Dokumentuaren akzioak
garde etiketa duten bideoak
Garde 2022 Ttun-ttuna
Garden herriko jaien hasieran dantzatzen duten ttun-ttuna duzue irudietan. Abuztuaren 18an bederatzi bikote irten dira udaletxeko plazara dantzara. Garai batean Erronkaribarreko herri gehienetan egiten zen dantza hau eta XX. mendean hainbat herritan egin dira berreskuratze lanak. Garden egiten den ttun-ttuna Donostiako Argia dantzari taldeak prestatu zuen aldaera da. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean 1971an aurkeztu zuen Argia dantzari taldeak Erronkariko ttun-ttuna. Horretarako aurreko hilabeteetan Erronkaribarrean ibili ziren ttun-ttuna ikasten eta ikertzen, besteak beste Izaban eta Uztarrozen ttun-ttuna dantzatu zuten adin bateko herritarrak elkarrizketatuz. Argiak prestatutako ttun-ttunaren lehen partea Uztarrozen erabiltzen zen doinuarekin dantzatzen zen eta bigarrenean Izabako doinuarekin. Halaxe egiten dute gaur egun ere Garden, Uztarrezko doinuarekin ingurutxoa dantzatuz lehen partean (00:00-5:40) eta Izabakoarekin bi lerrotan antolatuta bigarrenean (5:40-8:31).
1983an Argiak Garden eskainitako jaialdi batean eskaini zuen ttun-ttuna. 1995 inguruan hasi zen Josema Mendiola Gardeko herritarrekin ttun-ttuna berreskuratzeko ideiaz hizketan. Argia eta Arkaitz taldeetan dantzari eta dantza-maisu aritutakoa zen Mendiola, eta Argian ttun-ttuna ikasi zuenean, Urbeltzek proposatuta Iruñera jo zuen Maxi Aranbururekin errepasatzera dantza. Izan ere, 1940ko hamarkadan Oberena dantza taldearen zuzendari izan zen Maxi Aranburuk ttun-ttuna ikasi eta bere taldean eskaintzeko prestatu zuen. 2000. urtean Josema Mendiolaren ekimenez dantzatu zen ttun-ttuna Garden, Añorgako Arkaitz taldeko dantzarien eskutik. Hurrengo urterako herritarrak erakutsi, eta, harrez gero, Gardekoak dira ttun-ttuna dantzatzen dutenak herriko festetan. Azken urteotan Josemaren seme Oier Mendiolak hartu dio erreleboa aitari ttun-ttuna irakatsi eta prestatzeko lanetan.
Dantzarako erabiltzen dituzten jantziak Gardeko udalaren eta Erronkariko bailararen jabetzakoak dira. Argia dantzari taldeko Amaia Buenok egindako zazpi bikoteren jantzi gordetzen ditu Gardeko udalak eta aurten erabili diren beste bi jantziak Erronkariko bailarak utzitakoak dira. Garai batean festak irailaren 8an ospatzen ziren Garden, baina gero abuztura aldatu ziren. Abuztuaren 15ean Erronkariko festak izaten dira eta haren ondoren, ostegunetik igandera izaten dira Gardekoak. Osteguna izaten da festetako egun handia eta udal-batza segizioan igotzen da elizara, meza entzun eta plazara jaistean dantzantzen da ttun-ttuna.
Bandera-dantza edo arbolatzea ere egiten da Garden. Erronkarin Andoni Iribarrenek abiatu zuen ohitura eredu hartuta, Garden Josema Mendiolari eskatu zioten prestatzeko, eta Berako doinua oinarri hartuta Leire Sanzek egindako egokitzapena erabiltzen da Udaleko zinegotzi batek dantzatu dezan herriko bandera.
Gardeko herritarrak eta Oier Mendiola bera ari dira ttun-ttuna dantzatzen 2022ko festetan. Irudiak: Jone Lahidalga. Gardeko ttun-ttuna, Garde, 2022-08-18.
Dokumentuaren akzioak