Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Biba Bobo!

Dokumentuaren akzioak

Biba Bobo!

2016/10/18 09:25
Biba Bobo!

Otsagabia, 2016. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Folklore aniztasun ikaragarria dauka Nafarroako Pirinio aldeak. Dantza mota asko kilometro gutxiren bueltan. Luzaideko herriaren baimenaz, ezagunenak Otsagabiak ditu. Herria beste behin bisitatzeko aitzakia hoberik ez eta irailaren 7tik 9ra Otsagabian egin nuen zita.

Otsagabia 2016
Otsagabia, 2016. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Irailaren 7an iritsi nintzen Otsagabiara. Argazki kamara hartu eta maiorazkoaren etxera joan nintzen. Ordurako hantxe zegoen Jose Jabier Sagardoy, Txepi, niri harrera egiteko zai. Bera izan nuen gidari; beraien dantzak testuinguru naturalean gertutik ikusi eta ikasteko lagun. Txepi da Irailaren 8an Boboa gorpuzten duen pertsona eta  ohore handia izan zen niretzat, dantzon lekukotasuna bere bidez jasotzea. Ez bakarrik, 1971. urtetik dantzari delako, baizik eta, haren etxeko familia transmisioarekin identifikatua sentitu nintzelako.

Otsagabia 2016 Sagardoi aita-semeak
Otsagabia, 2016. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Txepiren seme Julen eta Joseba aitarekin dantzan ikustea berezia egin zitzaidan. Sagardoitarren etxean kide guztiak dira festaren partaide. Ama, Mari Jose Esarte, irailaren 8an goizeko lehen orduan herria esnatzeko egiten den dianako musikaria da. Beraz, esan beharrik ez dago etxe honetan dantza eta festaren bueltan ematen dituztela bi egun hauek. Askoren tentsioa, askoren emozio izaten dute eta festa horrela bizitzea oso betegarria dela diote.

2016-09-07-08_Otsagabia_Maite-Irizar_20
Sagardoi-Esarte familia. Argazkia: Maite Irizar

Otsagabiako dantzak, lau makila dantza indartsu eta adierazkorrek osatzen dute: Enperadorearena, Kakutxa, Dantza eta Modorroa. Hauez gain, Zapi-dantza eta Jota bat ere dantzatzen dute. Boboa (bi aurpegiko maskaradun pertsonaia) buru dutela zortzi dantzarik sinbolismoz jositako dantza errepertorioa egiten dute urtero.

Otsagabia 2016 pañuelo-dantza
Otsagabiko dantzak, 2016-09-08. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Bezperan, hilaren 7an, dantzariek Zaraitzuko jantzi zibila soinean, Patronatuko Maiorazkoaren etxea bisitatzen dute. Maiorazkoari eta udalari lagun eginez, elizara joaten dira salbea kantatzera. Jarraian, Blankoako plazaruntz abiatzen dira eta bertan dantzen errepertorio osoa dantzatzen dute, dagoeneko iluntzen hasita dagoenean.

2016-09-07-08_Otsagabia_Maite-Irizar_03-
Otsagabia, 2016. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Irailaren 8an oso goiz dantzari, dultzainero eta musikariak etxezainaren etxean biltzen dira egunari gosari eder batekin hasiera emateko. Dantzariak oraingoan festa jantziz doaz, jantzi zuri eta zintadunarekin eta Boboa aldiz, jantzi gorri berde batekin eta bi aurpegidun maskararekin.

Jarraian, herria egunari esnatzeko, dultzainero eta musikariak lagunduaz goizeko dianara joaten dira dantzariak. Dianan bertokoa den soinu bat da nabarmentzeko Diana a Maite, duela hamar urte berreskuratu zena.

Diana amaitu ostean, etxezainaren etxetik, Larranbe etxera (azken etxea) abiatzen dira. Handik eta baselizarainoko bidea zenbaitek oinez egiten dute. Behin Muskildara helduta, han herri agintariei eta etxezainaren familiari eliza laguntzen diete, kastañuela eta dindirri hotsen laguntzarekin.

Elizaren atean, hiru dantza egin eta Muskildako Ama Birjinaren irudiarekin prozesioa egiten da. Jarraian berriro zaindariaren omenez bi jota dantzatzen dituzte. Bata Boboak bakarrik eta bestea berriz, dantzari guztiek batera. Prozesioaren ostean, Boboak izaten du ardura Ama Birjinaren irudia bere gotorlekuan berriz ipintzeko eta mezari hasiera ematen zaio.

2016-09-07-08_Otsagabia_Maite-Irizar_33

Mezak dirauen bitartean dantzariek Seroraren etxean deskantsua hartu eta jateko aprobetxatzen dute, oraindik ere egunak baditu-eta eginbeharrekoak.

Otsagabia 2016 dantzaria bizkarrez
Otsagabia, 2016. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Behin herrira jeitsi ondoren berriro ere etxezainaren etxera joaten dira eta dantzaren bat oparitzen zaio. Handik alkatearen etxera eta beronek, etxezainak bezala, dantzariei jatekoa eta edatekoa eskaintzen die eta goizeko errituala bertan amaitzen da.

Arratsaldeko lehen orduan, etxezainaren etxean biltzen dira eta handik elizaraino joango dira meza bezperetara joateko. Elizkizuna amaitutakoan, biribilketaren doinuaz, jaiaren protagonistak Blankoa plazara joaten dira bezperan egiten duten bezala. Herri agintariak lehentasunezko eremuetan kokatzen dira eta gainontzeko herritar guztiak ere bertan biltzen dira, horren estimatu den dantza-zikloa ikusteko.

Boboaren jantzi gorri-berde ikusgarriak plaza osoaren arreta jasotzen du. Magia berezia duen pertsonaia da. Begirada guztiak harengana doaz. Ikusmena Boboak betetzen digu, entzumena berriz kaskaineten hotsari eskaintzen zaio eta hori izaten da, dantzariak plaza erdiko beren lekura doazen seinalea.

Otsagabia 2016 talde argazkia
Otsagabia, 2016. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Otsagabiako dantza errepertorioa, lehen aipatu bezala, lau makil-dantza indartsuk osatzen dute: Enperadorea, Kakutxa, Dantza eta Modorroa. Niretzat nortasun berezia duten makil-dantzak dira eta bertako dantzarien kontzentrazioa eta indarra ikusita are eta nortasun propioagoa dutela iruditu zitzaidan. Dantzariek diote, gertatzen dela bi egun hauen ondoren, eskuak orbanduak izatea. Golpe bat edo beste eman eta jasotzea ohikoa izaten delako.

2016-09-07-08_Otsagabia_Maite-Irizar_61

Makil-dantzak amaituta niri gehien gustatzen zaidan dantzaren momentua izaten da, Zapi-dantza. Bobok bi aurpegidun maskara jantzi eta zapien gurutzaketa eta gurutzaketa artean iskanbila ederra sortzen dute. Dantza honetan herritarrak ere protagonista bilakatzen dira, Boboak kanpora eta barrura egiten duelako publikoaren artetik eta bai dantzari eta zein herritarrak jotzen joaten da alde batetik bestera, bere jarraian dantzari taldea izaten duelarik. Gutxien espero nuenean neuk ere, izan nuen sustotxoa. Aldendu izan ez banintz, gainean izango nituen ziur.

Zapiaren dantza amaitu eta iskanbila baretu ondoren, seriotasuna izaten da plazako jabe. Jotaren uneak badauka kutsu serioago bat. Baliteke, dantzari guztiak banan-banan dantzatzen dutelako eta gainera herri osoaren aurrean dantzatzearen gainkarga duelako.

2016-09-07-08_Otsagabia_Maite-Irizar_80

Azken dantza hau amaitutakoan, dantzarien bi egunetako jardunak ere une horretan izaten du helmuga. Baita neure egonaldiak ere. Gogoan izateko beste kontu ekarri nituen etxera baina ziur naiz oraindik ere badirela jakin beharreko beste hainbat kontu. Beraz, aitzakia beharrik ez hurrengoan bueltatzeko.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.