Dokumentuaren akzioak
Space invaders (II)
Urtean ezkondu diren Ordiziarrek parte hartzen dute Santaneroen esku-dantzan. Pintxo-pintxo jarri, eta Udaletxe aurrean, merkatu plazan prestatzen den plaza-eremuan dantzatzen dute soka-dantza. Eremua hesituta egoten da, eta ikusleak garaiz joaten dira ikusteko toki ona izan ahal izateko.
Gu denboraz justu xamar iritsi ginen, eta santaneroak elizatik ateratzen ari zirela ikusi genuenean plazara joan ginen bideoan grabatzeko eta argazkiak ateratzeko toki on baten bila. Eirek petril baten gainetik bideoan grabatzeko aukera ikusi zuen eta ni beste petril batera igo nintzen argazkiak ateratzeko.
Iritsi ziren dantzariak eta beraiekin batera argazkilari eta kamerariak. Zazpi-zortzi bat izango ziren. Hasi zen dantza, eta erreportari grafikoak hesi barruan denak. Bost ajola horiei, hesiaren atzean begira dagoenak tokia hartzeko ordu erdi lehenagotik bertan izana. Argazki egokia egiteko ikusleen aurrean jarri eta kitto. Zerbait esaten badu, importante aurpegia jarri eta "Aizu, ni lanean nago" esanda aurrera.
[Erreportariak soka-dantzaren erdian harrapatuta.]
Ezin dut ez ulertu ez onartu jarrera prepotente hori. Argazki zein bideo kamerariek beste edozeinen eskubide berak dituzte nire ustez. Lanean egoteak, edo komunikabideentzat grabazioa egiten egoteak, ezin du baimendu beste ikusleen eskubideak urratzea. Badirudi etxean geratu eta hurrengo eguneko egunkaria erosi edo telebista piztu duenak, emanaldira bertara joan eta toki egoki bat hartzeko ardura eta lana hartu duenak baino ikuspegi hobea izan behar duela. Eta ez dut ulertzen zergatik lanean egotea garrantzitsuagoa den dantza ikusten egotea baino. "Ni lanean nago". "Ba oso ondo. Eta ni dantza ikustera etorri naiz, eta nire aurrean jarri nahi bazenuen lehenago etortzea zeneukan".
Ikusleei errespetu falta izugarria, eta dantzariei? Horrek ez du izenik. Behin eta berriz dantzaren erdian ikusi —sufritu, hobe esanda— behar izan genituen periodista grafikoak. Plaza dantzarientzat hesitu bada, eta dantza emanaldi bada, ezin dut ulertu zertan dauden zazpi kamerari eta argazkilari plazaren erdian. Eta gainera, dantza bera inondik inora ez ezagutu ez errespetatzen ez dutenak. Birritan dantzaren koreografian bertan "harrapatuta" geratu ziren kamerariak. Soka-dantzan zubi bat egin eta dantzariok badakigu lazo bat ixten joatea modukoa dela hori, eta lazoa ixten doala denak harrapatuta geratu arte. Eta han ikusten genituen erreporteroak dantzaren erdian harrapatuta eta handik ihes egiteko soka apurtu nahian.
[Erreportariak esku-dantza erditik irten nahian.]
Okerrena aurreskulariak neskari agurra dantza egin behar zion unean iritsi zen. Lau zerbitzariek ekarri dute neska plazaren erdira, eta kamerari guztiak neska erretratatu nahian, etorri da aurreskularia dantza egitera, eta berak dantzatu behar zuen tokian bost kamerari, zulo txikitik begira eta inguruan gertatzen ari zenaz ohartu gabe. Aurreskulariak txalo egin behar izan du, eta oiloak uxatzen diren moduan bidali behar izan ditu argazkilariak. Orruka hasi eta kristonak eta bi esateko puntuan nengoen ni, baina ixildu behar, soka-dantzari mesede baino kalte gehiago egingo niolakoan.
[Argazki honetan oso ondo ikusten da aurreskularia neskari dantza egitera doan unea. Bera jarri behar tokian daude argazkilariak eta kamerariak.]
Ni neu argazkilari ibiltzen naiz horrelako hainbat dantza ekitalditan, eta bat horretan dagoenean argazki onena nahi du eta ahaztu egiten zaio zer ari den ospatzen eta zertarako, argazkia bakarrik buruan. Ziur aski, neuk ere ekitaldi batzuetan errespetuaren marra hori pasako nuen, eta alde horretatik, garrantzitsua da niretzat horrelako barrabaskeriak ezin ditugula onartu ohartzea, nire burua ere mugatzen laguntzeko.
Argazkilari eta bideokameriei eskaera argi eta garbi bat egin nahi dizuet. Kirolarentzat duzuen errespetu bera eskatzen dizuet dantzarentzat. Kirolean zientoka argazkilari eta kamerari ibiltzen zarete, lanean zaudete hor ere eta etxean geratu denari irudi onenak eraman nahi dizkiozue. Baina hala ere, penalti bat jaurtitzera doanean argazkilaria ez da baloia eta porteroaren artean kokatzen, edo ehun metroko finaleko argazkia egiteko kamararik ez da pistan sartzen. Beraz, dantzaren eremua, dantzariak eta dantza maite duten ikusleak errespetatu itzazue mesedez!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Spice Invadersen III atala ezkontzek merezi lukete, non argazkilaria jaun ta jabe den, koreografoa kasi. Ez dugu borroka gutxi izan horren kontura.
Azken batean, argazkilari eta kamerariak gertatzen ari denaren testigantza jasotzeko daudela uste dut, eta ez egoerak "sortzeko".
Ikusi sintudan zure argazki kamera eta guzti, saltoka eta anka puntetan argazkiak atera naian, jendearen gainetik.
Santan egunean , dantza ikustera gerturatu ginan guztiok komentatu genuen gauza bera, lotsagarria.
Ulertzen ez dudana da, beraiek horretaz ez konturatzea. Gaur egungo kameralari eta argazkilariek ez ote dute besteenganako errespeturik?
Penagarria da, Oier!
Esandakoari zeozer erantsi nahi diot, neroni ere behin baino gehiagotan komunikabideek (batik bat telebistak) mindu egin nautelako beren jokabidearekin:
- Iruditzen zait, ekintzen antolatzaile lanak egiten ditugunean, ez diogula arreta nahikoa jartzen kazetarien jardunari. Batzuetan ez garelako atrebitzen, eta beste batzuetan inork bere gain lan hori ez duelako hartzen, modu horretan kazetariaren esku utziz erabaki guztiak. Telebisioko kazetariak ohitu dira ekitaldien jaun eta jabe izaten, eta geronek, geure burua bertan ikusteagatik, laga egin diegu. Ez daukagu ohiturarik aurrez beraiekin hitz egiteko, zer eta noiz grabatuko duten enteratzeko, eta hori egokia den edo ez, edo nahi dugun edo ez esateko.
Luze eta zabal hitz egin genezake gai horren inguruan.
Xabier.
Kirol jarduera horiek antolatzen dituztenean kazetariek egoteko eta haien lana egiteko toki zehatza izaten dute (futbolean zelaiaren perimetro guztia edo atletismoan pistaren bazterra). Agian tristea irudituko zaigu dantza ikuskizun edo emanaldi bat antolatzera goazenean horrelako zeozer egitea, baina argi dago hedabideen arreta pizten dutela zenbait dantza emanaldik (geroz eta gehiagok eta geroz eta gehiago?) eta hortaz ere arduratzen hasi beharko gara.
Hori bai, horrek ez du kentzen ia gehienetan profesional horiek dantzarienganako duten errespetu falta salatzeko.
Salatzen duzun kasuan, nik uste, antolakuntzako norbaitek hartuko beharko luke ardura argazkilariei esateko non geratu behar diren. Berez ez litzatekeela beharrezkoa izango? Bale, baina bestela ez dut uste arazoa soluzionatuko denik...
BAI LAGUNA !!! ERRIDIKULUA EITXEN ZEBIZEN!!!
Beti pentsatu izan dut nolako lotsagarria izango litzatekeen ni argazki baten edo bideo baten horrela harrapatzea!
Niretako amesgaiztoa dena lanaren harrotasuna omen beste batzuentzat, horrela da bizi garen testuingurua. Funtsean dantzarekiko errespetu eza!
Edo orokorki esanda ERRESPETU FALTA!
Pixelen detaileen bila eta koreografiaren sarean erortzen diren argazkilarien kopurua larriki handitzen doa BAI!
Ikusi zintudan, (bai Oier!) ETBko erreportajean mikrosegundo baten nola zeunden jendearen atzean zure gorputzaren oreka eta argazkiaren estabilizazioen arteko konpromisoa gainditzen.
Eta hauxe da nire ERRONKA pertsonala:
EZETZ HARRAPATU PLAZA ERDIKO ERRIDIKULOAN!