Marimi Ugalde: “Parte-hartzerik gabe ez dago herririk, ez kulturarik”

2026/06/18
Marimi Ugalde: “Parte-hartzerik gabe ez dago herririk, ez kulturarik”

Musikak gorputza dantzan jartzen diola dio, baina musikarik gabe ere, ez da geldirik egotekoa. Jubilatuen elkarteko bilera duela udaletxean eta segidan agertuko dela abisatu dit. 80 urtera arte dantza irakasle aritu da Marimi Ugalde (Elduaien, 1940), 16 urte alkatetzan eta aurretik eskolan irakasle; eta oraindik ez du deskantsurako asmorik. Herrigintzak bizia ematen dio. Haitz bilobak ekarri ditu kamerak eta aurrez aurre eseri gara Ugalde eta biok ibai ondoko pasealekuan. Nik papera atera dut galdera sortarekin, baita berak ere, eskuan papera eta boligrafoa izatea gustatzen omen zaio. Paseoan dabiltzan herritar guztiak agurtzen ditu. Lehenengo galdera egin eta ia beste guztiak erantzun dizkit.

Zein da Marimi Ugalde?

Elduaienen jaio nintzen 1940an, baina beti sentitu izan naiz irurarra. Bizitza osoa Iruran egin dut, eta beti ibili naiz herriko kulturaren, hezkuntzaren eta elkarteen inguruan. Irakaslea izan naiz urte luzez, gero zinegotzi aritu nintzen lau urtez, eta hamasei urtez alkate ere izan nintzen. Betidanik gustatu izan zait jendearekin aritzea, gauzak antolatzea eta herriari ekarpena egitea; horregatik askok "saltsera" deitzen didate.

Marimi Ugalde, Irura, 2026-06-12. Argazkia: Haitz Gurrutxaga - Dantzan CC-BY-SA

Zein dira dantzarekin lotzen dituzun lehen oroitzapenak?
Musika entzun orduko gorputza martxan jartzen zait. Oraindik ere hala gertatzen zait. Txikitatik izan dut dantzarako zaletasuna. Gure aurretik bazegoen herrian beste talde bat, eta haiei begira ikasten genuen. Txikiek handiei begiratuta ikasten dute, eta guk ere horrela ikasi genuen, pixka bat autodidakta izan gara.

Nolakoak ziren Elduaingo eta Irurako festak zure haurtzaroan? Zer leku zuen dantzak?
Dantza beti egon da presente. Orduan erromeriak ziren nagusi; ez zegoen gaur egun bezala kontzertu handirik. Dantzan egiten genuen eta ondo pasatzen genuen. Soltean eta lotuan egiten zen dantza. Baina lotuan egiteak bere kontuak zituen. Apaizak ez zuen nahi, bekatua zela esaten zuen. Horregatik, lotuan dantzatu nahi zutenek taberna baten atzealdean egiten zuten, pixka bat ezkutuan. Orain kontatzen dudanean barre egiten dut, baina horrela zen.

Dantza egiten zen etxean edo familian?
Bai. Nik uste dut gure familian denok izan dugula dantzarako joera. Nire aldetik dantzarako zaletasuna gehiago izan da, eta nire senarraren familian musikarakoa. Horregatik etxean beti izan dira musika eta dantza.

Zer leku zuten dantzaldiek eta jaiek gazteen arteko harremanetan?
Garrantzi handia zuten. San Migel jaietan, adibidez, gazteen egunean egiten zen dantza-soka. Garai hartan mutilak ateratzen ziren goizetik, eta neskak bazkaldu ondoren joaten ginen plazara. Dantzak aukera ematen zuen elkar ezagutzeko. Horrelakoetan sortzen ziren harremanak. Horregatik iruditzen zait oso garrantzitsua dela.

Marimi Ugalde atzean dantza-sokari begira, Irura, 2006-09-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Nola aldatu dira sozializatzeko moduak?
Gaur egun aukera askoz gehiago dago. Lehen guk geuk antolatzen genituen gauzak: dantzak, antzerkiak edo bestelako ekimenak. Orain askotan dena prestatuta ematen zaie gazteei. Nik uste dut hori ez dela beti ona. Denetik probatu behar da, bakoitzak zer gustatzen zaion aurkitu dezan. Baina askotan dena emana dago.

Zer antzekotasun ikusten dituzu irakaskuntzaren eta dantzaren transmisioaren artean?
Niretzat oso lotuta daude. Ume bat heztean ez diozu bakarrik gai bat erakusten. Kultura transmititzen diozu, gorputza lantzen laguntzen diozu, harremanak egiten irakasten diozu. Dantzan ere gauza bera gertatzen da. Ez dira pausoak bakarrik. Beste gauza asko ere transmititzen dira.

Zergatik dira garrantzitsuak dantza, abestiak eta antzeko kultur adierazpenak hezkuntzan?
Nik beti ikusi izan dut hezkuntza ez dela ikasgaiak erakustea bakarrik. Dantzaren, kantuaren edo antzerkiaren bidez gorputza lantzen da, harremanak egiten ikasten da, sentimenduak adierazten dira eta norberaren nortasuna eraikitzen da. Dantzak eta abestiek balio asko transmititzen dituzte: maitasuna, herriaren sentimendua, euskara, elkarrekin aritzen ikastea... Txikitan barruan sartzen den hori gero geratu egiten da. Horregatik ematen diet hainbesteko garrantzia.

Ikastolen hasierako garaietan oso presente geneuzkan kantuak, jolasak eta dantzak. Euskaraz irakasteko material gutxi geneukan, eta kulturatik ere eraiki behar izan genuen hezkuntza. Gaur egun ere egiten dira dantzak eta emanaldiak eskoletan, baina iruditzen zait lehen gehiago abesten zela eta naturaltasun handiagoz bizi zela hori guztia. Hala ere, uste dut ezinbestekoa dela hezkuntzan lekua izaten jarraitzea, kultura hori baita gero gure herria eta hizkuntza bizirik mantentzen dituena.

Marimi Ugalde, Irura, 2026-06-12. Argazkia: Haitz Gurrutxaga - Dantzan CC-BY-SA

Zer behar du belaunaldien arteko transmisio on batek?
Handiek eredua ematea. Txikiek handiei begira ikasten dute. Hori argi ikusi dut dantzan ere. Horregatik txikiei aukerak eman behar zaizkie eta parte hartzera animatu.

Nola hasi zinen dantza irakasle lanetan? Zer erakusten zenieten haurrei?
1980ko hamarkadaren amaieran hasi ginen Iruran haurrekin dantzan. Nik beti hezkuntzaren munduan jardun izan dut, eta iruditzen zitzaidan txikiekin inor ausartzen ez bazen, norbaitek hasi beharra zuela. Astean behin elkartzen ginen entseguak egiteko. Hasieran handiekin aritu ginen, eta gero txikiekin ere bai. San Migel jaietan egin genuen lehen aurkezpena, eta oso harrera ona izan zuen. Txikiei euskal dantza ezagunak erakusten genizkien: Ipurdi-dantza, Txulalai, Ikurrina-dantza, agurra...

Zer aldaketa ikusi dituzu herriko dantza jardunean?
Kontzertu handiak etortzen hasi zirenean dantzak indarra galdu zuen neurri batean. Jendea gehiago joaten zen kontzertuak ikustera dantzara baino. Orain berriro ikusten dut jendea dantzara bueltatzen ari dela, eta pozgarria iruditzen zait.

Festetan dantza-soka plazaratzen da oraindik, ezta?

Poz handia ematen dit ikusteak dantza-sokak bizirik jarraitzen duela. Gure garaian gazteen eguneko une garrantzitsuenetako bat izaten zen, baina orduan mutilak bakarrik ateratzen ziren dantza-sokan, eta neskak geroago sartzen ginen. Urteekin hori aldatu egin da, eta gaur egun emakumeek ere beren lekua dute; hori aurrerapauso handia izan da.

Gainera, nahiz eta Iruran gaur egun lehen bezalako dantza talderik ez izan, dantza-sokak jarraitzen du eta gazteek parte hartzen dute. Plaza beteta ikusten duzunean eta gazteak dantzan ari direla ikusten duzunean, poz berezia ematen du. Hasieran batzuek lotsa edo zalantza izan dezakete, baina azkenean dantzak harrapatu egiten ditu. Niretzat dantza-soka ez da dantza bat bakarrik; jendea elkartzeko, harremanak egiteko eta herriaren parte sentitzeko modu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua bizirik mantentzea.

Marimi Ugalde ezkerrean dantza-sokari begira, Irura, 2021-09-25. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Herri baten nortasunean zer ekarpen egiten dute dantzak eta jaiek?
Jendea elkartu egiten dute. Herria egiteko balio dute. Parte hartzea sustatzen dute eta hori ezinbestekoa da.

Alkate izan zinenean, zer leku zuten kulturak eta dantzak?
Niretzat lehentasuna ziren. Horregatik sartu nintzen udalera. Lehenengo kultura arloan lan egin nahi nuen, eta gero alkate izatea tokatu zitzaidan. San Migel jaiak prestatzea lan handia zen: dantzak, erromeriak, kontzertuak, herri kirolak... Kulturak pisu handia izan zuen beti gure lanean.

Herri txiki batean kultura bizirik mantentzeko zer da ezinbestekoa?
Parte-hartzea. Hori da gakoa. Ekintzak antolatu daitezke, baina herriak parte hartzen ez badu ez dago ezer egiterik. Nik beti eman diot garrantzi handiena horri.

Marimi Ugalde, Irura, 2026-06-12. Argazkia: Haitz Gurrutxaga - Dantzan CC-BY-SA

Zer ikasi duzu herrigintzan?
Jendearekin harremanetan egotea dela aberasgarriena. Gazteekin, helduekin, jubilatuekin... denekin egoteak asko ematen dizu. Horrek bete egiten nau.

Zer esango zenioke gaur egun dantzan edo herrigintzan hasten den gazte bati?
Animoak. Ez dela denbora galtzea. Alderantziz. Hortik gauza asko aterako ditu bere bizitzarako. Kultura, dantza, euskara eta herrigintza ez dira ikasten diren gai hutsa. Pertsona bezala hazten laguntzen dute. Nik behintzat horrela bizi izan dut, eta oso beteta sentitzen naiz horregatik.