Jon Iruretagoiena: “Saltoan batez ere lurreko fase guztia da garrantzitsua”
Saltoaz edo jauziaz aritu da Jon Iruretagoiena Maritzuli konpainiako dantzaria Dantzan Ikasi topaketetan. Egoki jauzi egiteko zenbait giltzarri azaldu ditu, eta horretarako Zuberoako dantza tradizioan pisu handia izan duen Elgoihen eskolako ikasbideak erabili ditu.
Saltoa behera
Duela ia 30 urte hasi zen Beskoitzen dantzan Jon Iruretagoiena, aita Claude zuela dantza-maisua. Honako agindua eman omen zien hasiera-hasieran: "Burutik han goraino soka bat daukazue, eta gorantz tiratzen zaituzte". Beraz, dantzari gaztetxoak buruari eta gorputzari ahalik eta tenteen eta zuzenen eusten saiatzen omen ziren. 13-14 urterekin, berriz, “plie” hitza sartu zela bere dantza lexikoan dio, "behin eta berriz errepikatu zuen aitak, hankak tolestuz behera egitean gorputza". Saltoa behera egiteko eskatzen zien, "zaila zen ulertzea, txikitatik esan ziguten gora tiratzeko gorputza eta orain beherantz salto egiteko". Azkenean, ulertu zuen gora tira behar zuen soka edo hari imajinario horrek burua, bizkarrezurra, gerria eta hankak eusten zituen indarra zela.
Elgoihen eskolatik jasotakoak
Urteak pasata, ikasle gaztetxoa zenari irakasle aritzea egokitu zitzaion, eta “nola azaldu orain arte ikasitako guztia orain ikasleei?”. Ikuspuntua aldatu zitzaion Iruretagoienari irakasteko ordua iritsi zitzaionean, eta, batez ere, Zuberoako dantzen inguruko ikerketak Atharratzeko etxe batera eraman zuenean. Han, Beñat Elgoihen XIX. mende bukaeran sortu zen dantza-maisuaren eskolari buruzko oinarri nagusiak ezagutu ahal izan baitzituen. Dominique Lizibarrek azaldu zizkion Elgoihenen metodoa eta izpiritua, “zer zen garrantzitsua Elgoihenentzat, non ipintzen zuen atentzioa” kontatu zion. Orkatilaren mugimenduari eta indarrari, bertikaltasunari eta pliearen sakontasunari ematen zion garrantzia, besteak beste.
Orkatilaren lana
Elgoihenek azpimarratzen zuen lehen gauza orkatilaren lana omen zen, “salto egiterakoan orkatilarekin eta oin puntarekin ere salto egitea”. Lizibarrek azaldu zion garai hartan oin hutsik egiten zutela dantza eta horren helburua zela orkatilaren mugimenduaren indarra baliatzen ikastea, saltoak egiterakoan dinamika sendoagoa eta arinagoa emateko. Barkoxeko amona batek, berriz, azaldu zion Pierre Iruriren ikasleek eskalapoiekin ikasten zutela, “eskalapoiekin prestatzen bazarete gero horiek gabe erraz dantzatuko zarete”. Hor ikusten da eskola batek indarrarekin ikasten zuela saltoa eta besteak teknika finagoa bilatzen zuela.
Iruretagoienak ikusten du orkatilak ematen diola suspentsioa saltoari, “gero noraino eramaten dugun, teknikaren, dantzariaren arabera moldatu daiteke, baina mugimendu hori belauna eta orkatilaren arteko konbinaziotik sortzen da”.
Bertikaltasuna, salto gora eta zuzen
Lizibarrek esan zion Elgoihenentzat garrantzitsua zela bertikaltasuna, salto egitea zuzen eta gora. “Irakasteko orduan ohartu nintzen nire mugimendu askok ahal zutela inertziarekin gorputza albo batera eraman bertikaltasuna galduta”, hori zuzendu behar dela dio, salto itsusia produktiboa bilakatzeko. Bertikaltasunarena, batez ere, garrantzitsua da albotik hasitako saltoak egiterakoan, “Zuberoan zaharrenik esaten dute godalet-dantzan urratsik zailena dela entrexantak egitea. Horrek eskatzen baitu bertikaltasuna gorde, baina aldi berean basoaren bi aldeetatik mugitzea. Diziplina eta zorroztasun ikaragarria behar da”.
Erortzean gora tiratzea
Plie mugimenduaren kontuarekin pentsamoldea aldarazi ziola Dominique Lizibarrek dio Iruretagoienak. Esplikatu zion Elgoihenek esaten zietela batez ere erortzerako momentuan gora tira behar zutela bururekin, ez lehertzeko behean. Zuberoako dantzak aztertzen ikusi du saltoa besterik ez dagoela, “teknika kenduz gero, saltoak bata bestearen atzetik dira aurkitzen direnak”. Orain argiago ikusi ditu saltoaren oinarriak eta ezaugarriak, “batez ere lurreko fase guztia da garrantzitsua, inpultsoa emango dion mugimendua”. Horrek azkarra izan behar du, eta beherantz eman behar zaio indarra lurrari, horrek berrio indarra gorputzari itzultzeko”. Konturatu da salto egitea inertzia dela, “saltoak ematen dio indarra hurrengo saltoari eta sistema horretan beti gabiltza gorantz eta beherantz”.
“Saltoa behera” esan ohi zienean aitak kosta egiten zitzaion ulertzea, baina Elgoihenen ikasbideekin borobildu ditu aspalditik jasotako esplikazio haiek.
Dantzan Ikasi Topaketak 2021
- Iñaki Arregi: “Dantzari onak teknika ahazten du”
- Maitane Eyheramonho: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu"
-
Patxi Laborda: "Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez"
-
Jon Iruretagoiena: “saltoan atez ere lurreko fase guztia da garrantzitsua”
-
Maite Irizar: "Aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea"
-
Kronika orokorra: Dantzaren transmisioan dihardutenen biltoki izan dira Dantzan Ikasi Topaketak