Maitane Eyheramonho: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu"

2021/06/08
Maitane Eyheramonho: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu"

Euskal dantza irakasleentzako baliabide pedagogikoak sortzen dabil Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, eta lan horren berri eman du Maitane Eyheramonhok Dantzan Ikasi topaketetan. "Irakasle gehienak gazteak dira, esperientziarik gabeak. Askotan heltzen dira kurtsora, ez dakite zeri heldu, nola antolatu eta talde bat dute beraien kargu". Hutsune horretatik abiatuta, dantza eskoletako irakasleei klaseak antolatu eta dantzak erakusteko fitxak osatzen ari dira, eta material guztia aplikazio informatiko baten bidez partekatzen dute dantza irakasleekin.

Irakasleen beharrak abiapuntu

"Hasiera izan da konturatu garela transmisioaren markoa aldatu dela", Eyheramonhok uste du transmisiorako guneak badirela, eskolak eta taldeak horretan ari baitira, "baina lan batzuk eramateko pertsonak falta dira". Uste du lehen bazirela esperientziadun irakasleak, baina orain irakasleak formatzeko zein horientzako baliabide falta sumatu dute.

Hasteko, irakasle gazteentzat dantza klasea antolatzeko formatua proposatu dute: beroketa txikia, ariketa batzuk, dantza eta lasaiketa. Gero, dantza bakoitza lantzeko fitxak osatzen hasi dira, baina horretan hasi aurretik hainbat hausnarketa egin dituzte: "Lehen egiten zen beroketa, urratsa ikasi eta koreografia. Hasi ginen gogoetatzen ea ez al zen posible dantzen bizkar hezurra lantzea, eta hortik loturak egitea".

Maitane Eyheramonho, Dantzan Ikasi topaketak, 2021-05-08. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan: CC-BY-SA

Klasetik harago

"Guretzat euskal dantza ez da dantza gelako klasea, bada elementu anitz inguruan". Azaldu du, esaterako, haientzat inportantea dela transmisioa euskaraz egitea, "irakasleak ez badaki euskaraz gutxienez urratsen izenak eta zenbakiak euskaraz eman ditzala". Talde harremana lantzen dute eta euskal dantza aisialdi ekintza soila baino gehiago dela azpimarratu nahi dute: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu". Momentu honetako helburua da irakasleen beharrei erantzutea eta euskal dantzei lotutako baloreak indartzea.

Fitxa pedagogikoak sortzen

Irakasleei dantza klaseak antolatzen laguntzeko fitxak osatzen dabil IDB, "dinamikak proposatzen dizkiegu irakasleei eta dinamika horretan proposatzen dugu ez sartzea segidan dantzan". Mugimenduak eta urratsak barneratzeko ariketak eta jolasak egitera bultzatu nahi dituzte irakasleak, "horrela jada lanaren parte bat bideratua dugu, eta gauza batzuk barneratuak izan dira jokoen bidez".

IDBk ofizioei buruz prestatu duen fitxa pedagogikoa.

Dantzaren testuingurua azaltzen ere saiatzen dira, eta, horretarako, fitxatan jaso da dantzak non eta noiz dantzatzen diren, ze arropa erabiltzen dituzten edo ze musika instrumenturen doinutan dantzatu ohi diren; bideoak, musika eta partiturak ere sartu dituzte. Musika kontuetarako musika eskolekin harremanetan jarri dira, "kezka dugu, ze konturatu gara dantzariak alde batetik direla haien dantza gelan eta musikariak musika eskolan. Saiatu behar gara harreman hori sendotzen".

IDBk sorgin-dantzari buruz prestatu duen fitxa pedagogikoa.

Sortutako edukiak ordenagailuko eta mugikorreko aplikazio baten bidez irakasleen eskura ipintzen dituzte, "guk kudeatzen eta antolatzen dugu materiala, baina gero irakasleek badute aukera beraien horma sortzekoa. Dena eskura dute dantza kurtsoa emateko eta biziki praktikoa egiten zaie".

Ordenagailuko eta mugikorreko aplikazioen bidez partekatzen du IDBk materiala dantza irakalseekin.

Saretzearen beharra

Eyheramonhok dio orain arte eginiko lana nahiko esperimentala dela,"hasi gara lana zabaltzen eta partekatzen dantza irakasleekin, baina goizegi da beharbada jakiteko nola hartzen duten eta ea erantzuten diegun haien beharrei".

Sortutako materiala online partekatzen dute, baina elkartrukerako aurrez aurrekoaren beharra ikusten du, "biziki inportantea da ene ustez saretzea, irakasleen artean harreman gutxi baitugu". Hori dela eta, urtean bost topaketa egiten dituzte, "informazioa trukatzeko beharrezkoa da, ikusteko ez gaudela bakarrik, arazo berdinak ditugula".

Dantzan Ikasi Topaketak 2021