Dokumentuaren akzioak
Bideoak
Lesaka 1971 zubigainekoa eta bandera arboltu
Baroja anaiek grabatutako Lesakako zubigainekoa dugu irudietan. Julio eta Pio Caro Baroja anaiek "Navarra: las cuatro estaciones" izeneko dokumentala zuzendu zuten 1971an. Nafarroako hainbat ohitura eta dantza jaso zituzten dokumentalean. Filmeko irudiak lan horretakoak dira. Lesakan San Fermin egunean dantzatzen den zubigainekoa ageri zaigu. Kapitaina ikus daiteke dantzan aurrena eta ondoren ezpata-dantzari taldea zubi gainean. Jarraian, bandera-dantza ere jaso zuten.
Uztailaren 7ko goizean, Lesakako ezpata-dantzariek dantzatzen duten dantza-zikloko hirugarren dantza dugu, makil gurutzea eta zeharkakoaren ondoren dantzatzen dena. Dantzariak ibaiaren alde banatan kokatzen dira eta petrilaren gainean dantzatzen dute. Zeharkako dantzan erabiltzen den melodia berarekin dantzatzen da eta oinarrizko pausoak ere dantza horren antzerakoak dira. Petril gainean dantzatzeak aurre-atzera mugitzera behartzen dituenez, urratsen batzuk aldatzen dira.
Ia 50 urte ditu dagoeneko filmazio honek, eta bost hamarkadetan dantzan gertatu diren aldaketa txikiak bistaratzen ditu. Adibidez, zubigainean dantzan ari direlarik ezpata-dantzariak, oinarrizko pausoan, aurrerantz urratsak bukatu eta biratu aurretik, dantzariek oina kanpoalderantz ateratzen dute 1971ko irudi hauetan, eta gaur egun ordea, kanpora atera beharrean beste hankaren atzean gurutzatzen dute. Orain mende erdiko ezpata-dantzarien mugimenduak ikusita nabarmentzen den beste kontu bat petrilaren gainean egiten dituzten joan-etorrien tamaina da: irudietan ikusten diren desplazamenduak txikiagoak dira gaur egun egiten direnak baino, orain gehiago mugitzen dira aurrera eta atzera, eta garai batean ez bezala, desplazamenduaren lehen pausoan hanka nabarmen altxatzen da orain. Azken deian ere aldaketak nabarmenak dira: 1971koan ikusten da tokian mugitu gabe lau pauso markatzen dituztela eskuinarekin hasita eta oinak gora altxatuz, laugarrenean ezkerrarekin eskuineko oina zapalduz muriska egin eta txapelarekin agurtu aurretik. Gaur egun Gipuzkoako sentzilloaren antzerako pauso bat egiten da muriska eta txapelarekin agurtu aurretik.
Ezpata-dantzaren ondoren, banderaren astintzea ikus dezakegu bideoan. Bandera arbolatzea zubiaren gainetik egiten da Bandera arbola izeneko melodiaren erritmora egokituta.
Julio eta Pio Caro Baroja, Navarra, las cuatro estaciones, zubigainekoa eta bandera-dantza, Lesaka, 1971.
Dokumentuaren akzioak