Dokumentuaren akzioak
Tokian tokikoa
Malerrekara bisita eta bertako inauteriez gozatzeko parada, nire agendan urteroko zita bilakatu da. Aurten ere bertan izan naiz, eta aurreko urteetan ez bezala aurten bi herrietako festa ezagutzeko eta disfrutatzeko aukera izan dut.
Egiari zor, aurten, iaz sortu zen kalapita eta sare sozialetan elikatu zen iskanbila tarteko, banekien giroa aldrebestuta egongo zela eta mesfidantzak ere beste leku bat hartuko zuela festaren ospakizunean.
Nafarroako inauteriak bere horretan maite ditugunok ulertzen dugu iazko aferak bertako herritarrak mindu izana. Izan ere, Malerrekako bailarak naturarekin duen lotura estua eta egunerokoa, begirada urbanitarekin izan zen epaitua.
Hori dela eta, “errespetatu gure iñautik” afixa Iturengo sarreran ikusi nuenean, ez zitzaidan arraroa iruditu. Ez nuen jaso mehatxu bezala, iazko egoeraren aurrean ironiaz aholkatutako mezu bezala baizik.
Halere, eguna aurrera eta sarrerako afixa gogoan, behin baino gehiagotan ulertu nuen kanpotarron jokabideek bertako herritarrengan sortzen duten inbasio sentsazioa.
Bestalde, irudiaren garaia den honetan, han eta hemen, argazki-kamerak, mugikorrak eta kamerak inbasiorako arma dira. Une jakin batean gertatzen den horri eternitatea emateko gaur egun erabiltzen ditugun baliabide izarrak.
Sarritan ez gara kontziente. Une jakin horretan begien bidez jaso dezakegun hori alboratu, eta nahiago izaten dugu bizitakoa hitzez kontatu baino irudi bidez egitea.
Egia da irudi batek hitz askok baino gehiago esateko ahalmena duela. Baina, zin dagizuet, Malerrekan bizitakoak ezin dira irudi bidez adierazi. Tokian tokiko sentsazio, hitz eta usainak bertan bakarrik esperimentatu ditzakegu. Horregatik bertara joan eta haiek bezala bizitzea da egin dezakegun gauzarik egokiena.
Horretarako, ezinbestekoa dugu gure jendarte aseptikoa albo batera utzi eta bertako komunitatera hurbilpena egitea.
Neure burua ezin dut bertako komunitateko kide bezala bataiatu. Baina zorionez bertako herritarrekin bizi izan dut festa eta beti saiatu izan naiz, errespetuz, haiena ulertu eta hurbilpen bat egiten. Ordainetan, errespetua jaso izan dut beti.
Akaso, batek baino gehiagok, ongarriz zikinduta amaitu nuela kontatu ondoren, ez dit ulertuko zein den errespetuaren eta errespetu ezaren arteko dialektika.
Baina horixe da inauteria eta horixe da Malerreka.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Maite Irizar
Jasotako azken erantzunak
- Maite Irizar on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Aitor Sorazu on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Patxi Montero on Ez dadila soka eten 2017/12/03
- Maite Irizar on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06
- Patxi Montero on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06