Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak

Dokumentuaren akzioak

Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak

2017/03/16 08:30
Txokolatez  XIPRIstindutako  inauteriak

Oñatiko inauteriak. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Gaur mozorroa jantziko dut idatzi hau egiteko. Ohiko rola utzi eta kanpoan behatu eta bizitakoak kontatzetik, neure herrikoak kontatzeko mutazioa egiten saiatuko naiz.

Aurtengoa berezia izan da; orain bost urte ekin baikenion proiektu honi. Oñatin, luzarotik dator inauterietan herritarrekin batera, Euskal Herriko toki ezberdinak lekukotzeko ohitura. Halere, inauteri ezberdinak lekukotzen genituenean ez genuen behar bezala egiten eta horren harira “gure inauteri propioak”izatearen galderaren baitan 2012. urtean hausnarketa prozesu bati ekin genion.

Oñati 2017 inauteriak 01
Oñatiko inauteriak. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Lehen urratsa aurrekarien inguruko ikerketa bat egitea izan zen. Aditu eta informazio iturri ezberdinak kontrastatu ondoren, ez zen ezer aipagarririk aurkitu.

Gauzak horrela,  inauteriek propio daukaten libertatea baliatuz, Oñatiko inauteriei forma ematen hasi ginen.

Inauteriak garatzeko bi ikuspegi landu genituen. Batetik, inauteri hitzak etimologikoki duen esanahian oinarrituta eta bestetik, herri nortasuna oinarri hartuta.

Inauteri hitzaren esanahian oinarrituta, urtez urte, gero eta ezagunagoa bilakatzen ari den Hartza aipatu behar da. Bere haitzuloko ezkutalekua utzi eta udaberriaren etorrera iragartzeko kalera jeisten dena. Baina bada, udaberriaren etorrerarekin eta landa lurrekin erlazionatutako sinbologia ere; laia erraldoi batzuk erabiltzen dira, lurra goldatzearen sinbologia adierazteko.

Oñati 2017 inauteriak 02
Hartza Oñatiko inauterietan. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Hortaz gain, abiapuntu bezala inauteriek komunean dituzten arketipoak erabili dira. Horren adibidea dugu esaterako, dantzarien jantzia. Oinarri txuri baten gainean kolore bizien bidez kontrastea egiten duen pontxoa daramana, identitatea ezkutatzen laguntzen duen zapia eta txapela, zarata eragingo duten zintzarriek osatzen dutena.

Oñati 2017 inauteriak 03
Oñatiko inauterietako dantzariak. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Bestetik, herri nortasunaren ikuspegiari dagokionean; Oñati, XIX.mendera arte Gebaratar kondearen esku egon zen, horrek berarekin dakarren errepresioarekin. Horren baitan, konde eta kondesa pertsonai komikoak eta hauen borreroak gorpuztu genituen. 

Oñati 2017 inauteriak 04
Konde eta kondesa. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Protagonismo berezia dute gainera dantzariekin batera, hauek jendartea irudikatuz. Hauez gain, pertsonaia kuadrila zabala batzen da egun honetan: ezkongaiak, gotzaina, monagiloa, mikeletea, gauzaina eta alkatea besteak beste. Hauek guztiak, herriaren nortasunera egokitzeko, herriaren testuinguruan oinarritutako antzezpen edo interbentzioak egiten dituzte.

Oñati 2017 inauteriak 05
Oñatiko inauteriak. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Aurten izan da berrikuntzarik. Lehenengoz herria txokolatez zipriztindu duten txokolateroak izan ditugu gure artean. Oñati, txokolate tradizioko herri bat izan da, garai batean, zazpi lantegi izateraino. Beraz, aitzakia hori erabilita ofizio hori modu komikoan inauterietara gerturatzea izan da asmoa.

Oñati 2017 inauteriak 06
Txokolateroak. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Aldiz, egun horretan batzen garen gehienok dantza eginez ondo pasatzeko elkartzen gara. Gaur egun, geuk koreografiatu ditugun 2 makil-dantza, 2 polka, 2 kalejira eta kondeek egiten duten kondeen balsa ditugu.  

Oñati 2017 inauteriak 07
Dantzariak makil-dantza dantzatzen. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Ez da dantzarik musikarik gabe. Musikari dagokionean doinu propioak izatea zen helburua eta dantzok musikatzeko konposatzaile ezberdinen obrak egokitu ditugu. Hala nola, Antonino eta Inazio Ibarrondo zein Harkaitz Allurrenak.

Oñati 2017 inauteriak 08
Musikariak. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Amaitzeko, esan dudan guztiari gehitu nahi nioke proiektu hau jaio zenetik partehartzailea, irekia eta beharren arabera egokitua izateko sortu zela. Gainera uste dut, bidea egoki egiten goazela eta bidelagunei esker jarraikortasuna ere bermatua dagoela.

Aupa Oñati eta Aupa Inauteriak!

Dokumentuaren akzioak

2017/03/24 13:07
Zorionak eta eskerrik asko Oñatiko inauteria sortu eta urtetik-urtera hobetu duzuenoi.

Sortu aurreko urtetik jarraitu dut gertutik Oñatiko inauteria. Ez naiz inauterian folklore-aditua, baina iruditzen zait ospakizun propio polita sortu duzuela. Propioa delako, nortasun propioa eraiki duelako, eta polita delako. Jantziak, pertsonaiak, musika propioak, propio sortutako dantzak... Aurtengo txokolateroena, egokia eta mundiala!!

Nabarmentzekoa ere herrian sortzen den giroa eta parte-hartzea (250 lagun aurten?). Arrakasta, esango nuke.

Ea bada. Eskerrik asko lanagatik, animo eta aurrera!! Eta eskerrik asko zuri, Maite, kronikagatik eta inauteriaren nondik-norakoa azaltzeagatik.
2017/04/04 20:59
Eskerrik asko zure hitzengatik Patxi.
Mimoz eta ilusioz bersortu ditugu inauteriok eta zuk esan bezala herriaren erantzun positiboa ikusita, arrazoi dezente ditugu aurrera jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.