Patxi Laborda: "Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez"

2021/06/14
Patxi Laborda: "Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez"

Dantzariek musikaren oinarrizko kontzeptuak ikastearen garrantzia azpimarratu du Patxi Labordak, Bilbao Musikako eta Aiko taldeko irakasleak, Dantzan Ikasi Topaketetan. Bilbao Musikan ikasleekin egiten duen lana azaldu du, eta dantza musikarien eta dantzarien arteko harremana dela uste du; hori argi ikusi zuen Urraska dantza-jauzien bilduma osatzerakoan. Izan ere, musikariek galdetu zioten: "Jauziak nola dantzatzen dira? Eta hori musikan nola da?". Orduan, urratsen transkripzio erritmikoa egin zuten, "urratsak ez dira transkripzioan jasotakoa bakarrik, baina egia da horrek erakusten duela urratsen sustraia non dagoen, eta gure perkusionistak horrela hobeto jotzen zuen, ulertzen zituelako urratsak".

Gorputzarekin dantzan

Musika ez dela solfeoa dio Labordak, solfeoan ez baita islatzen musikan agertzen den guztia, eta berdina dantzaren kasuan, "analfabetoa izan zaitezke, baina hizkuntza menperatu". Notazio musikala edo solfeoa analisirako metodo ona da, baina musika eta dantza harago doaz.

Patxi Laborda, Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan: CC-BY-SA

Labordaren ustez, dantza tradizionalaren hizkuntza koreografikoa ez da klasikoaren edo garaikidearen bera, "dantza tradizionala oinetan sortzen da, lurrean, perkusioak lurrean egiten ditugu. Oin puntan banago belauna eta gerria mugitzea zaila dira, blokeatuta daude. Lurrera joaten banaiz mugimendu hori gorputzera pasatzen da". Abiapuntua lurrean dugula dio, eta beste dena zabalik bada, mugimendua gorputz osora zabaltzen dela. Ikasleei kanal hori zabaltzea dela bere lana dio Labordak.

Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Josu Garate - Dantzan: CC-BY-SA

"Dantza tradizionalean gozatzen dut gauzak gorputzarekin esaten direnean", dantza tradizionala etxearen marrazkiarekin irudikatzen du: pultsua sotoan, gainean egitura erritmikoa, ondoren hori nola kokatzen den espazioan, horren gainean hori melodiaren arabera nola aldatzen den eta azkenengoan apaindurak. "Niretzat dantza guztietan hori da sistema. Etxera ez gara zimendutik sartzen, lehenengo pisuan dago sarrera". Beraz, Labordaren proposamena da egitura erritmikoetatik hastea.

Zertarako notazio musikala?

Aspalditik dantza notazio sistema asko daudela dio Labordak, "notazioa da tresna analitikoa, horrela ikusten da sistema dagoela atzean". Azaldu du notazioak laguntzen digula ikusten zer dagoen mugimenduaren atzean, eta dantza tradizionalak musikarekin duen harreman estua islatzen duela. Sistema errazago ulertzen dugu eta, horri esker, gehiago sakondu dezakegu. Horrez gain, musikariekin hizkuntza komuna lortzeko balio du. Ikastaro labur batekin asko ikasten dela dio, "gakoa dago ulertzean, sistema ulertuta errazago bereganatuko duzu; zuk ulertu ez duzuna zaila da besteei erakustea".

 

"Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez". Dantzariek musikaren oinarrizko kontzeptuak ikasteak asko laguntzen du gauzak ulertzen. Notazioa tresna modura ongi etortzen zaiola dio, "ez dut nahi jakitea zer den anakrusa, baina egitea nahi dut".

Musikaren eta dantzaren arteko koherentzia

Ikuskizunetan dantzaren eta musikaren arteko koherentzia faltak frustratzen du Laborda, "musikak, garra eta arima badu, eta dantzariak ez, zertarako da musika?". Dantzan hainbat dinamika daude, eta hor dagoela kolorea ikusten du, "baina hori norberaren pertsonalitatean dago, norberaren pertzepzioan, eta hain subjektiboa izanik, ez dakit irakastea dagoen edo ez".

Patxi Laborda, Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan: CC-BY-SA

Sei urte, hiru ziklo

Bilbao Musikako dantza eskolak sei ikasturtetan banatzen dira, eta ibilbide osoan hiru ziklo bereizten dituzte, bakoitza bi urtekoa. Jauziak, mutil-dantzak, jota, porrua, kontra-dantzak, ingurutxoak... ikasten dituzte ikasleek, "horiek dira tresnak ikasteko gorputzarekin dantzatzen eta hizkuntza ulertzeko". Alde fisikoa, sistemen ulermena, inprobisazio mugatua, autonomia pertsonala eta euskal dantzen errepertorioa lantzen ditu Labordak ikasleekin. Dantza zaletasuna sortzez gain, garrantzitsua dela uste du ikusle kritikoak sortzea: "Nik nahi dut nire ikasleek dantzak ikusten dituztenean ulertzea, eta, ondoren, baloratzea argudioekin".

 

Dantzan Ikasi Topaketak 2021