Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Herri baten mintzoa

Dokumentuaren akzioak

Herri baten mintzoa

2017/04/10 09:15
Herri baten mintzoa

Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Lantzen izan nuen inauterietako beste geltoki bat. Bertan izan nintzen astelehen inauteri egunez.

Euskal Herrian inauteri ezagunenetakoak eta bisitatuenak dira bertakoak eta eguraldi onak lagunduta jendetza bildu zen, beste urte batez berritu zen antzinako errituarekin gozatzera.

Inauteri hauen jatorriari dagokionean bada ezagutu beharreko mugarri bat. 1936ko gerraren ondoren debekatu egin ziren eta, ondorioz, galdu. Jakina da Caro Baroja anaiei esker bizirik direla inauteriak Lantzen; Navarra Cuatro Estaciones dokumentalean bildu nahi izan zuten erritu hura. Inauteria birsortzeko ezinbestekoa izan zen adinez nagusien oroitzapenak biltzea eta gazteen ekimenerako gogoa. Orduz geroztik urtero batu izan da herri guztia tradizio sinboliko honi bizia emateko.

Lantz 2017 inauteriak 01
Txatxoak erratzekin. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Lantzera iritsi eta ostatura abiatu nintzen eta hantxe zegoen Luis Mariñelarena beste herritar askorekin batera gosari legea egiten. Luisek 8 urte zituenetik inauteriak modu berezian bizi ditu. Bera da zaldikoz mozorrotzen dena eta ilusioz bizi ditu egun hauek. Baina Mariñelaren ustez pertsonaia guztiak dira garrantzitsuak baita festa ikustera hurbiltzen garen bisitariok ere.

Zortzikoa dantzatzeko unea gosaldu ostekoa da. Txistulariek zortzikoa jo eta oraindik mozorro gabe dantzan jartzen dituzte mahai bueltan gosaritan izan diren hainbat. Kutsu berezia du une horrek, ondoren plazan dantzatzen den zortzikoa baino intimoagoa delako. 11 minutuko iraupena izan zuen zortzikoaren ondoren ganbarara igo eta mozorrotzeko momentua izaten da.

Lantz 2017 inauteriak 02
Lantzeko zortzikoa dantzatzen ostatuan. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Ganbararen albo batean hainbat lagun aurkitu nituen ziripot mozorrotzen eta han-hemenka hainbat txatxo ere bai. Eta nola ez, lehiotatik sartzen zen argi meharrak uzten zioen neurrian, zutunik erdi-erdian Mielotxin zegoen prestaketa lan guztien testigu.

Konturatu orduko, gero eta txatxo gehiago ziren ganbaran eta gero eta pertsona gutxiago. Ostatu barruan denak prest zeudenerako alboko etxetik irtenda kalean behera joanak ziren ferratzaileak. Halako batean, ostatuko ateak ireki eta ateratzen lehena Ziripot izan zen eta jarraian txatxo uholdea. Txatxoak oihu eta zarataka, erratzak batera eta bestera dantzan. Zaldikoa, jauzika, Ziripot noiz lurrera botako zuen ahaleginean. Ferratzaileak Zaldiko noiz harrapatuko esperoan eta segizioaren amaieran Mielotxin erraldoia. Baina badira bi kide izenez aipatu beharrekoak; pertsonaia hauen guztien lotura diren txistulariak: Mintxo Salaberria eta Mintxo Garaikotxea.

Lantz 2017 inauteriak 03
Lantzeko zortzikoa herriko plazan. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Ostatutik irten eta herriari bira eman ostean enparantzara heldu eta Mielotxin zentroan dutela korro handi bat egin eta zortzikoa dantzatzen dute guztiek. Astearteko eguna modu berean gauzatzen da baina iluntzean Mielotxinen erretzearekin amaitzen da erritua.

Hasieran aipatu bezala lehen zortzikoa begiztatzeko aukera ostatuan izan nuen. Halere, aurrez jakitun nintzen arren, zortzikoa egiteko moduak harritu ninduen. Baina are gehiago harritzen nau Lantzetik kanpora zergatik ez ditugun egitura erritmiko berdinak mantentzen eta zortzikoaren lehen urratsean atzeraka zergatik ez dugun egiten; beti egiten baitugu hiru itzuliko urratsa lehenbizi. Izan liteke ohitura kontua, izan liteke baita ezjakintasuna edo gaizki imitatutako lekukotza baten sintoma. Azken batean, ni neu, tokian tokikoa errespetatu zalea naizenez, uste dut ikusitakoa jaso eta hurrengoan zuzen egin eta zuzen eginaraztea dela nire egitekoa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.