Dokumentuaren akzioak
Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak
Gaur mozorroa jantziko dut idatzi hau egiteko. Ohiko rola utzi eta kanpoan behatu eta bizitakoak kontatzetik, neure herrikoak kontatzeko mutazioa egiten saiatuko naiz.
Aurtengoa berezia izan da; orain bost urte ekin baikenion proiektu honi. Oñatin, luzarotik dator inauterietan herritarrekin batera, Euskal Herriko toki ezberdinak lekukotzeko ohitura. Halere, inauteri ezberdinak lekukotzen genituenean ez genuen behar bezala egiten eta horren harira “gure inauteri propioak”izatearen galderaren baitan 2012. urtean hausnarketa prozesu bati ekin genion.
Lehen urratsa aurrekarien inguruko ikerketa bat egitea izan zen. Aditu eta informazio iturri ezberdinak kontrastatu ondoren, ez zen ezer aipagarririk aurkitu.
Gauzak horrela, inauteriek propio daukaten libertatea baliatuz, Oñatiko inauteriei forma ematen hasi ginen.
Inauteriak garatzeko bi ikuspegi landu genituen. Batetik, inauteri hitzak etimologikoki duen esanahian oinarrituta eta bestetik, herri nortasuna oinarri hartuta.
Inauteri hitzaren esanahian oinarrituta, urtez urte, gero eta ezagunagoa bilakatzen ari den Hartza aipatu behar da. Bere haitzuloko ezkutalekua utzi eta udaberriaren etorrera iragartzeko kalera jeisten dena. Baina bada, udaberriaren etorrerarekin eta landa lurrekin erlazionatutako sinbologia ere; laia erraldoi batzuk erabiltzen dira, lurra goldatzearen sinbologia adierazteko.
Hortaz gain, abiapuntu bezala inauteriek komunean dituzten arketipoak erabili dira. Horren adibidea dugu esaterako, dantzarien jantzia. Oinarri txuri baten gainean kolore bizien bidez kontrastea egiten duen pontxoa daramana, identitatea ezkutatzen laguntzen duen zapia eta txapela, zarata eragingo duten zintzarriek osatzen dutena.
Bestetik, herri nortasunaren ikuspegiari dagokionean; Oñati, XIX.mendera arte Gebaratar kondearen esku egon zen, horrek berarekin dakarren errepresioarekin. Horren baitan, konde eta kondesa pertsonai komikoak eta hauen borreroak gorpuztu genituen.
Protagonismo berezia dute gainera dantzariekin batera, hauek jendartea irudikatuz. Hauez gain, pertsonaia kuadrila zabala batzen da egun honetan: ezkongaiak, gotzaina, monagiloa, mikeletea, gauzaina eta alkatea besteak beste. Hauek guztiak, herriaren nortasunera egokitzeko, herriaren testuinguruan oinarritutako antzezpen edo interbentzioak egiten dituzte.
Aurten izan da berrikuntzarik. Lehenengoz herria txokolatez zipriztindu duten txokolateroak izan ditugu gure artean. Oñati, txokolate tradizioko herri bat izan da, garai batean, zazpi lantegi izateraino. Beraz, aitzakia hori erabilita ofizio hori modu komikoan inauterietara gerturatzea izan da asmoa.
Aldiz, egun horretan batzen garen gehienok dantza eginez ondo pasatzeko elkartzen gara. Gaur egun, geuk koreografiatu ditugun 2 makil-dantza, 2 polka, 2 kalejira eta kondeek egiten duten kondeen balsa ditugu.
Ez da dantzarik musikarik gabe. Musikari dagokionean doinu propioak izatea zen helburua eta dantzok musikatzeko konposatzaile ezberdinen obrak egokitu ditugu. Hala nola, Antonino eta Inazio Ibarrondo zein Harkaitz Allurrenak.
Amaitzeko, esan dudan guztiari gehitu nahi nioke proiektu hau jaio zenetik partehartzailea, irekia eta beharren arabera egokitua izateko sortu zela. Gainera uste dut, bidea egoki egiten goazela eta bidelagunei esker jarraikortasuna ere bermatua dagoela.
Aupa Oñati eta Aupa Inauteriak!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Maite Irizar
Jasotako azken erantzunak
- Maite Irizar on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Aitor Sorazu on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Patxi Montero on Ez dadila soka eten 2017/12/03
- Maite Irizar on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06
- Patxi Montero on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06
Sortu aurreko urtetik jarraitu dut gertutik Oñatiko inauteria. Ez naiz inauterian folklore-aditua, baina iruditzen zait ospakizun propio polita sortu duzuela. Propioa delako, nortasun propioa eraiki duelako, eta polita delako. Jantziak, pertsonaiak, musika propioak, propio sortutako dantzak... Aurtengo txokolateroena, egokia eta mundiala!!
Nabarmentzekoa ere herrian sortzen den giroa eta parte-hartzea (250 lagun aurten?). Arrakasta, esango nuke.
Ea bada. Eskerrik asko lanagatik, animo eta aurrera!! Eta eskerrik asko zuri, Maite, kronikagatik eta inauteriaren nondik-norakoa azaltzeagatik.
Mimoz eta ilusioz bersortu ditugu inauteriok eta zuk esan bezala herriaren erantzun positiboa ikusita, arrazoi dezente ditugu aurrera jarraitzeko.