Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

benat-arroxagarai etiketa duten bideoak

Faustin Bentaberriri omenaldia 1979

Dokumental zoragarria, dantza-jauzien eta Nafarroa Behereko dantzen ezagutzarako harribitxia da hemen aurkezten dena. Faustin Bentaberri (Izpura, 1869-1936) musikari eta dantza-maisuarekin ikasitako zenbait dantzari eta musikari hizketan eta dantzan ikusteko aukera dago bertan. Aurrekoan argitaratutako Ahuntxa dantza-jauzia dokumental honetako zatitxoa da, hemen ikus daitekeena, osorik 36 minutuko saioa baita. Jesus Txasko-ren bidez eskuratu dugu, eta aipatzekoa da Maite Barnetxek egindakoa dela, 1979 urtean, adinean aurrera zihoazen XX. mende hasierako dantzari eta musikari bikainak grabatu baitzituen, dokumentu ordainezina utziz ondorengoentzat.

Maite Barnetxeren lana

1979 urtean Faustin Bentaberriren omenaldia antolatu zuen Garaztarrak dantza taldeak. Urte berean, FR3 Frantziako telebista katerako prestatu zuen "Les pas des danses basques" izeneko dokumentala Maite Barnetxek. Faustinen ikasle izandako musikari eta dantzariak elkarrizketatu zituen Barnetxek, eta baita dantzan jarri ere. Garaztarrak taldeak antolatutako omenaldiko irudiak ere hartu zituen. Eta hori guztia jaso zuen dokumental honetan.

Faustineneako eskolak

Faustin Bentaberriren etxeko sukaldea bera ageri da irudietan, han bertan hartzen baitzituen handik eta hmendik etorritako dantzari gazteak, dantzan ikasteko jotzen baitzuten Izpurako maisuarengana. Gero, ikasle harietako onenekin osatzen zituen taldeak Faustinek, norabait joateko deia jasotzen zuenean. Horrela, Bartzelonan edo Londresen Albert Hall-en dantzan izandakoetako batzuk ageri dira dokumentalean. 

Monique Servant, Faustin Bentaberriren alabak aitaren hainbat kontu ditu mintzagai. Adibidez, arrabita jotzen zuela lehenengo Faustinek, eta dantza-jauzietarako oso egokia zela berau, doinua jo eta aldi berean urratsak markatzeko aukera ematen baitzion. Baina kalean, plazan, jotzeko klarineteak bolumen gehiago zuen, eta beraz, klarinetearekin aritzen zen maizago. Saxofoia ere jotzen zuen Faustin Bentaberrik eta orkestrarako musika konponketak ere berak egiten zituen.

Arnorik ez Ingalaterran

Pelo Rekulusa "Marmizol" (Arnegi, 1914-Izpura, 2005) ageri da eta honek kontatzen du Faustinekin ikasi zuela dantzan. Dominique Germain eta Beñat Arrosagari, dantzari aritu ziren Faustinekin, eta ondoren musikari aritu ziren, tronboia eta bajoa jotzen urte askoan. 

1927an Albert Hall-en zer dantzatu zuten ere jasota du Monique alabak: satan-dantza, fandangoa, arin-arina eta dantza-khorda aipatzen ditu. Beñat Arrosagaraik oso kontu politak kontatzen ditu Ingalaterrako bidaiaz. Ardoa edatera ohituta zeuden, besterik ez omen zuten edaten dantzari baxenafartarrek, baina Ingalaterran ura eta tea besterik ez omen zieten ematen. Beñatek Violet Alford-i (Miss Alford dio berak) galdetu zion, ea ardorik ez zen Ingalaterran. Beraiek "untsa" jan eta edatera ohituta zeudela ondoren dantza egiteko. Alford-ek baietz erantzun zion, baina garestia zela. Orduan Beñatek gogorarazi zion urte hartan bertan Baionan izan zirenean, Baionako antzokian bertan txanpaina edan zutela, eta hori ere ez zela merkea. Amore eman eta Violet Alford-ek ardo botila bat ekarri zion, sei dantzarien artean edan zutena.

Transmisioa

1979-78 inguru horretan, Maite Barnetxek Faustin Bentaberrikin ikasitako hainbat dantzari heldu bildu eta danzan jarri zituen berriz. Aurrekoan Ahuntxa ikusi genuen eta dokumentalean Mutxikoak ere dantzatzen ageri dira zati batean.

Monique Servant-ek dio bere amatxik, Faustin Bentaberrin amak ere oso ondo zekizkiela dantza-jauziak eta aitatxik erakutsi ziela seme-alabei. Emakumeek bazekiten dantzan, baina Faustinek esaten zuen ez zutela dantzatu behar gizonen artean. Kontra-dantza, dantza-khordan (mokanesa tarteko zela) eta fandangoan emakumeekin aritzen ziren, baina dantza-jauzietan ez.

Heriotz bezperetan, gehien maite zuen dantza-jauziak, millafrangarrak eskatu zion jotzeko Faustinek semeetako bati. Faustinen musika tresnak ere erakusten ditu alaba Moniquek: arrabita eta klarinete zahar bat. Bere klarinete onena eskuan jarrita bere kutxa barruan hiloberatzea eskatu baitzuen.

Lasgoity, Uharte-Garaziko jostuna, dantzarako makilak xingolaz apaintzen ageri da irudietan. Beñardo Bolokik kontatzen du inauterietan, igandean Izpuran eta Arnegin kabalkadak egiten zituztela, eta Luzaiden kaska ederrekin apainduta ateratzen zirela bolantak, eta txapelekin dantzatzea berriagoa dela. 

1979ko omenaldia

Jean Pierrey Goity, bolant jantzita ageri da, Peio Etxegoin Faustin Bentaberriren omenezko bertsoak kantatzen, Xipri Arbelbide, Beñat Goiti eta Leon Oxarango apaizak Bentaberriren gorazarre-meza ematen. 

1979an Faustin Bentaberriren omenez Garaztarrak elkarteak antolatutako kabalkadaren irudiak ageri dira dokumentalaren bigarren zatian. Jean Mixel Etxegaraik ematen ditu Garaztarrak taldearen asmoaren nondik norakoak. Martxak, euskaldunak, sorginak, tellagorri eta hirugarren kontra-dantza ageri dira dantzatzen besteak beste. Garaztarrak taldeko dantzariekin batera Luzaideko hainbat dantzari heldu batu ziren Kabalkadara. Jean-Michel Erguy makilari lanetan ageri da. 

Bukaeran aipatzen da 1998ko maiatzaren 30ean, Faustin Bentaberri gela inauguratu zela Izpuran. Ordurako Maite Barnetxe joana zen gure artetik, eta Barnetxek dantzaren memoria historikoa jasotzeko eta testigantza eder horiek transmititzeko egindako lana eskertzen da. 

Maite Barnetxe, Faustin Bentaberriri omenaldia, "Les pas des danses basques", FR3, 1979.

Dokumentuaren akzioak