Mintegia: Larrain-dantza, Lizarrako ingurutxoa
Denok ezaguzen dugu larrain-dantza. Ikusi, entzun, musika jo eta ziur aski dantzatu dugu inoiz. Suit tankerako dantza honek, ordea, haren sorreraren inguruko iluntasunak eta gerora egindako bideak eraginda, izan du eta badu beregan ezagutzeko konturik: dantzatzeko erak direla, osatzen duten zatiak direla, zati bakoitzaren errepikapen kopurua dela... izan da zertaz hitz egin. Adibidez, dantzan.eus-en berriki argitaratu diren 1947. urteko larrain-dantzaren irudietatik gaur egun ikus dezakegun beste larrain-dantza honetara, edo Lizarran bertan ikus daitekeen honetara, edo Galdakaoko Andra Mari taldekoek dantzatu ohi duten beste honetara bada alderik.
Dantzan Ikasitik, larrain-dantza ikasteko ikastaroa izan gabe, Baile de la Era delakoari atzera begiratu bat egitea proposatzera gatoz dantza-kate honen egituratze prozesua, historia eta oinarriak hobeto ezagutzeko asmoz. Herri gehienetan eskaintzen diren plazako dantzen ikastaroetan ohikoa izaten da larrain-dantza, eta horietako irakasle aritzen direnentzat lagungarri gerta daiteke mintegi hau. Apirilaren 16an egingo dugun mintegian saio teorikoa eta saio praktikoa izango ditugu. Teorikoan, Julian Romanoren inguruko XX. mendeko lehen testigantzetatik hasi eta Beruete, Elizaga edo Olazaran bezalako abizenek zer esan izan duten larrain-dantzaren bilakaeran ikusi eta entzun ahal izango dugu. Praktikoan berriz, gaur egun Lizarran bertan dantzatzen den moldeari errepasoa egingo diogu.
Raquel Ugartondo eta Javier Lana - Lizarraldeko Herri Dantzen Tailerra
Taller de Danza Popular de Tierra de Estella - Lizarraldeko Herri Dantzen Tailerra 2013an sortu zen folklorea ezagutarazi eta helduentzat dantza eskaintza bideratzeko. Raquel Ugartondo eta Javier Lanak gidatu eta bultzatuta, Dantza Plazan izeneko ekimena bultzatzeaz gain, erakusketak ere antolatzen dituzte, beti ere herriko jai egitarauan parte hartzeari arreta berezia jarriz. Gabon gauean artzainek dantzatu ohi zuten Pastorela de Dicastillo izeneko ohitura berreskuratu dute. Gaur egun Lizarra, Villatuerta, Deikaztelu eta Ameskoabarrena herrietako 80 pertsona inguru batzen dira Lizarraldeko Herri Dantzen Tailer honetan.
Raquel Urgartondok urte gutxi, 2012tik hona, baina bizi-biziak daramatza dantza tradizionala bertatik bertara ezagutu, ikasi eta sakontzeko ahaleginean. Javier Lanak berriz 70eko hamarkadan Larraiza dantza taldean ekin zion dantzaren ibilbideari. Hasierako jarduera 40. hamarkadan Francisco Beruetek koreografiatutako dantza errepertorioa dantzatuz hasi zuen, nahiz eta gerora beste herrietako euskal dantzak ere ikasi zituen. Raquel eta Javier, biak ere Francisco Beruete Dantzari Ohien elkarteko kide izandakoak, gaur egun Herri Dantzen Tailerrean murgilduta daude burubelarri.
Mintegia: Larrain-dantza, Lizarrako ingurutxoa
Irakaslea: Raquel Ugartondo eta Javier Lana (Lizarraldeko Herri Dantzen Tailerra)
Datak: 2016ko apirilak 16, larunbata
Ordutegia: 9:30-13:30
Lekua: Dantzagunea. Pelotari kalea, z/g (Niessen eraikina) 20100 Errenteria
Matrikula: 15€
