Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak

Dokumentuaren akzioak

1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak

2023/05/30 07:30
1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak

Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Makila eta liburu banaketa, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Oñatiko udaletxeko arku bateko zutabean bada eraikinaren iruditerian guztiz integratua dagoen oroigarri bat. Asko dira oroigarri hau ezagutuko dutenak eta beste asko oharkabean begiratu arren ikusi ez dutenak; baina, ziur, gutxi batzuk bakarrik direla irudi horren zergatiaren berri dutenak.

1973ko maiatzaren 27an jarritako oroigarria da. Egun hartan, II. Eskolarteko Dantza Jaialdia egin zen Oñatin eta bertako dantza maisu Alejandro Irizarri omenaldia eskaini zitzaion. Egun hartako kronika Javier Aranburuk jaso zuen Dantzariak 5 aldizkarian eta 50 urte pasa direnaren aitzakian, ordukoak gogora ekarri eta gure iraganari eta aittaitta Alejandroren memoriari lekua egiteko erabili nahi nituzke bertan jasotakoak.

Oñatiko udaletxeko zutabeko oroigarria
Oñatiko udaletxeko zutabeko oroigarria, Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Eskolarteko II. Dantzari Txiki Eguna Oñatin

1973ko maiatzaren 27an, Gipuzkoako Diputazioak antolatuta eta Euskal Dantzarien Biltzarraren babesean Oñatin egin zen II. Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna. Kolorez, musika eta giro onean ospatu zen, Gipuzkoako hainbat txokotatik etorritako 400 haurrek ospatu zuten festa eguna.

Eskolen arteko dantza ekitaldi hauei 1972an eman zitzaien hasiera. Lehenengo Dantzari Txiki Eguna, Juan Inazio Iztueta dantzariaren herrian izan zen, Zaldibian. Horrela jaso zuen Javier Aranburuk La Voz de España 01-09-1972 an.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna kanporaketa
Eskolarteko Dantzari Txiki Egunerako kanporaketa, Azkoitia, 1973.

Urtebete beranduago, XVI. mendetik modu berezian zaintzen zituen tokian tokiko dantzak zituelako, Oñatiko herriari egokitu zitzaion jaialdiaren lekukotza. Maiatzeko igande hartan, egunari goizean goiz eman zitzaion hasiera. Goizeko 10:00etarako Gipuzkoako hainbat txokotatik autobusak iristen hasi ziren Oñatira. Unibertsitateko klaustroa izan zen elkargune nagusia.

Hilabete guztian zehar Donostian, Añorgan, Ordizian eta Azkoitian izandako kanporaketen ondoren final handiaren egunerako, hauek izan ziren talde aukeratuak:

  • Errenteriako Orereta ikastolako bi talde
  • Donostiako Sagrado Corazon ikastetxekoak
  • Donostiako Maria Ward ikastetxekoak
  • Eibarko Nuestra Señora de las Mercedes ikastetxekoak
  • Debako Gure Kai-ko hiru talde
  • Lasarteko parrokia eskolako talde bat
  • Lasarteko Lander Ikastolako bi talde
  • Donostiako Santo Tomas de Aquino Lizeoko hiru talde
  • Zizurkilgo Ardatza Ikastolako bi talde.

Horiez gain, lehiaketatik kanpo eta gonbidatu bezala aritu ziren Donostiako Bienaventura Virgen Maria ikastetxeko taldea, adinez txikienak eta Donostiako Zurriola Ikastolakoa aurkezpen zaindua izateagatik. 

Javier Aranburuk La voz de España egunkarian bezperan idatzitako albisteko egitarauak zioen, goizeko 10:30ean, taldeka formazioak osatu ondoren, dantzari txiki guztiak musikarien laguntzarekin Oñatiko Foruen Enparantzara abiatu zirela. Bertan, prest ziren oholtza handi bat eta ekitaldirako azpiegitura guztia.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna kanporaketa
Eskolarteko Dantzari Txiki Egunerako kanporaketa, Azkoitia,1973.

Foruen enparantzan ospatu zen ekitaldi nagusia, bertan dantzari txikiei harrera egiteko ekitaldian presente izan ziren agintari eta ordezkari hauek zerrendatzen ditu Aranburuk bere kronikan: Diputazioko lehendakari Juan Maria de Araluce, Santiago Martin lehendakariordea, Eusko Dantzarien Biltzarreko zuzendaritza batzordea eta probintzietako Eusko Dantzarien Biltzarreko ordezkariak Manuel Olaizola buru zutela, Oñatiko alkate Reyes Korkostegi, Gipuzkoako diputatu Jesus Maria Ayestaran,Turismo alorreko delegatua eta, azkenik, Alejandro Irizar, bere 50 urteko ibilbideari aitortza egiteko eta Oñatiko Korpus dantzetan egindako transmisio lana eskertzeko omendua izango zen eguneko protagonista.

Alejandro Irizar
Alejandro Irizar Oñatiko udaletxeko zutabeko oroigarriaren azpian, Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Omenaldia Alejandro Irizarri

Egunkariko albistean zein ondorengo kronikan jasotzen den bezala, Goizeko 11:00etan ekin zitzaion plazako jardunari. Ekitaldiari hasiera emateko Oñatiko Korpus Dantzak balioan jarri eta urte luzez dantzak mantendu eta herriko dantzen transmisioan egindako ekarpena aitortu zitzaion Alejandro Irizarri eta, Oñatiko herriari eskaintza eginez, udaletxeko horman Korpus dantzen omenezko oroigarri bat jarri zen. Ondoren, Zurriola Ikastolako haur batek Udaletxeko horman jarri berria zen oroigarriaren aurrean honako hitz hauek egin zituela jasotzen du kronikak:

“Gipuzkoa ko dantzari txikien izenean, Oñati´ko dantzari taldeari, gure omenaldia agertu nahi diogu. Amasi garren gizalditik, gure egunetaraño, beti maite izan dituzte Oñatiarrak, bere dantza bereziak, eta orregatik, gu, gipuzkoak txikiak, gure esker onak eman nai dizkizuegu.”

 

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna Oñati
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Alejandro Irizar oroigarria jasotzen, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Jarraian, talde gonbidatuak Erreberentzia eskaini zuen eta ondoren Oñatiko taldearen txanda iritsi zen. Jarraian, Diputazioko Lehendakari Juan Maria de Araluzeak hitza hartu zuen eta azpimarratu zuen ohorea zela Dantzari Txiki Egunean bertan izatea eta Alejandro Irizar ere zoriondu zuen probintzia guztiaren izenean. Dantza-maisuaren ibilbidea txalotu zuen eta zilarrezko plaka baten eskaintza egin zion omenduari.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Alejando Irizarrek jasotako zilarrezko plakak hitz hauek jasotzen zituen:

II. Festival Interescolar de Danzas Vascas, la Excma. Diputación de Guipúzcoa a Don Alejandro Irizar Mendizabal como homenaje por su meritoria labor en pro de la conservación y fomento de las típicas danzas de Oñate. Gero oroigarri, Gipuzkoa esker ones.” 27 de Mayo de 1973”

 

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Erabiltzaile batek bidalitakoak

Bukatzeko, Diputazioko lehendakariak bere azken hitzak baliatu zituen “III. Festival Interescolar de Danzas Vascas” 1974an ere ospatuko zela eta emanaldi horiek jarraipena izango zutela adierazteko. Bestetik, agintariek talde bakoitzeko kapitain edo buruzagiei oroigarri bezala zintaz atondutako buruzagi makila eman zieten eta, banaketa amaitu ondoren, bertaratutako 400 haurrengana hurbildu eta Juan Inazio Iztuetaren biografia liburu bana eskaini zieten.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna Oñati
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Makila eta liburu banaketa, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Ekitaldiaren baitan, txistulariek ere kontzertu txiki bat eskaini zuten eta, eguerdiko 12:00etan angelusaren orduan, Oñatiko Parrokoak gidatuta otoitzerako tartea ere izan zen. Goizeko saioari amaiera emateko Eibarko taldearen zapi-dantza ikusteko aukera izan zen eta, azkenik, Oñatiko Oñatz dantza taldeko txikiek herriko dantzak eskaini zituzten.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna Oñati
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñatiko dantzari txikiak, Oñati, 1973-05-27.

Oñatiko dantzarien emanaldiaren inguruan Javier de Aranburuk bere kronikan nabarmendu zuen Oñatiko dantzarien maila oso ona izan zela eta azpimarratzekoa zela dantzarako segurtasuna, urratsen perfekzioa, erritmoa eta dantzarako dotorezia.

“Al llegar a este momento debo decir que si bien el nivel de los pequeños dantzaris fue alto, hay que subrayar la seguridad, la perfección de pasos, el ritmo, la elegancia del grupo infantil de Oñate (que no entraba en concurso), que dejó admirados a todos los presentes, incluidos los más técnicos”.

 

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñatiko dantzari txikiak, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Foto Plazaola

Eguerdian Arantzazura

Oñatin egon eta Gipuzkoako zaindari den Arantzazuko Ama Birjina bisitatu gabe ezin utzi. Foruen Enparantzakoak amaituta, eguerdiko 13:00 inguruan, Arantzazura igotzeko errepidea autobus zein kotxe karabana bihurtu zen. Oñatin eguraldia ateri bazegoen ere, gora bidean nabarmen itxi omen ziren lainoak eta hezetasun sentsazioa nabarmena zen Arantzazura gaztetxoak iritsi zirenean.

400 haurrek formazioak egoki osatuta eta txistularien laguntzaz egin zuten Santutegirako sarrera. Bertan Santutegiko nagusiak Ama Birjinarentzat ekarritako eskaintzak jaso zituen; lore sorta bat eta fruituak zituen otar bat. Horretaz gain, kronikak dio bertaratutakoek Agur Jesusen Ama abestu zutela eta emozio uneak ere bizi izan zirela Santutegiaren barruan.

Arantzazun bertan bazkaldu zuten. Haurrek janari poltsak izan zituzten eta bertako frontoian bazkaldu zuten. Aldiz, agintari eta ordezkariak Hospederian izan zuten jatordua.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna Oñati
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñati, 1973-05-27.

400 dantzari txikiak Oñatira bueltan

Arratsaldeko 16:00retarako berriro Oñatira jeitsi eta talde partehartzaileek epaimahaiaren aurrean dantza saioak eskaintzeko unea iritsi zen. Gaizka Barandiaran, Agapito Gorostiaga, Jose Inazio Montes, Iñaki Mugerza, Mikel Navascues, Gene Yurre eta Jose Manuel Oronoz izan ziren epaimahaia osatu zuten kideak.

1973an Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna
Eskolarteko Dantzari Txiki Eguna, Oñati, 1973-05-27. Argazkia: Erabiltzaile batek bidalitakoak

Aipatutako epaimahai horrek, 16 taldeen saioa ikusita, onenen artean talde hauek sailkatu zituzten eta hau izan zen epaimahaiaren erabakia.

  • 10 urte bitarteko mutilak: Lasarteko Lander Ikastola
  • 14 urte bitarteko mutilak: Oreretako Orereta taldea
  • 10 urte bitarteko neskak: Lasarteko Lander Ikastola
  • 14 urte bitarteko neskak: Oreretako Orereta taldea

 

Kronikak

Dokumentuaren akzioak

2023/05/30 14:08
Kaixo Maite.

Zure kronikan kanporaketa saioak Donostian,Añorgan, Ordizian eta Azpeitian izan zireka azaltzen da,baiña argazkiak Azkoitiakoak baldin badira ez al zen Azkoitia azaldu beharko Azpeitia azaltzen den tokian??
Kronika ederra. Milesker.
2023/05/31 10:43
Arrazoi daukazu Aitor. Oinarri izan dudan testuan Azpeitia ageri da eta ilustrazio bezala data berdinarekin bilatutako irudiak aldiz Azkoitiko plazakoak dira,. Beraz, irudiak lehenetsi, zuzenketa egin eta Azkoitiko aipamena eginez utzi dut testua.
Milesker zure oharragatik, segi ondo.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.