Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

iruñeko-dantzariak etiketa duten bideoak

Biarritz 1934 Euskal dantza jaialdia

1934ko irailaren 9an Biarritzen ospatu zen Euskal Jaialdiko dantza irudiak ditugu. Bere antzinatasunagatik eta erakusten dituen dantzengatik, euskal dantza tradizionalei buruzko informazio aberatsa eskaintzen duen harribitxia da honako filmazioa. Donibane Garaziko, Iruñeko Zaldiko-maldikoko (gaur egungo Muthiko Alaiak), Bizkaiko Berriz eta Garaiko, eta Zuberoako dantzariak ageri zaizkigu. Irudiekin batera soinua ere entzun dezakegu, ez da oso ohikoa 1930eko hamarkadako irudietan. Garaiko La Gazzete de Bayonne egunkariko kronikan irakurri dugunez, aurrena Donibane Garaziko dantzariak igo ziren eszenatokira eta ondoren Iruñeko dantzariak eta erraldoiak. Horien ondotik Zuberoako dantzariak eta azkenik Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzak ikusteko aukera izan zen. Dantzez gain, aizkolariak eta abeslariak ere izan ziren jaialdian.

"C'est d'abord les danses de la Basse-Navarre, avec les agiles danseurs de Saint-Jean-Pied-de-Port, puis aprés les danses et les chants de la Navarre avec les Zaldiko-Maldiko de Pampelune: la noce navarraise est particuliérement applaudie. Sans arrét la chiroula et le tambourin font danser. Les danses souletines sucdedent aux danses guipuzcoanes et aux danses biscaïennes, les spectacle est véritablmente magnifique."

Bideoaren hasieran dantzarien eta ikusleen irudiak ageri zaizkigu, Biarritzeko kirol parkea ikuslez beteta ikusten da. Ondoren (01:33), Durangaldeko dantzariak ageri zaizkigu oholtzan, badirudi banangoa dantzatzen ai direla. Horiek eta gero (01:59), Garaziko bolant-dantzariak sorginak dantzatzen ikus eta entzun ditzakegu, hemendik aurrerako irudiek soinua ere badute eta. Bolant-dantzariekin batera, zapurrak, ziganteak, bandera eta makilaria ere ageri dira. Jarraian (02:16) Durangaldeko dantzarien saioa dator, agintariena, ezpata-joko nagusia eta makila-jokoa dantzatzen dituzte. Aipatzekoa da, ezpata-joko nagusian bi taldeek desberdin egiten dituztela figura batzuk, lehen partean ezkerreko taldea lerro bakarrean jartzen da eta eskuinekoa, berriz, bi lerro oso zabaletan. Dantzatzeko moduari eta banderei erreparatuta, ematen du Garaiko eta Berrizko dantzariak direla. Iruñeko dantzariak (05:56), berriz, kalejiran, zezenetarako bidean baleude bezala aritzen dira eszenatokian, pankarta eta guzti. Batzuk zuriz jantzita, beste batzuk Erronkariko jantziekin.

Oholtzako erakustaldiak eta gero (06:39) desfileko irudiak ditugu, bolant-dantza, idiek tiratzen duten gurdian soinujolea eta dantzariak, Zuberoako dantzariak, Iruñeko dantzariak, erraldoiak eta dultzaineroak. Esan beharra dago, Iruñeko erraldoiak oso gutxitan atera izan dituztela hiritik kanpora, eta irudietan dugu aldi horietako bat.

Zuberoako dantzarien artean, Atharratzeko taldearekin ibiltzen ziren batzuk ezagutu ditugu. Adibidez, zamaltzaina iruditu zaigu Gabriel Marmissolle izan daitekeela, kantiniersa Pierre Paradis eta gathua Batixta Karrikiri. Kalejirako irudietan ikusten da zuberotarrek nahiko modu librean egiten dituztela urratsak, satanek frijata egiten dute esaldi bukaeran, kantinersak bi itzuli...

Azkenik (07:56), berriro ere, Donibane Garaziko bolant-dantzariak agertzen dira agertokian, sorginak dantzatzen. Aipagarria iruditu zaigu, gorrietako batek antrexatak zango sagarretan jotzen dituela eta urratsak bakunekin bukatzen.

Ikusentzunezko dokumentu oso garrantzitsua da honako hau euskal dantzaren ezagutzarako, patxadaz eta zehaztasunez aztertzea eta gozatzea merezi duena.

Irudiak: Moving Image Research Collections. Euskal dantza jaialdia, Biarritz, 1934.

Dokumentuaren akzioak