Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Vestrisen eragina grabileta eta entrechat-etan

Dokumentuaren akzioak

Vestrisen eragina grabileta eta entrechat-etan

2014/09/23 11:26

The Royal Ballet konpainiak saio didaktikoak egin ohi ditu dantzaren historia eta alor desberdinak ezagutzera emateko. Honako saio honetan Ursula Hageli dantza-maistrak Auguste Vestris-en ekarpenari begiratuko dio. Auguste Vestris (1760-1842) dantzari birtuosoa izan zen, balletaren bilakaeran aztarna nabaria utzi zuena. Aita dantzari noblea izan zuen, eta aitak prestatu zuen semea dantzarako. Hain ongi prestatu ere 12 urte zituela egin zuela lehen agerraldia Pariseko Operan, baina aita zorrotza zen eta 16 urterarte gogor prestatzen segi zuen formalki debuta maila onenean egin zezan. Baita lortu ere. "Le Dieu de la danse" alegia, "Dantzaren Jainkoa" izendatu zuten Auguste Vestris, hain zen eta handia haren dantzak sortzen zuen harridura.

Rond de jambe, gurpila eta grabilleta

Ez-ohiko birtuosismoa zuen Auguste Vestris-ek eta trebetasun horri zukua ateratzeko zenbait urrats sortu edo garatu zituen bere aitarekin laguntzarekin. Adibidez, Ursula Hagelik azaltzen du aitak bultzatuta hasi zela egiten Auguste Vestris 'Rond de jambe en l'aire' izeneko urratsa, alegia, euskaraz eta euskal dantzetan literalki 'hankaren gurpila airean' ohiko izendegian 'belauneko gurpila' edo 'grabileta' esango genukeena. The Royal Ballet-eko dantzari bakarlaria den Valentino Zuchettik dantzatzen du saio didaktikoan 'Rond de Jambe en l'aire' izeneko urratsa.

Entrechat six, muriska hamabi?

Vestris-en beste ekarpenetako bat entrechat-en bilakaeran dago. Jauzi egin eta airean, oinak elkar gurutzatuz egiten diren muriskak. Entrechat horietan egiten ziren oinen gurutzatze kopurua handitzeaz gain, azken unean, airean, oinak irekitzen hasi zen, oraindik ere ikusgarriago bihurtuz urratsa, hain zuzen ere, Zuberoako dantzariek, frixat dublietan egin ohi duten moduan.

Entrechat quatre (4) eta six (6) egiten omen ziren garai hartan, eta Auguste Vestris entrechat huit (8), dix (10) eta douze (12) egitera iritsi omen zen. Ursula Hagelik hau esaten duenean ikustekoa da Valentino Zuchetti dantzariaren aurpegia. Berak oso dotore egin berri du entrechat six, baina douze? Ursulak irriparrez azaltzen dio jakin duenez desberdin kontatzen zituztela entrechatak Vestris-en garaian. Ireki eta ixteko mugimendu bakoitza zenbatzen zuten, dantza klasikoan orain egiten duten moduan, baina bi oinekin egiten direnez mugimenduak, oin bakoitzarena ere kontatzen zutela, eta beraz, Vestris-en entrechat douze (12) Zuchettik egindako entrechat six (6)bera litzateke. 

Vestris, klasikoan eta tradizionalean

Aipatzekoa da, orain gutxi Maritzuli konpainiak aurkeztu duen Nundik Nora ikuskizunean, Auguste Vestris-en eragina euskal dantzetan azaleratu dutela, eta besteak beste, Jon Iruretagoienak Auguste Vestris-en gabota berregiteko saio harrigarria burutu duela. Alegia, Vestrisen ekarpena dantza klasikoari bi urrats zehatzetan erakutsi duen moduan Royal Ballet-ek, dantzari berak euskal dantzari egindako ekarpena agerian jarri duela Maritzulik.

Ballet evolved, Ninette de Valois

Royal Ballet-eko zuzendari artistiko eta dantza ikertzaile eta ezagule handia izan zen Ninette de Valois (1898–2001) eta berak, Auguste Vestris-en lanean inspiratuta sortutako pieza da saio didaktikoa osatzeko Valentino Zuchettik dantzatzen duena. 

Etiketak
the-royal-ballet
frixat-dublia
muriska
kabriola
ballet-evolved
auguste-vestris
valentino-zuchetti
ursula-hageli
historia
klasikoa
entrechat
ninette-de-valois
dantzaren-historia

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.