Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Koloreen sinfonia

Dokumentuaren akzioak

Koloreen sinfonia

2017/05/30 10:15
Koloreen sinfonia

Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Pazko igandez Luzaideko herriak bolant-dantza eguna ospatzen du eta aitzakia horren bueltan egun batzuk igaro nituen Nafarroa Garaia aldean.

Bolant-dantza festa inauterietan jatorria duen tradizioa da. Inauteri egiturari eusten dion arren, XX. mendeko eboluzioaren eraginak aldaketak eragin zituen. Funtsean, pertsonaia batzuk eta identitate-adierazpen batzuk galdu ziren; baina etengabeko birsortze horrek ahalbidetu du Luzaideko bolant-dantza eguna bizirik eustea.

Kasu honetan, tradizio guztiekin gertatzen den bezala, garrantzitsua da jakitea, ez dela beti horrela izan baina etenik gabe aldatzen direlako gozatu ditzakegula horrelako festak.

Luzaide 2017 Bolant eguna 01
Bolantak Pekotxeta auzoan dantzan. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Luzaiden bolant-dantza egunez lehen zita herriko plazan izaten da. Bertan elkartzen baitira bolant-dantzariak gosaldu eta egunari hasiera emateko. Herrian izaten den saio nagusiaren aurretik, bolant-dantzariak Arnegiko Pekotxeta eta Benta auzoetara joaten dira puska biltzea egin eta dantza saioa eskaintzera.

Arnegin batu nintzaien Luzaidetik etorritako bolant-dantzariei eta hauekin aipatutako bi auzoetara bisita egin ostean Luzaidera itzuli ginen. Herrira iritsita pertsonaia guztiak elkartu, konpartsa osoa antolatu eta denak batera Martxa dantzatzen jendez lepo zegoen plazara abiatu ziren.

Luzaide 2017 Bolant eguna 02
Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Segizioa ordena honetan antolatu zen: zaldizkoak, zapurrak, zigantiak, banderariak, gorriak, neskatoak, makilariak, bolant-dantzariak eta azkenean musikariak.

Plazan lehenik, bolant-dantza eta jauzi ezberdinak dantzatzen dira eta makilariek ere euren saioak eskaintzen dituzte, jarraian bikoteka kontra-dantzak eskaintzen dira.

Luzaide 2017 Bolant eguna 03
Makilariak Luzaideko Santiago plazan. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Aurten izan da berezitasunik, emakumeen parte-hartzearen aferak mobilizatuta jende asko hurbildu baitzen. Oraingoan  Hegi, Mariana eta Ostalerrak jauziak neska eta mutilek dantzatu dituzte. Berrikuntza naturaltasun osoz txertatua izan dela ikustea luzaidarren festan txalotzekoa da eta bertako herritarrei dagokien gai bat den arren, uste dut eredugarria dela gauzatu duten urratsa.

Luzaide 2017 Bolant eguna 04
Neska-mutilak jauziak dantzatzen. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Plazan eskainitako ordu eta erdiko saioa amaitzean ahopeka martxa abestu eta neure kasa dantzan hastekotan izan nintzen. Izan ere, dantza hauen melodiak oso dantzagarriak dira eta hauek entzunda erraz kutsatzen zaio edonori dantzarako premia. Deigarriak ez dira melodiak bakarrik; jantzien kolore biziek ere arreta erraz pizten dute. Horrela ulertu daiteke musika, dantza eta kolorea direla festa honen xede eta hedatzearen zergatia.

Luzaide 2017 Bolant eguna 05
Arratsaldeko saioa frontoian. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Goizeko saioaren ondoren bazkaltzeko tartea hartu eta arratsaldean frontoian eskaintzen dute dantza emanaldia, baina goizeko saioko dantzez gain, amaieran Dantza Luzea eta Atxe eta Tupinaren jolas eta indar erakustaldi bitxia ere egiten dituzte.

Esango nuke aurtengoa ere memoriaren mapan gordetzeko eta oroitzeko urtea izan dela. Egia da memorien mapa osoa izatea zaila dela baina oroitzapen eta bizipenez baino ezin denez eraiki hau da nire ekarpena.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.