Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzen irakaskuntzaren gabeziak identifikatzen
"Gure dantzek badute ikusgarritasuna eta kolorea, talde askok maite dituzte eta guk ere maite ditugu, baina gero begiratzen dugularik hurbiletik ikusten dugu zerbait galtzen dela edo irakaskuntzan bereziki hutsune batzuk agertzen direla". Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldeko Oihana Beteluk eta Pierre Latasak Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzen irakaskuntzaren zenbait gabezia identifikatu eta azaldu dituzte Dantzan Ikasi topaketetan.
Eginiko oharrak eguneroko praktiketatik eta bizipenetatik egin dituzte; asmoa ez da inor epaitzea, baizik eta ikustea eta ulertzea zer gertatzen ari den aurrera begira ekarpenak eta hobekuntzak egiteko.
Irakasle eta dantzari gutxi
Nabarmena eta arazo larrienetakoa da irakasle eskasia eta irakasle horiek formakuntza falta. 6-7 urterekin dantzan hasi eta handik hamar bat urtera, 15-16 urterekin, ikasle gazteagoei irakasten hasten dira, "dantzariak izateak ez du bermatzen irakasle jakintzarik, ez dituzte menperatzen dantzak, dantzaren pedagogia...". Dantzari kopuruari dagokionez ere, "gurean euskaldun kopurua eta euskal herritar kontsideratzen direnak ere gutxi dira, beraz dantzariak oraindik gutxiago", taldeetan askotan kosta egiten da dantza jakin batzuk egiteko kopuru minimoa lortzea.
Zenbait taldetan eta herritan erregularki biltzea kostatzen da, ez daude asteroko entseguetako dinamikak, "talde askotan gertatzen dena da proiektu batentzat jende biltzen dela anitz, kabalkada bat muntatzeko, pastoral bat egiteko, maskaradak egiteko eta gero urtean zehar proiektu hori pasa delarik epe luzean ez da gehiago deus".
Gabeziak dantzaren transmisioan
Dantzen inguruko ikerketak badira, baina gaur egungo joeretara egokituta, dantzak irakasteko fitxak edo tutorialak faltan botatzen dituzte, "garai batean ez zen horrekin erakusten, baina oraingo munduan jendeak nahiko luke horrelakoak izatea". Baliabideak falta direla uste dute, orain ahozkoa baita transmisioa.
Sumatzen dute gazte askok ez dutela dantza irakaslearen figuraren beharrik ikusten. Nahiz eta herrian norbait prestatua egon horretarako nahiago dute elkarren artean aritu. Ondorioz, talde batzuetan irakasle batzuk kanporatuak edo baztertuak izan dira, "pixka bat trauma bezala edo biziki gogorki bizitu dituzte jende batzuekin harreman batzuk edo badute horrelako gaizki izate bat, batean, bestean. Eta nahi dute hortik atera azkenean, eta hori da pixka bat tradizioaren edo dantzaren kaltetan".
Ikusten dute ere talde askotan gorputzaren ezagutzari ez zaiola garrantzirik ematen, beroketak eta ariketak ez direla egiten. Entsegu oso laburrak egiten dituzte, askotan, dantzarako arropa desegokiekin, gainera.
Gure dantzei baliorik ez
Identifikatu duten beste fenomeno bat da dantza guztiak edozein adineko dantzariekin landu nahi direla eta dantzen infantilizazio horren ondorioz "zorroztasuna eta balioa galtzen da, ez baita interes hori". Zenbait dantza errazak direla uste da eta, beraz, ez dira behar beste lantzen, "Zuberoan lantzen dituzte zinez bertako dantzak, nahiz eta jakin segitzen dute eta beti bada holako progresio posible bat, baina gure dantzekin...". Bestalde, dantza berriak sortzen eta errepertorioak garatzen ari dira talde batzuk, baina tokian tokiko dantzak zaindu gabe, "talde batzuetan urtemuga iristen da, behar da emanaldi berri bat sortu, orduan egiten dituzte sorkuntzak, egiten dute animaleko lana, baina inauteriak iristen dira eta ez dago denborarik kaskarotak prestatzeko".
Ezagutzaren transmisio eskasa ikusten dute, "zoritxarrez eskoletan, euskarako kurtsoetan, lehen mailako hezkuntzan biziki gutxi aipatzen dira tradizioari lotutako kontuak, edo dantzaren historia ez da neoiz aipatzen. Euskararen tokia biziki xumea da orokorrean gizartean eta dantzaren historia pentsa ezazue". Dantza taldeetan ere antzeko; dantzak ikasten dira, baina ez horien testuingurua edo historia.
Ikusten dute ereduak edo erreferentziak aldatu direla, "orain talde profesional batzuk emendatu dira edo emendatzen ari dira eta ez dira bortxaz dantza tradizionalean edo jantzi tradizionalekin ari. Herriko taldeak hori ikusten dute eta hori da azkenean bilakatzen den eredua". Eredu eta sorkuntza berriak ez dira zertan txarrak izan, baina sumatzen dute talde batzuetan ez dakitela zer den euskal dantza, zer den garaikidea, dena nahasten dutela, ez dutela garaikideko formaziorik...
Ondorioak
Nagusiki bi iturritatik datozela gabeziak uste dute: egoera eta taldeen funtzionamendua. Gizartearen garapenari lotuak direla ikusten dute. Ohartu dira Nafarroa Behereko dantzak Lapurdin baino gehiago mantenduak direla. Kabalkadei edo libertimenduei esker tradizioak hobeto mantendu dituztela uste dute. Lapurdin pixka bat gehiago galdu direla diote, nahiz eta herri batzuetan kaskarotak ospatzen diren, ez direla herri asko diote.
Jakitun dira identifikatu dituzten gabeziak zenbaitentzat gizartearen aldaketaren isla besterik ez direla. Aldaketak onak direla uste dute, baina "baditugu kode batzuk eta urtez urte transmititu direnak eta horiek bazterrean uztea gabezia da guretzat".
Dantzan Ikasi Topaketak 2022
- Garbiñe Aizpitarte: "Pausuak eta dantzak helburuak dira, baina beste gauza asko landu behar dira"
- Biribilketa: jakina da edo lantzea komeni da?
- Dantza-irakasle eta dantzarien kontratazioak, a ze buruhauste eta oztopoak!
- Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzen irakaskuntzaren gabeziak identifikatzen
- Ze egoeratan daude euskal dantza taldeak?