Dantza-irakasle eta dantzarien kontratazioak, a ze buruhauste eta oztopoak!

2022/10/21
Dantza-irakasle eta dantzarien kontratazioak, a ze buruhauste eta oztopoak!

“Faktura! Faktura behar dugu!” horixe da azken aldian dantzariei eta taldeei erakundeek eskatzen dieten ditxosozko dokumentua; taldeen jardunak eta errealitateak kontutan hartuta, ordea, askotan ez da horren erraza suertatzen enpresen pareko paper kontuak eta justifikazioak eskuratzea. Dantza-irakasle eta dantzarien legezko kontratazioan eta kudeaketan aurkitu ohi ditugun buruhauste eta oztopoak ipini dituzte mahai gainean Gari Otamendik (Dantzan - Dantzagunea) eta Izaskun Salazarrek (Aurtzaka dantza taldea). Orokorrean zein den egoera azaldu du lehenak eta Beasainen herriko hogei dantza irakasle gazteen kontratazioa nola egin duten esplikatu du bigarrenak.

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Kontratazio korapilatsuak

Kulturgintzan, profesionala eta profesionala ez den gure kulturgintzan, faktura, paper, deklarazio eta kontu horiekin jendea itota dabilela dio Otamendik, “gehienok gabiltza noraezean ez dakigulako zer den egin behar duguna. Prozesu konplexu eta korapilatsua da. Gehienok ez dakigu egiten eta egiten baldin badakigu ere denbora asko kentzen du”. Orduan, momentu honetan, sektore askotatik antolatzen ari dira elkarteen bitartez lan horiek arintzeko eskaerak egiteko. Kulturak daukan salbuespenari erantzun nahi zaio, ez baitu ez hanka ez buru kulturgintzan dabilen norbanakoen eta taldeen jarduna enpresak bailiran tratatzea, “gaur egun aurkitzen ari garen horma edo oztopoa da legera egokitu behar garela eta eskatzen ari garena, ahal dela behintzat, izugarrizko aldaketak egin gabe legeak jarduerara egokitzea da”. Otamendik uste du eskaera horrekin balio ekonomikoaz gain, balio soziala eta kultura ere aitortu nahi direla.

Gari Otamendi, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Foru Aldundiaren Arte eta Kultura Kontseiluaren kide da Otamendi, “alor artistiko eta kultural askotako jendea dago hor eta nahiko unanimea izan da eskaera hori. Gaur egun legeak eskaintzen dituen aukeren barruan kulturak daukan salbuespen izaera hori aldarrikatzeko mugitzen ari gara”. Bestetik, 2022an sortu den Lanartea elkartea aipatu du, “bertsogintza eta idazleen mundutik sortu da, guregana ere jo zuten galdetzeko ea zertan garen. Momentu honetan Lanartea ahalik eta sektore gehienekin bildu eta diagnostiko bateratu bat egiten ari da”. Denak antzeko ondoriora iristen gara, legalki, fiskalki eskatzen den guztia ez datorrela bat zifrekin. Otamendik dio gero eta jende gehiagori entzuten diola zenbait lani uko egiten ari direla, “60-100 euro kobratzeko paperak eta fakturak egiten joaten den denborak ez baitu konpentsatzen”.

Dantza irakasleen kontratazioa

Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak 2021eko irailaz geroztik egin dituen dantza irakasleen kontratazioetan eman dituzten pausuak azaldu ditu Salazarrek. Taldean 16-27 urte bitarteko 20 dantza irakasle dituzte eta argi zuten horrela jarraitu nahi zutela, “horrek ematen baitigu dantza taldearen biziraupena. Mantentzen ditugu dantzariak gure dantza taldean irakasle bezala sartzen direlako eta sanjoanetako soka-dantza eta Igartzako ezpata-dantzaren kofradia erakargarri suertatzen zaielako”. Beraientzat oso garrantzitsua da gazteak dantza irakasle aritzea, eta ez irakasle izate hutsagatik, “gizarte ekintzaile izan daitezen, herrian parte hartu dezaten”. Hori dela eta, 20 kontratazio egitea erabaki du Aurtzakak Udalaren babesarekin.

 

Izaskun Salazar, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Ikusita ogasunetik zein Udaletik gauzak gero eta zorrotzago ipintzen ari dela pausoa eman eta kontratuekin hastea erabaki zuten gestoria baten laguntzarekin, “hezkuntza ez arautuaren hitzarmena ezarri diegu, eta bete beharra daukazun bakarra da soldata minimoa eman behar diezula. Hilabeteko 12 orduko 20 kontratu egin ditugu”.

Udalak ikusi du herri mailan Aurtzaka izan dela pausu hori eman duen lehenengo elkarteetako bat, “balioa eman diote eta beraiek lagunduko digute gastu guztiekin”. Hala ere, paper kontu eta kontabilitate guztia behar bezala prestatzeko borondatezko lanak hor jarraitzen du, “dantzarako geroz eta denbora gutxiago eta are eta denbora gehiago administraziorako eta horrelako gauzetarako”.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022