Nola formatzen gara euskal dantzan?
Euskal dantzako titulurik ez dago, beraz, nola formatu izan gara eta gara euskal dantzan? Baina titulua al da nahi duguna? Oinarrizko heziketakoa edo goi mailakoa? Gradua, gradu ondokoa, lanbide heziketakoa? Ze profiletako irakasleak behar lukete? Zer da irakatsi beharko litzatekeena? Eta zein izango dira ikasleak? Hamaika dira euskal dantzako formazioaren inguruan sortzen diren galderak eta kezkak.
Aspalditik datorren beharra da, urteak pasa eta hor jarraitzen du formazioaren hutsuneak. Dantzan Ikasi Topaketetan gaiaren inguruan jardun dira lau dantzari: Mikele Albisu (Antiguotarrak, Donostia), Xabier Gonzalez (Eusko Lorak, Sestao), Patxi Montero (Herrixa Dantzan, Elgeta) eta Anartz Ormaza (Itxas-Alde, Bakio). Josu Garatek hainbat galdera luzatu dizkie eta haien bueltan aritu dira.
Handik eta hemendik formatu behar
Albisu, Gonzalez eta Ormaza txikitatik aritu dira dantzan, dantza taldean. Konturatu gabe eta oso gazte irakasle lanetan ikusi zuten beren burua; taldetik jasotakoa besteei transmititzen. “Autoformakuntza izan da, taldean ikasi eta taldean irakatsi”, dio Ormazak. Albisuk dio inguruko taldeetan, ikastaroetan... denean apuntatu izan dela, nahiak eta beharrak hala eskatuta. Gonzalez ere bide beretik, “han eta hemen topatutakoa arrantzatu dugu. Gauza bat da gogoan gauzak argi izatea eta beste bat irakasten jakitea. Formazio propiorik ez eta hara eta hona ibili izan gara”.
Monterok, berriz, umetatik sentitu zuen dantzarako bokazioa, baina musikaren bidea ibili zuen haur eta gaztetan, eta heldutan ailegatu zen dantzaren arra asetzera. Hainbat estilo kuxkuxeatu eta gero, europar testuinguru handi bateko erro tradizionaleko dantza sozial ludikoen mundua ezagutu zuen, eta hor aurkitu zuen argia. Hortik etxera buelta, euskal dantzara. Demanda bazela eta, lana utzi eta horretara dedikatzea erabaki zuen, dantza sozial ludikoaren ikuspegitik; baina euskal dantzan behar zuen, “hemengoa naizelako, txikitatik ezagutzen ditudalako, zalea naizelako”. Europako dantza irakasleen ikastaroak, Bal Folk jaialdiak, Dantzan Ikasi, Aiko ibiltaria, Bilbao Musika... izan dira bere formazio guneak.
Ormazak EHUk 2016-17 ikasturtean eskaini zuen berezko titulua aipatu nahi izan du, “Klik bat izan zen nire formakuntzan. Ikusi nuen argia nire burua kokatzeko, dantzaren inguruan hausnartzeko, gauza pila bat ikusteko eta batez ere nire burua eta egiten ari ginena kokatzeko”. Ordutik etengabeko formakuntzan jarraitu duela dio, AIKOrekin, esaterako.
Dakidan bakarra ez dakidala ezer
“35 urte dantzan igaro ondoren, Berezko Tituluan konturatu nintzen dena neukala ikasteko”. Ormaza ohartu zen mundu infinitua zeukala aurretik eta oraindik kuxkuxeatzen dabilela dio. Albisuk ere esaten du gabeziak alde guztietatik ikusten dituela, batez ere “azalpenak emateko garaian sentitzen ditut zailtasunak. Nire buruan hasten naiz pausu bat desglosatzen, baina gero hori nola trasmititu? Ni naiz nire ikasle eta, irakaslea eta badago elkarrizketa hau nire buruan: Nik ikasi nahiko banu, nola nahiko nuke jaso?”. Gabezia horien aurrean, ordea, "dohain bat baduela dio: “ausartzen naiz esatera ez dakidala”.
Monterok, Ormazak esan bezala, musika eta dantzaren arteko lanketan ikusten du hutsunea, baina batez ere dantzaren pedagogian; zer eta nola erakutsi? “Asko jakin behar da irizpidea izateko erakusteko orduan. Eta horretarako dantza-maisua izan behar da, asko ikasi, ikusi eta irakurri behar da". Ormazarentzat asko jakitea baino garrantzitsuagoa da norbera jakitun izatea gauza asko ez dakizkizula, “jende asko dabilelako irakasten jakin gabe ez dakiela. Horrela ibili naiz ni 20 urtean... Behin konturatzen zarenean ez dakizula, posizio horrek ematen dizu beste modu bat ez jakitekoa ere”.
Denok nahiko genuke dena dakien irakasle bat, baina hori ez dela existitzen argi ikusten du Gonzalezek. Eta ez dugula metodologiarik ere bai, baina bitartean aritu egin behar dugula uste du eta euskal dantza euskararekin parekatu du: “dantza tradizionala normalizatu behar da eta normalizatu behar badugu behar duguna da aritu, bestela hilko da. Idealera iritsi nahi badugu ez gara inoiz inora iritsiko. Badakit utopiak mugitzen gaituela, baina uste dut lurrean gelditu behar garela eta lokatzetan ikusi zer dagoen eta lokatzetan dantzatu”. Bestalde, gida lerro zehatzik ez izan arren uste du denok ari garela esku-liburu hori osatzen apurka-apurka, “Sarriegiren lana adibidez abiapuntu oso solidoa da eta horretan ari garela uste dut”.
Titulazio amestuaren buruko-minak
Ormazarentzat garrantzitsua da erabakitzea zertarako behar ditugun tituluak, “helburuaren arabera era batekoa edo bestekoa izan beharko du”. Hizketan erakutsi nahi badugu derrigorrezko hezkuntzara jo beharko genukeela dio eta dantza-maisuak, ikerlariak... nahi baditugu unibertsitatera, eta unibertsitateetan ere helburuen arabera eremuak ezberdinak beharko lukete. Lanbide Heziketa ere aipatu du Monterok.
Edozelan ere oinarriak behar ditugula irakasteko momentuan uste du Monterok, “formak eta fondoak bereizten ditut. Transmititu ditzakezu formak dantzan, baina ezagutu behar duzu fondoa. Horren azpian dagoena testuinguru oinarria ezagutu behar da (historikoa, soziala, nola erabili dira...) forma eta modu egokian, diskurtso egokian eta kalibre egokian transmititzeko. Beraz, pausuak eta koreografiak ezagutzeaz gain hori elikatzen duen guztia ere ezagutu behar da”.
Gonzalezek ez du itxaropen handirik administrazioan, “Hezkuntza Legean dantza agertzen den artikulu bakarra dago, gainera hezkuntza artistikoetan sartuta. Hizkuntzarekin berriz alderatuz, hizkuntza normalizazioaren izpiritua ezabatu dute legetik. Badago estrategia politiko oso bat euskaltasunaren zera hau atzerakoia dela eta honek ez digula aurreratzen uzten dioena”. Uste du elkarri lotu eta apurka-apurka egituratu eta geure bidea egin behar dugula, “bidea arrakastatsua bada etorriko dira administrazioak, baina lana eginda eta arrakasta lortuta dagoenean”.