Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Urte berriaren erditzea

Dokumentuaren akzioak

Urte berriaren erditzea

2019/02/18 08:40
Urte berriaren erditzea

Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Urtarrileko lehen asteburua heltzeko desiraz hasi dut urtea. Iaz bertaratzeko asmotan izan ginen arren elur arriskua tarteko aurtengora atzeratu genuen Kantabriako Silió herriko Vijanera bertatik bertara ezagutzeko gogo eta asmoa. Bi motibok bultzatuta abiatu ginen bertara. Batetik, inauteri festa bertatik bertara ezagutzera eta, bestetik, bertako praktika onak jaso eta gure inauterien inguruko ezagutza zabaltzera.

Europan ospatzen den inauteri goiztiarrenetakoak dira. Izan ere, urteko lehen igandean ospatzen baita izpiritu txarrak aldendu eta udaberriaren etorrera sinbolizatzea helburu duen Vijanera. Europako hainbat tokitan ospatzen diren neguko errituen barruan kokatu dezakegu festa. Horrelako hainbat manifestazio ere aurkitu ditzakegu Europa osoan, baita gure inguru hurbilean ere; esaterako, Iturenen eta Zubietan.

Vijanera inauteria 0053
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

1982. urtean berreskuratu zuten erritua eta ordutik hona maskarada aberats eta berezi bat osatu dute. Pertsonaia nagusiak edo protagonismo nagusia hartzen dutenak, behinik behin, Zamarracoak dira. Hauek, Malerrekako joaldunekin antzekotasun nabarmenak dituzte; kapela konikoa, ardi-larruak eta tamaina handiko zintzarriak eta Nafarroako joaldunen gisan binakako lerroetan joaten dira.

Vijanera inauteria 0109
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Egun nagusia baino egun bat lehenago hurbildu ginen Silió herrira. Ustez arratsaldez ospatzen den Vijanera txikia ikusi eta egun nagusirako eremua ezagutzera. Bertara iritsi eta gure harridurarako, aurten Vijanera txikia goizean ospatu zela jakin genuen. Baina ez zen arratsaldeak prestatua zigun ezusteko bakarra. Silió herri txikia da eta giro berezi bat arnasten zen bertakoen artean. Eskola inguruetan zegoen joan-etorri mugimendua ikusita, bertara gerturatu ginen. Iritsi bezain laster arreta egin eta harrera beroa eskaini ziguten.

Vijanera inauteria 1676
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Lehen hartu-emanean, beraien maskaradaren inguruko interesa agertu ostean, "Amigos de la Vijanerako"  bi kidek, Cesar eta Kikek, inauteriaren inguruko azalpenak eman zizkiguten. Jantziak bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen, jantziak sortzeko ideiak, antolatzeko modua… Hau da, haien praktika onak lehen pertsonan jasotzeko pribilejioa izan genuen. Oso gertuko jaso gintuzten baina ezusteko handiena igandean haiekin festa ospatzeko gonbidapena jaso genuenean iritsi zen.

Vijanera inauteria 1605
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Beraz, Vijanerako lagunak pozarren agurtu eta herriko ostatu batera joan ginen. Ostatuan lagun talde bat aurkitu genuen. Nongoak ginen galdetu eta elkarrizketa hasi genuen. Arbaso euskaldunak zituzten bi gizon ziren tartean, Balzatarrak. Gainera iaz  motibo berdinagatik elkar ezagutu zuten euskaldun bat ere, Felix, tartean zen. Ezustekoen segida atsegin hartan bat gehiago izan zen Miguel Angel, Telesforo, Ezequiel, Miguel Angel… lagun talde hura ezagutzea. Egiari zor, kasualitateak baino kausalitate batek batu gintuen guztiak. Eta guztiak diot, tartean zelako, Miguel Angel, Cesarren aita ere. Herri txikietan bakarrik gertatzen dira horrelako kontuak.

Vijanera inauteria 1530
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Esan bezala, gure igandeko lehen zita Cesar eta Miguel Angel aita-semeen etxean izan genuen. Bertara iritsi ginenean, etxe jabeen lagun gonbidatuak (tartean gu), maskaradako kide batzuk eta baimen edo gonbidapenik ez zuten eta izurria bezala hedatzen diren argazkilari ugari batu ginen. Eguerdiko 12.00etan basoan barrena, Santa Marina auzotik herriaren goialdean dagoen belardi batera jaisten dira. Belardi horretan gaizkia edo txarra denaren sinbologia irudikatzen da hartzaren bitartez eta “hartzaren harrapaketa” irudikatzen dute. Une horretan, herriko beste toki batean prestatzen diren maskaradako beste talde bat batzen zaie eta talde bakarra osatzen dute. 

Vijanera inauteria 1302
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Besteak beste zamarrako-ak, trapajones (natura elementuak), trapajeros, hartza eta zaindaria, dantzari zuria, agure bikotea… ugari eta anitzak dira pertsonaiak, hala nola, bakoitza bere funtzio eta sinbologiarekin epiko bilakatzen dena. Hartzaren harrapaketa egin ondoren, herrira jaisten jarraitzen dute eta elizaren alboan dagoen zubian, goitik behera datorren segizioari, eskoletan prestatzen den azken taldea batzen zaio eta maskarada osoa bertan osatzen da. Jarraian zamarraco-ak markatzen duten erritmora segizioak herria zeharkatu eta alboko herriaren mugaraino joaten dira, “la raya”. Bertan herriaren lurraldetasuna aldarrikatzeko “guerra o paz” oihua egiten da. Gaur egun, lehen ez bezala; aurkaririk ez da izaten marraren beste aldean, beraz, zintzarrien erritmora garaipena ospatu eta herrira itzultzen dira.

Vijanera inauteria 1755
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Herrira iritsitakoan tobera moduko bat egiten dute kopla sorta baten bidez. Herrian zein nazioartean urteak eman duenaren kronika satirikoa eginez. Modu honetan pasa den urteak eman duen txar guztiari amaiera ematen zaio eta “la preñaren” bidez urte berrirako erditzea irudikatzen dute. Festari amaiera emateko elizaren ingurura gerturatu eta azken antzerki errituala egiten dute; hartzaren heriotza sinbolizatzen dute. Hala nola, gaizkiaren adierazle den hartza akabatu eta haren inguruan kalaxka hotsak nagusitzen dira garaipenaren adierazle bezala. Erritua Hartzaren heriotzarekin amaitzen da eta herrira hurbildutako bisitari uholdeak ere herria uzten du. Baina bertakoek, tinko jarraitzen dute, hau da, kalaxka hotsek egun osoan zehar irauten dute. Mozorroak eta beren izpiritua transgresorea soinean dutela jarraitzen baitute ilunabarra bitartean.

Vijanera inauteria 1719
Vijanera inauteria. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Azkenik aipatu nahiko nuke hemen azaldutakoez gain, badirela aipatu gabe utzi ditudan beste mila kontu. Hori bai, guk zinez gozatu genuen festaz eta nahiz eta jendetza biltzen den bertan, uste dut festa hau bizitzeko modu politena, bertara hurbildu eta disfrutatzea dela eta, gainera, esango nuke, bizitzan behin bada ere ezagutu beharreko festa dela.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.