Dokumentuaren akzioak
Hauspoa eta txinparta
Debagoieneko dantza taldetako dantzari helduak batu eta elkarrekin egun-pasa ederra egiteko topaketa da bailarako Dantzari Egunaren helburua.
Aurten 25. urteurrena ospatu dugu. Horretarako Arrasateko Lore gazteak eta Arrostaitz, Oñatiko Oñatz, Antzuolako Oinarin, Aretxabaletako Leizarra eta, egun aktibo ez dauden arren, zita berezi hau ospatzeko batu diren Bergarako Xamatz eta Eskoriatzako Gorosarri taldeak izan gara urteurrena ospatzen.
Aurten, orain 25 urte bezala, Arrasaten ospatu da eta urtez urteko ibilbidea isladatzea ere lortu da. Izan ere, dantzari ohiok berriro alpargatak jantzi eta plazan dantzatzeko aukera izan dugu.
Aspaldian elkartu gabeko lagun-dantzariak batu ginen, horrek dakarren poztasunarekin. Horrelakoetan ohikoa izaten den bezala, oroitzapen eta emozio askoko eguna izan zen.
Hainbat arrazoiengatik egun berezia izan zen baina, badira une eta arrazoi batzuk dantza komunitateko kide izatea berresten laguntzen dutenak; hauspoa ematen duten egunak. Larunbata egun horietako bat izan zen.
Herrian zehar kalejira bat eginez eman genion hasiera egunari eta jarraian Laubide plazan dantza talde guztiak elkarrekin alardea dantzatu genuen.
Dantza talde guztietako kide guztiek dantza hauek egin genituen: Agurra, Agintariena, Banakoa, Gorulari, Domingillo, Kataiak eta Gipuzkoako zinta-dantza.
Egia da, generazio ezberdinen artean plaza betetzea hunkigarria izan zela. Batez ere, horrelakoetan jabetzen garelako eta baloratzen dugulako belaunaldien arteko transmisioak duen garrantzia.
Alardea amaitzeko dantza talde bakoitzeko dantzari aktiboek emanaldia borobiltzeko bakoitzak propio prestatutako dantza saioa bat eskaini zuten:
- Antzuolako Oinarin Dantza Taldeak “Eusko-dantza.”
- Aretxabaletako Leizarra Dantza Taldeak “Otsagiko jota eta kakutxa.”
- Arrasateko Arrostaitz Dantza Taldeak “Iribasko ingurutxoa.”
- Arrasateko Lore gazteak Dantza Taldeak “Monteagudo.”
- Oñatiko Oñatz Dantza Taldeak “Gipuzkoako soinu zaharrak.”
Goizeko dantza saioa amaituta, luzaroan plazan dantzarik egin gabe egoteak sortu zizkigun urduritasunak atzean utzirik, giro ezin hobean elkartu ginen bazkaltzera dantzari guztiok: guztira 330 dantzari eta 30 musikari. Indarrak ondo berreskuratzeko moduko bazkaria izan genuen. Arratsaldeko 18:00etan, Sei Pistols eta trabuko bat taldeak girotuta, plaza-dantzekin osatutako erromerian gozatzeko aukera izan genuen.
Jesus Mari Garate gogoan
Goizean ospatu zen alardean zehar Oñatz Dantza Taldeak, bere saioa, zendu berri den Jesus Mari Garate dantza-maisuari omenaldi txiki bat egiteko baliatu zuen.
Oñatz Dantza Taldean ere utzi zuen bere arrastoa Garatek eta berak propio taldeko emanaldi baterako koreografiatu zituen “Herribera”, “Upelategi” eta “Saltokakoa” soinu zaharrak dantzatu zituzten dantza-maisu ordiziarraren omenez.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Maite Irizar
Jasotako azken erantzunak
- Maite Irizar on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Aitor Sorazu on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Patxi Montero on Ez dadila soka eten 2017/12/03
- Maite Irizar on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06
- Patxi Montero on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06