Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak XX. Mendea

Dokumentuaren akzioak

XX. Mendea

Mandubia: Erromeria 1948

Binaka, launaka edo talde handiagoan, hainbat emakume soltean dantzan Mandubiako Bentako Erromerian. 1948ko San Gregorio eguneko erromeriako irudietan dantzan ageri diren guztiak neskak dira; garaia kontuan hartuta Mariaren alabak kongregazioak antolatutako txangoa izan liteke. Ageri den gizonezko bakarra soinujolea da, tekladun eskusoinu batekin balkoi batetik ari da jotzen. Soinujolea Itsasoko Joxemiel Zufiria dela jakinarazi dute sarean. Ez da bideo oso luzea, soinurik ez du eta zenbait momentutan ez dira dantzarien hankak ikusten, baina hala ere, dantzaren ikuspuntutik badira zenbait kontu aipagarriak.

Hasteko, taldearen antolaketa. Badago hamar dantzarik osatutako korro  bat, baina haien ondoan daudenak laukote eta bikoteetan ari dira dantzan. Dantza soltean ari dira, agian fandango edo trikitixa egiten. Puntapioak, hara-honakoak eta bueltak tartekatzen dituzte, eta ez dabiltza denak aldi berean pauso berak egiten. Puntapioetan pauso txikiak markatzen dituzte, eta hara-honakoak ere batzuk txiki dantzatzen dituzte, baina beste batzuk zabalago ari dira. Egikeran ere badira desberdintasunak, batzuk aurretik, beste batzuk atzetik ari baitira hara-honakoetan. Buelten txanda denean jira eta bira artean ez dute pausorik markatzen, gorputzarekin lagunduz norabidea aldatu bakarrik eta biratzeko noranzkoan dagoen hanka bere ardatzean jiran irristaraziz egiten dute buelta, bestelako pausorik markatu gabe oinekin. Besoei dagokienez ukondoak nekez igotzen dituzte sorbaldatik gora, eta eskuak ere aurpegien alturan edo beherago darabiltzate. Bueltetan askok jaitsi egiten dituzte jira-biran laguntzeko baliatuz ukondoak gehiago tolestuta. 

San Gregorio egunez Jose Busca Otaegik jasotako irudiak dira eta Goierriko Hitzaren bidez izan dugu horien berri. San Gregorio egunean ohitura izan da Beasaingo Astigarreta auzoan erromeria ospatzea; 1948ko urtean, ordea, ermita egoera txarrean zela eta Mandubian ospatu zuten. Ermita 1951n konpondu zuten. Gerora, urteetan, galduta egon da Astigarreta auzoko erromeria, eta 2016an berreskuratu zuten. Buscak hainbat grabazio egin zituen 1948 bueltako urteetan etxean zuen Tomabistasarekin. Besteak beste, 1948ko Santa Isabel eguneko Zumarragako dantzak jaso zituen. Irudiak: Jose Busca Otaegi. Erromeria, Mandubia, 1948.

Dokumentuaren akzioak