Dokumentuaren akzioak
Agur egun zoragarria!
Ekainaren 24a, egutegian markatutako eguna izaten da Tolosan. Urteko gaurik motzenaren ondoren tradizioz jositako festa egun luze batekin esnatzen da herria. Luze diot, Bordoi dantzarientzako horrela izaten delako.
San Joan egunez, dantzariek izaten dute herria apaintzeko ardura eta horretarako goizeko 5.30ean elkartu eta Monteskura joaten dira, lizarren bila. Lizar hauek izango dira, alde zaharreko atarietan ipiniko dituztenak; aintzina egiten zen bezala, izpiritu txarrak aldentzeko helburuarekin.
Herria apaindu ondoren, bordoi dantzariek merezitako hamarretakoa egiten dute. Tarte horretan, herritarrek kalea hartzen dute. Laster hasiko dira, eskopetero konpainiak hara eta hona, guztiak Euskal Herria plazan elkartzeko. Aurtengoan gainera 15 konpainiatan banaturik 1200 herritarrek parte hartu dute.
Herritarrentzat egun berezia dela nabari da; eta San Joan zortzikoak esaten duen bezala, Tolosarrentzat egun zoragarria da. Meza nagusiaren ostean hori horrela dela bizitzeko aukera izan nuen.
Santa Marina plazan elkartzen dira erraldoien konpartsa, dultzaineroak, musika banda, txistulariak, dantzariak, hau da, herria bera. Momentu hori izaten da dantzariek egiten duten lehen San Joan Zortzikoa. Dantzarientzat eguneko kuttunena da, urte osoa igarotzen dutelako doinu horren zai. Gainera diote, eskopetari konpainien tiro arrabotsek eta kanpaien etengabeko errepikek momentua are eta bereziago egiten dutela.
Lehen San Joan Zortziko horren bueltan beste 2 tokitan dantzatzen dute San Joan Zortzikoa prozesioan zehar. Baina horretarako ulertu beharra dago, zer den dantzariek irudikatzen dutena. 1321eko Irailean Beotibarko guduan, Tolosarrek Nafarren aurka mendekua hartu zuten gertaeraren irudikapena dela diote teoria batzuek eta niri ere horrela dela iruditu zitzaidan. Bordondantzak duen kutsu militarra eta prozesioan dantzariek egiten dituzten pausuak ikusita balizko teoria dela esango nuke.
Arratsaldean berriz, Udalbatza, Tolosako Musika Banda, txistulari, bordondantzari eta eskopetariak Plaza Zaharretik abiatzen dira. Andre Maria eliza nagusiko bezperetara joaten dira guztiak eta ondoren Arrameleko San Joan kaperan izaten diren arrats otoitzetan parte hartzen dute.
Santa Marina plazan eta San Joan plazan bordondantza egiten dute dantzariek eta handik Triangulorako bideari ekiten diote. Bertan alkatearen aurreskua eta udalbatza guztiak eskualdatzeko soinua eskaintzen dute eta azken deskargak egiten dituzte eskopetarien konpainiak.
Badu zerbait berezia arratsaldeko saio honek eta ziur aski horixe da bordoi dantzaren ezaugarri garrantzitsu bat. Aipatutako gune bakoitzera iristean, eskutan daramatzaten alabarda eta banderillekin, arkua egiten diote udalbatzari eta hauek bertatik igarotzen dira. Kontua da, arku hori egiteko, soka askatu eta korrika hasten direla dantzariak arkua osatu arte.
Berezitasunak aipatzen hasita, eguna amaitzeko eta San Joan zortzikoaren doinuaren etenik gabe, Zumardi handiko amaierako erreberentzia eta eskaintzen unea ere aipatu nahiko nuke. Jarraian udalbatza udaletxera lagunduko dute eta orduan bai dela azken zortzikoen unea, azken zintzarrien hotsa, hots, azken pausuen helmuga.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Maite Irizar
Jasotako azken erantzunak
- Maite Irizar on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Aitor Sorazu on 1973an, Eskolarteko Dantzari Txiki Egunak Oñatin emandakoak
- Patxi Montero on Ez dadila soka eten 2017/12/03
- Maite Irizar on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06
- Patxi Montero on Txokolatez XIPRIstindutako inauteriak 2017/03/06