Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

almeria etiketa duten bideoak

Huercal-Overa: Parranda Bar Españan 1993 Malagueña

Hiru bikote dantza soltean Murtzia eta Almeria mugaldeko taberna batean. Parranda dantzaldia ospatzen ari da, eta irudiotan Malagueña bat jotzen eta dantzatzen ikus daitezke, eskualde honetako oso ohikoa den fandangoaren aldaera bat. Badu berezitasun bat Malagueña honek, aldaera bakoitzaren ondoren bikotez aldatzen baitira.

Ez da ohikoa bikoteak elkar-trukatzen aritzen direneko koreografia. Arruntena bakoitza bere bikotearekin dantzan aritzea da, baina tarteka bikote aldaketak dituzten horrelakoak ere dantzatu izan dira. Mudanza edo aldaera bakoitzaren bukaeran, nork bere buruaren inguruan bira egiterakoan, gizonezkoak postu bat aurreratu eta atzean zeukan emakume-dantzariarekin egiten du ondoko paseoa.

Mudanza edo aldaerak emakumeak agintzen ditu, horixe da eskualdeko ohitura, eta ondorioz, une bakoitzean desberdinak dira. Gizonezko eta emakumezkoek dantza estilo berezitua darabilte gainera, gizonezkoak mugituago eta keinu handiagoz dantzatzen dute, emakumearen oin eta mugimenduak arretaz jarraituz, hari segika dantzatzeko. Emakumeek lurrera lotuago eta dotoreago dantzatzen dute, ez dute ardura handirik gizonezkoekin, emakumeek "agintzen" baitute zein urrats egin eta gizonezkoen lana baita haiei jarraitzea. 

1993ko otsailaren 6an, larunbata zela hartu zituen irudiok Manuel Sanchez-ek Bar Españan. Jose Maria Lasso Perez "El Cojo de Henares" (1943) ari da gitarra eta ahotsarekin. Musikari taldea osatuz eskualdeko musikari eta kantari ezagunak ageri dira: bi biolinjole, Juan Gázquez Romera "El Carujo", eta Pepe Torrente Hernández, eta kantaria Isabel Hernández Méndez, Garrobillokoa (Águilas). Gitarra, biolina, txaloak eta ahotsa, horixe du beraz orkestra egitura musikari taldeak. 

Irudiok grabatu eta sareratu dituen Manuel Sanchez Martinez-ek dioenez, 1970eko hamarkadan sortu ziren Parrandak edo mota honetan dantzaldiak tabernetan, herrietatik hirietara joandakoek bere ohiturekin jarraitzeko asmoz. 1990eko hamarkadan era honetako hainbat dantzaldi Bar Españan ospatu ziren. Puerto Lumbreras (Murtzia) eta Huercal-Overa (Almeria) lotzen dituen N-340 errepidean zegoen taberna hau. Manuel Sanchez-en esanetan, parrandetan ba omen zen beste koreografia mota bat, "korrokoa" deitzen zitzaiona, eta bertan, bi bikote aritzen ziren dantzan, bat bestearen ondoan, eta gizonezkoek bikotea aldatzen zuten buelta bakoitzaren bukaeran, parrandako urratsa beste emakumearekin eginez.

Irudiak eta argibideak: Manuel Sánchez Martínez. Colección Memorias de la Tradición: Licencia Creative Commons BY-NC-SA. Huercal-Overa: Parranda Bar Españan, Malagueña, 1993-02-06.

Dokumentuaren akzioak