Gazteen Dantza Topaketak eta hurrengo belaunaldiak

2024/06/07
Gazteen Dantza Topaketak eta hurrengo belaunaldiak

"Susmoa genuen gazteak taldeak uzten ari direla. EDBren helburua taldeen biziraupena eta dantzen kontserbazioa eta hedatzea bermatzea da, beraz, ikusten genuen belaunaldien arteko erreleboa bermatu behar dela eta gazteei protagonismoa eman", kezka horretatik abiatuta EDBk Gazteen Dantza Topaketak antolatu zituen aurreko urtean, eta topaketa horien nondik norakoak azaldu dituzte Dantzan Ikasi Topaketetan Xabier Mendizabal EDBko idazkariak eta Uxue Oleagordia topaketen batzordeko kideak.

Araia dantzari gazteen topaleku

"Pandemiari erru asko botatzen zaizkio, eta dantza taldeak ia bi urte geldirik egon dira. Horrekin jende askok utzi ditu taldeak eta hortik abiatu ginen", horrela topaketen helburuak azaldu ditu Mendizabalek. Helburu nagusia gazteek dantza taldeak ez uztea da, "taldeko kide izatearen sentimendua areagotuz, hau da, taldearen barruan duten garrantziaren berri emanez". Horretarako gazteek elkartu nahi izan zituzten modu ludiko batean eta beraiei galdetu ea egoera nola ikusten duten.

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Topaketetan eztabaidatzeko espazioa eskaini nahi izan zitzaien, taldeen etorkizunaren inguruko hausnarketa egin eta hortik informazioa lortu nahi izan zen ildo estrategikoak planifikatzeko. Dantzari gazteen arteko erlazioak sustatzean ipini zen garrantzia, dantzari izatearen sentimendua areagotuz. Horretarako "Dantzari izateaz harro" leloa erabili zuten.

Oleagordiak topaketen inguruko hainbat datu erakutsi ditu. Araian elkartu ziren ekainaren 30etik uztailaren 2ra 122 dantzari, gehienak emakumeak, 97. Adinari dagokionez, 15-25 urte bitartekoak; erdiak baino gehiago 15-18 urte bitartekoak. Bizkaitarrak ziren dantzarien %82. Garbi zuten antolaketan gazteek egon behar zutela eta horretarako antolaketa batzordea sortu zuten; bertan batu ziren EDBko, delegazioetako eta Hasparrenako Udaleko kideak eta dantzari gazteen ordezkariak.

Landu eta jaso

Dantzarako zein hausnarketarako tartea izan zen hiru egunetan. Txistulariekin kalejira, Dantza Plaza, Dantzen desafioa, bingo musikala... antolatu zituzten eta larunbat eta igande goizean dinamikak egin zituzten; gazteen proposamenak jaso eta ideia horietatik abiatuta txosten bat egiteko aurrera begira.

Dinamiketan hainbat galdera planteatu zituzten. Besteak beste; zergatik dantzatu? Ze trebetasun eta gaitasun lortzen ditut dantzarekin? Zer ematen dit dantza taldeko kide izateak? Ze ekarpen ematen diogu dantzariok gure herriari? Dantza taldeak ematen didanaren zein alderdik balioko didate bizitzan? Gazteek zergatik uzten diote dantza egiteari?

Xabier Mendizabal eta Uxue Oleagordia, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Gazteek diote euren kultura gordetzeko, harremanak egiteko eta ariketa fisikoa egiteko dantzatzen direla. Euskal giroarekin guztiz identifikatzen dute dantza eta dantzari esker egiten diren harremanak nabarmendu dituzte, eta ardura, errespetua, esfortzua, konpromisoa, diziplina... bezalako baloreak jasotzen dituztela diote dantza taldearen bidez. Dantza taldeak uztearen arrazoi nagusitzat euskal dantza modan ez egotea edota ikasketak kanpoan egitea direla uste dute.

Gazte zein antolatzaileen ondorioak

Oleagordiak eta Mendizabalek azaldu dizkigute topaketak pasata atera dituzten zenbait ondorio. Positibotzat jo dituzte jardunaldiak, gazteak jabetzen baitira haiek bezalako gazte askok gozatzen dutela euskal dantzan eta herriaren parte izatearen sentimendua ere adierazten dute. Kultura eta tradizioen sustapena nabarmentzen dute eta beste pertsona eta talde batzuekin sozializatzeko aukera ona direla topaketak uste dute. Ikusten dute euskal dantzan lortzen dituzten trebetasunak eta gaitasunak beste esparru batzuetara transferi ditzaketela. Gazteek adierazi dute haien ikuspegia entzun eta kontuan hartu behar dela eta etorkizunean ere jarduera honetan protagonistak izan nahi dutela.

Xabier Mendizabal eta Uxue Oleagordia, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Antolatzaileek ere bi eguneko dinamiketatik hainbat kontu ondorioztatu dituzte eta gazteen hausnarketekin bat egiten dute. Ikusten dute gazteek garbi daukatela dantzariek eta dantza taldeek herri honen kulturari eta orokorrean gizarteari egiten dioten ekarpena. Dantza taldeak aukera ezin hobea ematen du harremanetarako eta dantzari gazteek erantzukizunak hartu nahi dituzte. Beraz, lan egiten eta ardurak hartzen utzi behar zaiela uste dute antolatzaileek eta bide hori modu egokian egiteko beharrezkotzat jotzen dute formazioa. Komunikazioak garrantzi handia duenez gazteek erabiltzen dituzten komunikazio tresnak eta baliabideei etekina atera behar zaiela pentsatzen dute. Gazteak motibatu behar direla uste dute, erakutsi behar zaie euskal dantza besteei ere interesatzen zaiela eta gizarteak garrantzia ematen diola.

Eta aurten zer?

Bukatzeko, aurtengo topaketen berri eman digute. 2024ko Dantzari Gazten Topaketak Areatzan izango dira ekainaren 21-23, "Dantzaria naiz!" leloarekin. Oraingoz 106 gaztek eman dute izena, %58,5 berriak dira, aurreko urtean parte hartu gabeak.

Aurtengoan ere helburua da gazteei protagonismoa ematea, hau da, gazteen papera areagotzea: folklorearen, dantzen komunitatean... Hainbat taldetako dantzarien arteko harremanak sustatuko dira, horrela, harrotasun eta pertenentzia sentimendua areagotu nahi da. Eta nola ez, dantzaz gozatzeko espazio ere eskainiko da.

Etorkizunean ere topaketekin jarraitzeko asmoa adierazi dute EDBko kideek, "urtez urte joan beharko gara proiektua egokitzen emaitzen arabera eta dantzarien balorazioen arabera".