu eta Alderdi Ederreko Gran Casino zaharrera eraman zutelako. Egun hortxe dirau) urte askotan mantendu zen ohitura hori leku berean. Neronek urtero ikusten nuen gure etxeko balkoitik.

21 Eusko deia atzerrian zegoen Euzko Jaurlaritzaren argitalpen bat zen, Parisen egina. Antzeko izena zuen beste bat, Euzko deya, Mexikon izan zen.

22 Garbi esaten zitzaien poliziarentzat inondik ere susmagarri izan ezin zitezkeenei. Babesa behar zenerako erabiltzen ziren.

23 Paul Legarralde hendaiarrak sortua zen taldea 1932. urtean, Errepika izenez. Baina 1937.ean, Gernikako bonbardaketa gertatu ondoren, herri bizkaitarra omentzeko aldatu zuten izena. Hasieran abesbatz mixtoa zen, Parisa joaten ziren euskaldun gazteak biltzeko asmotan sortua. Joxe Marik sortu zuen dantzarien saila.

24 Donostia zaharrean ikastolak oraindik ez ziren erabat klandistinitatetik atera. Geroago Orixe ikastola izango zenaren lehen kimua ari zen aspalditik han Elbira Zipitriaren begiradapean. Horko haur asko Felitxu Eraso (edo Erasun, ez dut ziur jakiterik izan) andereñorengana joaten ziren frantsesa ikastera, honen etxera bertara.

25 Dantzan aldizkari digitaletik hartua eta ortografia neronek eguneratua: https://dantzan.eus/albisteak/gu-ez-gara-talde-folkloriko-bat-guk-ez-dugu-lehengo-euskal-dantzarik-dantzatzen

 

Eranskinak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Jose Ignazio Ansorena

Jose Ignazio Ansorena