Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

donapaleu etiketa duten bideoak

Donapaleu: Libertimendua 2023 dantza-luze

Burgaintzi dantza taldeko bolant-dantzari taldeak Amikuzeko libertimenduan plazaratutako dantza-luzea duzue honakoa. Amikuzeko dantzariek, denak eskutik helduta, itzulia ematen diote plazari (00:00); ondoren, sugea irudikatzen hasten dira (00:41) eta askatu ondoren berriz itzulia plazari (1:07). Sokako lehenak eta azkenak, bi puntetako dantzariek alegia, itzulia eman dute dute beren buruaren ardatzaren bueltan, eta, jarraian, kontrapasa dantzatu dute denek batera eta aurreskuaren eta atzeskuaren itzuliekin ematen diete amaiera zati honi (1:25); irudietan ikusten ez bada ere antrexantekin ematen dituzte itzuli horiek aitzineskuak eta azkendariak. Bolant-dantzariek publikotik herritarrak gonbidatu dituzte sokara (2:33), zubia (3:38) eta azkenik antrexatak (5:06) egin dituzte.

Dantza-luzea kateko-dantza da, hau da, Euskal Herrian oso zabaldua den dantza, baina eremu geografiko bakoitzean izen eta forma koreografiko ezberdinez ezagutzen da: dantza-korda eta dantza-luzea Nafarroa Beherean eta Lapurdin, branlea Zuberoan, soka-dantza, dantza-soka zein aurreskua Gipuzkoan, erregelak Durangaldean, dantza-luze, trapatan, ingurutxo, inguruko, alkate-dantza, ttun-ttuna edo zortzikoa Nafarroan... Oinarrian, ordea, egitura bertsuak dituzte guztiek. Erlojuaren kontrako norabidean plazaratzen dira dantzariak eskutik (batzuetan zapien bidez) elkar lotuta. Sokako lehen eta azken postuan kokatzen diren dantzariek egiten dituzte taldearen gidari lanak eta zenbait kasutan baita bakarkako dantza erakustaldiak ere.

Luzaiden udare-dantza edo madari-dantza izenez ere ezagutu izan da dantza hau. Kasu honetan, aurreskuak eta atzeskuak lotuta ez duten eskuan landareak daramatzate; mimosa eta larrosa dirudite, baina askotan erabili izan dituzte dantzariek madari, udare edo txermenak. Sagasetak jasotzen du “aitzineko eta gibeleko muturretan jartzen direnek beren eskuineko eskuan garaikur edo uzta onaren ikur itxurako bat eramaten dute. Hau hirurogei bat zentimetroko makila bat da, lau aldetara lau adar gerritik sortu balitzaizkio bezala dituela, denak gorantz eta bost udarez edo laranjez buruturik eta oso-osorik kolore biziz margoturik. Tresna hau eskura ez dutenean hostaila edo zuhaitz adarren bat bederen hartzen dute”. Guilcherrek lore-sorta, arbola adarra, platanoa, edota erramua ere aipatzen ditu.

Irudiak: Amaiur Aristi. Dantza-luze, Amikuzeko libertimendua, Donapaleu, 2023-02-26.

Dokumentuaren akzioak