Dokumentuaren akzioak
iñaki-zubeldia etiketa duten bideoak
Lizartzako inauteri dantzak Galdakaon 1985
Bideo-grabazio eder eta historiko bat sareratu du Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak orain ere. Lizartzan, inauteri inguruan egin ohi ziren dantzen emanaldia da irudiotan ikus daitekeena, Lizartzako dantzari helduek egina, Galdakaon, 1985. urtean. Joxe Martin Zubeldiak Andra Marikoei kontatutakoaren arabera, Iñaki Zubeldia aritu zen nahiko utzita zeuden Lizartzako dantzak berpizteko ahaleginetan Otsolar dantza taldearekin, eta horrela, 1985. urtean adineko dantzariak elkartu, eta herriko jaietan inauteri dantzak eskaintzeko prestaketak egin zituzten. Herrian dantzatu eta handik gutxira Galdakaon izan ziren Lizartzako dantzariak Andra Marik gonbidatuta. Goizean kalejira eta dantzaldia egin zuten, Andra Mariko kideekin bazkaldu, eta arratsaldean berriz eskaini zuten dantza saioa. Goizeko emanaldia ageri da bideoan.
Joxe Martin Zubeldiak eman dizkie Andra Marikoei dantzaldian parte hartutako guztien izen-abizenak. Kapitaina: Iñaki Zubeldia "Zelain". Sargentoa: Pako Olaetxea. Dantzariak: Enrike Goikoetxeandia, Matias Mendigain, Joxe Mari Bengoetxea "Hotele", Manuel Goikoetxeandia, Luis Zinkunegi, Lontxo Zubeldia, Agustin Goikoetxeandia, Inaxio Altuna "Joangi". Espertseroak: Ixidro Zubeldia, Martin Etxeberria. Txistularia: Joxe Martin Zubeldia. Atabalaria: Joxe Maria Azozena "Xakar".
Dantzei dagokionez, Lizartzako inauteri dantzen sorta osoa eskaintzen dute: Kalejira, paseoa, lehenengoa (kapitainak eta taldeak), bigarrena (kapitainak eta taldeak), seigarrena (kapitainak eta taldeak), ostiko dantza (kapitainak), ostiko dantza (taldeak), etxe-dantza (kapitainak eta taldeak), lau ostiko (kapitainak), azken paseoa (kapitainak), makil dantza (taldeak), brokel-dantza (taldeak), kalejira.
Lizartzako inauteri dantzak Galdakaon 1985, Otsolar dantza taldea, Andra Mari dantzari taldea, Galdakao, 2013-09-15.
Dokumentuaren akzioak